Hitzaldia
23Otsaila
2004
23 |
Hitzaldia

JOSU JON IMAZ
Gernika, autogobernuaren ikurra

Hitzaldia
Otsaila 23 | 2004 |
Hitzaldia

Eusko Alderdi Jeltzalearen gizonezko eta emakumeak elkartzen gara gaur, hemen, Gernikan, askatasunen defentsa, hiritar guztien eskubideak eta euskaldunon autogobernua aldarrikatzeko.
Egun berezi batean elkartu gara. Izan ere, orain dela 23 urte demokraziari eraso egin zioten gaur bezalako egun batez. Zorionez kolpeak huts egin zuen, baina orduan hasi zen atzerapen politikoaren etapa luzea eta horixe azpimarratu nahi dugu hemen, Gernikan, euskaldunon autogobernuaren ikurra den herrian.
 
Estatua osatzen dugun herri eta nazioen arteko bizikidetzarako oinarrizko adostasunak hautsi ziren. Oreka politikorako adostasun horiek, neurri handi batean, askatasunen konstituzio-markoa ezartzeko bidea eman zuten, eta Espainiako Estatu osoan demokraziaren aro berria iragartzen ziguten.
 
Gernika euskaldunon autogobernuaren sinbolo eta ikurra da. Gernikako Estatutua euskal herritarren autogobernu-irrikaren fruitu izan zen eta euskal gizartearen eraginez suspertu zen. Tajuz eta zentzuz, Gernikako Estatutua euskal gizartea eta Estatu espainiarraren itun gisa sortu zen. Une historiko hartarako irtenbiderik egokiena izan zen.
 
 Estatutuak barruan zuen –eta oraindik ere badu-- eskubideen erreserba, bere xedapen gehigarrian. Hona zer dioen hitzez hitz: “Estatutu honetan finkatu den erregimen autonomikoaren onarpenak ez du esan nahi, Euskal Herriari herri gisa historian barrena dagozkiokeen eskubideei uko egiten zaienik, ordenamendu juridikoak erabakitzen duenaren arabera gaurkotu ahal izango baitira”. Euskal gizarteko sektore handiek Gernikako Estatutuari eman zioten oniritzia horrexetan oinarritu zen. Eta, aldiz, sektore zentralistarik gogorrenek uko egin zioten Estatutuari, hain zuzen ere arrazoi beragatik. Espainiaren batasunari buruzko euren ikuspegi itxiarekin, ezin zuten onartu marko zabal eta demokratikoa sortzea, Euskadiri autogobernuranzko bidean abiatzeko aukera emango ziona. Estatuko botere zentralak ondo kontrolatutako markoa nahi zuten haiek, argi eta garbi mugatua.
 
Hogeitabost urte geroago, Estatutuaren hainbat zati garrantzitsuk betetzeke jarraitzen dute. Euskadiri dagozkion zenbait eskumen, egiazko edukirik gabeko arauak besterik ez dira oraindik ere. Aurreikusita zeuden edozenbat ahalmen berezi guztiz ahaztuak izan dira edo oinarrizko legeriaz nabarmen asko moztuak, 1979an hitzartua izan zen izpirituarekin batere zer ikusirik ez duen beste lurralde-antolamendu bati nola edo hala egokitu ahal izateko.
 
Gernikako Estatutuak sortzez zuen berritasun, bat-batekotasun eta indarra, Estatuak geroztik diseinatu duen marku uniformatzailearen amaraun estuan esku-lotu geratu dira, Konstituzio Epai-mahaiaren oniritziaz gainera. Hau guztia, ez bakarrik Estatutuaren garapena nolabaiteko ikuspegi burukratiko batez geldiarazteko, baita Estatuaren lurralde-antolamendua egitura simetriko batez bideratzeko ere.  
 
Autogobernurako markoa hondatu egin da, marko hori garatu eta egokitzeko mekanismoak baliogabetu egin dira, eta horri guztiari, prozesu gaizto baten menpeko sasigarapena gehitu zaio. Alegia, prezio politikoa jarri zaie transferentziei eta aldi berean murriztu egin dira legez onartutako eta hautestontzietan berretsitako autogobernu mailak. Gogoeta egin behar dugu, beraz, jarraitu beharreko bideari buruzko erabakiak berriztatu beharra daukagu eta. Badugu garaia gizartearen normalizazioari ekiteko, 1978ko trantsizioari behin betiko amaiera emateko; trantsizio horrek Espainiako gizartearentzat elkar ulertzeko eta elkarrekin bizitzeko markoa ezarri du bai, baina ez du lortu euskal gizartearen eta Espainiako Estatuaren arteko elkar aditzea bideratzerik.
 
Gernikako Estatutuaren hogeitalau urteurrenarekin batera, Eusko Jaurlaritzak Estatutu Politiko Berriaren proposamena onartu zuen 2003ko urriaren 25ean eta, ondoren, Eusko Legebiltzarrean aurkeztu, bertan eztabaidatua izan zedin. Estatutu Politiko Berri honek elkarbizitzarako aukera izan nahi du. Estatutu Politiko Berri honek Euskadi eta Estatuaren arteko ituna eraberritu nahi du, nazio-aniztasuna onartzen duen Estatu barruan Euskadiren kokapena egokituz. Aterabide politiko hau ez da berria, Konstituzioa berak jasotzen baitu, geroztik batere garatu ez den arren.
 
Estatutu Politiko Berriak euskal nazio zibikoa eraiki nahi du. Herritarren nazioa. Euskal Herrian bizi garen guztiok osatutako nazioa, bakoitzaren jaioterria gorabehera, Vitoria-Gasteiz izan zein Basauri, Aretxabaleta, Calatayud, Barco de Avila edo Senegal izan. Nazio horretan denok ditugu eskubide zibil eta politiko berberak, eta herritar guztiak nazioko kideak dira, badirelako, besterik gabe.
 
Proiektu honetan, Euskadi osatzen dugun pertsona guztion arteko lokarri nagusia ez da jatorri berekoak izatea, ez da nondik gatozen, nora joan nahi dugun baino. Historiak ematen dituen eskubide guztien gainetik, gure gizartearen etorkizunaren zutabea herritarren nahia da: proiektu beraren inguruan elkartu nahi dute eta aurrerantzean elkarrekin bizi. Azken batean, herritar askeen nazio zibikoa osatu nahi dugu, etorkizuna elkarrekin eraiki nahi dugu eta badugu eskubidea gure nahia askatasunez adierazteko eta gure status politikoa nahi dugun bezala antolatzeko.
 
Horra hor, bada, guk proposatzen dugun Estatutu Politiko Berriaren muina. Aznarren aparatu politikoak haustura dakarrela esan badu ere, ez du beste helbururik euskal gizartearen eta Estatuaren arteko bizikidetza antolatzea baino. Horretarako itun bat berritu behar dugu eta hemen, Gernikan, horixe aldarrikatu nahi dugu, euskal herritarren eta Estatuaren arteko itunaren sinboloa den herrian, gure autogobernuaren errespetua beti ere oinarri dugula. Esan dute legez kanpokoa dela, baina euskal gizartearen nahiak ematen dio zilegitasuna eta Gernikako Estatutuaren 46. artikuluak ematen dio legezkotasuna; izan ere, artikulu horren arabera Eusko Jaurlaritzak badu ahalmena autogobernuaren eraldaketarako testua aurkezteko. Itunaren ikuspegitik, Estatutu Politiko Berriak proposamen modernoa garatzen du, aurrerakoia, herritarren borondatea errespetatzen duena eta formulazio aurreratuak jasotzen dituena, konstituzioek eta testuek arazoak konpontzeko balio izan dezaten, eta ez gizarteen borondateari trabak jartzeko.
 
Estatutu Politiko Berriaren proposamenak Euskadi eta Estatuaren arteko elkarbizitza areagotu nahi du. Asmo honetan, XXI mendeko aterabideak eskaintzen zaizkie XIX mendearen hasieratik edo lehenagotik dirauten arazoei. Eta gaur, hemen, Gernikan, nabarmendu nahi nuke geure eskua luzatzen dugula euskal gizartearen normalkuntza erakarriko duen aterabideren bat elkarren artean aurkitu ahal izateko. Euskadi eta Estatu espainiarraren arteko harreman ona erakarriko duen aterabidea, elkarbizitza adiskidetsu eta lagungarria suspertuko duena. Bai baitakigu elkarrenganako begirunea, elkarrizketa, eztabaida irekia eta hiritarren borondateari zor zaion errespetua baino ezin direla izan helburu hau lortzeko abiapuntuak.
 
Gizarte baketsu eta askean lortu behar da helburu hori, bai eta herritarrek berretsi ere. Indarkeria, beldurra, txantajea, estortsioa eta mehatxua gaitz ikaragarriak dira eta gure gizartean ez dugu horrelakorik inola ere onartu behar. Herritar askerik gabe ez dago nazio askerik. Eta askatasunen eta bakearen ikurra den herri honetan azpimarratu egin nahi dut guretzat lehentasuneko helburua dela euskal gizartetik ETAren indarkeria behin betiko ezabatzea. Izan ere, ETA, oinaze eta sufrimenduaren eragile izateaz gainera, oztoporik handiena da euskal herritarrok gure etorkizuna bakean eta askatasunez erabaki ahal izateko.
 
Eta lortuko dugu. Gure etorkizuna hiritarren borondateari zor zaion erantzunetik etorriko baita. Eta ez, ordea, inor ordezkatzen ez duten indar-zaleei jaramon eginez. Gure etorkizuna ez du inondik ere indarkeriak erabakiko eta, zentzu honetan, behin eta berriz gogorarazten diegu indarkeriaz baliatzen direnei, euskal gizarteari egin diezaioketen eskaintza bakarra indarkeriari utzi eta behin betiko desagertzea dela.
 
Alabaina, ez da izan Euskadiren autogobernua ondorioak jasan dituen bakarra, Espainia azkenaldian gobernatu duten bi alderdi nagusiek, ardura gehiagorekin edo gutxiagorekin jokatuz, eragin duten atzerakada politikoak ondorio zabalagoak izan baititu.
 
Azken urteotan, Alderdi Popularraren erabateko gehiengoa eta Alderdi Sozialistaren bigunkeria lagun, Espainiako Estatu osoan atzera egin du eskubide zibilen marko orokorrak.
 
Ideiak berdintzea; Zuzenbidezko Estatuko hiru botereak estrategia politiko beraren alde erabiltzea; Parlamentuko gehiengoaz baliatzea goi mailako arauak maltzurkeriaz aldarazteko, herri-kontsulta bezalako bide demokratikoak zigortuz; Justiziako erakundeak tresna modura erabiltzea beste botere batzuen eskumeneko eremuetan sartzeko –Eusko Legebiltzarraren kasua-; magistratuak nahierara aldatzea, haien doktrinak joera jakina izan dezan; edo elkarrizketari uko egitea, erakunde demokratikoen jokabidearen bereizgarria dela jakin arren; horrelako agintekeria ezin larriagoak, besteak beste, jasan behar izan ditugu azkenaldi honetan.
 
Behin eta berriz oinarri-oinarrizko eskubideak baldintzapetu eta azpiratu dira. Besteak beste, adierazpenak egin ahal izateari, elkarrekin biltzeari, iritzi emateari eta askatasun politikoari dagozkien eskubideak zapuztu dira. Batere azalpenik gabe baztertu da Zuzenbide-Estatuaren bermatzaile-funtzioa eta errurik eza frogatu beharrik eza bat-batean pikutara joan da. Egunkariak itxi dira, alderdi politikoak legez kanporatu, hiritargoaren zati bati hauteskundeetan parte hartu ahal izana eragotzi zaio eta terrorismoaren kontrako ekintza alderdikeriaren mesedetan egin da.
 
José María Aznarren eta Alderdi Popularraren agintekeriazko gobernuaren azken urte hauek, askatasunei dagokienez behintzat, atzera eraman gaituzte Konstituzioaren aurreko garaietara.
 
Eta Euskadin, batez ere, demokraziaren galera hori are gogorrago nabaritu dugu eguneroko bizitzaren alderdi guztietan. Kulturaren arloan, euskarari eta gure hezkuntza sistemari beste garai batekoak ematen duten erasoak egin zaizkie. Politikagintzan, behin eta berriz izugarrikeriatzat hartu da edozein planteamendu abertzale demokratiko. Eta erakundeen arloan, euskal gizartearen ordezkaritza gune guztiak blokeatu dira. Eta larriagoa dena, gizarteko bizikidetzan ere ageri-ageriko estrategia erabili da, borroka, liskarra eta haustura eragitea helburu zuena.
 
Askatasuna mugatzen eta baldintzatzen den honetan, Eusko Alderdi Jeltzaleak ezin die ezikusi egin ETAren jarraipenari, ez eta askatasuna murrizteko ETAk egin ohi duen ekarpen bortitz eta atzerakoiari ere.  ETAk sufrimendua, sarraskia, zitalkeria, amildegia eta gainbeherakada morala baino ez du eskaintzen. Eta, gainera,  ETAk PPren inboluzio-estrategia eragiten du eta, zer gerta ere, suntsipen eta hondamendiaren esparruan baino ez daki jokatzen.
 
Berriro ere aurrean dugu hauteskundeetako hitzordua, eta neurri handian beraren emaitzen menpe egongo da isilpeko salbuespen-egoera hau larriagotzea edo, alderantziz, askatasun eta bizikidetza gune berriak konkistatu ahal izatea. Horregatik, Madrilen indarra izan nahi dugu, EAJ-PNVk defendatzen duen askatasuna areagotu eta demokrazia suspertu ahal izateko.
 
Batzuek, euren komunikatu higuingarri eta makurren bidez, argi eta garbi erakutsi dute euskal herritar guztien bake itxaropenak hondatuko lituzkeen iragana berpiztu nahi dutela.
 
Gure aukera, Euzko Alderdi Jeltzalearen lehengo eta oraingo aukera, askatasunaren alde dago, ideia guztien errespetuaren alde eta euskal gizartearen borondatearen alde.
 
n             Berdintasun ideologikoaren aurrean, ASKATASUN GEHIAGO nahi dugu.
n             Agintekeriaren aurrean, ELKARRIZKETA GEHIAGO nahi dugu.
n             Derrigortzearen aurrean, BEGIRUNEA ETA TOLERANTZIA.
n             Hausturaren aurrean, HITZARMEN GEHIAGO.
n             Mehatxuen aurrean, DEMOKRAZIA GEHIAGO.
n             Elkarren kontrako erasoaren aurrean, ELKARBIZITZA GEHIAGO.
n             Ez dugu lehengo egoerara itzuli nahi; ETORKIZUNA, GIZARTEA, HERRIA, ERABAKIMENA, PARTAIDETZA nahi ditugu, hau da, EUSKADI eraiki nahi dugu denon artean, denontzat, askatasunez eta elkartasunez.
 
      Hau da Eusko Alderdi Jeltzalearen gizon-emakumeen konpromisoa. Honela izan da betidanik eta honela izango da aurrerantzean ere. Herri honetako hiritar guztien askatasun eta eskubideak defendituko ditugu. Eta, Gernikako Arbolaren azpian, zinez agintzen dugu ahaleginak egingo ditugula demokrazia suspertzeko eta bizikidetzarako eta autogobernurako ituna lortzeko, herritar askeen nazio askea eraiki ahal izan dezagun. Nazio horretan etorkizun hobea izateko borondateak elkartuko gaitu beste ezeren gainetik. Nazio horretan, etorkizun hobea izateko borondatea bera askatasunez adierazi ahal izango da.
 
Gora Euskadi askatuta!

PARTEKATU