Erromako itunaren 60. urteurreneko EBBren adierazpena
24Martxoa
2017
24 |
Adierazpena

Erromako itunaren 60. urteurreneko EBBren adierazpena

Erromako itunaren 60. urteurreneko EBBren adierazpena
Martxoa 24 | 2017 |
Adierazpena

Adierazpena


EAJ-PNVk Europan ikusi izan du beti euskal lurraldeak subjektu politiko gisa nazioen artean leku propioa izateko bidea. 1916 urtean, Estatu-Nazioak sortu ziren garai hartan, Euskadirentzako toki bat aldarrikatu genuen gerra osteko Europan. 30. hamarkadatik hona federalismoa aldarrikatu izan dugu hura lortzeko bide gisa. Testuinguru honetan, 1933an bigarren Aberri Eguna egin zen "Euzkadi Europa" goiburupean. Bigarren mundu gerra bukatutakoan,1947 urtean, Nouvelles Equipes Internationales taldeko fundatzaile gisa, eta, urte bete geroago, La Hayeko Kongresuan proposatu eta babestu genuen burujabetzak eta Estatu kontzeptuen eraldaketa erradikalak baino ez zigutela bakea eta ongizatea bermatuko eta, horrekin batera, Euskal Nazioa Europaren eraikuntza prozesuan parte hartzerik izan nahi genuela Kontinenteko gainerako Nazioen maila berean. Horixe baita EAJ-PNVrentzat "Aniztasunean bat eginik" goiburuaren benetako esanahia.

Erromako Ituna, gaur, haren hirurogeigarren urteurrena ospatzen dugularik, norabide onean emandako urrats esanguratsuenetako bat izan zen. Europa Batuaren ideia,  europarren arteko beste gerra bat saihesteko aldez aurretik pentsatua izan zena, lidergo handia  eskatu zuen eta egonkortasuna, garapena eta ongizatea ekarri zituen urrats batez gorpuztu zen. Dogma asko gainditu behar izan ziren  baliabide ekonomiko estrategikoen kudeaketa bateratua abian jartzeko eta merkatu batuaren beraren ideia proposatzeko. Bake, egonkortasun, oparotasun,demokrazia,justizia eta solidariotasun terminoetan garatu zen ekimen honen arrakasta bikainak hiritar asko europazale bihurtzen lagundu zuen.

Zoritxarrez, gaur egun Batasunean ez ditugu aurkituko Europa egitasmo haren sortzaileen lidergoa,printzipioak eta uste sendoak. Euroa, europar egitasmoaren azken lorpen handiak ere ez zuen bere alde izan Erromako Ituna piztu zuen balentria. Moneta bakarrak, gobernantza ekonomikorik eta gainbegiratze finantzariorik gabe, benetako subiranotasun europarrik gabe, arin batean erakutsi zuen bere oinarria buztinezkoa zela. Estatu kideek batasuneko erakundeei ukatu zizkieten egoera berri honek behar zituen tresnak. Austeritate politikak, deshumanizazioa, elkartasun printzipioaren apurketa dira une honetan ordaintzen ari garen fakturaren elementuak, gu guztion etxea eraiki ahal izateko nork bere subiranotasunaren zati bat emateari muzin egin zaiolako. Batasuna gaur mehatxatzen duten populismoa eta neo nazionalismoa dira kapital askoren jarrera kontserbadorearen ondorio logikoak, trebeak izan baitira arrakastak beren gain hartzeko eta porrotak europeizatzeko orduan.

Prozesu honetan ere joan da aldatzen mundua bera, munduko gainerako herri eta estatuak. Herrialde gainerakorrek, garapen bidean dauden herrialdeek, besteei errenta eta aberastasuna ekarri dieten herriek gure moduan bizi nahi dute,eragile eta erronka global berriak eragiten dituzte eta Estatu kideek ezin diete erronka horiei bakarrik aurre egin, eta are gutxiago Euskadik. Mundu mailako aldaketaren aurrean aurkitzen gara eta aldaketa hori azaleratu da finantza krisian eta indarkeria eta desberdintasun arazoetan, ondorio modura,  gizateriaren historian ia aurrekarik izan ez duten biztanleria mugimendu erraldoiak ekarri baitituzte. Hazkunde ekonomikoaren inguruko paradigma tradizionalak eraitsi dira eta ekidin ezin ditugun erronken aurrean aurkitzen gara, besteak beste eguraldiaren aldaketa. Egoera horren aurrean, erabat ezinbesteko gertatzen da Europaren are integrazio handiagoa bideratzea.Europar proiektu federalak baino ez du  erantzun koherenteak,egingarriak eta eraginkorrak eskaintzeko aukeraren bat emango. Egoerak aldaketaren bat ekar dezan eta pertsonak beren politiken helburu jartzeko,hau da, beren ongizatea, beren askatasuna eta beren etorkizuna.

Hori dela eta, Europa batu eta indartsua aldarrikatu izan dugu beti, urteotan  bi abiadura eramango zituen Batasuna gogoan, Europako egitasmoa berrabiatzeko tarteko helmuga gisa. Baina era berean ohartarazi nahi dugu lankidetza hori eraginkorra izango dela baldin eta azken helmuga Europa Federala dela onartzen badugu. XX. Mendean funtzionatu zuen "Estatu-Nazio" formula zaharkituta dago,ez du balio XXI. mendean behar dugun subiranotasun partekatua sortzeko, eta hori ere bada Estatu Kideek eurek aintzat hartu behar duten zerbait. Hori horrela ez den bitartean, Europak muga artean jarraituko du eta oraindik Estatu izaera lortu ez dugun gainerako nazioek, zilegitasun osoz, horixe lortzeko asmoa eta helburua izango dugu. Oraindik dauden muga fisikoak, buruko mugak eta estatuen eskemak gainditzea  da europar proiektua birsortzeko giltzarria. Euskadi moduko nazioek, Europan aitortza eta askatasun esparrua ikusten dutenek, aitzindari izan behar dute nazio garen eta sentitzen garenon nortasuna eta burujabetza ulertzeko modu berria eraikitzeko bide honetan.

Jarrera federalista horretatik eta maila anitzeko benetako gobernantzatik baino ezin izango da Europaren barruan bizi diren errealitate nazional guztiak integratu, europar erakunde egonkorrak eraiki eta eraginkortasunez subsidiariotasun printzipioa aplikatu. Premiazkoa baita Batasun Ekonomiko,Finantzario,Energetiko eta Fiskala osatzea EBren aurrekontu propioarekin eta zatiketa ezabatu eta Estatu bakoitzak eginiko inbertsioei europar balioa emango dioten azpiegitura sarearekin. Horiek dira hazkunde baterako behar diren baldintzak eta hazkunde honen oinarrian ekonomia zirkularraren printzipioek egon beharko dute  Estatu eta hiritarren arteko desorekak arintzeko agenda soziala integratuz eta europar guztiei gutxieneko estandar sozial batzuk bermatuz.

Subiranotasuna benetan partekatuta baino ezin izango dugu kanpo harreman eta defentsa politiko bateratua eraiki, nazioartean giroa gaiztotzen duten gatazketan eginkizun bat izango duen ejertzitoa sortuz.Horrela baino ez dugu lortuko Europa mailako inteligentzia antolatzeko urratsak ematea lortuko, segurtasun alorrean ari diren erakunde guztiek elkarrekin lan egin dezaten nazioarteko terrorismoaren mehatxua prebenitzeko eta borrokatzeko.

Panorama honetan, gure autogobernua antolatzeko dugun molde berezi hau aldebiko harreman batean oinarritzen da, hau da, derrigortuta gaude partekatzera, hurkoa ulertzera eta onartzera eta,azkenik, elkarren artean adostera. Planteamendu hori abiapuntu ona da Euskadi eraikitzen jarraitzeko. Hori dela eta, berriro azpimarratu behar dugu "Estatu" kontzeptua berregin behar dela, hau da, Europa  izan dadila pertsonen eta gizarteen borondatezko batura.Subiranotasuna berrasmatzeko saiakera honen emaitzak, bide horretan hamarkadak daramatzagularik, gaur garena ekarri dute: nazio errealitate bat federalismo fiskal berezi batekin, errealitatean esku hartzeko benetako gaitasunarekin lagungarriago egiten gaituzten dimentsio,ezagutza eta hurbiltasunarekin. Europan aintzat hartzen eta aitortzen duten singulartasuna dugu, nortasun eta prestigio propioarekin.

Estrategia horretan sakontzeak, modernizatzeak, hobetzeak, euskal gizarteak  eskatzen dizkigun eta Europa eraikitzen laguntzen duten berrikuntza politikoa,lidergoa eta humanismoaren lurraldean mantenduko gaituzte. Elementu horiek izan ziren "Sortzaileen" arrakastaren oinarria eta horiek behar ditu, inoiz baino gehiago, Europa deritzogun proiektuak.

 

PARTEKATU