Hitzaldia
11Apirila
2004
11 |
Hitzaldia

JOSU JON IMAZ
2004ko Aberri Eguna

Hitzaldia
Apirila 11 | 2004 |
Hitzaldia

Alderdikideok, arratsaldeon guztioi. Lehendakariak Agirre lehendakaria aipatu du, eta gu, Eusko Alderdi Jeltzaleko kide bezala, harro sentitzen gara Agirre lehendakaria bezalako pertsona bat gure alderdikidea izan zelako, eta baita ere gaur, 2004. urtean harro sentitzen gara Ibarretxe gure lehendakaria delako.
Lehendakariak aipatu du Aberri Eguna gaur munduan zehar ospatzen ari dela. Nik hemendik besarkada bero bat bidali nahi dut guztion izenean Tindufera. Gaur Tindufen, Sahara-ko basamortuan, euskal ordezkaritza bat dago bertako sahararrekin Aberri Eguna ospatzen, eta espero dut egun batetan Sahara libre batetan ere ospatzea Aberri Eguna.
 
Gaur azken Aberri Eguna daukagu hemen, Erakustazoka honetan; datorren urtean Erakustazoka berria izango dugu. Eta Jesús Inzausti "Uzturre"-k Erakustazoka honetan ere ospatu zituen bere azken Aberri Egunak. Hamahiru urte dira hil zela, eta orain dela 13 urte hemen Aberri Eguna ospatu ondoren, hurrengo egunean, zera idatzi zuen Uzturrek: "Zahartzaroak bere hatzapar zorrotza botatzen digunean ere, guztiz ederra da Aberri Eguna, gaztaroko itxaropenak ernetzen baitira bihotz zaharretan. Halaxe nirean azkenekoan. Gazteturik sentitu nuen nire burua, urte giro eta egun guztiak dira erosoak egia darien hitzak aldarrikatzeko, baino Aberri Eguna da erosoagoa. Honelako egun batean, aberriarena den egun batean, ezin da esan beharrekoak erdizka esan. Ez ditzala inork ahaztu gure helburuak zeintzuk diren, nora goazen eta nora iritsi nahi dugun, badaezpada. Honexegatik, gazteturik irten nintzen Aberri Egunetik gauez Bilboko Erakustazokatik, gazteturik eta itxaropenez blaiturik. (Uzturre, 1991.urteko apirilak 12).
 
Jesús, aberriaren egun honetan, gure nazioaren berpizkunde egun honetan aldarrikatu nahi dut. Agirre lehendakariaren, Landabururen, Irujoren, Rezolaren, Leizaolaren, Ajuriaguerraren, eta zure jarraitzaileak garela, eta gure helburua zein den, nora goazen eta nora iritsi nahi dugun ondo ezagutzen dugula. Nazio bat gara, eta gure buruaren jabe izan nahi dugu, eta euskal gizarteak bere etorkizuna bakea eta askatasunean erabakitzea lortuko dugu; aurrekoei zor diegulako, bizitza osoa aberriaren alde egin duzuenoi zor dizuegulako, eta euskal nazioak bere etorkizuna bakean eta askatasunean erabakitzeko eskubide demokratikoa duelako.
 
Nazioa gara eta euskal nazioa eraiki nahi dugu. Horixe da gure helburua, beti izan da, eta une bakoitzean biderik egokienak bilatu ditugu. Askok gogoratuko duzue Xabier Arzallusek lehen mitinetan esaten zuena: “Aurrerantz jarraitu behar dugu, bideetan gora eginez. Eta asko bidetik irteten ikusiko dituzue, lasterbideetatik joaten; baina, lasai, urte batzuk barru nekatuta egongo dira, arekan etzanda aurkituko dituzue, eta guk aurrerantz jarraituko dugu, bidean gorantz eginez”. Gogoratzen dituzue Xabier Arzallusek aipatzen zituenak, lasterbideak erabiliz bidean aurrea hartuko gintuztenak? Erdiak “Basta Ya” taldean daude orain eta beste erdiek jaraunspen mingarria, tragikoa eta sufrimenduzkoa utzi dute herri honetan. Hogeita bost urte galduta! Eta guk bidetik jarraitzen dugu. Eta bide horretan zailtasun asko izan ditugu, baina oinarri-kanpamendu ona lortu dugu: Euskadiko erakundeak ditugu; Eusko Legebiltzarra daukagu; euskaldunen subiranotasunaren ordezkariak ditugu; Eusko Jaurlaritza daukagu, Hitzarmen Ekonomikoa daukagu; Ertzaintza daukagu; komunikabide publikoak ditugu, EITB; geure politikak ditugu. Hogeita bost urte geroago, bihotz bihotzez eman nahi dizkiot eskerrak Xabier Arzalluz buru izanik oinarri-kanpamendu hau eskaini digun belaunaldiari. Eta hemen gaude, eguraldi ona aprobetxatzeko eta bideari ekiteko, mendizale talde bikaina dugulako: EAJ-PNV, Eusko Alkartasuna eta Ezker Batua, espedizioaren talde estrategikoa oraingo eta datozen garaietarako; eta espedizioburu bikaina dugu: Ibarretxe lehendakaria. Lehendakariak eta Alderdiko militante guztiok gogor sakatuko dugu talde hori. Gainera, proiektua, mapa eta iparrorratza ditugu. 2001eko otsailean zehaztu genuen Kursaalen: bai bizitzari, bai elkarrizketari, bai euskal gizartearen nahia errespetatzeari eta bai elkartasunari. Lehendakariaren proposamenarekin garatu dugu hori. Estatutu Politiko Berria duen mapa daukagu, eta bertan, euskal gizarteak ituna egin nahi du Estatuarekin, gure borondate nazionalaren errespetuan eta erabakitzeko gaitasunean oinarrituz. Taldea eta elikagaiak ditugu. Gizarteak eman dizkigu, euskal gizarteak; 2001eko maiatzaren 13an eman zizkigun, baita maiatzaren 14an ere, orain dela lau aste. Alderdiak bere historia osoko emaitzarik onena lortu du hauteskunde orokorretan, eta PNV-EA-Ezker Batua koalizioak (hirurok batera) 2001eko maiatzaren 13an baino boto kopuru handiagoa lortu dugu, hauteskunde orokor batzuetan[1].
 
Taldea daukagu, mendizaleak, espedizioburua, elikagaiak, biderako mapa, eta gauza garrantzitsu bat ere bai: gizarte osoarekin batera igotzeko nahia daukagu, gure nazioa eraikitzeko. Ez dugu inor bidean utzi nahi, eta gure taldean euskal gizartearen gainerako kideak sartu nahi ditugu; hori bai, gauza bi argi eta garbi utzi nahi ditugu. Lehenengo eta behin, ez datorrela inor soka apurtzera; bidea hasteko, ezinbestekoa da pertsona guztien giza eskubideak errespetatzea. Bigarrenez, ez datorrela inor espedizioa bertan behera utzi behar dugula esanez. Eztabaidarako prest gaude: nola igo, norantz, zer baldintzatan, eta gaua izarpean igarotzeko prest ere bagaude, beharrezkoa izanez gero. Denon artean erabaki behar dugu, modu demokratikoan, baina ez diogu inoiz ere bidea egiteari uko egingo.
 
Gure nazioa eraiki nahi dugu, euskal hiritar guztien nazioa, pertsona askez osatutako nazioa. Eta lehendakariak lehen inmigrazioari buruz hitz egin du, oso hitz politak esan ditu. Jatorri ezberdinak ditugulako guztiok, baina jatorri ezberdinak ditugun pertsonok nazio bakarra osatzen dugu. Batzen gaituena ez delako gure jatorria, non jaio garen edo nondik gatozen, etorkizuna elkar eraikitzeko asmoa eta nahia baizik. Batzuk Bilbon jaioak zarete, beste batzuk Barakaldon, beste batzuk Palentzian, beste batzuk Senegalen, beste batzuk Caceres-en, beste batzuk Zumarragan jaio gara, baino denok osatzen dugu elkarrekin gure aberria, gure lotura ez delako jatorria; gure lotura elkarrekin bizitzea da, elkarrekin lan egitea, elkarrekin amestea, elkarrekin sufritzea, elkarrekin negar egitea, eta elkarrekin maitatzea. Hau da gure lotura, eta nazioa osatzen dugulako, gure etorkizuna elkarrekin erabaki nahi dugu. Eta gure nazioa eraikiko dugu eta gure etorkizuna erabakiko dugu bakean eta askatasunean.
 
"Euskal nazio solidarioa eraiki nahi dugu", idatzi zuen Javier Landaburuk 1946an (orain dela denbora asko, 58 urte), erbestean; orduko belaunaldi horretako kide horrek ere espetxea, fusilamenduak, erbesteak eta jazarpena bizi izan zituen. Landaburuk zioenez: “Abertzaletasunak nazioa berreraiki nahi badu, eraikuntza nazionaleko programak eduki soziala izan behar du”. Eta hori elementu oso garrantzitsua da abertzaletasunaren proiektuan. Oraingo munduan, itxuraz behintzat, merkatua nagusitzen eta horrexek agintzen du, eta askok interes ekonomikoei soilik ematen diete garrantzia; indibidualismo izugarria dago eta pertsonak oihaneko legearen menpe baleude bezala dabiltza; gainera, pertsonen arteko kohesiorako elementuak falta dira. Eta guk gauza oso garrantzitsu bat daukagu: herri sentimendua daukagu, nazio sentimendua dugu, eta horrek batu eta elkartu egiten gaitu, zerbaiten partaide sentiarazten gaitu. Eta, gaur egun, askoren balio nagusitzat merkatua eta indibidualismoa dituen mundu honetan, nazioa pertsona guztien arteko elkartasuna bermatzeko bitarteko egokia da. Langabetua, hiesduna, adinekoa, elbarria... gure nazioaren kideak dira guztiak. Eta nazioaz hitza egiteko, beharrezkoa da talde horiekiko elkartasunezko jarrerak edukitzea; izan ere, ez daukagu euskal nazioaz hitz egiteko eskubiderik, baldin eta nazio hori osatzen dugun guztiok, batik bat baztertuen daudenek, bertan leku duina edukitzearen alde lan egiten ez badugu. Gaur egun, komunitate nazionala, herri berekoak izatea, elkartasunezko gizartea izateko daukagun tresnarik onena da. Eta abertzaleok elkartasunezko mugimendua osatu behar dugu euskal nazioaren barruan; izan ere, inmigrantea, elbarria, langabetua, bidegabekeria egoera jasaten duten guztiak gure nazioaren zati dira. Eta ez da kasualitatea arlo sozialean politikarik aurrerakoienak Euskadin egitea, identitate sentimendu handia duen herrian; hori, izan ere, komunitate eta nazio sentimendu sakon horren eraginezkoa da. Eta, gaur egun, abertzaletasuna euskal gizartearen barruko elkartasunik ezaren aurkako proiekturik eraginkorrena da. 
 
 
Aberri Eguna ospatzen dugu eta aberri hori osatzen dugunon artean elkartasuna areagotu behar dugu; horregatik, aberrigintzak, eraikuntza nazionalak, pertsona askeak behar ditu. Ez dago nazio askerik pertsona guztiak askeak eta libreak ez baldin badira. Eta gure nazioan, euskal nazioan, ez dago lekurik hilketetarako, ez dago lekurik txantajea eta indarkeriarentzat. Horregatik, nazioak pertsona libreak behar dituelako, ETA-ri eta Ezker Abertzaleari eskatzen diet behin-betiko indarkeria eta mehatxua desagertu daitezela gure herri honetatik. Entzun diezaiola! Entzun diezaiola ETA-k herri honen nahiari, eta ez dezala herri honen guztion ilusioa zapuztu, bakea eta pertsona askeak izatea ezinbesteko baldintza baita nazioa eta gizarte libre bat eraiki ahal izateko.
 
Eta nazioa askea izateko, guztien eskubide demokratikoak bete behar dira, eta Estatuak ere horiek bermatu eta betearazi behar ditu; izan ere, ikusi dugu Alderdi Popularraren gobernuaren azken urteetan gertatu dena: askatasunen etengabeko murriztapena eta eskubideen zapalkuntza. Eta Alderdi Sozialistak erantzukizun handia dauka aurrean eta horri aurre egin behar dio; gogor heldu behar dio eraberritze demokratikoari, Alderdi Popularrak Espainiako estatuan bultzaturiko askatasunen murriztapenarekin amaitzeko. Eta zain egongo gara, Alderdi Popularrak egindako bidea desegin beharra baitago; kontagailua zeroan jarri behar dute. Eta, horri dagokionez, espetxe politika pertsonen aurkako mendekutzat erabiltzearen amaiera eskatuko dugu, gaur egun mendeku hutserako erabiltzen baita; gainera, Zuzenbide Estatuaren eraikuntza bultzatuko dugu, eta bertan ez da egunkari gehiagorik itxiko, orain dela 14 hilabete “Egunkaria” itxi zutenean ikusi genuenez. Halaber, herri honetan alderdi politiko gehiago legez kanpo ez uzteko presioa egingo dugu; era berean, Zigor Kodearen aldaketa eskatuko dugu, ez baitugu onartuko ordezkari instituzional bat, ez lehendakaria, ez alkate bat eta ez inor, espetxera joatea hiritarrei euren borondateari buruz galdetzeagatik. Gainera, politikariek ez dute esku-hartze gehiagorik izango justizian. Zer gertatuko da? Juan Maria Atutxaren zuzentasuna duten pertsonak judizio bidez jazarriko dira Legebiltzarraren duintasuna eta subiranotasuna defendatzeagatik?
 
Harro gaude zurekin, Juan Mari, orain zortzi urte ere harro geunden bezala, euskal erakundeak eta Ertzaintza defendatzeagatik mehatxu egiten zizutenean, eta orduan Lemoako Udaletxean “Juan Marigaz” zioen pankarta bat jartzen zen. bai orduan eta bai orain ere, Euskadiko erakundeak defendatu dituzu eta harro gaude zurekin. Aupa, Juan Mari! 
 
Alderdi Sozialistak justizia demokratizatu beharko du, Alderdi Popularrarekiko erabateko mendekotasuna duten fiskalen ikuskizun negargarriarekin amaitzeko; horien artean, aipagarriak dira Cardenal eta beste batzuk, eta horren azken ekintza Alvaro Iturritza, Natalia Rojo eta Florentino Martínez ustezko delituren batekin mehatxu egitea izan da. Non zegoen delitu hori?
 
Álvaro, martxoaren 13an manifestazioa egiteari lotutako delitu izugarria egin zenuten; hain zuzen ere, Alderdi Popularra gezurretan ari zela eta biztanleria manipulatzen ari zela esan zenuten.
 
Eta txikiak gara herri bezala, kementsuak baino txikiak. Eta badakizue, Davidek behin irabazi zion Goliati, eta horrexegatik agertzen da Biblian; beste guztietan Goliatek irabazi zuen. Eta gu txikiak gera David bezala, horrexegatik elkarlana bultzatu behar dugu besteekin; horrexegatik sinatu genuen eta bultzatzen ari gara Bartzelonako Adierazpena, Galeusca berreginez, Galiza, Euskadi eta Catalunyaren arteko elkarlana bultzatuz. Euskadi, Catalunya eta Galiza nazioak garelako, eta gure naziotasuna onartua izan dadin elkarrekin lan egingo dugu eta bultzatuko dugu proiektu hau ere Estatu mailan. Eta zentzu honetan, elkarlan honetan, Europara ere elkarrekin joango gara, Europan hau defendatu ahal izateko: Europar proiektu bakarra nahi dugula, baina Europak bere barnean dauden herriak eta nazio ugari guztiak errespetatu egin behar dituela.
 
Europa ez da oraingo estatuek baino aginte indartsuagoak dituen Estatu handia soilik izan behar, ez da oraingo armada nazionalak baino armada indartsuagoa duen Estatu handia bakarrik izan behar; hori bakarrik balitz, ez luke mereziko bera eraikitzen ibiltzeak. Europa federala edo konfederatua izan behar da; ez da inoiz ere zentralista eta monolitikoa izan behar. Europa ez da ikatza, altzairua eta baionetak administratzen dituen Estatu handia izan behar, hiritar guztiak eta orain ezeroso edo jazarrita dauden herri guztiak (adierazpenerako modu zuzenik eta askerik ez duten herriak) babesten dituen aberri handia baizik. Javier Landaburuk idatzi zuen “Alderdi” aldizkarian, 1953ko ekainean, orain dela 51 urte, eta lema hau, “Europa bakarra: herri asko”, Agirre lehendakariaren eta Landabururen belaunaldi horren ondorengoa da. Martxoaren 6an euskaldunok XX. mendean segurutik izan dugun gizon handi eta unibertsalagoaren jaiotzaren mendeurrena izan da: Agirre lehendakaria. Agirre lehendakariaren eta horren belaunaldiaren jaraunspena dugunez, berretsi egin nahi dugu geure helburua politikoki batuta dagoen Europa sortzea dela. Beraz, begi onez ikusten dugu Europak Konstituzio proiektua edukitzea. Proiektu hori guk gehien atsegin duguna izan ez arren, Konstituzio horretan oraindik ere Estatu ez garen baina Europako proiektua osatzen dugun nazioen tratamendu egokia egin ez arren. Baina norabide egokian emandako aurrerapausoa da; horrenbeste sufrimendu ekarri digun Europa horretako mugak desagertzeko emandako aurrerapausoa da; izan ere, gure herria azken mendeotan bi Estatutan banatuta egon da, muga baten bidez, eta horrek apurtu egin du gure herriaren bihotza eta arima. Horri dagokionez, Europa batuko proiektuaren aldeko apustua egingo dugu beti. Eta zailtasunak egongo dira, Konstituzioaren aurkakoa den Aznar ere hortxe dugu horren adibide, baina zorionez hori iraganean gelditu da eta Europak Konstituzioa edukitzeko oztopo nagusia izan da. Europa horrek barruko herrien eta nazioen aniztasuna errespetatu beharko du, baita bertako kultura eta hizkuntza guztiak ere. Europako foro guztietan parte hartu nahi dugu. Izan ere, gaur egun Shanghain egon behar dugu, Säo Paulon egon behar dugu; euskaldunok herri honetako hiritarren interesak defendatzeko leku guztietan egon behar dugu, presentzia hori ezinbestekoa baita enplegua, ongizatea eta bizi-kalitatea bermatzeko. Hortaz, lehendakariak autogobernu modernoa planteatu du, autogobernu berritzailea, autogobernu berritua, eta horrek aukera emango du euskaldunok munduko leku askotan, erabakiak hartzeko lekuetan, presentzia instituzionala edukitzeko; horrela, herri honen ongizatea eta etorkizuneko bizi-kalitatea bermatu ahal izango ditugu. Zure proposamena behar dugu, lehendakari, herri honetako etorkizuneko belaunaldien ongizatea bermatu ahal izateko.  
 
Amaitzera noa. Ikusi duzue hor ere, lelo horretaz aparte, haur bat dagoela aurtengo Aberri Eguneko kartelean. Eta mezu bat luzatu nahi dizuet gaur gazteak zaretenoi, eta baita ere haur hori bezalakoei, ... bihar, biharko egunean gazteak izango diren guztiei: "Etorkizuna eraiki eta etorkizuna erabaki behar duzue". Hau da belaunaldi berriaren erronka. Alde batetik, Europa bakarra izan dadin proiektua bultzatu, baina bestetik ere euskal nazioak proiektu horretan gure kokapena izan dezagun lagundu eta bultzatu.
 
Nik ez nuen Gernikako Estatutua botatu, 40 urte ditut eta ez nuen adinik, 16 urterik besterik ez nituen Gernikako Estatutua botatu zenean; kartelak bai jarri nituen baiezkoaren alde, baina ez nuen botatu. Eta hemen zaudetenok, 42 urte baino gutxiago dituzuenak, ez zenuten Gernikako Estatutua botatu ezta ere. Eta guk ere gure erabakiak hartu nahi ditugu, eta gure etorkizuna eraiki nahi dugu, eta gure autogobernuari buruz gure iritzia eta gure botoa eman nahi dugu. Eta gure etorkizunerako eta gure seme-alabentzat behar ditugun autogobernu tresnak garatu nahi ditugu. Eta hau lortu behar dugu, nazio bat garelako, autogobernua ongizatea bermatzeko behar dugulako, hazkunde ekonomikoa eta bizitza kalitatea garatzeko euskaldun guztiontzat. Eta baita ere guk ere demokratikoki gure etorkizuna eta behar dugun autogobernua eraikitzeko eskubidea dugulako, bakean eta askatasunean.
 
Beraz, zuek jarraitu behar duzue bide hau; aurreko belaunaldien lana jarraitu behar dugu, ondorengo belaunaldiei etorkizuna eraikitzeko behar dituzten gailuak eman behar dizkiegulako, gure burua prestatuz, ikasiz, konprometituz. Hau da gure erronka.
 
Eta azkenik ez dezagun gauza bat ahaztu: ez dezagun gure burua prestatu edo ez dezagun ikasi huts-hutsik gure erosotasun pertsonalerako; ez dezagun ahaztu beste konpromiso bat daukagula: aberriarekin konpromisoa finkatu egin behar dugu. Lauaxetak idatzi zuen bezala kartzelatik: "Dena eman behar jako maite den askatasunari".
 
Gora Euskadi Askatuta! 


    [1] Fin de la cara A y comienzo de la B.

PARTEKATU