Iritzia
11Otsaila 11 |
Iritzia

“Landakoko izpiritua”, inkestak eta errealitateak

Iritzia
Otsaila 11 |
Iritzia

Andoni Ortuzar

Iritzia


Landako. Esaerak dio aurpegia arimaren ispilua dela. Hala bada, duela hamabostaldi bat Landako txiki utzi zuten 2.500 alderdikideen arimak pozez zoratzen atera ziren handik. Atera ziren, atera ginen, pozarren, ilusioz beteta eta itxaropentsu, bertan ikusi genuen guztiarekin. “Indar berria”, EAJ-PNVk etapa berriari heltzeko aukeratu duen goiburu ona izateaz gain, errealitate bat zen, errealitate argia. Indar berriak proiektu berriak aurrera eramateko. Alderdiaren eboluzioa agerian: pertsona berriak, diskurtso berriak, Euskadiren etorkizunerako planteamendu berriak. Pertsonak, diskurtsoak eta planteamenduak, hantxe batu ginen guztiak lotu gintuztenak. Josebak, Bakartxok eta Imanolek beren gogoa eta beren konpromisoa gu guztiongan ereitea lortu zuten. Norabide berria, beraz, ezarrita geratu zen.

Landakoraino iristea ez da bat ere erraza izan. Aldatzeko prozesuak beti dira konplexuak, bereziki gurea lako erakundeetan, gehiegitan ohiturek gidatzen baikaituzte. Gure barne prozesua normaltasun osoz egin dugu eta Euzkadi Buru Batzarraren proposamenak ahobatezko babesa jaso du. Baina, halako erabakien aurrean gertatu ohi denez, bidean zetorren aldaketari neurria hartzeko beharra genuen. Landako izan zen kotoiaren proba. Alderdiaren barne egitura osoak, berriro bat eginik, ibilbide orri berria bereganatu zuen, gure iragana errespetatuz eta etorkizunerako aktibo garrantzitsu jotzen dugun orainarekiko koherentziarekin egin ere. Hortik, beraz, Urkullu Lehendakariari eta bere lantaldeari opatu zitzaien txalo zaparrada bero eta hunkitua.

Izpiritu berria atera zen Landakotik. Laurogeigarren hamarkadaren amaieran eszisioaren ondoren Alderdia berrindartu zuen “Arriagako Izpiritua” izenekoarekin gertatu bezala. Arriagan ezarri ziren XXI. mendean ondo sartzeko behar genituen oinarriak, eta Landakon finkatu dira 2050era eramango gaituztenak. Belaunaldi berri bat, lekukoa hartu eta lehen lerrora atera dena lehenagotik gatozen eta oraindik lanean jarraitu behar dugun belaunaldiekin soinez soin lan egitera. Oraingo kontu hau ez da ordezkatzea, baizik eta elkarren artean egiturak eta ideiak osatzea eta berritzea. Katea ez da eten!

Inkestak. Astebete lehenago iritsi zitzaizkigun lehen inkestak, beren aurreikuspen, datu eta eman litezkeen emaitzekin. Inkestak nik ez ditut sekula baloratzen, une zehatz batean eginiko argazkia direlako, batez ere hauteskundeak oraindik deitu barik daudenean; baina datu bi bai hartzen ditudala aintzat. Hauteskundeei begira gure hautesleria kezkatuta bezain itxaropentsu dago (esango nuke kezkak toki handiagoa hartzen duela oraindik). Eta, gainera, zalantzatiek (alderdien artean zalantzan daudenak zein bozkatzera joango diren ala ez oraindik erabaki gabe dutenak) ondoen baloratzen duten alderdia ere bagara.

Kezka eta zalantza omen dira pandemia osteko eta gerra arteko garai honen ezaugarri. Jendeak ondo baloratzen du bere egoera ekonomikoa, bai eta zerbitzu publikoak ere, baina gauzak aldatuko dituzten hodei beltzen beldur dira. Eta horrek denok eramaten gaitu gure eskakizun eta behar pertsonalekin zorrotzagoak izatera eta taldearen beharrei, komunitateari, horrenbeste ez begiratzera. Hauteskundeei dagokienez, horrek lerrokatze labur eta aldakorrak ekarri ohi ditu egoeraren arabera eta bakoitzaren pertzepzioaren arabera, eta bozkatzera joateko momentuari lotuak, antzina alderdienganako zegoen fideltasunetik urrun.

Logikoa da, beraz, gure hautesleriaren parte bat kezkatuta eta zalantzati egotea. Orain dugun lana da segurtasuna eta ziurtasuna ematea, eta hor agertzen da berriz `Landakoko izpiritua´.

Errealitateak. Landakon kontratu sozial berri bat eskaini genuen, Herri honetako jendearekin hitzeman nahi dugun kontratu berria, Herri honek biziko dituen garai berrietarako. Erreformak eginez, hobekuntzak eginez, ideia berritzaileekin, egiteko molde berriekin. Hori bai, politikan ezinbesteko dugun osagaian oinarrituak denak: errealismoa. Errealitate kontrastatua, bai eta unerik konplikatuenetan Herri bat lideratzeko eta kudeatzeko gaitasuna erakutsi duen Alderdi baten ibilbideak egiaztatua. Eta Alderdi honek orain proposatu du ongizaterako bideari berriro heltzea, aurrerabiderako eta justizia sozialerako bidean aurrera egitea. Bide segurua, hori bai, fidagarria eta zabala, denok hartu ahal izango gaituena eta beste herri eta nazio batzuekin elkartzeko aukera emango diguna.

Eta Alderdi gisa berriz ere ahalduntzera derrigortzen gaituen errealitate hori berori da kalera ateratzera eraman behar gaituena lau haizetara aldarrikatzeko Euzko Alderdi Jeltzalea hemen dagoela. Hemen da EAJ-PNV, etorkizunerako proiektu batekin, pertsona berriekin, Euskadiren alde dena emateko gogoekin. Alderdikideen ordua da, militantziarena. Landakotik atera ginen ilusioz beteta eta aurpegitik kendu ezinezko irribarre zabal batekin. Kutsatu ditzagun irribarre eta gogo hori gure ingurukoen artean, gaur kezkatuta edo zalantzati daudenen artean. Durangon ikusi eta entzun zenutenari buruzko sozializazio-eragilerik onena zarete zuek, alderdikideok, EAJk Euskadiren zerbitzura jartzen dituen indarra, gogoa eta prestakuntza ezagutarazteko. Inor ere ez dadila geratu Landakon gertatu zena ezagutu gabe!, ezta hemendik aurrera datorrena ere!

PARTEKATU