CANDIDO SASETAREN MENDEURRENEAN
16Abendua
2004
16 |
Hainbat agiri

CANDIDO SASETAREN MENDEURRENEAN

CANDIDO SASETAREN MENDEURRENEAN
Abendua 16 | 2004 |
Hainbat agiri

Hainbat agiri


Gudarien omenez bildu gara, urtero bezala. 72 batailoiz osatutako Euzko Gudaroste hartan bizia jokatu zuten gazte haien ohoretan elkartu gara, hain zuzen. Eta aurten, gudarien gidari, eredu eta lagun izan zen Candido Saseta Etxeberria komandantearen ohoretan elkartu gara, jaio zela ehun urte bete direnez.

Sinesteak ere lan du. Bakegiletzat ohoratu beharko genituzkeen gazte haiei gudaritza goraipatzen diegu. Izan ere, beren izaeraren eta iritzien kontra, bestek piztutako gerra zitalak behartu zituen armak hartzera ehizeko eskupeta beste iskilurik ezagutzen ez zuten bake gizon haiek. Jakina baita Euzko Alderdi Jeltzaleak ez duela, ez lehen eta ez orain, Euskadi indarrez eraiki nahi izan. Euzko Alderdi Jeltzaleak bakezko eta demokraziazko bideetatik nahi du Euskal Herria bere buruaren jabe egin. Manuel Irujok dioen bezala, Euzko Alderdi Jeltzaleari kosta egin zitzaion armak hartzea:

            Euzko Alderdi Jeltzalea ez da trabukoa hartu eta mendira jotzeko eratu den Alderdia. Karlisten afana mendira jotzea da -karlistak beti mendira-, Euzko Alderdi Jeltzalea ez. Ez zegoen horrelako gatazka baterako prestatua, eta kosta egin zitzaion fusila hartu behar zuela etsitzea. Egia, Alderdiari kosta egin zitzaion horretaratzea.

Euzko Alderdi Jeltzaleak jendea bereganatuz, abertzaletuz, euskaltzaletuz, giza baliabideak eskuratuz, ikastolak, euskal eskolak, euskal aldizkariak eta abar sortuz, nahi zuen Euskadi jaso. Eta euskal kutsu guztia, askatasuna eta demokrazia suntsitu nahi zuen gerraren aurrean aurkitu zen, bat-batean. Baina, gerrarako gogorik, prestaerarik eta tresnarik ez izan arren, herriak aukeratutako Errepublikaren, askatasunaren eta demokraziaren alde guda egitea erabaki zenuten. Eta zuei eskerrak euskaldunak lotsarik gabe ibil zitezkeen mundu demokratan barrena. Eta zuei eskerrak harro ibil zitezkeen nazien eta diktaduren kontra zeuden kantolikoak ere. Zuei eskerrak ohoragarri eta miresgarri bihurtu ginen euskaldunok.

            Gaur, ordea, Candido Saseta dugu gogoan. Haren mendeko gudariak bezalaxe, gerrarik nahi ez zuen militarra. Mikelete izateko asmoz egin baitzuen militar karrera. Bitarte horretan Intendentziako kapitain, militarren administrazio buru, izatera heldu zen Marokon, Alhucemas herriko Villa Sanjurjo kanpamentuan.

            Candido Hondarribin jaio zen 1904ko abenduaren 13an. Bere ama Fructuosa zegamarra bazen ere, don Anbrosio aita Hondarribiko Biteri Eskolako maisua baitzen. Gainerako anai-arrebak ere herri polit horretan jaio ziren: Merzedes, Julia, Maria, Trinidad, Pablo, Martin eta Jose Migel.

            Ikasketak erdaraz eta militarren artean egin arren, Candidok ez zien bere hizkuntzari eta bere Euskal Herriari muzinik egin. Are gehiago, militarren artean bizi arren, ez zituen bere euskaltzaletasuna eta abertzaletasuna gordetzen. Marokoko kanpamentuan zuen txabolako atean hitz nabarmen hauek irakurtzen ziren euskaraz:

                        Emen sartzen dana, Euzkadin da.

                        euzkalduna bazera, mintzatu euzkeraz;

                        eta abertzalea bazera, deadar zazu nerekin:

                        Gora Euzkadi azkatuta!

            Mikelete izan nahi zuen Candido Gasteizko intendentzian zen kapitain Errepublika garaian. Baina frankisten oldarraldiak Donostian harrapatu zuen. Lehen esan bezala, ez zen militar gerrazalea. Hala ere, ataka estu hartan, bazekien zeren eta noren alde jarri behar zuen: legezko agintarien eta Euskadiren alde. Inolako zalantzarik gabe, Jose Antonio Agirre lehendakariaren eta Eusko Jaurlaritzaren esanetara jarri zen.  Izan ere, behar-beharrekoa zuten Saseta. Errepublikaren aldera irmo lerratu zirenak gutxi ziren. Are gutxiago, euskal agintarien mende jardungo zuten militarrak.

            Jose Antonio Agirrek, jakina, ez zuen Candido Saseta komandante izendatu eta Azpeitiko Loiolan eraiki zen gudarien kuarteleko buru egiteko dudamudarik izan. Manuel Irujok zioen bezala, "presentzia eskasekoa bazen ere dohain handitakoa baitzen: ongi prestatua, leiala, ausarta, patxada harrigarrikoa, bere ekinean tematua, burrukan gogorra, sasoi ikaragarria zuena, lan zailak gainditzeko gai zena, denak bereganatzen zituen sinpatiaren eta goxotasunaren jabe eta gerrarako prest agertu ziren mutilentzat itzal handikoa".

            Euskadiko militar eskola hartatik Infanteriako 250 ofizial, Artilleriako 100 eta beste 30 injineru atera ziren. Euzko Gudarostea, gutxi gorabehera, 40.000 gudari eta milizianorekin hasteko modua egin zen, gainera. Horregatik baiesten du Irujok: "Azpeitiko Komandantziaren merezimendurik handiena Saseta hautatzea izan zen, Errepublikak Euskadiren zerbitzurako zuen militarrik baliotsuena".

             Sasetaren burubidez eraiki zen Lekeitio, Kalamua, Eibar, Intxorta, Ubidea eta Otxandio arteko guda-lerroa ere. Eta Saseta zen, ez izar eta ez ezer, besteak bezala jantzita, gudarien aurretik joaten zena, behin eta berriz balek zauritu arren, Zarateko Bentan, Belkoain, Ernio, Legutio eta abarretan. Koldo Mitxelenak aitortzen duenez, "Sasetak erakutsi zigun arerioari urreratzen uzten eta urreratutakoan erasotzen. Sasetak sartu zigun militar izpiritua; eta hori lortzeko bere graduari zegozkion baino arrisku handiagoak hartu zituen bere gain". Euskadin hain beharrezkoa izanik, Candido Saseta joan zen Asturiara, euskaldunen eta Eusko Jaurlaritzaren elkartasuna eta laguntza eskaintzera. Amayur, Euzko Indarra eta Indalecio Prieto batailoiak eraman zituen berarekin. Eta hantxe Aceres herían galdu zuen bizia 1937ko otsailaren 23an, kopetetik sartu zioten balaren ondorioz.

            Zirrara izugarria egin zuen euskal agintari eta gudarietan Sasetaren heriotzak Irakurri besterik ez da Euskadi, Eguna, Euskadi Roja, Tierra Vasca, Gudari eta abarretan egin zitzaizkion goraipuak. "Hainbeste maite gendun Saseta Loyolako gudalburu entzutetsua hil zaigu. (...) Gaztea, txikia, baña bikaña, bere irriparrezko aurpegiarekin. Gudalburu orren izena guda au sortu ta laister Euskadiko erri guztietan oso goraldua izan zan bere gizontasun eta bikaintasunagatik eusko-guda mendi oñetan. Gudari guzien itxaropen osoa beregan arkitzen zan", idatzi zuen Kuireka Andonegik Eguna egunkarian.

            Egunkari horretan bertan eta egun berean, Atarrene ere, Gipuzkoako lehen burrukaldiak gogoan, hunkiturik azaltzen da: "Garai zorigaixtoko artan, ez gudari, ez ixkilu, arerioa gero eta gañerago, uri bat galdu ta bestea ere bai, eguna juan ta eguna etorri eta ixkilurik ez, itxuraz guzia galduta askok uste zutelarik, azaldu zan zorionez Saseta apala. Ez kemenak aultzera ta kixkurtzera, ez, sutu, indartu ta gudako gertutzera baño. Onela ezagutu degulako, Sasetaren eriotza gipuzkoarrentzat, guritutako burni zorroztuen zastetakuak bezalakoa da".

            Abandoko San Bizente elizan egin zitzaizkion hiletak Sasetari. Julen Ikaza meza ematen eta Raimundo Leizea eta Sebastian Subiñas diakono eta diakonuordeko laguntzaile. Aldare inguruan zeuden parrokiako beste abadeak ere. Jose Antonio Agirre lehendakaria eta Eliodoro de la Torre eta Telesforo Monzon sailburuak, EBBko eta Euzko Gudarosteko buruzagiak, Bizkaiko erakundeetako ordezkariak, gudariak eta herritarrak elkartu ziren Sasetaren aldeko hileta-elizkizunean. "Eleizkizun orretan otoi ixilen artean hamaika malko be ixuri izan dabez Saseta gogoangarriaren ixena gogoratuta beste gabe", idatzi zuen Eguna egunkariak hurrengo egunean, 1937ko otsailaren 28an.

            Hogei urte geroago ere, 1956an, Parisen egin zen Munduko Euskal Biltzarrean gogoan du Jose Antonio Agirrek: "Sasetaren oroitzapenetan utzidazue hauxe esaten: gure inguruan zebiltzan militarretan hauxe zen beragan uste osoa nuen gizona bere erabateko leialtasunagatik; ez guk ordezkatzen genuenarekiko bakarrik, baita bere arbasoen herriarekiko leialtasunagatik ere".

Omenezko eta goratzarreko idazlanak, bertsoak, olerkiak, hiletak, lagunarteko jardunak, malkoak, denetarik izan zen. Etengabe, gainera. Bazirudien umezurtz geratu zirela gudariak. Baina, ez, "lepoan hartuta segi aurrera". Eta, Candido gogoan eta eredu, Saseta batailoia sortzen da, lau konpainiaz osatua: Beti Aurrera, Aitzol, San Martzial eta Zarraibeiti konpainiez.

            Martin Saseta, Candidoren anaia noski, kapitain zuen Beti Aurrera konpainiaren ikurriña izan zen Frantzian Bigarren Mundu Gerran Kepa Ordokiren aginduetara gerra egin zuen Gernika batailoiaren ikurriña. Ikurrin horrekin egin zuen desfilea Parisen, 1945ean, Gernika batailoiak. Gernikako Juntetxean dago jasorik ikurrin hori 1983ko apirilaren 27az geroztik.

Jesus Insausti Uzturrek idatzi zuenez, "ez da Gipuzkoan erori gure Saseta. Ez dute bere gorputza Euskadiko mendiek jaso. Bere azken arnasean ez ditu begi aurrean Ondarribiko basetxeak ikusi". Baina hondarribitarrek ez zuten beren herriko semea ahaztu. Oroitarri bat eraiki zuten Candido Saseta Etxeberria gudari komandante euskaltzale eta abertzalearen oroimenez. Hil zenean Uzturrek idatzitako hitz hauek dakartza oroitarriak: "Asturiasko lurrak txukatu dizu zure eusko odol gorria. Baiña askatasunaren lorea Euskadin jaioko da".

            Euskadiren eta demokraziaren alde bizia jokatu zenutenoi esker, Sasetari esker eta berorren ereduari jarraituz bizia eman zutenei esker jaio da Euskadin askatasun lorea. Zuei eskerrak gara euskaldun, demokrata, euskaltzale eta abertzale. Eta harro gaude, gainera, garenak garelako.

            Noizbehinka gertatzen diren une garrantzitsu horietakoa bizitzeko aukera dugu. Lan gogotik egin beharreko garaietan gaude. Denboraldi gaitz eta zailak datoz, gure ahaleginaren premian diren denborak, gure laguntzaren beharra izango dutenak. Ibarretxe lehendakariak zuzentzen duen elkarbizitzarako egitasmoa euskal gizarteak argi eta garbi ulertu eta onartu dezan. Beti bezala bakezko eta demokraziazko bideak erabiliko ditugu. Ez dugu tirorik eta indarkeriazko mehatxurik nahi. Eta horretarako, Candido Saseta bezalako gizon-emakume apalak, irmoak, ausartak, abertzaleak eta arriskuen eta zailtasunen aurrean kokiltzen ez direnak behar ditugu. Ez zalantzarik izan, "jaioko dira berriak, gu gara Euskal Herriak".

 

Gora Saseta. Gora gudariok. Gora Euskadi Askatuta.

PARTEKATU