Hauteskunde kanpaina bati buruzko hauteskunde kanpaina bat bizitzen ari gara.
Zazpi hilabete daramatzagu kanpainan. Egoismo eta egozentrismo gehiegi ikusi dugu bazterretan.
Horregatik, inora ez garamatzan kanpaina mota horretatik ihes egin eta benetan garrantzitsuak diren gauzei buruz hitz egin nahi dizuet gaurkoan. Gure herriaren etorkizuna lantzeko garrantzitsuak diren gaien inguruan jardun nahi dut. Argi dago Euzko Alderdi Jeltzalea dela Madrilen Euskadiren eta Arabaren interesak defendatzen dituen ahots bakarra.
Gu geurera. Gure helburua Madrilera euskal agenda eramatea da. Arabarren interesak defendatzea. Gure ingurumena zaintzen dutenen interesak. Gure lurretan ekoizten diren produktuetatik bizi direnenak. Beren produktuekin elikatzen gaituztenen interesak. Azken finean, zuen interesak. Zuen eguneroko lanarekin Araba eraikitzen duzue. Euskal agendaren elementu garrantzitsu bat zarete. Geureari eusten diozue.
Orografiaren, klimaren, kokapen geografikoaren, ezagutzaren eta, batez ere nekazarien profesionaltasunaren ondorioz, Araba da Euskadin nekazaritzari lotuen dagoen herrialdea. Baina, azken hamarkadetan lehen sektoreak atzerakada garrantzitsua izan du Araban. Industriak eta zerbitzuek, aldiz, gora egin dute eta nekazal jardueraren beherakadak hainbat ondorio izan ditu: Landa eremuak husten joan dira eta lurralde desoreka eragin du.
Hori zuzentzeko sustapen politika egokiak jarri behar dira abian, bai Europan bai hemen, besteak beste: gazteak erakartzeko, sektorea eraginkorragoa izateko, gure produktuen kalitatea nabarmentzeko, gastronomia eta enoturismoa sustatzeko.
Nekazaritzarekin eta abeltzaintzarekin zerikusia duten europar politikak berrikusten ari dira eta euskal erakundeek eta Eusko Alderdi Jeltzaleak berrikuspen horretan parte hartu nahi dute. Euskal nekazal agenda Europarekin zuzenean negoziatu nahi dugu, Madrildik pasatu gabe.
EAJrentzat nekazal sektorea estrategikoa da. Ezinbesteko sektorea da euskal gizartearen garapen jasangarria eta armoniatsua eraikitzeko.
Hori dela eta, nekazal politikak herritarrengandik gertuen dauden erakundeen esku egon behar dira. Gobernu zentralistak tartean sartzea kaltegarria da. Lege dekretuak eta gehiengo absolutuak erabiltzen dituzten gure autogobernua murrizteko. Zentralismo horrek Euskadiren eskumenekoak diren politika publiko gehienei eragiten diete.
Arabako Errioxan gaude. Nekazaritzarekin eta ardogintzarekin lotura zuzena duen eskualdean. Hamahiru mila mahasti hektarea.Rioja Jatorrizko deituraren %20 da, zati garrantzitsu eta ezinbestekoa.
Horregatik, Arabako Errioxako ardogileek Jatorrizko deiturari egiten dioten ekarpena aldarrikatu nahi dut berezko ondare moduan. Era berean, kudeaketa propio bat egin behar dela aldarrikatzen dut. Arabako Errioxak mahastizaintzari eta ardogintzari dagokionez, erreferente izaten jarraitu behar du. Eta, hori guztia, Rioja Jatorrizko Deituraren eredu desberdin batean egin daiteke. Lankidetzan oinarrituta posible da beste kudeaketa bat egitea, errealitate desberdinak kontuan hartuta, batez ere Arabako Errioxa.
BI NEURRI proposatzen ditugu egungo kudeaketa eredua aldatzeko:
LEHENENGOA. Gaur egun Ministerioaren esku dagoen Jatorrizko Deituraren eskumen administratiboa autonomia erkidegoen esku uztea.
BIGARRENA. Sektorearekin kudeaketa eredu propio bat lantzea. Eskumena duten erakundeekin elkarlanean, eta babes komun bat mantenduta, Arabako Errioxa jatorrizko deitura propioa sortzea, Europan gertatzen den bezala.
Horretarako Ardoari buruzko egungo legea aldatu beharko da munduan arrakasta duten ereduetara egokitzeko. Berezitasunak sustatu eta azpimarratu behar dira. Egungo eredu sozial eta ekonomikoa hobetu behar da sektorearen bizi-kalitatea eta etorkizuna garatzeko. Hauek dira gure helburuak. Madrilen talde indartsua lortu eta gure herriari gure onena eman nahi diogu. Arabaren eta Arabako Errioxaren alde lan egin, ekonomia-garapena sustatu nahi dugu.
EAJk diferentzia markatu eta geureari eutsi nahi dio. Horregatik:
- Euskadi eta Arabaren aldeko botoa eskatzen dugu.
- Gure interesak defendatuko dituen alderdi bakarrarentzako botoa.
- Politika egiteko beste modu baten aldeko botoa.
- Euskal agendaren aldeko botoa.
Lehenik Euskadi!
Lehenik Araba!
Lehenik Arabako Errioxa!
Eutsi geureari!