Zinez espero dut Izaskun Bilbaoren izendapenarekin garai zaharrak agortuko zirela eta hemendik aurrera garai politiko berria zabalduko dela, baina kaltea, neurri handi batean, egina dago. Juan Mari Atutxaren umilazio pertsonala lortu da, eta EAJri lezio politikoa eman zaiola irudikatu nahi baldin bada ere, nire galdera litzateke ea horrek testuinguru politiko honetan zertan lagundu ote duen.
Ez dakit zertan ari den Alderdi Sozialista, PPren beligerantzia gordinari aurre eginez Madrilen antolatu nahian dabilen koltxoi politikorako izan dezakeen aliaturik baliagarrienari umilazioak eragiten.
Ezker abertzalearen jarrera, berriz, noragabekoa iruditzen zait guztiz. 1999. urtean su-etena hautsi eta hortik aurrera hildakoak mahai gainean zeudenean, Legebiltzarrean EAJ-Earekin negoziazio politikoak exijitzen zituzten, horrek koalizioaren konpromiso etikoa zalantzan ipintzen zuela kontutan izan gabe. Orain EHAKren legalizazioari esker Koalizioaren konpromiso etikoa zalantzatik at dagoelarik (PSOEk hartu duelako legalizatzeko erabaki hori), EAJ-EAk behin eta berriro esan du EHAKrekin negoziazio politikorako espazioak zabaldu egin direla. Baina badirudi orain exijentzia aldatu egin dela. Joseba Permachek aldizkari honetan bertan berriki esan duen bezala, orain GUZTIOKIN hitzartu beharra dago. Niri behintzat jarrera hori benetan ulergaitza egiten zait, eta beste hainbat esparrutan gertatzen den bezala, inbutuaren legea darabiltela deritzot: besteentzako mutur estua eta eurentzako aho zabala. Izan ere, Batasunak berak PSErekin negoziaketa esparru publikoa gauzatzeke daukanean, nola eska diezaioke koalizioari bere buruari exijitzen ez diona?
Koalizioak Batasunari legitimotasun politiko erabatekoa eskaintzen dio, eta bake eta normalizazio prozesua abian jartzeko Batasunarekin (eta, bistan da, gainontzeko alderdi guztiekin) esertzeko prestutasun osoa agertu du, publikoan eta pribatuan. Beraz, non dago arazoa? Zertara zetorren Morcillok kontrako zentzuan egin zuen irakurketa politikoa (alegia, EAJ deseroso omen dagoela hirukiaren eskeman)?.
Oinarrian beste errore politiko larri hau ere ikus dezaket ezker abertzalearen baitan: elkarrizketa alderdianitza eurek bultzaturiko metodologiaren bidez soilik gauzatu daitekeela pentsatzea. Nazio Eztabaidagunearen fruitu izan den tresna berriak batez ere ezker abertzalearen posizioa finkatu baldin badu ere, ez du oraindik PSE-EEren partehartzea lortu (ezta PSN edo PSFrena) eta, beraz, alderdianiztasunaren betebeharrik garrantzitsuena eskuratu gabe jarraitzen du. Inoiz foro horretan alderdianiztasuna bermatuko balitz, berehala emango luke EAJk bere burua bertan murgiltzeko urratsa, baina urrats hori lehenago emateak prozesua bera oztopatuko lukeela argi dakusagu, hirukiaren irudia plazaratu beharrean “fronte abertzalea” irudikatuko litzatekeelako.
Ezker Abertzaleak huts larria egingo luke, nire ustez, EAJren irakurketa honek gatazkaren konponbiderako prozesuari begira gure epelkeria frogatzen duela pentsatuko balu. EAJk ez dauka ezer frogatu beharrik. EAJren betiko, eta konkretuki azken zortzi urtetako lehentasunik handiena bake prozesua abian jartzea izan da; horixe izan zen Lizarra-Garaziren garaietan finkatu genuen posizioa (beste batzuk, aldiz, nazio erakuntzari eman zioten lehentasuna), eta berdin jarraitu genuen su-etena hautsi eta ofentsiba militar basatia abian ipini zenean. EAJ eta EA bakearen alde tinko mantendu zirelako (eta hiritarrek horrela ikusi zutelako) izan genituen, besteak beste, 2001eko hauteskundeetan izan genituen emaitzak. Bakea eta normalkuntza politikoa izan dira, gainera, Ibarretxe lehendakariak azken urteetan gidatu duen ekimenaren xede nagusiak.
Irakurketa oker guzti hauekin batera, ezker abertzaleak EAJri buruz historikoki elikatu izan dituen topiko delacuevistak berpiztu egin dira, duela gutxi Olarrak idatzi zuen artikuluan argi ikusten den bezala. Betidanik iruditu zaizkit klase borrokaren argitara egiten diren irakurketa hauek susmagarri direla abertzaletasunaren ikuspegitik, indar metaketaren oztopo bihurtzen direlako, susmoak eta paranoiak elikatzeko balio duten neurrian. Dispertsioaren inguruan GARAn azaldu diren zenbait erreportaje ere kezkagarriak dira guztiz. Jokabide honi, Shakespearek esango lukeen bezala, ustel usaina dariola iruditzen zait niri, eta funtsean EAJ-EA koalizioa ahultzeko estrategia gordina kamuflatzeko aitzakia ez ote den galdegiten diot neure buruari. Baina ahultze estrategia merke hori bateragarria al da konponbiderako hitzarmena jorratzeko lehentasunarekin?
Koalizioak EAEko hiritarren % ia 40aren babesa jaso du azken hauteskundeetan. Ez gehiago…baina ezta gutxiago ere. Bake eta normalizazio prozesua abian jartzeko protagonismoa herri ordezkaritza duten eragileek izan behar badute (kontrako bidea antzua litzateke…), onar dezagun behingoz errealitatea eta utz ditzagun alde batera ibilbide laburreko jokaldi merkeak. Jar dezagun guztion artean bake prozesua martxan!