Hitzaldia
18Urtarrila
2004
18 |
Hitzaldia

JOSU JON IMAZ
Euskalduna Jauregia

Hitzaldia
Urtarrila 18 | 2004 |
Hitzaldia

Eguerdion guztioi, buenos días a todos:
 
Euskal naziotasunaren ezinbesteko eskubideekin bat etorriz eta horiek berretsiz, Historiak berak aitortu bezala, Euzko Alderdi Jeltzaleak hauxe aldarrikatzen du: Euskal Herriak bere nahia askatasun osoz adierazteko eta bere erabakia estatus politikoaren iturri juridiko bakartzat hartua izateko eskubidea du. Eta, horrek, herriaren nahia errespetatzea dakar. Euzko Alderdi Jeltzaleak, demokraziaren printzipioekin bat etorriz, azaldu den betebeharra ontzat hartu eta aldarrikatu du irmo” (Euzkadi Buru Batzarra, 1949ko martxoaren 5a).
 
Alderdi jazarri batek esan eta berretsi zuen printzipio hori, garai horretako burukide eta alderdikideak kartzelaratuak, fusilatuak eta erbesteratzera behartuak izaten zirenean. Izan ere, belaunaldi horretako ordezkariek giza eskubideak eta askatasun eskubidea defendatzeko duintasuna utzi ziguten beste batzuen artean. Eta, hain zuzen, duintasuna eta konpromisoa alderdi honen baliabide nagusiak izaten jarraitzen dute, baita EAJ-PNVren legitimitate demokratikoaren iturri nagusiak ere.
 
Berrogeita hamabost urte joan dira adierazpen hau egin zenetik hona eta benetan harro sentitzen naiz Agirre, Irujo, Leizaola, Landaburu, Ajuriagerra, Rezola, Retolaza eta beste hainbaten alderdikide izateagatik. Harro sentitzen naiz, bai, klandestinidadearen garai txarretan hil-ala-biziko garrari eutsi zioten haien aberkide naizen aldetik. Eta, 1949ko Euzkadi Buru Batzar harek egin zuen bezalaxe, gaur ere, Euskal Herriak bere borondate politikoa azaltzeko duen eskubidea aldarrikatzen dugu eta erabaki hau gure estatus politikoaren iturri juridikoa izan dadin nahi dugula adierazten dugu. Izan ere, erabateko ohorea da neretzat aldarri hauek egin zituztenen kriseilua neronek hartzea eta, are gehiago, diktadura eta erbesteko tunelaren ondotik, euskal abertzaletasunaren hogeitaka urterik emankorrenak bideratu izan dituenaren eskutik hartzea gertatu zaidan ezkero. Xabier Arzalluzen eskutik, hain zuzen ere.
 
Gracias a todos. Eskerrik asko. Euzkadi Buru Batzarreko buru izatea nire aberriarekin, Euskadirekin, eta 26 urtez kide izan nauen Alderdiarekin konpromisoa hartzea da. Baina ohorea ere bada, ohore handia.
 
Duela urte asko, zatiketaren ostean Urretxun eta Zumarragan alderdiaren azpiegitura oso murriztuta gelditu zenean, Xabier Arzalluz deitu genuen batzokira. Batez ere adeitasuna eta adorea nahi genituen, barruko hausketa traumatikoa izan arren gure herrietan Alderdiaren sugarra bizirik mantentzeko ahaleginetan genbiltzanok. Udal hauteskundeak baino lehenagoko asteak ziren horiek, ni neu izanik EAJ-PNVren zerrendako buru. Bada, egin genuen afarian, eta aurrean nuen zeregin berrian adoretzeko asmoz, Xabierrek esan zidan: “Josu Jon, zu etxerako”.
 
“Zu etxerako” ez zen, inondik ere, nolanahiko esaldia zure ahotan, Xabier. Zuk zeuk aitortu zenigun, behin, noiz entzun zenuen esaldi hori estreinako. Bermion izan omen zen, mitin baten amaieran. Emakume bat inguratu zitzaizun eta, maitasun haundiz, bero-bero esan: “Xabier, zu etxerako”. Geroztik behin baino gehiagotan aitortu izan duzu esaldi hori sekula esan zaizun politena dela. Izan ere, ez da gutxiagorako. Esaldi hori baserriko nagusiek erabili izaten zuten baserriarekin jarraitu beharko zuen semea aukeratzeko orduan: “Zu etxerako”. Zinez diotsut, Xabier, esaldi berberori dela neri sekula esan didaten politena. Eta aldi berean agintzen dizut, etxea zaintzen gogotik ahaleginduko naizela, gure aurrekoek zaindu zuten bezala –Jesus Insausti “Uzturre”k eta Roman Sudupek 1984tik 1986ra bitarteko urte zail haietan zaindu zuten moduan—eta zuk azkenengo 23 urteotan zaindu duzun eran. Etxea zaindu eta defendituko dut, bai, Gabriel Arestiren bertso ezagunetan aditzera ematen den kementasun berberaz:
 
    Nire aitaren etxea defendituko dut. Otsoen kontra, sikatearen kontra, lukurreiaren kontra, justiziaren kontra, defenditu eginen dut nire aitaren etxea.
    Ni hilen naiz, nire arima galduko da, nire askasia galduko da, baina nire aitaren etxeak iraunen du zutik.
 
Niretzat ohorea da duintasunaren lekukoa Xabierren eskutik hartzea. 15 urterekin sartu nintzen Alderdian, eta 17rekin Gipuzkoako Eusko Gaztediko Herrialde Batzarreko eta Euzkadi Buru Batzarreko kide izan nintzen. Urte haietan, 1979, 80 eta 81ean, Xabier Arzalluzen hitzaldi batzuetan izan nintzen. Pertsona horrek hunkitu egin ninduen. Hitzaldi haietan, Xabierrek behin eta berriro errepikatzen zien gazteei herria egiteko, aberria eratzeko, erronka bikoitza genuela aurrean: euskara eta teknologia. Horrela, gaztetatik ulertu nuen Euskera ta teknologia izan behar zela nahi nuen Euskadi eratzeko egin behar nuen ekarpen txikia. Garai hartako hitzaldi gehienek suntsiketa aipatzen zuten eratzea baino gehiagotan, baina horiek ez bezala Xabierrek erreferentzia bat ematen zigun gazteoi. Ahalegintzea, buru-belarri aritzea eta emaitzak lortzea eskatzen zigun. Erabat liluratu ninduen. Hemen zaudeten beste asko bezala.
 
Egun, teknologiarekin bat egin behar dela esaten dugunean, hau da, I+G eta berrikuntzarekin, Xabierren ikuskera aldarrikatu nahi dut. Orain dela 25 urte ia inork ez zituen kontuan hartzen auzi horiek. 1977. urtean Estatu espainiarreko ikerketa zentro bat ere ez zegoen Euskal Herrian. Euskadik ikerketa eta teknologian egiten zituen inbertsioak ezegokiak ziren garatutako herrialde batentzat. Estatu espainiarrarekin erkatuta, Euskadin lau aldiz gutxiago inbertitzen zen aipatu esparruetan eta, gainera, Europarekin erkatuta atzerapen izugarria zuen.
 
Testuinguru horretan, bost laborategi hasiberri ari ziren, apalki, Euskadin teknologiaren garapenean ekarpenak egiten. Legealdi eratzailea Diputatuen Kongresuan egiten zen (1977-79) eta garai hartan Gipuzkoako diputatua zena, Xabier Arzalluz, laborategi horietako arduradun batzuekin bildu zen. Arzalluz, euskal zentroek azpiegiturarik ez zutelako kezkatuta, Atzerri-Arazoetako Ministerioarekin lankidetza-programen bidez ekipo tekniko zaharrak eskuratzeko kudeaketak egiten hasi zen, Estatu espainiarraren eta Estatu Batuen arteko defentsarako akordioen esparruan. Oraindik gordetzen da, erlikia bezala, Arzalluzek orduan lortu zuen ekipoetako bat lehiatsu ari den ikerketa zentro batean.
 
25 urte baino ez dira igaro Xabier Arzalluzek  lankidetza-programa zaharren bidez bigarren eskuko ekipamendua lortzeko egin zuen kudeaketatik, baina Euskal Herriko garapen teknologikoa dagoeneko erreferentzia bihurtu da Europan; izan ere, hogei aldiz handiagoa da I+Gn egindako inbertsioa eta Espainiako batez bestekoa %50ean gainditu da.
 
Hogeita bost urte baino ez dira joan Xabier Arzalluzek euskera eta teknologia gogotan hartzeko gazteoi proposatu zigunetik eta, geroztik, euskerak jorratu izan dituen urraspideak guztiz nabarmenak dira gure gizartean. Gaur egun ez dira batere albiste Unibertsitatean euskeraz egiten diren doktoradutza-tesiak eta euskera gero eta normalago eta arruntago agertzen zaigu enpresa-kudeaketan, kirol-arloan, fisika kuantikoan edo familia-giroan. Eta baserri galduetan ezezik, baita La Puebla-Labarkan, Lizarran edo Muskizen ere.
 
         Xabier: helburua sortu zenuen, mezua zabaldu zenuen, aitzindari izan zinen euskera eta teknologiaren arteko ardatz bikoitza planteatzen. Lehena eta geroa, tradizioa eta eraberrikuntza, herri-nortasuna eta mundura zabaldu beharra… Orain dela hogeita bost urte zuk proposatutako ardatz bikoitz horretan oinarritzen da gaurregun ere gure XXI. menderako erronka. Eskerrik asko, Xabier. Eskerrik asko, aurrez asmatzeagatik, garaiz esateagatik, denboraz hasteagatik. Eskerrik asko, guztiagatik. Gure seme-alabek ikasiko duten Historian zu zeu agertuko zara, zuri isekan egin dizuten gehienak sasihistoriatxoan baino sartuko ez diren bitartean.
 
         Guri dagokigu orain zuk eta zure belaunaldiak egindako ildoa sakontzea. Helburua begi-bistakoa da: gure aurrekoen ondarea jaso, egokitu, gaurkotu, gizarte berriaren arabera bideratu eta 1949ko Euzkadi Buru Batzarrak azaldu zuen aldarri berbera burutzeko bidea aurkitu. Alegia: euskal gizarteak izan dezala bere nahikundea azaltzeko beta, euskal gizarteak izan dezala behingoz bere baitan etorkizuna eraikitzeko aukera. Hau da, euskal gizartea mundu zabalean egituratu. “Mundura ialgi”, Detxepare olerkariak orain dela bostehun urte idatzi zuen bezalaxe, edo Iparragirre abeslariak Gernikako Arbolari kantatu zion moduan: “Eman da zabal zazu munduan frutua”.
 
         25 urtetan zehar, garapen teknologikoak gure ekonomia bultzatu du eta, batez ere, gizartea aldatu du. Usadioak eta bizitzeko ohiturak, gizarte-harremanak edo nazioarteko harremanak ezberdinak dira interkonektatuta dagoen munduan. Orain argi eta garbi hitz egiten da informazioaren eta komunikazioaren teknologiek eragin dituzten aldaketa teknologikoez eta, batez ere, aldaketa horiek gizarteetan, egitura politikoetan, Estatu-nazioan eta subiranotasuna bezalako kontzeptuetan duten eraginaz.
 
         Mundu zabal honetan, eremu handien alde egiteko joera dago. Halaber, eta ikuspuntu hertsia duten buruzagi batzuek trabak jarri arren, Europak aurrera egiten du batasun politikorantz eta baterako Konstituziorantz. Hala ere, batzuek txikia denarentzat tokirik ez dagoela uste dute, hau da, gu bezala Europan nazio txiki baten aitorpen eta garapena bilatzen dutenentzat ez dagoela tokirik.
 
         Alabaina, egun ikus daitekeen globalizazio prozesua alde batera utzi gabe, datu objektiboek kontrakoa erakusten dute: txikia da munduko oreka berrira hobeto egokitzen ari dena. Nazioen kasuan ere, tamaina handiak eta eskalako ekonomiak ez dira lehiakortasunerako faktore, eta txikiak gizarte berriko eraldaketa bizkortura moldatzeko gaitasun handiagoa du. Enpresa txikiek eta sortu berriek munduko lehenak dira, produktu ona eskainiz. Europak, azken 150 urteetan, inoiz baino estatu gehiago ditu eta nazio, eskualde eta erkidego homogeneoek autogobernua eskatzen dute, euren herritarrei ongizate hobeagoa eskaini ahal izateko. Horri dagokionez, esanguratsua da Markinako Aulestiatarren armarrian idatzita dagoen esaldia:
 
    Bekoak goikoa ezkon leidi. Txikiak handia bentzi leidi, asmoz eta jakitez.
 
         Asmoz eta jakitez, hain zuzen, urte askotan gutxituak egon diren kultura, hizkuntza eta identitateak indartzen hasi dira herritarrek nahiago baitituzte berezko eta hurbileko erreferentziak. Mundu-mailako gizarteak abantaila ugari ditu, eta gurea bezalako alderdi humanistak ere mundu batuaren proiektuarekin bat egin nahi du. Baina gizakiak oinarri batzuk, erreferentzi puntuak eta arima pertsonalizatua behar ditu. Ondorioz, batzeko joera duen mundu honetan gero eta indar gehiago hartzen ari da txikia, norberaren nazioa, hizkuntza, nortasunaren sentimendua. Egitura politikoak eta Estatuak, elkarren artean isolatuta dauden heinean, desagertzeko joera dute. Sarearen bidez eratutako mundu berri honetan orain arte pentsaezina zen bikoiztasuna agertzen da. Batetik, distantziak eta mugak desagertu dira baina, bestetik, zentro eta inguru, handi eta txiki bezalako kontzeptuak ere desagertu dira.
 
         Aldaketa haundien bezperetan gaude. Sekulako aukerak eta mehatxuak, beraz, nortasun dinamiko bat indartu eta garatu nahi duen euskal abertzaletasunarentzat. Guztiz une garrantzitsua bizi dugu gaur egun. Eragin haundia izango dute gure etorkizunean guk orain hartu beharko ditugun erabakiek. Burubelarri aztertu beharko ditugu aurrez aurre ditugun abiapuntu eta arriskuak. Gure oraingo erabakiek baldintzapetu dezakete gure ondoko belaunaldien aukerabidea. Bataz beste, helburua bat besterik ez da: Ea zer egin, gure seme-alabei utziko diegun gizartea gure gurasoengandik jaso genuena baino hobea izan dadin. Ea denon artean gauza garen, eskuratu dugun gizartea hobetzeko eta hurrengoei gero eta baldintza hobeagotan lagatzeko.
 
Nire ikuspegiaren arabera, Alderdiaren ibilbide politikoan bost osagai daude, geure txostenetan, geure hausnarketetan, geure alderdiaren ondarean biltzen direnak eta gaur hemen azpimarratu nahi ditudanak. Lau urteko agintaldian alderdi horietan sakondu nahi nuke:
 
n     Konpromisoa balio gisa.
n     Herri-aberria sortzea.
n     Europako proiektua.
n     Bakea eta giza eskubideak.
n     Elkartasuna.
 
         Hasteko, konpromisoa balio gisa aipatzean gizarteak eta alderdiak eduki beharreko balioaz ari naiz. Egungo gizartean, gazteek indibidualismoa, aurrerapena, erosotasuna eta norberaren proiektuan parte hartzea baino ez dituzte izaten batzuetan eredutzat. Eta proiektu politiko batek konpromisoa eskatzen du. Nazio eta gizarte mailako proiektu batek talde-proiektuetan parte hartzea eskatzen du. Uko egitea eskatzen du. Bestalde, alderdian eta erakundeetan erantzukizunezko zereginak bete ahal izateko pertsona jakin batzuk behar dira: lanbide-karrerako urte onenei uko egin eta horiek talde-helburu bati eskaintzeko gai diren pertsonak, betiere sinesten dugulako eta horren alde egiten dugulako. Alderdiko balio nagusiak buru-belarri aritzea eta konpromisoa izatea lortu beharko dugu. Ezin da pertsona konprometiturik gabeko naziorik egon. Boterera heltzea boterea izateko eta erantzukizun politikodun postuetara heltzea norberaren helburuak betetzeko, edozein proiektu politiko galtzea dakarte; are gehiago, nazioa eratzen ari den alderdi batentzat erabat suntsitzaileak dira.
 
         Etorkizuna eratu behar dugu eta, horretarako, ezinbestekoa da gazteen konpromisoa. Gaurkoarekin konprometituta dauden gazteak bakarrik izango dira etorkizuna eratzeko gai. Bada, alderdiaren erantzukizuna gazteei horretarako aukera ematea da. Nire belaunaldia hemen dago gaur, duela 20 urte politikan parte hartzera bultzatu gintuztelako. Orduan, guk ere gauza bera egin behar dugu egungo gazteekin.
 
         Gizarte-konpromisoa, pertsonen arteko atxikimendua, hiritarren arteko elkartasuna, gazteen inplikazioa behar dugu eragin. Eta, aldi berean, pertsona eta hiritar guztion herriarekiko atxikimendua. Erakunde politikoa garenez gero, gizarte-konpromisoaren balorea sustatu behar dugu gure Alderdi barruan zein gizarte guztian zehar. Konpromisoa, atxikimendua eta elkartasuna ez dira inondik ere berriak gure artean, baina gaur egun inoiz baino gehiago behar ditugu indartu eta areagotu. Euzkadi Buru Batzarraren lehendakari izango naizen aldetik, zinez agintzen dizuet balore hauek gure Alderdi barruan lantzen gogotik ahaleginduko naizela hurrengo lau urteetan.
 
         Alderdi eta pertsona konprometituek helburu bat izan behar dute. Gurea oso argia da: Aberria eratzea. Herritarren aberria eratzea, alegia. Aberri hori hemen bizi garen guztiok osatuko dugu, nahiz eta Bilbon, Etxegaraten, Valle de la Serenan edo Senegalen jaio. Aberri horretan, halaber, denok izango ditugu eskubide zibil eta politiko berberak eta herritar guztiak izango dira aberrikoak herritar izate hutsagatik, Lehendakariak estatutu politiko berrirako proposamenean azaltzen duen bezala. Aberri horretan, herri hau osatzen dugun pertsona guztiak benetan batuko gaituena ez da izango nondik gatozen, nora joan nahi dugun baino. Legez aitortutako eskubide historikoak defendatuko dira aberri horretan, eta etorkizuna herritarrek proiektu bera izan eta denontzako etorkizun bera egiteko asmoan oinarrituko da. Azken finean, herritarren aberria izango da, herritar askeena, orain bera izan eta etorkizuna batera eratu nahi dugunona; gure nahia askatasun osoz adierazteko eskubidea izan eta horren arabera geure estatus politikoa eratu nahi dugunona. Milaka urteko Euskal Herria, Joxe Migel Barandiaranena, eta “gure asaba zaharren baratza”, Lizardirena, geure garai honetako Euskal Hiria dira. Euskadi XXI. menderako eraikiko duen herritarren aberria da, aberri ireki eta integratzailea, ez etengabe defendatzen dabilena ezta inoren aurka eratutakoa ere, gainerakoekin solidarioa dena baizik. Koldo Mitxelenak irakatsi zigun hori ondokoa esan zigunean: “Para mí, dentro de un pueblo y de sus características no hay nada esencial ni inmutable; todo cambia. La única cosa esencial es la continuidad”.
 
         Europako proiektua, eta Euskaditik zuzenean parte hartzea, gure beste nahi biziak dira. 1937. urtetik aurrera Agirre lehendakariak, Landaburu eta horren belaunaldiarekin batera, egun Europar Batasun bezala ezagutzen dugunaren jatorria izan zen mugimendu europazalearen hastapenean parte hartu zuen. Baina 1939. urtean hasi zen Agirre lehendakaria, Parisko Avenue Marceau etorbideko 11. zenbakian zeukan bulegoan, abentura horretan parte hartzera eramango zuen jendearekin harremanetan. Bulego horretan egon zen gainera 1951. urtera arte, naziek Paris hartu zuten urteak kenduta. 1951. urtean, hau da, nazien menderaldian eta Francoren erregimen faxistaren presiopean, Alderdiari Ajuriagerrak 1936. urtean erostea agindu zuen egoitza hori kendu zioten. Lotsagarria da nazien tropak Parisen sartu eta hiri hori okupatu zutenetik 64 urte igaro ondoren, Gobernu espainiarrak nazien indarkeria jasan eta egun Parisko Cervantes Erakundearen egoitza den eraikina itzuli nahi ez izatea. Alabaina, berreskuratuko dugu. Gure lehenengo lehendakaria izan zen José Antonio Agirreren omenez berreskuratuko dugu, euskal herriaren auzia nazioartekotzeko ahalegin handiena egin duen gizonaren omenez, alegia.
 
         Europako proiektuaren sortzaile izan zirenen bizitzak aztertuz gero, Schumann, De Gasperi edo Adenauerrek gauza batean bat zetozela ikusiko dugu: esperientziari esker ikusi zuten mugak zentzugabekoak zirela. Schumann izan zen Frantziako Gobernuan Europar Batasuna sortzeko ideia izan zuena eta, era berean, ikatz eta altzairuaren goi komisarioa. Bere aita Lorenakoa zen, eskualde hori Frantziakoa zen garaian jaiotakoa. Alabaina, Schumann aleman jaio zen 1876. urtea eta Frantzia eta Prusia arteko gerraren ondoren. Urte batzuk geroago, 1918an, frantses izan zen eta, 1940an, berriz alemana; laur urte geroago, ordea, 1944an, berriz izan zen frantsesa. Egia esan, beti izan zen lorenarra, baina gerren ondorioz Estatu ezberdinak izan zituen. Mugen eraginak jasan zituen, gerren garaiko historien aztarnak baino ez izan arren.
 
         De Gasperi, Europaren beste sortzaileetako bat, Italiako presidente izan zen. Hala ere, Vienako Parlamentuan, aulki bateko plakak bertan De Gasperi diputatua eseri zela gogoratzen du oraindik. Trentinokoa zen, Austriako Hego Tirolarekin batera 1918. urtean Italiakoa izatera igaro zen eskualdekoa.
 
         Era berean, Adenauer kantziler alemana Renaniakoa zen jatorriz. Eskualde hori, 1918. urtean nazioarteak desmilitarizatu zuen. Aipatu guztiak mugen menpe bizi izan ziren gizonak ditugu. José Antonio Agirre lehendakaria bezala, euskaldunak izanik mugak banatzen zuen herri batekoa hau ere. Zati bat estatu espainiarrean eta bestea Frantzian, historiaren arrasto batek banantzen zituena eta Bidasoa aldeko anai-arrebak atzerritar egiten zituena.
 
         Horregatik sinesten dugu Europan, mugarik gabeko Europan. Guk ez dugu muga berririk nahi. Nahikoa jasan ditugu orain arte, eta ez dugu horien eta estatu-nazioen alde egiteko asmorik. Oraindik daudenak ezaba daitezen nahi dugu. Horregatik sinesten dugu guztiontzako eremu bakar batean, bere barnean dituen nazio, herri, kultura eta hizkuntza guztiak errespetatuko dituen eremuan. Bestalde, egiten ari den Europak bide berriak eskainiko dizkigu, eta  horrela Euskadiko gure proiektua Europako esparru berria guretzat irekitzen joango den aukera eta egoerekin lotuko da.
 
Euskadi estimutan hartuko duen Europa nahi dugu, Europaren ondarea jasotzerik izan dezagun eta guk ere gure ondarea eskaintzerik izan dezagun. Irekiak eta elkartuak nahi dugu jardun eta gaurregungo paradiplomaziak gurea bezalako nazio bati eskaintzen dizkion aukerabideez baliatu. Honegatik, beti egongo gara  aurrera egin dezaketen urraspide guztien alde, urraspiderik txikienak izan arren. Onerako baino ez da Europak moneta bakarra izatea, han-hemenka eurotan erosterik izan dezagun, Finlandian zein Alemanian, Iparraldean nahiz Hegoaldean. Onerako baino ez da Europak atzerri-politika bakarra izatea –Irakeko krisialdian zehar izan beharko zukeen bezala— eta, era berean, onerako baino ez da, denon artean lege- eta segurtasun-esparru europarra osatu ahal izatea. Mafiek eta gaizkileek ondotxo dakite ez dagoela honezkero mugarik eta horregatik da hain garrantzitsua polizia europarren arteko elkarkidetza. Eta gure Ertzaintzak ere hor behar du egon, Parisen edo Bruselan, delinkuentzia edo ETAren indarkeria efikazia handiagoz erasotzeko.  Gobernu espainiarraren ultranazionalismoa besterik ez da Ertzaintzaren partaidetza europarra eragozten duena. Izan ere, hitzez hitz besterik dioen arren,  Gobernu espainiarrak ez baitu Europa gustoko.
 
         Madrilgo ikuspegi hertsiak denontzako Konstituzio bera izateko Europako proiektua suntsitu du. Egia da proiektu hori ez dela osorik gurea, guk nahiago genuela proiektu aurreratuago bat, naziotasunak eta herriak are gehiago aintzatetsiko zituena. Baina oraingoz hori baino ezin da lortu. Eta Agirre eta Arzalluzengandik ikasitakoa aplikatuz, aurrerantz egiten duten pausoak onartu behar dira nahi beste aurreratuak izan ez arren. Bihotza bero, burua hotz eta oinak lurrean eduki behar ditugu. Europan ere bai. Horregatik, ados gaude Europako Konstituzio bat egitearekin, ultranazionalismo espainiarra konstituzionalismo faltsuarekin mozorrotzen dutenek ez bezala.
 
         Bakea eta giza eskubideak. Gure nahiaren barruan lortu beharreko balioetako bat dugu. EAJ-PNVk konpromiso irmoa hartu du herri honekin, baita lehentasun argi bat ere: bakea. Zuon guztion aurrean irmoki hitzematen dut bakeak lehentasuna izango duela eta horretan buru-belarri arituko garela. Bakea behar dugu eta bilatuko dugu. Behar den besteko ahalegina egingo dugu horretarako. Horrez gain, neure egiten ditut Joxe Mari Kortak, nik neuk ere berarekin batera parte hartu nuen ekitaldi publikoaren barruan, 1999ko maiatzaren 14ko Instituzio Adierazpen historikoan esandako hitzak:
 
Que la paz llegue a Euskadi y consigamos un País donde merezca la pena invertir, generar riqueza y empleo y donde se pueda vivir discrepando libremente.
 
         Eta bereziki hunkigarria egiten zait, aipatu adierazpenean ondare moduan utzi zigun paragrafo eder hau gogoratzea:
 
Nos comprometemos públicamente y nos involucramos porque la paz es un valor fundamental y, a favor del cual, merece la pena arriesgarse y hasta equivocarse.
 
         Hortik gutxira, 2000. urteko abuztuaren 8an, ETA errukigabe, totalitario eta faxistak Joxe Mari Korta hil zuen, baita beste asko ere. Neure egiten ditut, beraz, Joxe Mariren hitz horiek, bakea eta giza bizitzaren errespetua bezalako oinarrizko balioengatik ausartzera bultzatzen baikaituzte. EAJ-PNVk ere antzeko zerbait esan zuen 1997ko otsaileko bakeari buruzko agirian:
 
Bada, EAJ arriskatzeko eta mugitzeko prest dago horrekin bakea lortuko badu; baina garena izateari utzi gabe, ehun urtetan oso definituta gelditu den gure izaera politikoarekin bat ez datozen estrategiak, taktikak edo lankidetzak hartu eta horien ildotik abiatuz. Hau da, gure alternatiba eta gure estrategia politikoa alde batera utzi edo ahuldu gabe.
 
         Beraz, bideak bilatuko ditugu. Kortak bere adierazpenean esan bezala, ausartu egingo gara. Alabaina, horrek ez du gure bidea baztertzea edo garenari uko egitea ekarriko. Ez genuen horrelakorik egin Txibertan duela 27 urte, eta are gutxiago egingo dugu 2004. urte honetan. Euskal gizarteak ETA desagertzea eskatzen du, badakielako indarkeria desagertuz gero beste guztiekin akordio politikoak egiteko ateak zabalduko zaizkigula eta euskaldunok gure etorkizuna bakean eta askatasunez erabakitzea ekarriko digula; hain zuzen, Lehendakariak bizikidetzari buruzko proposamenean azaldu duen moduan. Izan ere, ETAren desagerpena ezin da xantaien edo armen bidezko babesaren mende geratu; ezin da nork bere bide politikoari eta proiektuari uko egitearen edo euskal gizartearen aniztasuna bakartzearen mende geratu; ezin da alderdi guztiek, lortutako botoek ematen dieten legitimitatean oinarrituta, Euskal Herria ordezkatzeko duten legezko eskubidea ukatzearen mende geratu. Bat ere ez gehiago, baina bat gutxiago ere ez.
 
         Bide honetan ausartzeaz gain, pertsona guztien eskubideak defendatzean irmo jarraituko dugu. Erdi Aroan, Nafarroan dagoen Obanos izeneko herrian, infantzoiek lelo bat zuten “Pro libertate patriae, gens libera state”: Aberriaren askatasunaren alde, gizon askeak zutik. Horixe izan zen, bada, Nafarroan 1981. urtean, Aiegin, egin genuen azken Alderdi Eguneko leloa. Ez dago aberri askerik gizon eta emakume askerik gabe. Onartezina da Euskadin, bai Autonomia Erkidegoan eta bai Nafarroan ere, pertsona eta kargu publiko batzuk mehatxatuta eta jazarrita bizi behar izatea ezberdin pentsatzen dutelako, alderdi politiko jakin baten aldekoak direlako edo alderdi politiko jakin batzuetako herri ordezkariak direlako. Ziniko iruditzen zait, herri hau eratu nahi duela esaten duen pertsona batek ezberdin pentsatzen dutenek heriotza-zigorra merezi dutela esatea.
 
         Zalantzarik gabe, zentzugabekeria hori defendatzen dutenen proiektu politiko eta soziala ez da gurea. Gorputz eta arimaz defendatuko dugu herri honetako pertsona guztiek pentsatzeko eta euren legezko proiektu politikoak defendatzeko duten eskubidea. Eta EAJ-PNVko 31.000 kideok herri honetan mehatxatuta bizi diren pertsonei laguntzeko elkartasun aktiborako benetako armada bat osatu behar dugu. Ez baitago nazio askerik pertsona askerik gabe.
 
            Defendituko ditugu, bai, pertsona guztien eskubideak. Horregatik salatu ere salatuko ditugu, beti, presoen eta euren senideen eskubideak eragotzi eta zapuztu nahia. Direnak direlarik delituak, euren eskubideen jabe dira presoak eta eskubide horiek bete-betean zor zaizkie. Zuzenbide-Estatua eta oihan-legearen  arteko diferentzietako bat zera da, hain zuzen ere: Zuzenbide-Estatuan zigorra delitu-egileei jartzen zaiela baina ez euren senideei. Eta, espetxe-zigorrak ez duela mendeku eta komunikaziorik ezarekin zer ikusirik, bergizarteratze-izpirituarekin baino. Pertsona guztiak dira eskubideen jabe eta horregatik salatzen dugu Alderdi Popularraren menpeko gobernuaren espetxe-estrategia, ez baita, etikaz, batere gizatiarra eta bai, ordea, politikaz, guztiz kaltegarria.
 
         Hala eta guztiz ere, eskubideak ezin dira esparru politikora mugatu. Gizarte esparruan ere beharrezkoak dira. Eskubide berdintasuna generoari ere badagokio. EAJ-PNVren ustez lehentasuna du emakumeen eskubideen berdintasunak gizartearen esparru guztietan, arreta berezia emanez genero indarkeria desagerrarazteko beharrezkoak diren politika publikoak ezartzeari.
 
         Gainera, gizarteko talde jakin batek eskubide guztiak izan beharra aldarrikatzen dugu. Urte askotan diskriminatuta bizi izan da talde hori, etengabe kenduz pertsona bezala dituzten eskubideak, eta oraindik ezin dituzte bere aukerak gainerako herritarren antzera erabili. Homosexualez ari naiz, noski. Gizabidezko gure aberri honetako herritarrak dira eta heterosexualen sentimendu eta nahi berberak dituzte; beraz, errespetua eta norberaren garapenerako aukerak izan behar dituzte, beste guztiek bezala. Aniztasunaren eta elkartasunaren errespetua ezin da adierazpen hutsean gelditu, gaur eta hemen, Euskadin, egiten ditugun benetako gizarte-edukiaren baieztapenak egin behar ditugulako.
 
         Elkartasuna alderdi bezala gure ondarearen zati den beste balioetako bat dugu. Abertzalea izateko sentimenduak berezko eta hurbilenekoarekin identifikatzen gaitu, eta sentimendu hori gero eta nabariagoa da gizartean bertan. Sentimendu horrek euskara, kultura, ingurune eta euskaldunon Herria den Euskal Herriarekin lotzen gaitu. Baina, horrez gain, nazioko erkidegokoa izatea arma egokiena dugu gizarte solidarioak eratzeko. Abertzaletasunak elkartasun-mugimendua izan behar du. Etorkina, langabetua eta minusbaliatua gure erkidegoaren partaide dira. Ez da kasualitate hutsa euskal gizarteak, nortasunaren sentimendu errotua duenak, gure inguruko politika aurrerakoienak izatea gai horien gainean. 1996. urtean Estatu Batuetako Alderdi Demokrataren kanpainan laguntzeko aukera izan nuen, eta deigarri gertatu zitzaidan orduan lehendakaria eta hautagaia zenak, Bill Clintonek, erkidegoaren sentimendua (“the sense of community”) areagotu beharra aldarrikatzea; bere esanetan sentimendu hori ezinbestekoa baitzen hezkuntza, osasun eta babesa bezalako esparruetan politika solidarioak garatu ahal izateko. Guk, zorionez, badaukagu gure erkidegoa, nonbaitekoa izatearen sentimendua. Euskadin, abertzaletasuna dugu elkartasun ezaren aurka egiteko armarik onena, baita herritar konprometituenen topagune ere. Halaber, autogobernua dugu euskal gizartean ongizate hobeagoa lortzeko bitartekorik onena. Hogeita lau urtez iraun duen autogobernuak frogatzen du hori.
 
         Elkartasuna, topagunea da; etorkizuna askatasunez erabakiko duen herri-aberria eraikitzeko proiektuarekin konpromisoa hartu duten pertsonen topagunea, alegia. Bakea lortu eta giza eskubideak babesteko konpromisoa hartu duten pertsonen topagunea. Gizarterako proiektu solidarioan parte hartzen duten pertsonen topagunea. Hain zuzen, EAJ-PNVk XXI. mendean erakusten duena.
 
         Lehendakari: hauek ere badira bultzatu duzun Estatutu Politiko berriaren ardatzak eta, beraz, eztabaidatu eta onartu beharrekoak. Hemendik aurrera hauxe izango da gure alderdiaren zeregin nagusiena: proposamena bai politikan bai gizartean bultzatzea; eztabaida aske eta demokratikoa egia bihurtzearen alde lan egitea. Horretarako, Alderdiko kide guztiei erro gizabidezko eta demokratiko sakonak dituen proiektu honetan parte hartzea eskatuko zaie. Izan ere, zer da demokrazia, euskal herriaren, euskal gizartearen eta askatasunez erabakitzeko eskubidearen aintzatespena ez bada? 1949. urtean, EBBk Euskal Herriak bere nahia askatasunez adierazteko eskubidea zuela aldarrikatu zuen eta, era berean, herri horren erabakia bere estatus politikoaren iturri juridiko bakartzat hartua izatea eskatu zuen; bada, guk, ildo berean, aipatu eskubidea eta Estatuarekin itunak egiteko jarrera eguneratzea aldarrikatzen dugu.
 
         Eztabaida hori piztuko dugu. Eta zuk zeuk esan bezala, jarrera irekia izango dugu. Elkarrizketan aritzeko prest egongo gara, besteak entzuteko prest baita jarrerak erabakitzeko prest ere. Ez dugu elkarrizketan aritzeko gai ez den politikaririk. Negargarria da, gainera, beste alderdi politiko batzuekin ez hitz egiteaz edo hitz egin nahi ez izateaz publikoki harrotzen diren alderdi politikoak egotea. Guk denekin hitz egin nahi dugu. Egungo Euskadi guztion artean eratu behar dugulako. Nazionalistek eta nazionalistek ez direnek, independentistek, subiranotasunaren aldekoek, autonomistek eta zentralistek. Ezin da inor kanpoan geratu. Guztion artean hitz egin behar dugu. Hitza, elkarrizketa eta akordioa gelditzen baitzaizkigu oraindik, herri honetan bizikidetasuna lortzeko. Hain zuzen, herritarrek eskatu bezala, eta Lehendakariak proposatu bezala.
 
         Lehendakari: Ez nuke arlo hau amaitu nahi jendaurrean aitortu gabe neretzat ohore handia izan dela azken bost urteotan zurekin lanegitea eta benetan harro sentitzen naizela zugandik jaso izan dudan konfiantzagatik. Erabateko lider politikoa zara, goitik beherako buruzagi galanta. Egunak joan eta egunak etorri, behin eta berriz frogatu izan didazu zure gaitasuna, elkarrekin bizi behar izan ditugun hainbat une latzetan batez ere. Baina, gauza guztien gainetik, zein pertsona handia zaren erakutsi didazu. Zu bai zarela pertsona-aurpegidun pertsona! Beti harrotuko naiz Ibarretxe lehendakariaren taldekide izanagatik. Eskerrik asko, Lehendakari, bene-benetan eta bihotz-bihotzez.
 
         Erran gabe doa Iparraldeko hiru lurraldeak --Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xuberoa--, Euskal Herriaren parte direna. Frantziako Estatuan kokaturik dauden hiru lurralde hauek direla-eta, betidanik agertu izan dut nik eurekiko atxikimendu berezia, baina gaur areagotu nahi nuke nire konpromiso hori eta, aldez aurretik agindu, hurrengo lau urteetan berebiziko ahalegina egingo dudala zentzu honetan. Historia, gizarte-egitura eta egoera politikoa ezberdin samarrak dira Iparraldean eta Hegoaldean. Aurrera egingo badugu, ordea, ezberdintasun hau onartu beharra dugu eta egitasmorik egokienak indarrean jarri noizbaiteko etorkizuna elkarrekin osatzen joan ahal izateko.
 
         Le PNB pour qui Iparralde constituera une des priorités importantes, s’attachera à certains principes de base au moment de définir sa politique:
 
n     Tout d’abord l’autonomie de l’Ipar Buru Batzar et du Parti National Basque, car ce sont eux qui connaissent évidemment le mieux l’état des lieux et par conséquent les décisions à prendre.
n     Deuxiémement, le respect du cadre légal et les posibilités presentes et futures existantes dans l’Union Européenne.
n     Troisiémement, notre loyauté totale envers les autorités et institutions existantes en Iparralde.
n     En fin, le respect de la volonté démocratiquement exprimée des citoyens d’Iparralde, car nous considérons qu’au XXI siécle nous devons tous réchercher toujours l’entendement et la coopération et non l’imposition d’où qu’elle vienne.
 
         Sur ces bases lá, nous travaillerons avec détermination et enthousiasme pour la promotion des grandes lignes suivantes:
n     Tout d’abord la survie de l’Euskara.
n     Déuximement la coopération transfrontalière, Ça veut dire, une véritable coopération entre Iparralde et Hegoalde. Entre nos sociétés, et même au sein de notre parti, parce que nous avons besoin de nous connaìtre, nous rencontrer à l’objet de construire ensemble notre parti en recouvrant tout le territoire basque.
n     Finalement l’implantation d’une institution politique qui recouvre les territoires d’Iparralde pour mieux répondre aux besoins des citoyens. Nous en sommes persuadés.
 
         Nafarroan, eta Nafarroatik bertatik, nafarren nahia errespetatzearen alde egiten dugun alderdiak batzeko lan egingo dugu; herritarrek sekula berretsi ez duten eta foruaren hobekuntza izen desegokiaz ezagutzen dena defendatzen dabiltzanen aurka.
 
         Bakea defendatzeko eta indarkeriaren aurka egiteko konpromiso irmoa hartzen duten alderdi politikoak batzen saiatuko gara; hau da, Nafarroako gizartearen aniztasuna eta, era berean, euskararen sustapena eta Nafarroan Euskal Herriarekiko lotura berezkoa dela onartzen duten alderdi politikoak batzen; eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Foru Erkidegoaren arteko lotura politikoan ezartzeko konpromisoa hartzen duten alderdiak batzen. Horretan ahalegin berezia egingo dugu alderdi bezala. Eta zorioneko gaude. Martxoan, gutxienez Nafarroako diputatu bat izango dugu Kongresuan aipatu lau printzipioak defendatzeko prest.
 
         Estatuko gainerako nazioekin ditugun harremanak sendotzeko konpromisoa ere hartu dut. Izan ere, baterako estrategia bat behar dugu Estatu espainiarreko herri eta nazioen aintzatespenean eta herritarren nahia errespetatzean aurrera egin nahi bada.
 
         Itxaropenez bete gaitzaketen erronkak ditugu aurrean. Lau urterako itxaropenez betetako erronkak, baina mehatxuak ere ezin ahaztu. Batzuen eta besteen aldetik. Batzuk, Juan Mari bezala, alde bietatik mehatxatu dituzte. Zuri, Juan Mari, bietarik tokatu jatzu. Batetik, hil egin gura izan zaitue, Herrizaingo sailburu ziñala zeure herritarren eskubideak eta segurtasuna defenditu nahi izan zendualako. Orain, ostera, Eusko Legebiltzarburu lez, auzitan sartu gura zaitue, Legebiltzarraren burujabetza defenditu nahi izan dozulako.  Lehen duintasunez defenditu zenduazen herritarren eskubideak eta orain duintasun berberaz defenditu gura duzu Legebiltzarraren izena eta izana. Zorionak, Juan Mari. Orain dala zazpi urte zuri lagundu gurarik pankarta bat jarri genduan Lemoako Udaletxearen balkoian: “JUAN MARIgaz”. Orain bere, Juan Marigaz gagoz. Zugaz gagoz Juan Mari. Eta laiño eta mehatxu honeen ostean, askatasunaren eguzkiak basotik urtengo dau. Juan Mari, Lauaxetak Pedro Basalduari eskeiñitako bertsoaren berbak betetzen dozuz:
 
Mendi eze, ikurrin eder,
azke nai zaitut axian

Amar gazteren lerdena

makila luzez bidian!
Mendi-bitxidor berdiok,
arin or duaz kantari:
"Dana emon biar yako
maite dan azkatasunari"
 
          Juan Mari, gure alderdiarentzat eta herri honentzat funtsezkoa dena ari zara defendatzen: euskal erakundeak, herri-subiranotasunetik sortutako erakunde demokratikoak. Zure aurka daudenen artean bat ere ez da zure mailara heltzen, Juan Mari, erakundeon defentsan; ezta duintasun, indar eta zintzotasunean ere. Are gutxiago akordeioa belarriz jo eta Orejaren botoiak ukitzen dituena. Baina gaindituko ditugu une zail eta mehatxu hauek. Itxaropenez betetako aldia dugu aurretik.    Alderdi batu eta kohesionatuarekin oztopo horiek guztiak gainditu eta guk geuk erabakiko dugu geure etorkizuna, herri honetarako bizikidetasun proiektu berri batekin.
 
Oraintsuan bizi izan dugu Alderdi barruan barne-hauteskunde prozesu trinko eta bizia. Alderdi politiko gisa, sekulako demokrazia eredugarria erakutsi ahal izan dugu. Honelakoetan normala denez, tirabirarik ere ez da falta izan. Baina gure artean ez da irabazle eta galtzailerik izan. Guztiok irabazi dugu, gu guztion Alderdia indarturik atera delako. Joseba: ohore handia izan da hauteskunde demokratiko batean zu bezalako laguna aurrez aurre izatea. Lagun haundia, pertsona ona eta primerako politikoa. 1977an Iruñean bildu zen Batzarrak Manuel Irujok proposatutako leloa izan zuen goiburu: “Batasuna ta Indarra”. Orain, orduan bezala, batasuna, elkarrizketa eta eztabaida eraginkorra dira gure helburuak, batasunak egiten gaitu-eta indartsu, azpijanak, azpijokoak eta gaizki esakak ahultzen eta murrizten gaituzten bezalaxe. Beraz, bai, gure onena sortarazteko gauza den konfiantzari; bai, soluzio bila eragindako eztabaidari. Eta, bai, elkarrekin bat etortzeko pedagogiari. Hitz batez, laburbilduz, “Batasuna eta Indarra” ezin lelo aproposagoa da 2004 urterako ere.
 
         Indarrak batu behar ditugu gizarte honen buru izan eta etorkizuna askatasunean oinarrituta eratu nahi badugu. Ildo horretan, Eusko Alkartasuna alderdi politikoaren identitatea onartu eta ahalik eta gehien errespetuz, hurrengo urteetarako EAJ-PNV eta EAren arteko baterako ardatz estrategikoa sortzeko asmoa dugula azpimarratu nahi dut. Ardatz estrategiko horrek bion arteko harremana egonkortzea espero dugu, horrela itxaropena emango diogulako etorkizuna bakean, askatasunez eta elkarren arteko lankidetzan era dezagun nahi duen gizarteari. Ardatza, beste lankidego batzuetara irekita egongo da. Gainera, proiektu baten alde egiteko sortu nahi den espazioa izango da, ez inoren kontra, eta gizartearen aniztasuna eta gainerako alderdi politikoen zilegitasuna errespetatuz.
 
         Jarrai dezagun, bada, Xabier Letek bere olerki batean emandako adibidea, herriaren alde indar guztiak batu behar direla aipatzen duenean:
 
Itsasoan urak haundi dira
murgildu nahi dutenentzat.
Gure herriko lanak haundi dira,
               astun dira,
gogor dira,
zatiturik gaudenentzat
 
         Amaitzeko, zintzotasuna eta konpromisoa agintzen dizuet; zuenganako, alderdikide guztienganako, leialtasuna agintzen dizuet. Baita konpromisoa ere aberriarekin, eta herri honentzako bake, askatasun eta bizikidetzarekin.
 
         Gora Euskadi Askatuta

PARTEKATU