EAJ-PNVk erabat bereganatzen du Euskal Hezkuntzari buruzko konpromisoa, haur-eskolatik hasi eta unibertsitate-ikerkuntzaraino. Euzkadi Buru Batzarraren lehendakari naizen aldetik, konpromiso hau iragarri eta azpimarratu nahi dut.
EAJ-PNVk aitortzen du Hezkuntza arlo estrategikoa dela gure politikagintzan, eta behar besteko baliapideak kudeatzeko dugun erronkari erantzungo diogula, euskal hezkuntza Europako mailarik onenen pareko jarri ahal izateko.
Euskadiko hezkuntza-eragileengan sinesten dugu, bihotzez eskertzen diegu egindako lana eta adierazi nahi dugu “Eskola Itun” zabala lortzen ahaleginduko garela Euskal Autonomi Erkidegoaren hurrengo legealdian.
Badakigu hezkuntza-sektorearen zailtasunen berri eta ezagutzen ditugu gizartearen premiei erantzuteko familiek eta langileek egindako ahalegina. Benetan uste dugu guztiei gure erabateko esker ona zor diegula.
Kalitatezko Zerbitzu Publikoaren aldeko apostua egiten dugu, titularite publikoaz zein kontzertatuaz, eskola-arazoetan erabateko konbergentzia lortu nahi duena, bai lan eta finantz-baldintzetan eta baita gizarte-erantzunkizunean ere.
Kalitatezko Sare Publikoan sinesten dugu, antolamendu-sistema berrindartuaz eta zuzendaritza zein kudeaketaren ahalik eta autonomiarik handienaz, eskola-eskabideari bertatik bertara egokitu ahal izateko.
Adierazi nahi dugu ez dela Hezkuntza baino gizarte-inbertsio hoberik eta hezkuntza-apostuak baldintzapetzen dituela, beste ezerk baino gehiagok, edozein gizarteren oraina eta etorkizuna. Hau da uste duguna, politikariak garen aldetik ez ezik, baita guraso eta hiritarrak garen aldetik ere.
Agindu nahi dugu, era okerrez deitzen den eskola-porrota bi legealditan zehar murriztuko dugula, Europako herririk aurreratuenetan honezkero lortu duten %5eko maila teknikora heldu ahal izateko.
Sorbidean dauden “hezkuntza-industrien” sustapenean sinesten dugu, baliapide pedagogikoak eragiteko eta, Interneten bitartez, mundu zabalean hedatu ahal izateko.
Guzti honengatik, gaur testu zabal eta eskuzabala aurkezten dugu, etorkizuna gogotan duena eta gizartearen baitan eztabaida sortarazi nahi duena. Kalitatezko euskal hezkuntza erakarri dezaketen ehundaka arlo ditugu aztergai, uste dugu-eta Hezkuntzari dagozkion baliapideak beti ere hobegarri direla.
Amaitzeko, berresan nahi dugu EAJ-PNVk Hezkuntzari damaion lehentasuna. Asko gara benetan uste dugunok gizarte-hildo bat baino ez dagoela berdintasuna, elkartasuna, barne-kohesioa, aurrerapena eta etorkizuna bideratzeko. Hau da: Hezkuntza.