Bakea eta autogobernua dira, beraz, euskal gizarteak gura duen eta klase politikoari eskatzen dion binomioa. Ibarretxe Lehendakariak eginiko eta Eusko Legebiltzarrak onartutako proposamen politikoak hortxe jarri du inflexio-puntua, nire ustez. Proposamen honen bidez atera ahal eta behar dugu euskal politika “betiereko berdinketatik” (halaxe iritzi zion Elkarrik Euskadiren blokeo egoerari, ETAren indarkeriaren eta PP-k, PSOEren laguntza isilarekin, egin duen “antipolitikaren” artean kateaturik baitago). Proposamenaren edukia gorabehera (erabat demokratikoa dena), Ibarretxe Plana deritzonak mugimendu politiko sakona eragin du Euskadin eta Madrilen. Batzuen hasierako urduritasuna eta besteen boto-azalpen bitxiak igarotakoan, alderdi guztien arteko elkarrizketa politikorako benetako esparrua sortu behar da hemendik.
Politikaren ordua iritsi da beraz. Eta gaur, politika egitea mugitzea da, arriskuak hartzea, entzutea, lehenik, eta eztabaidatzea eta adostea gero. “Kotoiaren proba” izango da euskal indar politiko eta gizarte eragile guztientzat. Lehenik eta behin, Batasuna eta bere ingurunearentzat (zentzurik zabalenean). Anoetako ekitaldiak eta Eusko Legebiltzarreko bozketa bitxiak eremu politikoan jokatzeko gogoa dutela erakusten dute, zailtasunekin izanik ere, eta ziur aski, biziraupen politikorako nahiak bultzatuta. Halere, gogo hori ETAren bonba bakoitzak hondatzen du, potentzia eskasekoak izan arren. Ezker abertzaleak ezin du bere etorkizuna “efektu berezietako” eta epe motzeko estrategia batean oinarritu, Anoetan eta Gasteizen bezala, ezta ETA hileotan egiten ari den “diseinuko terrorismoan” ere. Azken horientzat benetako ausardiaren ordua iritsi da, indarkeria baztertzekoa, inolako baldintza politikorik jarri gabe. Mundu horretako “politikarien” ordua iritsi da ere, ibilbide honi lehenbailehen ekiteko. Euskadin ezker abertzale demokratiko batentzako lekua eta premia dago, nahiz eta etorkizunean “kataluniar erako” Eusko Jaurlaritza ezartzeko bada ere (mahaikide batzuek dagoeneko nahi luketen bezala), PSErekin bat eginik, EAJ “zaharra” boteretik botatzeko.
Zapatero Presidentearen irribarre eta talantearentzat ere proba bat izango da hau. Bide erraza hartzen badu eta Espainia zaharkituaren txaloak bilatzen baditu, PP-rekin bat egingo du, eta bien artean, Espainiako Gorteetan estatutu berrirako proposamena zapuztuko dute. Erabaki horrek Euskadi eta Madrilen artean norgehiagoka instituzional eta soziala ekarriko luke. Zapateroren irribarreak eta talanteak gorabehera, denok gogoratuko genituzke orduan Aznarren agintaldiaren urte latzak. Horrelako norgehiagoka baten bidez, martxoaren 14an jaso zuen kreditu politikorik gehiena galduko luke eta, bide batez, Patxi Lopezen PSE oso ataka estuan jarriko luke. Izan ere, Lopezek ezin du Madrilgo mezan meza-mutil izan, eta aldi berean Euskadin kanpaiak jo nahi izan. Zapaterok baditu beste aukera batzuk ere, ordea. Elkarrizketaren bideari ekin diezaioke, proposamenaren aurkako jarrera zilegitik abiaturik, baina euskal gatazka deritzonari irtenbidea konpontzeko asmoz. Gorteek Eusko Legebiltzarrak onetsitako Estatu Politiko Berriaren Proposamena atzera botatzea oso negatiboa izango litzateke. Baina Euskal Herriko biztanlerik ia gehienek ez lukete ulertuko negoziatu ere egin nahi ez izatea edo testuren bat adosteko ahaleginik txikiena ere ez egitea. Gatazka behin betiko konpontzeko atea dugu zabalik. Balia dezagun aukera hau bai Euskadin eta bai Madrilen irtenbiderik bilatzeko interesik ez duten eta irtenbide oro galarazteko edozer egiteko prest dauden guztiei aurre egiteko. Ausardia hori eskatzen diot Rodríguez Zapaterori eta irtenbidea inposizioaren bidez etorriko dela uste duten guztiei. Estatu-gizona dela erakusteko aukera du honako hau.
Baina dena ez da besteak epaitzea eta eginbeharrak banatzea. Hirukoan ere badugu etxeko lanik. Egotzi zaigu mugimendu politiko honek helburu elektoral soilak dituela. Beste batzuek komunitateen bereizketaren mamua atera digute. Nik benetan uste dut argudio biak faltsuak direla. Halere, euskal gizartearen ardatz nagusia gara eta horrek erantzukizun bereziak eskatzen dizkigu. Guk ere ezin dugu epe motzean jokatu, ezin dugu kalkulatu honek guztiak zenbat legebiltzarkide gehiago edo gutxiago ekarriko digun hurrengo hauteskundeetan. Ezta, gainerako jarrera itxiak ikusita, geure buruari sinetsarazi erabateko egiaren jabe garenik. Geuri dagokigu abenduaren 30etik aurrera ireki den aro politiko berria eskuzabaltasunez eta ikuspegi zabalez kudeatzea. Lehendakariak eginiko urratsak norabide horretan doaz, eta haren gobernua sostengatzen dugun alderdiok geure herriari elkarbizitzako esparru iraunkor bat emateko asmoa dugu, oinarri sendo batekin, alderdikeriak baztertuz, eta euskal abertzaleen eta espainiar abertzaleen arteko bereizketak gaindituz.
Euskadik optimistak izan gaitezela merezi du. Horretarako modurik onena lan egitea da, euskal gizarteak bere etorkizuna modu librean erabaki ahal dezan, indarkeriarik gabeko egoera batean eta alderdi politiko guztiak aukera berberekin lehiatuz. Askatasunaren eguzkiak bere bidean lainoak eta hodei beltzak aurkituko ditu, baina lehen argi-izpiak ikusten ditugu dagoeneko. Jaso dezagun eguzki horren argia eta erabil dezagun haren energia.