Hasteko, bi gogoramen. Esaera zaharra bata: "...atzeak erakutsiko dizu aurrea nola dantzatu", etorkizuna ongi asmatzeko gure aurrekoen esan-eginak duten balioa adierazten duena. Lizardiren gogoeta laburra bezain esanguratsua bigarrena, olerkari abertzale eta jeltzale honek ere etorkizuna baitzuen kezka eta erronka, euskararen etorkizuna zehazki. Hauxe zioen Lizardik duela 75 urte inguru: "...baina nik, hizkuntza larrekoa nahi haunat noranahikoa: jakite hegoek igoa; soina zahar, berri gogoa, azal horizta muin betirako". Aitortu beharra dago asmo eta helburuak ongi hausnartzeak eta argi adierazteak duen balioa, hain zuzen ere, ariketa honek berekin eramaten duelako ekintza-bide eraginkorrei aurre egiteko konpromisoa. Horra hor Lizardiren ikasgaia.
Esanak esan, euskara gaurko egoerara ailegatu arteko gorabeherak ez dira izan edozelakoak: Lizardik aldarrikapen hori egin eta hurrengo ia 50 urtetan zehar euskarak ia bereak bakarrik zituen jardun-esparruak galdu egin zituen eta gaztelaniarekin partekatu, ez zuen erabilera-eremu berririk irabazi eta hiztunak erruz galdu zituen ia desagertzeraino.
Duela 25 urtetik hona berriz, euskararen soin zaharra berritzen joan zaigu: hizkuntza larrekoa zena, noranahikoa bihurtzen doa; euskaldun guztiok elebidun gara (gutxienik) eta EAEko biztanleen ia erdia euskara-duna da; duela mendeak euskarak galduak zituen hainbat toki eta erabilera-eremu berreskuratu egin dira. Halere, dena ez da distira, ezta gutxiagorik ere; euskararen "zulo beltzetako" bat Iparraldeko egoera da eta berau, akaso, larriena: gaurko gazterik gehienen aitatxi-amatxiek apenas zekiten frantsesik; gurasoek hobeto menderatzen dute frantsesa euskara baino; eta seme-alabek eurek ia ez dakite euskaraz. EAEn bertan ere, oraindik lortzeko daukagu euskararen familia bidezko transmisioa.
Zergatik diot hau guztiau? Zergatik hartu hizpide euskararen egoera, ARGIAk eskatutako hausnarketa estrategikoak nazio-eraikuntza baitu hizpide? Bi arrazoi:
- Batetik, benetan uste dut euskararik barik ez dela ez Euskal Naziorik ezta nazio-eraikuntzarik ere. Euskal Herriaz eta euskaraz ari garenean da, inoiz bada, izenarekin batera izana.
- Bestetik, euskara berreskuratze eta biziberritze aldera azken 25 urteotan eginiko lana bide-erakusle da nazio-eraikuntzarako printzipio politikoak, helburuak, estrategiak eta jarduna antolatzeko orduan. Euskararen normalizaziorako giltzarrietako bat geure erakunde propioak berreskuratu edota sortu izana den bezalaxe, beste horrenbeste esan dezakegu euskal naziogintzan.
Ezin uka daitezke azken 25 urteotan Euskaleherrigintzan emandako aurrerapausuak: gaur egun Euskal Nazioago gara duela 25 urte baino; geure erakunde demokratikoak berreskuratu edota sortu izanak komunitate berezituaren kontzientzia areagotu egin digu EAEn eta, aldi berean, euskal gizarteak etengabe emandako babesak herri erakundeon zilegitasun demokratiko eta nazionala sendotu egin ditu. Gaur egun autogobernuaren indarberritzearen aldeko aldarrikapenak dituen osagaietako bi, euskal erakundeek duten sinesgarritasuna eta autogobernuaren ongizate-balioa dira. Euskal Herriko biztanlerik gehienentzat autogobernua da ongizatea, solidaritatea eta aurrerakoitasuna.
ARGIA astekariaren ekimenari dagokionez, pozgarria da benetan, eta eskertzekoa, Euskal Herriko sei talde abertzaleetako buruzagi euskaldun emakume konbidatu izana. Egia esan, ez dakit duela 25 urte igarle lanetan hasita inork asma zezakeen (Zeruko) ARGIAk 2005ean prospektiba politikorako saiakera burutu asmoz politikagintzan diharduten sei emakume euskaldun bertaratzerik izango zuenik.
Baina bada hutsunerik ere. Gure herriaren etorkizunerako hausnarketa estrategikoa burutzeko orduan gure ondoan gainontzeko alderdietako buruzagi emakumezkoak, edo gizonezkoak, egon ez izana kezkagarria da oso. Izan ere, euskara atzoko eta gaurko euskara-dunok soilik indarberritu ezin izango dugun bezalaxe, Euskal Nazioa ezin izango baitugu eraiki abertzaleok bakarrik. Gizarte osoaren ordezkaritza politikoak osatzen du herri-borondatea eta denek behar dute, denok behar dugu, plaza publikoan norbere tokia, gainontzekoen errespetuan. Inor ez da, bera bakarrik, nahiko eta denok gara beharrezko, duela hilabete batzuk gizarteak argi irakatsi berri dugun bezala.
1. Helburua: Nazio-proiektu euskalduna,aurrerakoia eta irekia.
EAJ-PNVren helburu politikoa hitz bakar batez adierazi behar izango banu, burujabetza erabiliko nuke. Eta mende hasieratik abiatuz datozen 20 urteei begira helburu honek har ditzakeen adierazpide edo formulazioen artean, honako hauxe lehenetsiko nuke: euskal gizartea aukera-berdintasunez eta biolentziarik barik bere etorkizun politikoaz kontsultatzeko eskubidea.
Konpromisoa argia da: Euskal Nazioa eraikitzen jardutea, egungo egoeratik abiatuz, askatasun osoz bere borondate politikoa adierazi dezan. Euskal Herriko hiru barruti politikoetako herritarrentzat erakargarri izango den nazio-proiektua behar dugu ezinbestean, demokrazian sinisten dugunak ondo baitakigu erakargarritasunak atxikimena dakarrela eta, honek, proiektuen sendotze iraunkorra. Aginpide demokratikoaren oinarria horixe baita.
Beraz, guk aldarrikatzen dugun Euskal Nazio proiektuak, berekin ditu oinarrizko zenbait balio, nazioa bera esplizituki egituratzen dutenak gainera. Izan ere, 2025.urteko Euskal Nazioa izango bada, berekin eramango ditu:
- Justizia eta berdintasuna, aukera-berdintasunaren alde eta bazterkerien aurka lan eginez etengabe indarberrituko den komunitate kontzientearen berme.
- Elkarbizitza, haustura sozialetik babesteko tresna baita.
- Kohesioa, euskal gatazka politikoa gainditzeko akordio demokratiko zabala lortzeko oinarrizko irizpidea.
- Euskara eta eleaniztasuna. Printzipio demokratikoen errespetuarekin bat eginez, elebitasunak eta hizkuntza eskubideen berdintasunak soilik berma ditzakete-eta gizarte-kohesioa eta aniztasuna, biak ezinbestekoak naziogintzan. Euskara jagon egin behar dugu azpijoko eta bazterkerietatik eta baita erasoetatik ere. Helburua da euskaraz bizi nahi dutenentzako aukera berdintasuna.
Hezkuntza eta prestakuntza, gizabanakoen askatasuna oinarri duen etorkizuneko naziogintza bidean tresna nagusietakoa.
Autogobernuaren kudeaketa aurrerakoia. Solidaritza, ongizatea, giza eskubideen aitortza eta babesa, egoera gutxituan dauden herritarren aldeko ekinbidea, lehiakortasuna, herri aginteetako arduradunen zuzentasuna eta zintzotasuna... denak batera Euskal Nazioaren garapenaren berme.
2. Estrategia: bakegintzarako eta normalizazio politikorako akordioa.
Helburua zehaztu ondoren, NOLA egin bidea da erronka. Horretarako, egoera sozio-politikoaren adierazle nagusiak identifikatzeaz gain, alderdi politiko bakoitzak nork bere aukerak ezagutu eta gizartean duen kokapen politikoaz jabetzea ezinbestekoa du. Beste era batera esanda, euskal gizartearen jarrerak, asmoak eta aldarrikapenak ongi hausnartu eta, horretaz gain, alderdi bakoitzak bere tokia eta eginkizuna asmatu behar ditu, estrategia zein jarduna arrakastatsuak izan daitezen.
Euskal gizartearen jarrerak eta aldarrikapen politikoak
Egungo egoeraren diagnostikoa egiten hasita "bidegurutzea" da politikagintzan dihardugunok gehien erabili dugun terminoa. Beste era batera esanda, jardunbide desberdinen artean aukeratu beharreko unea. Euskal gizartearen jarrerak eta aldarrikapen politikoen artean azpimarratzekoenak, hauexek:
- gizarte heldua, bere eskubide demokratikoen ezagutza kontzientea duena,
- garai eta koiuntura sozio-politiko bakoitzean bere xede eta asmo politikoak ozenki agertzen dakiena,
- ETAren indarkeriaren aurka eta soilik bide demokratikoen alde etengabe azaldu dena,
- sentsibilitate politiko guztien arteko elkarrizketaren bidea ontzat ematen duena,
- bere borondate politikoaren aitortza aldarrikatzen duena,
- behin gehiagotan adierazi duena sentimendu eta politiko guztien zilegitasuna eta beharra, irtenbide politiko emankorrak eta egonkorrak lortze aldera.
Horretaz, eraginkortasunez lan egitea, bake-bideak eta konponbideak bilatzea eta akordio politiko demokratiko sakonak lortzea da euskal gizarteak agintzen diguna euskal politikagintzan dihardugun eragileoi.
Laburbilduz:
a) helburua argi dugu (Euskal Nazioaren eraikuntza):
b) egoera politikoa (bakerik ez, normalizazio politikorik ez, zuzenbide-estatuaren ahulezia), euskal gizartearen eskaintza eta aldarrikapena (bakearen eta normalizazioaren aldeko konpromiso politikoa) eta erabakitzeko eskubidea oinarritzat hartuz;
- hurrengo 20 urtetarako balio izango digun akordio politiko zabala lortzea dugu erronka, konpromisoa eta jomuga (ez ariketa teoriko hutsa) eta herritarrek berretsi dezaten lortzea, denbora hori igarotakoan "2005ean baino euskal nazioago gara" izan dadin diagnostiko partekatua.
Normalizazio politikorako Akordio integratzailea.
¿Nola jardun akordioaren bila? ¿Zein da prozedurarik egokiena? Argi dago, jarrera zurrunek eta lerro bakarreko bide estuek ez digutela lagunduko. Aldiz, egungo bidegurutze-egoera honetan akordio politiko zabala da bide emankor bakarra, Euskal Nazio kohesionatuaren zimentarria jarriko duena eta egungo euskal gizartearen nahia eta borondatea errespetatu eta bere etorkizun politikoa eraikitzeko benetako aukera emango diguna. Beraz, ardatz nagusia, herritarren gogoa eta areriorik gaiztoenak, inposizioa, dogmatismoa, mugiezintasuna eta irudimenik eza.
Esandakoaren haritik, neure egiten ditut Lehendakariaren hitzak, joan den ekainaren 22an Legebiltzarrean adierazitako printzipioak eta edukiak, akordio iraunkorraren eta integratzailearen alde eginiko ekarpenak, hain zuzen:
Printzipioak:
- Indarkeriarik eza eta giza eskubideak.
- Bazterkeriarik eza eta lurralde, giza eta politika alorreko sentiberatasun guztiak.
- Herri borondatea eta bere egikaritza.
- Proiektu politiko guztien berdintasuna.
- Aniztasunaren onarpena eta ez eragotzi/ez inposatu irizpide bikoitza.
Edukiak:
- Subjektu politikoa
- Erabaki eskubidea eta bere egikaritza
- Lurraldetasuna
- Estatu espainiarrarekin harremanetarako markoa
- Ituna, konpromiso gisa
Eta akordioaren nolabaiteko gailurra izan daitekeen konpromiso bikoitza, "erabakitzeko eskubidea/itunaren aldeko konpromisoa" adierazten dugu Lehendakariak azaldutako termino bertsuetan:
"Normalizazio politikorako eta elkarbizitzarako akordioa lortzen badugu, indarkeria eta bazterkeria desagertzean, euskal gizarteak kontsultatua izan dadin eskatuko diot baimena Eusko Legebiltzarrari. Baimen horrek berekin izango ditu, kontsultarekin lotuak izanik, aldez aurretik adostuko diren honako gaiak: biolentziarik eta bazterkeriarik ezaren adierazleak, emaitzen onarpenerako printzipio demokratikoak eta Estatuarekin negoziatzeko zein ordenamendu juridikoan jaso dadineko prozedura".
Akordio politikoa ez da erraza baina bai lorgarria, denok horretarako erabaki sendoa dugun neurrian. Eta akordioak berak ekarriko digu aukera 20 urteren buruan lortutakoa ebaluatzeko eta aurrera begirako bide berriak ere adosteko.
Esan gabe doa, orain arte adierazitako helburu eta lerro estrategikoek berdin balio dutela Euskal Herri osorako, eduki zehatzak eta jardun-lerroak lurralde bakoitzean bereziak badira ere. Alde horretatik:
- Gure apustua Nafarroan Na-Bai proiektua indartzea da, eta asmatzen ari garelakoan gaude, Nafarroako hainbat herritar euskaltzaleen eta abertzaleen nahiak eta asmoak bideratzen dituen segurantzan eta bide horretatik nahiko genuke joan Nafarroako gizarteak ulertu eta onartuko duen marko juridiko-politikoaren bila.
- Ipar Euskal Herrian, hiru jardunbide ditugu premiazkoenak: abertzaletasunaren onarpen-maila gizartean ugaldu dadin bideak urratzea; Euskal Departamenduaren aldeko jarrerak eta ekintza demokratikoak bultzatzea eta burutzea; aldi berean, euskara eta Ipar Euskal Herriaren identitatea sendotzeko eta trinkotzeko ahalegin guztiak uztarri berean jartzea.
Horrekin guztiorrekin batera, eguneroko "naziogintza" eta Herri Erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoak ditugu "izena"ren zain gauden bitartean "izana" indartzen eta sendotzen joan gaitezen.
Esku bete lan dugu begien bistan eta saiatzen bagara, gaur baino Euskal Nazioago izango gara 2025ean, gaur baino komunitate kontzienteago eta, aldi berean, euskaldunago, irekiago, integratzaileago eta aurrerakoiago. Eta lehiakor agertuko gara Europan zein munduan erronka estrategikoen lorpen mailan. Orduan ere ez da faltako nor ARGIAn hurrengo 20 urtekoari begira galdera egokiak luzatuko dituenik, egokitasun horretan baitoa erantzunen arrakastaren erdia, beste erdia jardunak ekartzen badu ere. Hala bedi.