Salamancako «Guda zibileko agiritegia» Francoren gudarosteak 1936-39 gerran zehar harrapatu zituen dokumentuen bilduma da, armen indarrez azpiratu zituen herri-administrazio, alderdi politiko eta gizabanakoen artxiboetatik bereganatu zituen agirien biltegia alegia. Sortzez behintzat, helburua ez zen baliozko dokumentazioa gerraren sarraskietatik gordetzea, Errepublikaren alde ari zirenei buruzko informazioa biltzea baino, «gorriak eta separatistak» omen ziren mugimenduen kontrako errepresioa erraztu ahal izateko. Trantsizio demokratikoarekin batera, bai gerra-garaian bildutako agiriak eta baita biltegia bera ere Estatu espainiarraren Agiritegi Historikoaren ardurapean geratu ziren, 1979tik aurrera. Ordudanik ekin zitzaion han-hemenkako ikertzaileei sarrera uzten, betiere zenbait muga eta baldintza tarteko.
Batez beste, Gobernu katalanaren agiriak Salamancako artxibo osoan dagoenaren %2,5 dira, euskal dokumentazio-kopuruari dagokiona, berriz, %0,5 baino ez. Dokumentazioa denetarikoa da, Eusko Jaurlaritzaren agiriez gainera bertan baitira beste hainbat euskal erakunde (EUDELek ere eskaria egina du), alderdi politiko, elkarte eta gizabanakoren agiriak ere. Hauek agiri guztiak funts ezberdinetan daude, honez gero Kultura Sailak katalogatu izan dituenak eta dagokion informazio-txostena ministerioari luzatu.
Katalunian Comissió de la Dignitat izeneko batzordea egituratu da eskari hau bideratu ahal izateko eta alderdi politikoek dokumentazioaren itzulera aldarrikatu dute. Euskaditik ere hainbat aldiz egin izan da antzeko eskakizuna, euskal udalen, euskal diputatuen zein Eusko Jaurlaritzaren izenean. Kultura sailburua ere behin baino gehiagotan jarri izan da harremanetan Kultura ministroarekin. Azken komunikazioak 2005eko urtarrilean eta ekainean izan ziren.Iazko maiatzaren 26an Kongresuan onartu zen Ez Legezko Proposamenaren arabera, Espainiako Gobernuak Kataluniari paperak itzultzeko prozesua hasi behar izan zuen. Euskal Legebiltzar taldeak zentzu bereko beste Ez Legezko Proposamen bat aurkeztu zuen euskal agiriei buruzkoa.Ez legezko azken proposamen horren gaineko bozketa baino lehen, Euskal Legebiltzar Taldeak birritan eskatu zion Espainiako gobernu-presidenteari gai honetaz bere asmoen berri kontu eman zezan. Jose Luis Rodriguez Zapaterok erantzun zuenez gero: «Gobernuak hitza ematen du hartzen den akordioa bete egingo dela eta, zalantzarik gabe, hartutako erabakiak balio berbera izango duela euskal instituzioen asmoei begira ere» ( 2004ko ekainaren 2a eta 2005eko apirilaren 27a ). Hala eta guztiz ere, Alderdi Sozialistaren jokabidea ez da agindutako ildo horretatik joan, Zapaterok agindutako hitzen aurka baizik. PSOE alderdiak maiatzean bertan muzin egin zion Euskal Legebiltzar Taldeak aurkeztutako lege-proposamenari eta ekainean atzera bota zituen Gobernu Lege Egitasmo berari egin zitzaizkion zuzenketak, nahiz eta zuzenketa horien bitartez euskal erakundeei ezarri nahi izan Kataluniako erakundeei ematen zitzaien jokabide berbera. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.Hain zuzen ere, Espainiako Gobernuak lege-proposamena aurkeztu zuen Kataluniako Generalitateari gerran harrapatutako agiri bilduma itzuli ahal izateko, Errepublika garaian Katalunia bere gobernu autonomoaren jabe zela aintzakotzat hartuz. Hala ere, garai hartan Euskadik ere berezko jaurlaritza izan arren (Katalunia eta Euskadi ziren gobernurik zuten autonomia bakarrak), Alderdi Sozialistak ez du pareko jokabiderik erakutsi eta ez dio oraingoz Euskadiri aitortu nahi Kataluniari onesten dion arrazoi berbera. Gure ustez jarrera hau diskriminazio nabarmena baino ez da eta PSOE alderdiak, aukera eta beta aproposik izan arren, ez du diskriminazio hau konpondu nahi izan ez aurkezpen orduan, ezta batzorde tramitean ere.Kongresuko Euskal Legebiltzar Taldeak tinko asko eutsiko dio aldarri honi, gerra garaian frankistek errepresio asmotan ostutako dokumentazioa behingoz Euskadira itzul dadin. Bai Euskadi Kataluniari onartu zaizkion eskubide berberen jabe delako; bai indarrean dagoen aldarrikapen hau bi nazio hauei bakarrik dagokielako, eta baita, gainera, Rodriguez Zapatero presidenteak berak Kongresuan bertan agindu ere agindu zuelako kasu bata zein bestea era berean aintzakotzat hartzea.