Bake-irrikaz dago Euskadi. Normalizazio politikoa lortzeko gogo bizia du eta gertu dago bakerako eta elkarbizitzarako behar diren akordio-oinarriak gainerako alderdiekin hitzartzeko, euskal gizarteak bere estatus politikoa eta soziala erabakitzeko aukera izan dezan.
EAJ-PNVk bere gain hartzen du ekimen politikoari eusteko konpromisoa eta aldez aurretik azaldu nahi du bestelako alderdi politikoen egitasmoekin batera itun zabala burutzeko borondatea, gizarte-eragileen partaidetzak ere tarteko izan beharko duelarik.
Sortu diren bake-itxaropideak bete daitezke. Euskal gizarteak eta erakunde demokratikoek garbi asko erakutsi dute bortizkeria baino indartsuagoak direla. Irizpide etikoen garaipena izan da. Zalantzarik ez gero, bortizkeria zuritzeko erabiltzen diren larderiazko jarrerak eta jakineko helburu politikoak lortzeko edozerk balio duela uste izanak baztertzen direnean egingo dela behin-betiko bakea.
Euskal gatazka politikoa ETAren bortizkeria baino lehenagokoa da, jakina. Eta gatazka honen nondik norakoa ulertzeko ezin da estatutuaren zilegitasuna zalantzan jarri edota bortizkeriaz baliatzeko arrazoirik badela esan. Bi upeletakoak dira nortasunen arteko gatazka eta bortizkeriarena; bortizkeria ez da gatazka politikoari berez darion zerbait.
Amaiera elkarrizketatuak irtenbide demokratikoa esangura du, baita legeriak uzten dituen aukera eta bide guztiez baliatu nahia ere, ezelango biderik ez ixtea alegia. Beste modu batez esanda, egitasmo politiko bat bera ere ezin da, inondik ere, bakearen baldintza izan.
EAJ-PNVk eskakizun demokratikotzat joten du prozesuaren amaierarako elkarrizketa erabakigarria ez dadila bortizkeriaren ondorio izan, bortizkeriari uko eginaren ondorio baizik. Euskaldunek erabakitzen dutenari zor zaion begirunea dela-eta, onartezinak lirateke bortizkeria edo talde armatuak ezarri nahi lituzkeen baldintzak.
EAJ-PNVk Euskal Herriko sentsibilitate politiko desberdinek onar dezaketen ituna lortzeko egitasmoa adierazi nahi du. EAJ-PNVk aldez aurretik onartu nahi ditu gaur egungo erakunde-esparruekiko errespetuaren aldarria, esparru horiek aldatzeko eta gauzatzeko aukerabidea eta, giza-eskubideak errespetatzeaz gainera, bide demokratikoez defenditutako egitasmo politiko guztien zilegitasuna.
EAJ-PNVk euskal gizartearen erabakia betetzeko konpromiso bikoitzaren onarpena eskaintzen dugu: Ez ezarri - Ez eragotzi. Alegia: Ez ezarri orain arteko akordioek duten baino onarpen gutxiagoko akordiorik. Eta ez eragotzi orain arteko akordioek duten baino onarpen handiagoko akordiorik.
Euskal gizartearen aniztasuna errespetatzen du EAJ-PNVk. Euskaldunek beren geroa erabakitzeko duten eskubidea guztion topalekutzat hartzea nahi izango genuke Guztiona den eskubidetzat sentitua eta aitortua izateko eran aldarrikatu nahi genuke. Euskal Herriaren eskubideen aitorpen baikorraren aldeko jardun hau sendotuko bada, ezinbestekoa da Estatuak ere bere nazio aniztasunaren aldeko konpromiso eraginkorra agintzea.
Aldi berean, Euskal Herriko esparru juridiko-politiko desberdinen egituratze politikoa lortu nahi du demokratikoki EAJ-PNVk eta honek ez du esangura Euskal Herria betikotzat eta aldaezintzat hartzen denik, ezta lurraldea biztanleen gainetik jartzen denik ere, hain zuzen ere biztanleen nahiaren eta erabakiaren ildotik egituratu nahi dela baino.
Zentzu honetan, alderdien mahaian zehaztu eta adostu beharreko edukiak honako hauek izan beharko dute, besteak beste: Euskal Herriaren nor erabakitzailea; lurraldetasuna; erabakitzeko eskubidea eta aldebiko ituna. Aldi erabakigarria hasi aurretik, ETAk bere jardunari uko egin beharko dio edo Batasunak eta EHAK-ek uko egitea eskatu beharko diote.
Azkenik, EAJ-PNVk uste du elkarbizitzaren esparruaren funtsezko aldaketa egin nahi denean herritarrei iritzia eskatzea politikaren eta demokraziaren eskakizuna dela. Kontsulta ez da, inola ere, inoren muturrean joteko habailarria, ezta akordioa lantzeko eta lortzeko alderdiek duten erantzukizuna gizarteari egozteko aitzakia ere.
Segurutik, kontsulta burutzeko baldintzak hitzartzea da urratsik onena haren zentzu integratzailea, emaitza ona eta ondorengo negoziazioaren bidegarritasuna bermatzeko. Gernikako Estatutuak lortu zuen atxikimendua baino handiagoa lor dezala galdeketa honek da gure helburua. Hori izango baliosteko froga-harria.