“EAJ-PNVk, munduan gauza guztiek bezala, gauza onak eta txarrak izan ditu, ausardiak eta asaldurak, zatiketak, beldurrak… Sabino eta horren Alderdi barik ezinezkoa izango zen Euskadiren historia idaztea. Gure lan nagusia etorkizunari Aranak bere herriarekiko zuen garra jakinaraztea da; baina, aldi berean, esperientzia horren azterketa kritikoa ere egin behar da, iraganean ez gelditzeko, Aranaren ideia eta berak sorturiko tresna orainera eta gerora egokitzeko”.
Xabier Arzalluzen hitzak dira horiek, 1995ean esandakoak. Hitz horien bitartez, aditzera eman nahi zuen Alderdiak nola ospatu behar zuen bere sorreraren mendeurrena. Nire ustez, hitzok baliozkoak dira gaur egunerako ere. Abertzaleok Sabino Aranari lotzen gaituen zilbor-hestea sinbolizatzen dute.
Egia esan, sekulako erantzukizun berezia sumatzen dut, gaur eta hemen, Sabino Arana zenaren heriotzaren urteurrena dela-eta, zuen aurrean hitz egin behar dudan honetan. Aspaldiko urteetan, beste hainbat eta hainbat jelkiderekin batera, Sukarrietako hilerrian bildu izan gara Sabinoren gomutaz. Hala ere, iaz erabaki genuen bere jatorriko Abandon biltzea. Eta, hemen gaude, Sabin Etxearen aurrez aurre.
Jelkide eta jeltzaleok betidanik gogora ekarri nahi izan dugu azaroaren 25eko eguna, Sabino hil zeneko eguna beti ere gogoan izateko. Ildo honetatik, Sabino Arana Elkargoak oraintsu argitara berri du bere bazkideei opa izandako bilduma, “Bitxiak” izenekoa, Sabinoren bizitzari dagozkion hainbat oroitzapen berezi eta bakan biltzen dituena. Horietako bat 1931ko azaroaren 25ean Jabier Landaburuk idatzitako artikulua da. Orduan ere, gaur bezala, Euzko Alderdi Jeltzaleak bere sortzailearen heriotza zuen gogoangarri eta Kongresuan arabar diputatu eta gero, erbestean, lehendakariorde izan zen Landaburuk itzelezko artikulu hunkigarria idatzi zuen “Euzkadi” aldizkarian.
Javier Landaburuk, gaur bezalako egun batean, orain dela 73 urte “Euzkadi” aldizkarian idatzitako artikulu hunkigarriaren paragrafo bat irakurri nahi nuke: “eta gizon bat agertu zen. Probidentzia? Kasualitatea? Eta gizon horrek aberkideek ordura arte igarri gabeko arazoak nabaritu zituen”.
“Gizon hori joan zen, baina bere lana bizirik dago. Gaur egun, herri hau bere bizitza eraikitzen ari da, eta laster bizitza hori bere esku edukiko du erabat. Lortu egingo du, horretarako eskubidea duelako, baina baita (eta hau oso garrantzitsua da) lortu nahi duelako eta arrera atera ahal izango duelako. Garai batean pertsona baten nahia izandakoa ia guztion nahia da orain; bihar herri osoaren borondate irmoa izango da”.
Gaur, ia 75 urte geroago, berretsi egin nahi dugu herri hau bere bizitza eraikitzen ari dela, eta lortu egingo duela helburu hori. Lehenengo eta behin, nazioa garelako. Zuberoak, Nafarroa Behereak, Lapurdik, Gipuzkoak, Arabak, Bizkaiak eta Nafarroak osatzen duten gure nazioa. Bigarrenez, nazioek hiritarrek askatasunez erabakitakoaren arabera eratzeko eskubidea dutelako. Eta, hirugarrenez, herri honek bere bizitzaren jabe izan nahi duelako.
Sabino Aranak utzitako ideia nagusiak gogoratu nahi ditut gaur. Lehenengoa, abertzale egiten gaituena: Euskadi nazioa da.
Eta, gaur eta hemen, azpimarratu nahi dut Alderdi honen helbururik nagusienak euskal nazioaren aitortza eta eraikuntza direla. Aturritik Ebroraino eta Zuberoatik Enkarterrietarainoko euskal nazioa. Sabino Arana ez zen izan aurreneko abertzalea. Larramendik, Augustin Xahok eta beste zenbaitek aurretik jardun zuten ideia berean. Baina, hala ere, Arana izan zen lehenengoa ideologia abertzalea indarrean jartzen herri honi egitura politikoa eskaini ahal izateko. Sabino Arana izan zen lehenengoz aldarrikatu zuena: “Euzkotarren Aberria Euzkadi da”. Bera izan zen euskal nazio-kontzientziari egitasmo politikoa egokitu zion lehena. Baita lehena ere, alderdi-egitura eratu eta nazio-kontzientziaren zerbitzutan jartzen. Laburbilduz, Sabino Arana izan zen aurrena euskal politikagintza erakundetzen, euskal gizartearen eta euskal gizartearentzako erakundeak erakarriko zituen politika modernoa proposatzen alegia.
Sabino iraultzaile handia izan zen. Irauli egin zituen Estatuaren aginte-egiturak, Estatuko erakundeen nagusitasun jarreren aurka egin zuen, argi eta garbi: jarrera politikoak, sozialak, kulturalak eta intelektualak. Estatuaren agintekeriaren aurrean, partaidetza politiko hurbilagoa, horizontalagoa eta demokratikoagoa proposatu zuen. Eta hori guztia orain dela 110 urte.
Sabinoren bigarren ideia nagusia humanismoa eta garaiko joera modernoekiko lotura izan zen. Europako XIX. mendeko mugimendu nazionalistekin bat egin zuen. Europan modan zegoen nazionalitateen printzipioa Euskadira aplikatu zuen. Baina ez zen abertzaletasunera mugatu, eta nazioarteko elkartasuna gauzatzeko orduan ere lehenengo nazionalistetarikoa izan zen.
Kizkitzari idatzitako gutunak oso ederrak dira. Horietan Aranak gogoetak egiten ditu, Kataluniako eta Galiziako nazionalismo sorberriarekiko (baita Aragoikoa eta Valentziakoa ere) lankidetza izateari buruz. Gutxiengoen defendatzaile sutsua da, esklabotzaren aurkari gogorra, eta erruki gabeko erasoa egin zion Europako kolonialismoari; hain zuzen ere, Europa osoan eztabaida piztu zen, Hego Afrikako biztanleria boer nederlandarrek edo britainiarrek zuzendu behar izateari buruz, eta Sabinok, berriz, esan zuen zuluek euren lurraren jabe izateko eskubidea zutela. Arrazista izan zela diote, baina garaikideak ez dira inondik inora ere hurbiltzen Sabinoren humanismora. Nortzuek diote arrazista izan zela? Canovas del Castilloren jarraitzaileek, garai hartan Kuban esklabotza ezartzearen aldekoak zirenek, edo afrikarren mendekotasunari buruz idazten zutenek?
Unamunok berari buruzko definizio ona egin zuen. “Madril izugarri horretan, Espainiako ulergaiztasun osoa biltzen zuten klase nagusien artean, barregura edo amorrua sortzen zuen; mesprezatu egin zen, ondo ezagutu barik, edo beraren aurkako irainak esan ziren. Berari buruz idatzi zutenek ez zekiten ezer bere lanari buruz, are gutxiago bere espirituari buruz”.
Sabinoren aldarriaren hirugarren giltzarria: Sabino ekintzaile eta akuiatzaile amorratua izan zen. Gogotan hartu baino ez dago 38 urterekin hil zen gizonezko gazte honek ideologia abertzalea bideratzeko gauza izan zela; bere nazioarentzako izena bururatu: Euzkadi; ikurriña asmatu; Euzko Alderdi Jeltzalea, lehen alderdi abertzalea sortu; batzoki-sarea eratu eta antolatu; euskaraz ikasi; euskal hizkuntzaren akademia suspertu; eta han-hemenka historiaz, hizkuntzaz eta kulturaz edozenbat lan idatzi eta dozena erdi aldizkari sortzeaz gainera, egunkari bat sustatu zuen. Aipagarri ere, ezin bestean, bere euskal izendegia, berari esker guztiz arrunt, normal, ezagun eta erabiliak baitira gaur egun ehunka euskal izen. Josu, Jon, Nekane, Jaione, Edurne, Miren, Maite, Garbiñe, Gaizka, Gorka, Iñaki eta honelako izenen jabe garenok Sabinoren sorkuntzari zor diogu gure deitura bera.
Aita Villasante euskaltzainburuak ondo asko esan zuenez: Sabino Aranak “Lehen eta behingoz sekulako adorea erakarri du, urteak joan eta urteak etorri beti ere indarrean jarraitzen duen kemena, eta Herriaren kontzientzia buru-belarri astindu duena. Bere eraginak indarrean jarraitzen du, zaleen artean ez ezik baita bere erasotzaileen artean ere”.
Baina Sabinoren gauzarik onena, zalantzarik gabe, bere jarraitzaileengan izandako eragin handia izan da. Izan ere, “sabinotar” sutsuek idolatratu egin zuten Arana, “Maisua”, abertzaleen lehenengo belaunaldietan, eta horiek, hamarkada askotan, funtsezkoak izan dira Euskadiko autogobernuaren aldeko borroka demokratikoan eta geure hitzaren nahiz nortasunaren berreskurapenean, abertzaleon lana barik horiek desagertu egingo baitziren XIX. mendearen amaieran.
“Sabinotarren“ artean, aipagarriak dira ”Xabier de Lizardi”, Esteban de Urkiaga “Lauaxeta”, José Antonio de Agirre, Juan de Ajuriaguerra, Jesús María Leizaola, Manuel Irujo, Xabier de Landaburu, Joseba Rezola, Jesús de Galíndez, Joseba Elosegi, Koldo Mitxelena, Elbira Zipitria edo Jesús Insausti “Uzturre”. Jarraitzaileen bizi-eredua da Sabino Aranaren benetako jaraunspena.
Lizardi bezalako olerkariek goratu egin zuten hilzorian zebilen euskararen ospe soziala. “Lauxetak” ere, legalitatearen aurka altxatutakoek fusilatzeko orduan, barkatzen jakin zuen, eta hamarkada batzuk geroago ernamuinduko zen legalitate historikoaren ikurra izan zen.
Demokratak eta abertzaleak, adibidez, Agirreren belaunaldiko gazte haiek, demokrazia kristau aurrerakoienaren aurrendariak izan ziren, eta Europa batuaren ideala eta Europaren aldeko apustuaren garrantzia aurreikusi zuten, Europako proiektuak akatsak eduki arren. Manuel de Irujok idatzi zuenez: “Euskaldunek Herrien Europa zeramaten buruan eta bihotzean. Sortzen ari zena ez zen Herrien Europa, Estatuen Europa baizik. Agirreren eta horren jarraitzaileen ustez, planteatzen zen dilema ez zen Europa bat ala bestea aukeratu beharra, beste hauxe baizik: Estatuen Europa ala ezer ere ez. Eta Estatuen Europa aukeratu zuten”.
Irujoren hitzak dira eta gaurkotasun handia dute orain ere. Izan ere, apurka-apurka eraikitzen ari den Europa horretan, euskaldunok beste nazio batzuekin partekatu beharko dugu gure herri txikia. Ezin dugu prozesu horretatik kanpo gelditu. Eta pauso bakoitzak, txikia izan arren, gehiago hurbiltzen gaitu Europara, eta gero eta gehiago urruntzen gaitu Espainiatik eta Frantziatik. Europaren eraikuntzan aurrerapausoak eman behar dira, Euskadik azkenean Iparralderen eta Hegoalderen arteko batasuna gauzatu ahal izateko.
Agirren belaunaldiko sabindar hauek ez zuten batere zalantzarik izan askatasun eta demokraziaren alde borrokan egin beharreko orduan edo 36ko gerran faxismoaren kontra egin behar izan zuten garaian. Jakin ere jakin izan zuten zein zen bide zuzena, aliatuen aldeko informazio-sareetan parte hartzea erabaki zutenean edota Bigarren Mundu-Gerran nazien kontrako Gernika Batailoia osatu zutenean. Burutik egon behar da gero “zoro arrazistaren” jarraitzailetzat jotzeko Hitler-en kontra eta askatasunaren alde gudua egin zuten gudari sabindar haiek.
Leizaola ere sabindarra izan zen, gure barne-muinetako Lehendakari Zaharra. Gogoratu ere nahi nituzke espetxeetan eta erresistentzia-lanetan Juan Ajuriagerrak bereganatu izan zituen errespetu eta begirunea. Baita ere erbestetik bueltan belaunaldi gazteoi Irujok eragin zigun zirrara, “Batasuna ta indarra” delako lelo eraginkor harekin. Ezin ahaztu, berriz, frankismoaren kontrako hamarkada luzeetan argimutil izan genuen Rezola ordiziarra. Eta, aldi berean, beti ere gogoangarri izango dugu Landabururen europar zaletasuna eta bere liburu irakurgarria: “La causa del pueblo vasco”, ugari gara-eta liburu hori irakurtzen hazi eta hezi garen abertzaleak. Geroxeago irakurri genuen legez Joseba Elosegiren “Quiero morir por algo” edota euskararen normalkuntza bidean Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren ildotik jarraitu genuen bezalaxe.
Jesús de Galíndez intelektuala Kariben “desagerrarazi” zuten, beste diktadura bat salatzeagatik. Elbira Zipitria bezalako emakumeei esker, ikastolen mugimendua martxan jarri zen, frankismoaren garaian. Garbiñe Urresti bezalako erbesteratuek garra piztuta mantentzen jakin zuten, aldi amaigabe hartan… Gerardo Bujanda, Luis Mari Retolaza, Joseba Leizaola eta Jokin Intza edo Jokin Intxausti hilberria: erresistentziako kide horiek aurre egin zioten orduko erregimen zapaltzaileari, baina biolentziaren tentaldian inoiz ere erori barik, eta dena eman zuten euren ideien alde, horren truke ezer lortu barik. Zerrenda luzea egin daiteke halako andre-gizon handiekin; esate baterako, Arzelus, Lasarte, Artetxe, Solaun, Arredondo, Isasi, Durañona, Barriola, Primi Abad, Ander Barrutia, ordain dela hilabete bi hildakoa, Azurza…
Gizon-emakume horietariko batzuk ezagunak dira eta beste zenbait anonimoak, baina guztiek ere onarpena lortu dute eta horien ildoari eutsi nahi diogu EAJ-PNVn. Horixe da Sabino Aranaren legatua. Horiexek dira bere aktiboak. Emankortasuna, lan gogorra, humanismoa, europarzaletasuna, abertzaletasuna. Sabinotarrek defendatu dituzten balioak.
Amaitzeko, sabinotar bat ekarri nahi dut gogora. Beti miretsi izan dudan gizona. Hamaika urte dira Aranaren ikasle irmoetariko bat hil zenetik: Jesús Insausti “Uzturre”. Gizon horrek laguntza handia eta aholkuak eman zizkidan politikan, erakundeetan eta pertsona moduan; izan ere, gogoan izan nuen eta bere idazkiak irakurri nituen Europako parlamentarioa izan nintzen garaian, berak guztiz maite zuen Bruselan, Europar Batasunaren bihotzean. Bertan, oroitzapen ahaztezina utzi zuen, eta gainera, gure Alderdiari eta Euskadi osoari ateak irekita utzi zizkion.
“Uzturreren” ibilbide osoan, abertzale baten espiritua ikusten da. Gure Jesús maitea gudaria, erresistentziako kidea, sindikalista eta giza eskubideen defendatzailea izan zen, bai Euskadin eta bai Ekialdeko Europako nahiz Hirugarren Munduko herri zabalduetan; gainera, euskaltzalea, publizista eta kazetaria izan zen, eta abertzale sutsua… Euzkadi Buru Batzarreko eta Sabino Arana Fundazioko presidente ahaztezin horrek ederto batean sinbolizatzen du EAJ-PNVren abertzaletasunaren izaera demokratiko erradikala.
1988ko azaroaren 25ean, gaurkoa bezalako beste urteurren batean, Uzturrek “Sabino de Arana y Goiri, aquel hombre todo poesía” izeneko artikulu ederra idatzi zuen.
“Behin baino gehiagotan -zioen “Uzturrek”- nire buruari galdetu diot ea “Sabino de Aranak zer pentsatuko eta esango ote zuen orain”. Galdera horrek ez dauka erantzunik. Baina neke barik esan genezake Sabino Aranak bere garaiko Euzkadiren errealitate osoa hartu zuela bere begiradapean, eta kolonialismoaren eta inperialismoaren eraginaz ere gogoeta egin zuen: kontzientzia nazionalik gabeko herri baten errealitatea, horren ondorio kaltegarri guztiekin; bidegabekeria sozial basatiaren eta mugarik gabekoaren menpe zegoen Euzkadi baten errealitatea”.
Jesúsek behin eta berriro esaten zuen oso garrantzitsua zela Aranak ipar argia finkatzea: “Euzkadi euskaldun guztion aberria da”. Jesúsek, gainera, bere kontzientzia sozialean eta inperialismoaren aurkako jarreran eragina izan zuten Sabinoren esaldiak esaten zituen behin eta berriro; esate baterako, “nazioek hilketan eta lapurretan oinarrituz eraikitzen dute euren agintea; euren nagusitasuna hilketan euskarritzen dute, eta euren koloniak, berriz, lapurretan”.
Izan ere, hauxe izan da azken hamarkadotan aldarrikatu eta defenditu izan dugun politikagintza: “Helburu argiak eta pragmatismoa eguneroko politika eta erakundeen kudeaketan. Beti ere, nazio-eraikuntzari dagokion egitasmo irekian ahalik eta bidelagunik gehien bildu nahirik”. Hauek izan ziren, nire iritziz, Sabino Aranaren praxi baketsuaren giltzarriak. Diktaduraren urte gogorretan, Jose Antonio Agirre lehendakaria “ikuspegi” honen adierazgarririk nabarmenenetakoa izan zen. Aurten ospatzen dugu bere jaiotegunaren mendeurrena. Gogora ekarri nahi ditut gaur bere izena eta izana, nolabait berari esker gaude-eta hemen, bere nortasun eta gaitasunari zor dizkiegu-eta gure egitasmoaren iraupena eta indarra.
Gure memoria historikoa diktadurapean galtzeko kinka larrian egon zer hartan, Agirrek eta bere belaunaldiak printzipioei eutsi eta ezinbesteko pragmatismoari heltzen jakin izan zuten. Euren nazioarteko jarrera “ekintzaileari” esker diktadurak ez zuen gure kate historikoa eteterik lortu izan.
Geure nazioa etorkizunari begira egunetik egunera eraikitzen ari gara, erakundeetatik, Alderditik eta gizarte zibiletik. Euskal nazio irekiaren eta tolerantearen aldeko apustua egiten dugu. Konpromiso irmoa dauka pertsona guztien giza eskubideekin eta askatasunekin. Gainera, seguru dakigu Europa pausoz pauso eraikitzen joango dela, batzuetan guk nahi genukeena baino astiroago; horrela, ohiko nazio-estatuak ahuldu, mugak desagertu eta euskal nazioaren bidea gero eta zabalagoa izango da, Europa batu baten barruan.
Badakigu zailtasun asko dagoela, baina aurrean ditugun garaiek ere ilusioa pizten dute. Badakigu Estatutu Politiko Berriaren proposamenaren arrakastarako beharrezkoa dela aliantza sendoak edukitzea gizarte sektore guztiekin, hau da, biolentziari uko egin eta Euskal Herriak bere etorkizuna erabakitzeko ahalmena duela usten duten sektoreekin. Lan horretan, Sabino Aranaren ikasleen eredua ezinbesteko erreferentzia izango da. Nire ustez horixe da Euzko Alderdi Jeltzalearen sortzailearen benetako jaraunspena. Uzturreren hitzekin amaitu nahi dut hitzaldi hau.
“Arana eta Goirik -Uzturrek dioenez- kontzientzia nazionala sortu zuen. Berak sorturiko alderdi politikoak Arana gogoan izan behar du; gainera, euskaldunak eta demokratak garenez gero, ahalegina egin behar dugu Sabino Arana eta Goiriren irudiari behar duen garrantzia emateko, beste zenbaiti ere euren aberrian egin dieten bezala: Martí eta Rizal, Bolívar eta San Martín, Washington eta Juana de Arco, Masaryk eta Gandhi”.
Bilbon, 2004ko azaroaren 28an