Bortizkeriaren bukaera elkarrizketatuaren eta normalizazio politikoaren aurrean
SARRERA. EAJ-PNVren erantzukizuna.
I. Bake-bide bila dihardu euskal gizarteak.
1. Beste aukera bat
3. Indarkeriaren bukaeraren hasiera
II. Politikaren normalizaziorako aukera
1. Akordio politikoa bideratzeko
2. Normalizazio politikorako elkarrizketa eta akordio mahaia
3. Herriari galdetzeko era eta baldintzak
SARRERA.. EAJ-PNVren erantzukizuna
Herria zerbitzatzeko eta bakea lortzeko irrikaz eta asmo sendoz plazaratzen dugu lan hau. Bidegurutze honetan EAJ-PNVko gizon-emakumeok onartzen dugun ekinbide politikoa garatzeko konpromisoak gakartza honetara. Izan ere, Euskadiko gizarteak gure esku utzi duen gidaritzak jardunbide arduratsua eta malgua, irizpide argiak, zuhurtzia eta apaltasuna eskatzen dizkigu EAJ-PNVren burukideoi. Batez ere, geuk ekiteko eskatzen digu, geure egitasmoa aurkeztuz eta, gizarte eragileen partaidetzaz, guztiontzat egokia den akordioa lortzeko geurea besteen egitasmoekin uztartzen lagunduz. Baina, erantzukizunak eragin diezaigukeen zorabioaren ikara saihesteko geure erantzukizunari iskintxo egingo bagenio, geure buruari egingo genioke iruzur, are okerrago, gugan uste osoa jarri duen euskal gizartearen zati handi horri egingo genioke iruzur. Gure herriarentzat bakezko eta elkabizitzazko etorkizunari begira erantzuten diogu erronkari.
Bakea irrikatzen du Euskadik eta normalizazio politikoa lortzeko gogo bizia du, gainera. Gatazka sakonean sartuta denbora gehiegi daramagu. Gatazka politiko honek gure gizartean sortu duen ondoezari konponbide duina aurkitu behar diogu guztion artean. Gatazka politiko horren ondorio eta adierazpen den EAJ-PNV, urte askotako memoria bizia duenez, gai da arazoari sustraitik heltzeko. Beste nazioetatik berezia den Euskadiren bizi-iraupenerako eta, XIX mendean foruak kendu zitzaizkionez, burujabetza berreskuratzeko jaio zen gure alderdia orain 110 urte. Geroztik, belaunaldi askotako euskaldunek jasan dituzte gatazka politiko horren ondorioak. Demokrazia, askatasuna eta Euskadi defenditzeagatik gerra, espetxea, erbestea, erasoa eta premia gorria jasan dituzte euskaldunak.
Euskal gizarteari berari ankerki erasotzeko erabili da, zoritxarrez, euskal arazo hau: Euskal Herrian bertan eta hemendik kanpora ere hil, dirua kendu eta erasotu egin da askatasunaren izenean, euskal nazioaren arrazoibidea odolez eta laidoz zikinduz.
Bai Euskadiren demokrazia eta askatasuna defenditzeagatik erasoa jasan zuten pertsona haiek eta bai indarkeriak eta bortizkeriak kolpatu dituen guztiak arren eta arren ari zaizkigu gaurko Euskadirentzat, XXI mendeko Euskal Nazioarentzat, konponbideren bat eskatzen. Konponbideren bat alegia. Ez konponbidea. Seguraski, ez da betirako den konponbiderik. Agian, konponbidea ere ez da bat bakarra.
Aldatzen eta eremu zabalagoetan murgiltzen ari den gizarte modernoa da gure hau. Ingurune horretan bilatu behar ditu bakerako eta elkarbizitzarako akordioaren oinarriak, gaurko euskal gizarteak bere estatus politikoa eta soziala erabakitzeko aukera izan dezan. Demokrazia aurreratuetan ohikoak diren moduen bidez euskal gizarteak erakusten duen nahia errespetatzen duen akordio ireki eta modernoa lortu behar da. Aldi berean, inguratzen gaituen nazioen gaindiko egitatea eta etorkizun hobea, elkartasunean, eraikitzeko landu behar ditugun nazioarteko harremanak kontuan dituen akordioa.
I. Bake-bide bila dihardu euskal gizarteak
1. Beste aukera bat
Bakearen aldeko eragileak.Euskadiko indarkeriaren behin-betiko amaiera marrazten eta argidirdaiak ikusten laguntzen duten osagaiak hauek dira:
Gizartearen heldutasuna. Gure gizartearen heldutasuna oso garrantzitsua izan da giro politiko hau sortzeko. EAJ-PNV/EA eta EB-Berdeak Koalizioaren akordioak dioenez, "euskal gizartearen gehiengo-gehiengoak arbuiatu egiten ditu indarkeria eta bortizkeria politikagintzarako tresna bezala, bere gain hartzen du erasotuekiko elkartasuna eta gatazkaren konponbiderako, berriz, elkarrizketa eta elkarrekiko begirunea onartzen ditu".
Giro hau ez zaio egokierari edo legealdi bateko jokabideari bakarrik zor, ezta gobernuaren edo alderdi baten eginbideari bakarrik ere. Eragile gehiago ere baditu, noski. Guztion artean egoki konponbideratu beharreko arazoa da bortizkeria. Eskuhartze eta erantzukizun desberdinekin, jakina. Hori garbi ez duenak nekez uler dezake nondik bila diezaiokegun irtenbidea.
Bake zuzenaren alde. Guztion artean zabaldu diogu bake zuzenari zirrikitua. ETAk menia hautsi eta urtebetetzea gogoratuz EBBk idatzi zuen agiriak zioen bezala, "duintasun eta askatasun esparruan"1 . Herritarren garaipen den bake zuzena, hau da, kalteak ordaintzea, adiskidetzea eta gizartea txirikordatzea. Izan ere, jokabide demokratiko horiek (bortizkeriarik eza eta guztien arteko elkarrizketa) dira eta bakegintzarako tresna nagusiak. Mezu argia hotsegin du euskal gizarteak: guztien artean egin behar da bakea, dogmakeriarik eta kontrakeria setatsurik gabe. Burutsu, apal eta guztion elkarlanez baliatu beharreko aukera dugu aurrean.
Guztion erantzukizuna. Gogotsu, xanokeriarik eta gehiegizko nahikeriarik gabe, egin beharreko bidea dugu aurrean, norberak eta bestek egindako onetatik eta okerretatik ikasi dugu eta. Inork ez du asmatzeko azti-makilarik. Horregatik ez da inor baztertu behar. Bake-bideko bidelagun bakarrak ez dira ETA eta Estatua. Gizartearen eginkizuna den bakegintzan ezinbestekoak dira eragile politikoak eta sozialak bakearen eta adiskidetzearen helmugara iritsiko bagara.
Milaka euskaldunek guregan ipini duten konfiantzari erantzuteko geuregan hartzen dugu zilegitasun eta erantzunkizunez EAJ-PNV bezala dagokigun eginkizuna.. Gure herriaren bake zuzenaren eta iraunkorraren eraikuntzan argimutil izan nahi dugu, gainera.
Guztion garaipena. Urte hauetan, zintzo eta zinez jokatu dugu bortizkeriaren arazoa alderdikerietatik kanpora gera dadin. Bake prozesuaren amaiera guztion garaipena izatea lortu behar dugu orain.
Adiskidetze egitaraua. Bortizkeriaren kalteak eta minak hain handiak izanik, bortizkeria amaitutakoan ere ez da elkarbizitzaren normalizazio osoa berehala suertatuko, zauri asko geratzen baita pertsonetan eta herrietan. Bakearen eta adiskidetzearen Plangintza oso bat guztiz beharrezkoa da ikuspegi horretatik. Horretan dihardu hiruko gobernuak. Izan ere, "beharrezkoa da bakearen kulturaren ekintzaile izatea. Bortizkeriari uko egiteaz gainera, jokabide etikoak geureganatzea eta bizitzea ezinbestekoa da. Adibidez, bakoitzaren giza eskubideekiko eta herriaren eskubideekiko, berdintasun, elkartasun, gizarteko justizia eta aniztasunarekiko begirunea eta askatasun zibil eta politikoen defentsa eraginkorra" 2 .
Helburu hori lortzeko orduan bere gain hartzen du EAJ-PNVk erantzunkizun hori, dagokion neurrian. Horretarako, "gure gizartean autokritikarako gogoa, barkamena eskatzeko apaltasuna eta barkatzeko bihotz zabaltasuna piztuko dituen zapuztutako konfiantza berreskuratu beharko dugu" 3 . Erakundeek bakarrik ezin dute zeregin hau bete. Alderdi politiko eta gizarte eragile guztien konpromiso eraginkorra eskatzen du.
Kaltetuei aitorpena eta ordaina. Guztion artean bultzatu behar dugun Bake eta Adiskidetze Plangintzaren ardatz dira indarkeriak eta bortizkeriak kaltetuak. Bakoitzak erakusten dien elkartasunaz gainera, bidegabeki jasanarazi zaien herioaren aitorpena gizarteak egitea beharrezkoa da. Aitorpen hori gabe, ezinezkoa gertatuko da gogoko zaigun adiskidetzeari gure artean bidea zabaltzea. Alde horretatik, bere-bereak egiten ditu EAJ-PNVk Giza Eskubideen Batzordeak bultzatako eta Eusko Legebiltzarrak 2004ko ekainean onartutako erabakiak.
Politikaren ordua. Eusko Jaurlaritzaren oraingo Koalizio Akordioan hauxe aitortzen da: "aldi berri bati ekiten diogu. Beste aukera bat badugu. Ezin du inork beste aldera begiratu. Euskal gizarteak ez liguke barkatuko. Politika-politika egiteko garaia da. Eta armek isildu behar dute politikari entzungo bazaio. Ez gara elkarrizketari aurreko baldintzak jartzen ari, indar politiko gehienok onartzen ditugun bi onarri nabarmentzen ditugu. Lehenengoa, gatazken sustraiak arakatu behar dira bortizkeria konpontzeko. Bigarrengoa, Bakeak ez du ordain politikorik, baina Politikak asko egin dezake bakearen alde". Hori da gure apostua larderiaren, itsumenaren, mugiezinaren edo irudimenik ezaren kontra, badakigu eta, politika bakegintzaren tresna dela dogmakeriarik, itsumenik eta itxikeriarik gabe eta gure herrian ohikoa izan den konponketarako eta akordiorako gogoz egiten baldin bada.
2. Onartutako balioak
Indarkeriaren aurrean gizabidezko hitza. Sortu diren bake-itxaropideak bete daitezke. Izan ere, bortizkeria baino indartsuagoak direla erakutsi dute euskal gizarteak eta erakunde demokratikoek. Irizpide etikoen eta gizabidezkoen garaipena da, nahiz eta kontuz egin beharreko lana geratu oraindik, jakina.
Bortizkeriaren behin-betiko bukaeraren atarian, ezinbestekoa da egiaztatzea zenbaterainoko okerbidea izan den politikarako eta zenbat kalte egin dien hainbeste jenderi eta euskal herrigintzari. Bistaratu behar dira, jakina, bortizkeriaren zilegitasunik eza, politikarako baldarkeria eta inolako moralik eza ere. Armekin batera, bortizkeria zuritzeko erabiltzen diren larderiazko jarrerak eta helburu politiko jakinak lortzeko edozerk balio duela uste izatea baztertzen direnean egingo da behin-betiko bakea. "Ez bortizkeriari/ bai elkarrizketari" leloak, hau da, bakearen eta bide demokratikoen aldeko apostuak ez dio inori norbere asmo politikoei ukorik egiteko eskatzen.
Gatazkaren izaera Euskadin. Konpondu gabeko gatazka politiko zahar bat dago Euskadin, ETAren bortizkeria baino lehenagokoa jakina. Erabakitzeko eskubidea duen herria ukatzeagatik luzatua. Konpontzeko, berriz, akordio politikoen joko korapilatsua eta euskaldunen nahiari errespetu demokratikoa eskatzen ditu. Gatazka hau ezin da ETAren iritziaren arabera ulertu, estatutuaren bidea zilegitasunik gabea izan dela eta bortizkeriara jotzeko arrazoirik badela onartuz, nahiz eta diktaduratik demokraziarako bideak, konstituzioaren testuak eta autonomiaren garapenak guretzat zenbat hutsune dituzten ondo badakigun. ETAk ez zuen Estatutuari buruz euskal gizartearen gehiengoak agertu zuen iritzia errespetatu, ez zuen hainbeste aldiz ahotan duen Euskal Herriaren hitza errespetatu. Bi upeletakoak dira nortasunen arteko gatazka eta bortizkeriarena; bortizkeria ez da gatazka politikoari berez darion zerbait. Eta bortizkeriaren luzapena patxadaz bideratu beharreko izaera politikoko gatazka bat edo "euskal gatazka sakona" 4 isiltzeko edo ukatzeko erabiltzea onartezina da. Gure konpromiso etiko, politiko eta zibikoak ez du, beraz, jasaten ari garen gatazka politikoari irtenbide elkarrizketatua ematen saiatzeko gure erabakia ezabatzen.
Indarkeriaren aurkako borroka demokratikoa. Baketzeko eta adiskidetzeko egokieraz betetako bidegurutze honetan, mehatxuak mehatxu, gure irizpide demokratikoek eta politikarekiko eta zuzentasunareko gizabideak ez duela bortizkeriaren aurka ere edozerk balio gogoraztera behartzen gaituzte. Era horretan, Estatuaren erakundeek egindako gehiegikeria larriak salatzen ditugu. Sistema demokratikoa larriki zikintzeraino zapaldu dira eskubideak ETAren aurkako borrokan, bortizkeriarekin amaitu nahian, Estatuaren agintaritzatik bertatik. Adiskidetzea ezinezkoa gertatuko litzateke, beraz, Batallón Vasco-español, GAL eta auzitegietako "okerrak" ere salatu gabe eta kaltetuen aitorpenik eta ordainik gabe.
Kilimarik sentiberenetan kilimatu da sistema demokratikoa azken urteotan. Hain zuzen ere, demokraziaren kalitatearen berme direnetan: legez kanpora bota dira alderdiak, egunkariak itxi, errurik gabeko jende baketsua espetxeratu da badaezpada ere, botere banaketa saretu eta narraxtu eta, ETA aitzakiatzat harturik, euskal abertzaletasun demokratikoa eta euskal erakundeak erasotu dira gupidarik gabe, era mingarrian eta antidemokratikoan.
Euskadin gizarteko eta politikako harremanak normaldu nahi badira, PSOE lagun, "Aznarren aldiko" demokraziaren aurkako jokabideak eta, batez ere, ondorioak, oraindik bizirik dirautenak areago, gainditu behar dira behin-betiko.
Bakearen balioa. Alderdi politiko guztiak onartzen dute irizpide hau, gaur egun: hiritarren esku bakarrik dauden erabakietan oinarritzen dela bake zuzena, demokrazian. Alderantzizkoa, etikoki arbuiagarria, jendearentzat onartezina eta politikoki kontrajarria izango litzateke. "Gizarteko iritzi demokratikoarentzat ulergarria, onargarria eta txalogarria" 5 izan beharko luke bake-bideak. Bortizkeriaren amaiera elkarrizketatuaren alde atera garenean historiak eman digun eskarmentuan onarrituta atera gara. Izan ere, horrelako gatazkak elkarrizketaren eta akordioaren bidez bukatzen dira. Besterik da, jakina, euskaldunei bakarrik dagokien erabakitzeko eskubidea talde armatuari ematea.
Argi eta garbi esaten zuen 1988an Ajuria Eneko Itunak: "bortizkeriaren jarraipenak ez du Estatutuaren garapena galgatzeko aitzakia izan behar, ezta, ordea, demokratikoki onartu ez diren burujabetza maila handiagoak lortzeko arrazoi ere. Bortizkeriaren bukaera eta gatazka politikoa elkarrengandik berezi beharra honetatik sortzen da: bortizkeriaren jarraipena ez da gatazkak eragina, gaur egungo esparru juridiko-politikoak euskal hiritar asko ase gabe utzi izanaren ondorio baizik. Hau dela eta, gizartearen gehiengo zabalak onartzen duen akordio politikoa lortze arren ezinbestekoa da herriaren ordezkarien artean elkarrizketari ekitea. "Horregatik, Normalizaziorako edozein Akordiok gogoan izan behar du irizpide demokratiko hau: euskal gizarteak bere etorkizunaz galdetua izateko eskubidea duela, bortizkeriarik eta inposaketarik gabeko egoeran jakina eta, elkarren onarpenetik, aniztasunarekiko begirunez eta itunarekiko hitza emanez. Horren arabera, burujabetza politikoko eredu jakinean eta Euskadiko gizartearen eraikuntzan eta Estatuarekiko harremanen esparru juridikoan aurkitu behar du Normalizazioko Akordioak bere adierazpidea" 6 .
Irtenbide duin eta demokratikoaren bila. Amaiera elkarrizketatuak irtenbide demokratikoa adierazten du, legeriak uzten dituen aukera eta bide guztiez baliatzea, biderik ez ixtea alegia. Ekimena eta erabakia alderdi politikoen ordezkarien eta, azkenik, euskal gizartearen esku dagoen prozesua abian jartzeko ahalbidea ematen du elkarrizketarako bi mahai zabaltzeko proposamenak. Gerorako gure erabakiak, ordezkari politikook lor ditzakegun akordio politikoak, ez ditu euskaldun gehienon nahia eta elkarrekin sortu ditugun erakunde demokratikoen zilegitasuna onartzeko gauza izan ez den ETAk baldintzatuko. Burubide horiek kontuan, seguru gaude, bake eta adiskidetze-bideak egiten laguntzeko prest daudela euskal hiritarrak bihotz zabalez.
Bakearen eskubidea du Euskal Herriak. Justiziaren arloak eta giza eskubideekiko errespetua sendotzea eskatzen ditu bakeak. Bortizkeriarik ezatik hasten da bakea, eta hori bortizkeria erabiltzen dutenen esku dago. Indarkeriak eta bortizkeriak hainbeste herritarri bidegabeki eragin dion sufrimenduaren ordaina ematea ere eskatzen dio bakeak gizarteari. ETAren beraren inguruko askorengana iristen den sufrimendua bukatzea ere eskatzen du bakeak. Bakeak, zuzena eta iraunkorra izango bada, adiskidetzera eraman behar gaitu. Adiskidetzeak, berriz, bihotz zabaltasun handia eskatzen die herritarrei eta, batez ere, gehien sufritu dutenei.
Egitasmo politiko bat bera ere ez da bakearen baldintza izango. Edozein egitasmo politikoren gainetik daude euskaldunen nahia eta erabakiak. Gaur egungo erakundeen esparrua errespetatu egin behar da, beraz, erabaki eta nahi horiek sortutako erakundeak direlako. Berdin errespetatu behar dira, etorkizunean ere, euskal gizartearen nahiaren arabera, lurraldetasunari buruzko molde desberdinak edo elkarbizitza politikorako egitasmoak.
Elkarbizitza politikoa da erronka. EAJ-PNVk bere jokabidean beti gogoan izan dituen irizpide gizakoi eta demokratikoen arabera, euskal gizartearen elkarbizitza eta elkartasuna gure ekinbide politikoaren erronka garrantsitsuak direla uste dugu. Eta hori, Euskadiren eraikuntza sozialarekiko dugun konpromisoagatik bakarrik ez, baita, herri bezala, erkidego bezala, Euskal Nazioaren nortasun eraikuntzaren prozesuan, bere baitan, daraman nazio mailako eraginagatik ere.
Nortasunen arteko borrokaren gainean ezin da nazio elkartu bat eraiki, ezta, bortizkeriarik gabeko egoeran, galdeketa aske eta demokratikoaren bidez euskal gizarteak adierazitako nahiaren kontrako egitasmoa ezarriz ere. Alde horretatik, jokoan dauden nortasun batzuen eta besteen arteko eskubide, balio eta interesen borrokak etengabeak eta ezinbestekoak dira. Bi aldeen artean konpromiso eta antolaketa bideragarriak erabakitzea da kontuan. Era horretan, ez da gaitzerdi euskal gizartearen aniztasunaren balioa, gure gizartearen funtsezko osagai aberasgarri eta baikorra baizik..
3. Indarkeriaren bukaeraren hasiera
Jardunbidearen giltza. Politika eta bortizkeria konponezinak direla jakinik, EAJ-PNVk eskakizun demokratikotzat joten du prozesuaren amaierarako elkarrizketa erabakigarria ez dadila bortizkeriaren ondorio izan, bortizkeriari uko eginaren ondorio baizik.
Kongresuko diputatu guztiek, PPkoek ez beste guztiek, 2005eko maiatzean onartutako erabakiak hitzez-hitz jasotzen du Ajuria Eneko Itunaren 10. puntua: "Bortizkeriaren amaiera elkarrizketaturako baldintza egokiak sumatzen badira, hau da, bortizkeriari uko egiteko egiazko gogoa eta jarrera garbia sumatzen badira, Estatuko agintarien eta bortizkeriari uko egiteko prest daudenen arteko elkarrizketaren alde gaude. Jakina, bazterrezina den irizpide demokratikoa errespetatuz beti ere, hau da, herriak aukeratutako ordezkarien esku utziz auzi politikoen konponbidea...".
Lehendakariak kargu hartzeko Hitzaldian berriki esana du: "ETAri dagokio urrats erabakigarria egitea eta bortizkeriari uko egiteko nahia, argi eta garbi, adieraztea. Euskal alderdi politikooi dagokigu gure erantzukizuna geure gain hartzea eta gatazka politikoaren sustrai diren hautsi-mautsientzat "Normalizazio Politikorako Akordioa" lortzeko hitza euskal gizartearen aurrean ematea".
Jardunbide politikoa babesteari uko egin. Ordezkari politikoen bidez eta herritarrei egindako galdeketaren bidez euskaldunek erabakitzen dutenari zor zaion begirunearekin uztarrezinak dira bortizkeria edo talde armatu batek ezarri nahi dituen baldintzak. Alderdi politikoak eta erakundeak bakarrik dira prozesuaren demokratikotasuna bermatzeko ordezkaritza eta erantzukizuna dituztenak, negoziaketa erabakigarria inposaketarik gabe eta aniztasunarekiko errespetuz egin dadin, egitasmo guztiak lortzeko baldintza berdinetan jarriz eta azken hitza herriari emanez7 .
Indarkeriaren bukaeraz iritzi bateratua.Bortizkeriari uko egiteko zinezkotasunari buruz irizpide eta uste bateratuak izatea eskatzen digu aldi politiko berriak. Bortizkeriari uko egiteari buruz eta horren zinezkotasunaren egiaztapenari buruz ezinbestekoa zaigu alderdi politikoen artean iritzi zehatz adostua lortzea.
Bakearen zerbitzuko espetxe eta bergizarteratze politika. Agintariek, edozein egoeratan, errespetatu eta babestu beharreko eskubideen jabe dira presoak, demokrazian. Espetxe politikaren esparruan Eskubidedun Estatuak ezeren ezaugarririk baldin badu, hauxe du: bergizarteratzeari begira egina dela beti. Alde horretatik, ezinbestekoak dira, orain areago, bakearen zerbitzurako, kode penalaren erabilera malgua, etxetik hurbileko espetxeetan zigorra batetzea, sendikoak eta ahaideak bakearen eta adiskidetzearen eragiletzat hartzea eta, inola ere ez, zeharkako erruduntzat. Horrek ez du inolako aurrebaldintzarik eskatzen. Espetxe politikari, behin-betiko, beste norabide bat, adostua, eraginkorra eta malgua emateko ordu da, beraz. Erronka honen aldeko konpromisoa adierazten du berriro EAJ-PNVk. Dena den, Eusko Legebiltzarrak 1997an eta Diputatuen Kongresuak 1998an onartutako erabakien arabera, lehen egin beharreko zerbait zen, gure ustez.
Bake-bideak eraikitzeko erabakiak. Bortizkeriari bukaera ematea eta Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean jasotako eskubideak Euskal Herrian ez zapaltzeko bermea dira helbururik lehenengoetakoak EAJ-PNVrentzat.
Helburu hori lortzeko ezinbestekoa da:
Eta oinarrizko eskubideen eta askatasunen aldeko ikuspegitik:
Adiskidetze bidea egin behar dugu, gainera. Lehendakariak 2005eko ekainaren 22an, kargu hartzeko hitzaldian esan zuen bezala: "Gure gizartean autokritikarako gogoa, barkamena eskatzeko apaltasuna eta barkatzeko bihotz zabaltasuna piztuko dituen zapuztutako konfiantza berreskuratu behar dugu. Guztion artean sufrimendua gainditzeko eta adiskidetze bidea elkarrekin egiteko betebehar morala dugu. Hori izango da eta gure gizartearen elkarbizitzarako oinarririk sendoena".
II. Politikaren normalizaziorako aukera
1. Akordio politikoa bideratzeko
Elkarbizitzarako oraingo eta geroko esparruak. Herritarren nahiarekiko errespetuaren eta Euskal Herriak bere etorkizuna libreki eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidearen alde gaude.
Eskubide horren onarpenarekiko eta euskal gizarteak hartzen dituen erabakiekiko errespetua bermatuko duen bidearekiko akordioa lortzeko konpromisoa gure gain hartzen dugu.
Leialtasun eta dogmakeriarik gabeko giro honetan, erabaki askearen jarduerarako eta Euskal Herriko sentsibilitate politiko desberdinek onar dezaketen euskaldunen nahiarekiko errespetuarentzat ituna lortzeko hitza ematen du EAJ-PNVk.
Demokraziaren arauen onarpenean oinarritutako akordioa. Gaur egungo erakundeekiko errespetua aldarrikatu eta, aldi berean, beroriek aldatzeko aukera. Giza eskubideekin errespetuko eta bide demokratikoetatik defenditutako burubide eta egitasmo politiko guztien zilegitasuna onartzea eskatzen du horrek. Estatuaren antolaketari buruzko burubide desberdinei eta euskaldunon erakundetzeko eta antolatzeko moduei erasaten die irizpide horrek, demokrazian guztia da litekeena eta. Hau da, askatasunarekin eta giza eskubideekin errespetuko den edozer egitasmo defenditzeko aukera ezezik, gauzatzeko aukera ere behar da, bide demokratikoak erabiliz behar duen herritarren sostengua jasotzen badu behintzat.
Euskal gizartearen aniztasuna errespetatzen duen akordioa. Euskal gizartearen aniztasuna errespetatzen du EAJ-PNVk. Guztion topalekutzat hartzea nahi izango genuke euskaldunek beren geroa erabakitzeko duten eskubidea. Guztiona den eskubidetzat sentitua eta aitortua izateko eran aldarrikatu nahi genuke, gainera. Nortasun-sentimendu desberdinekiko errespetua eskatzen du euskaldunen nahia errespetatzeak. Horretarako itunaren eta konpromisoaren esparruan txertatu behar dira nortasun-sentimendu horiek. Euskal gatazka politiko luzea, gure herriaren elkarbizitza pitzatu gabe, konpondu nahi dugunon erronka horixe da.
Euskal Herriaren eskubideen aitorpen baikorraren aldeko jardun hau sendotuko bada, ezinbestekoa da Estatuak bere nazio aniztasunaren aldeko konpromiso eraginkorra hartzea 8 . Euskal abertzaleen asmoak ez ote diren oso demokratikoak uste duen jendearen irudipen sendoa horrela bakarrik gaindi daiteke. Uste hori, gainera, are eta indartsuago nabarmentzen da gaur egungo egoeran, bigarren transiziotzat joten denean.
Akordiorako baldintza bila. Elkarbizitzako eredua zehaztuko duen normalizazio politikoaz akordioa lortzea da gure helburua. Aldi berean, baita buruz-buruko harreman eraginkorren eta leialtasun bermeen zein baldintzen harreman esparrua Estatuarekin adostui beharra ere.
Gizarte aurreratuetan joko arauak finkatzeko bidea ituna da eta ez inposaketa. Alde honetatik, merezi du Irlandakoa gogoratzea. Joko politikorako behar diren gehiengoak eta erkidego bat zer den erabakitzeko beharrezkoa den akordio zabala berezi zituzten. Horren arabera, "adostasun nahikoa" beharrezkotzat joteko baldintzak aurreikusi zituzten. Guk ere geuk adostu beharko genituzke geure artean eta ez Estatuak bere aldetik bakarrik finkatu.
Erabakitzeko eskubidea eta itunerako erantzukizuna. Erabakitzeko gaitasuna hitzartzeko konpromisoari lotu diogu, Kanadako Auzitegi Gorenak zehaztu zuen irizpide juridikoaren arabera. Eta horrelaxe jaso genuen Eusko Legebiltzarrak onartutako Estatutu Berriaren Proposamenean ere. Arazoak elkarrizketaren eta hitzarmenaren bidez konponduko diren topalekuetan pentsatuz nahi izango genuke burujabetzaren ariketa burutu. Munduaren antolaketa berrirako jarrerarik aurerrakoienek eskatzen duten alde-askotasuna gure gizarteen antolaketarako ere eska daitekeena da. Foru tradiziorik onenarekin eta gure bi estatutuen esperientziarekin, 1936koarekin eta Gernikakoarekin, ondo uztartzen den jokabidea da euskaldunen eta Estatuaren arteko ituna.
Euskal gizartearen erabakia betetzeko konpromisoa. Konpromiso bikoitzaren onarpena eskaintzen dugu:
Ez ezartzeak euskal gizartearen nahiaren onarpena bermatzen du, gizartearen ekarpen eta integrazio politikoaren adierazgarri gisa; ez eragozteak Espainiako Kongresuaren debekua saihesten du. Formularik demokratikoena eta integratzaileena onartzen da, beraz, irizpidetzat.
Lurraldetasunaren ulerkera demokratikoa nor politikoa eraikitzeko oinarritzat. Euskaldun guztien batasun politikoaren alde egiten dugu lan EAJ-PNVko abertzaleok, baina txantajearen eta inposaketaren sustraia duten erabaki politikoek eragindako aldaketa onartzea eragotzi egiten digu demokraziarekiko gure uste sendoak. Eusko lurralde bakoitzeko euskotarrek eta berorien ordezkariek bakarrik erabaki ahal dute erkidego bakarra osatu ala ez, edo, hori ezean, elkarrekiko harremanak nola antolatu. Dena den, erabaki horiekiko begirunea eta jarduera eraginkorra bermatu behar dira, Estatutu Berriaren Proposamenean zehazten den bezala.
Euskal Herriko esparru juridiko-politiko desberdinen egituratze politikoa lortu nahi du demokratikoki EAJ-PNVk eta horretan jardungo du politikaren bidez eta inolako inposaketarik gabe.
Kulturazko, hizkuntzazko edo politikazko lokarriez eta senidetasunaz hitz egiteak ez du Euskal Herria betikotzat eta aldaezintzat hartzen denik adierazten, ezta lurraldea biztanleen gainetik, herritarrek garai bakoitzean erabaki dezaketenaren gainetik, jartzen denik ere. Horrelaxe jasoa dago Eusko Legebiltzarrean 1990eko otsailaren 15ean Euskal Herriaren Autodeterminazio Eskubideaz onartutako Proposamenean.
Eginoko Mahaiaren akordioa ere geure egiten dugu: "Eusko Autonomi Erkidegoak, Nafarroako Foru Lurraldeak eta Akitaniako eusko lurraldeek erabakitzeko duten ahalmena onartu, lurralde bakoitzeko biztanle gehienek argi eta garbi adierazi badute elkartzeko prozesuan parte hartzeko asmoa".
Euskal Herriko hiru esparru juridiko-politiko bakoitzeko hiritarren nahia errespetatu beharrekoa da. Hortik aurrera, lurralde bakoitza bere gisa erakundetzea eta antolatzea bezain zilegi da, beraz, euskaldun guztientzat egitura politiko bateratua aldarrikatzea.
Nahiz eta Nafarroan eta Iparraldean dugun ordezkaritza politikoa mugatuagoa dugula jakin, argi eta garbi adierazi nahi dugu bi lurralde horietako beste indar politikoekin eta gizarte eragileekin, elkarlanean, jardunbidea adosteko eta abian jartzeko EAJ-PNVk duen konpromisoa. Beraz, politikoen eta gizarte eragileen topalekuak eraiki behar dira Nafarroako eta Iparraldeko biztanleen erabakiak errespetatuko dituen akordio zabal bat lortze arren. Erabaki horiek errespetaturik, bidera daiteke beste eusko lurraldeekiko erakunde eta elkarteen eraikuntza.
2. Normalizazio politikorako elkarrizketa eta akordio mahaia.
Akordiorako konpromisoak.Alderdien topagunea edo Mahaia osatzeko, beharrezkoa zaigu, lehenik eta behin, euskal alderdien artean konfiantzazko harreman-sarea konpontzea. Mahaiaren osaketak berak eta metodologiak atzera-buelta ezinezko bihurtzea edo, gutxienez, oso zailtzea eta partehartzaileak konponbiderako konpromisoari gero eta gehiago lotzea da helburua. Eginoko Mahaiak aurkeztutako burubidea oso interesgarrria da. EAJ-PNV prest dago, beraz, gainerako indar politikoekin partekatzeko. Zazpi konpromiso eskaintzen dira burubide horretan:
Lehendakariak, kargua hartzeko Hitzaldian, bere aldetik zehaztu zituen bost irizpideak geure egiten ditugu: bi lehenengoek baldintzen esparrua aurkezten dute, horien arabera zirriborra daiteke nola, noiz eta non; guztion artean adostutako akordio politikoa lortzeko egoeran aurki gaitezen zein baldintza bete beharko liratekeen adierazten dute hirugarrenak, laugarrenak eta bosgarrenak.
Azkenik, alderdien mahaian zehaztu beharreko akordioko hitzak eta eztabaidatu eta adostu beharreko eduki batzuk aipatzen ditu EAJ-PNV/EA/EB-Berdeak 2005eko ekainean izenpetutako akordioak. Besteak beste, Euskal Herria nor dela erabakiak hartzeko onartzea; lurraldetasuna, erabakitzeko eskubidea eta aldebiko ituna.
Zeregin hauek aurrera eramaten parte hartzeko konpromisoa argi eta garbi ipini nahi du EAJ-PNVk. Baita akordioek oinarri politiko eta sozial zabala izan dezaten Alderdien Mahaian eztabaidatzeko aurkeztuko dituen proposamenak egiteko konpromisoa ere.
Estatutu Berriaren Proposamenean jasoten diren egitasmoak ere eramango ditu EAJ-PNVk eztabaidara. Hirukoak (EAJ-PNV/EA/EB) lortutako oinarrizko adostasuna jasoten da hor, nor politikoko Euskal Herriaren izaerari buruz, erabakitzeko eta erabakia betetzeko eskubideari buruz, lurraldetasunari buruz, Estatuarekin izan beharreko harreman esparruari buruz eta itunaren konpromisoari buruz 9 .
Euzko Alderdi Jeltzalea prest da, oinarri horiekin, konponbiderako eta akordiorako beste ahalegin bat egiteko. EAJ-PNVren erakundeekiko eta demokraziarekiko tradizioari jarraiki, egokiera berri honek beste jardunbide negoziatzaile bati ekitera behartzen gaitu, Euskadik, ahalik eta lasterren, kokapen juridiko-politiko egokia izan dezan. Gai horien inguruan akordio zabal eta integratzailea lortzeko erronka onartzen dugu. EAJ-PNVren ideologiari eta helburuei ukorik egin gabe, jakina.
Noiz, nortzuk eta non. Lehen aipatutako bost irizpideetatik lehenengoak baldintzatu egiten ditu denbora eta aldi erabakigarriaren hasiera. Horretarako, ETAk bere jardunari uko egin behar dio edo Batasunak eta EHAK-ek uko egitea eskatu behar diote. Mahaian alderdi guztiak esertzeko baldintzak betetzea ezinbestekoa da. Inor ez dadila kanpoan geratu, non eta, tamalez, norberak ez duen hala erabakitzen. Zenbat eta gehiagok parte hartu orduan eta ordezkaritza handiagoa izango dute eztabaidek. Horrek, berriz, akordio integratzaileagoak eta iraunkorragoak egiteko aukera hobeak emango dizkigu.
Bi mahaiak. EAJ-PNV, EA eta EB-Berdeak hirukoak (2001 eta 2005) izenpetutako Akordioetan beti berezi dira gobernagarritasuna, normalizazio politikoa eta bakegintza eta topagune desberdinak. Batasunak ere bide horretatik egin du aurrera Anoetako Adierazpenean bi mahaitan kokatzen baitzuen jokalekua. Alderdi sozialistak ere onartu ditu bi elkarrizketaleku hauek.
Bi mahai hauek aldi berean egin edo ez eztabaidatzen denean elkarrengandik oso urrun dauden bi iritzi plazaratzen dira:
Dena den, bakoitzaren ordezkaritzaren arabera, zilegizkoak diren indar, nortasun sentimentu eta egitasmo desberdinen arteko gorabeherak ez diren beste zerbaitek alderdien mahaiko eztabaidak eta akordioak ez baldintzatzen uztea alderdi politikoen erantzukizuna da. Bakearen mahaia abian jartzea ezinbestekoa den bereizkuntzarako mekanismoa izan daiteke, Anoetako adierazpenarekin uztargarria. Normalizazioko jardunbidearen bukaerarako berme demokratikotzat defenda daiteke erabaki hori.
3. Herriari galdetzeko erak eta baldintzak
Herritarrei hitza eman. Elkarbizitzaren esparruaren funtsezko aldaketa egin nahi denean herritarrei iritzia eskatzea politikaren eta demokraziaren eskakizuna da. Alderdirik gehienen proposamen politikoetan hala joten da. EArekin eta EB-Berdeekin batera hartutako akordioa eta Lehendakariak 2005eko ekainean kargu hartzeko hitzaldian berretsia bere-bere egiten du EAJ-PNVk. Hau da, Alderdien mahaian akordioa lortzen eta herri galdeketa burutzen eraginkor egingo duela lan ematen du hitza. Eginahalak joko ditugun jardunbidearen emaitza da, beraz, galdeketa. Ez da, inolaz ere, bestea muturrean joteko habailarria, ezta akordioa lantzeko eta lortzeko alderdiek duten erantzukizuna gizarteari egozteko aitzakia ere. Herritarrek beren nahia demokratikoki agertzea eragotziko duen uko-eskubiderik ere ezin dugu onartu.
Galdeketaren baldintzak. Baldintza pila bete behar du galdeketa demokratikoak; bortizkeriarik eza eta bazterketarik eza dira guztien artean garrantzitsuenak. Argi eta garbi adierazi zuen Lehendakariak kargua hartzerakoan: "Normalizazio Politikorako eta Elkarbizitzarako Akordioa lortzen badugu, herritarrek berretsi eta onar dezaten, euskal gizarteari galdeketa egiteko baimena eskatuko diot Eusko Legebiltzarrari. Galdeketa hau, jakina, bortizkeriarik eta bazterketarik gabeko garaian egingo da". Eta horrela jarraitu zuen: "Galdeketari berari dagozkion jokabide adostuak erantsiko zaizkio Legebiltzarraren baimenari. Adibidez, bortizkeriarik eta bazterketarik gabeko garaian egiteko baldintza, emaitzak onartzeko ezarritako irizpide demokratikoen onarpena eta beroriek ordenamendu juridikoan nola sartu negoziatzeko eta erabakitzeko jardunbide erabakigarria". Kontsulta burutzeko baldintzak hitzartzea da urratsik onena haren zentzu integratzailea, emaitza ona eta ondorengo negoziazioaren bidegarritasuna segurtatzeko.
Gernikako Estatutuak lortu zuen atxikimendua baino handiagoa lor dezala galdeketa honek da gure helburua, Nafarroako Foru Hobekuntzarako ez zen eta erreferendumarik egin10 . Hori izango da elkarbizitza politikorako topagune berria demokratikoki baliosteko froga-harria. eta arragoa.
Euzkadi Buru Batzarra 2005eko urriaren 10an
1 ETAk menia hautsi ondorengo urtebetetzea zela eta, 2000ko abenduaren 28an, EAJ-PNVren EBBk egindako adierazpena.
2 Lehendakari kargua hartzeko eztabaidan Lehendakariak 2005eko ekainaren 22an egindako hitzaldia.
3 Idem
4 Ajuria Eneako Itunean erabilitako esamoldea.
5 Amaiera elkarrizketatuari buruzko alderdien arteko Mahaiko akordiorako. Lan txostena (1998ko martxoaren 17an).
6 EAJ-PNV/EA/EB-Berdeak Koalizio akordioa (2005eko ekainaren 27an).
7 Lizarrako adierazpena. Konponbidearen gakoak (1998ko irailaren 12an).
8 Ikus 1998ko ekainean Bartzelonan egindako adierazpena.
9 Ikus, adibidez, Eusko Legebiltzarrak 2004ko abenduaren 30ean gehiengo osoz onartutako EUSKADIKO ESATATUTU POLITIKOA aldatzeko proposameneko Sarrera eta 1, 2, 6, 7, 10 eta 13 artikuluak.
10 Iparraldeko euskaldunek ez dute beren erakunderik ere, nahiz eta beren Departamendurako eskabidea gehien gehienen gogokoa izan.