Etorkizuna idaztea bezain inportantea delako joandako garaien irakurketa sakon eta kritikoa egitea, ezinbestekoa da emakumeen iragana —gizartearen erdiarena, hain zuzen ere— hausnarketara eramatea. Horretan, gizarte patriarkalek, erlijioek, botere politikoek zein hainbat gezur kulturalek inposatutako estereotipoez gain, emakumeok aurkako asko gainditu behar izan ditugu , batez ere aldekoak argira emateko eta zientzia, pentsamolde edo politikan distiratsu agerrarazteko.
Pitagorasek bere printzipioetan zera zioen: badago printzipio on bat zeinek ordena, argia eta gizona sortu zituen; eta printzipio oker bat, kaosaren, iluntasunaren eta emakumearen sortzailea. Teano, haren emazte eta hiru seme-alaben ama, alargundu bezain pronto, atzerriratu egin zuten eta emakumeak, beste gauza askoren artean, planeten mugimendua eta gure eguzki-sistema deskubritu zituen. Jakinduriaren iluntasunean argia egin zuen emakumeak, kaosa ordena bilakatu zuenak, nabarmen utzi zituen jakintsuaren printzipioak. Jakintsua bizi balitz, segurutik aurkikuntzak beste abizen batez ezagutuko genituzkeen, zeren esandakoak esanda ere, munduak Pitagoras goraipatzen jarraitzen du Teanori ez ikusiarena egiten dion bitartean.
Joan den igandean, martxoaren 8an, beste urteetan bezala 1910ean ezarritako emakumearen egunean, emakumearen rolaren inguruko zenbait aldarrikapen entzun eta ikusi genituen. Asko izan dira historian zehar Teanoren antzean aintzindari izandako emakumeak, asko eta asko bizitzaren arlo ezberdinetan protagonista eta eredu. Halere, gaur egunean munduan 870 milioi pertsona analfabetoak dira eta hirutik bi emakumeak. Gaur boterea dagoen tokian emakumeak topatzea batere erraza ez denean, eta emakumea izatea oinarrizko desabantailatik abiatzea denean, indarrean dago emakumeen etengabeko eskubideen aldarrikapena, jabekuntza eta herritar bezala dagokion tokia hartu eta exigitzearena. Eta tokiak benetako iraunkortasuna izan dezan, ezinbestekoa da politikan parte hartzea eta parte izatea, zeren politikak gizarte ezberdinen islada izateaz gain, gizarte ereduetako giltza eta atea ere bada.
Emakumeak politikan izan duen parte hartzea zaharra da, Egiptoko Hipatiarengandik, Olympe Gougesarengainano, Christine de Pisanengandik Indira Gandhirengainano, emakume politikariak izan dira, baina beti eskas. XX. eta XXI. mendeetan, gizarteak arlo ezberdin askotan nabarmen aurrera egin badu ere, ez da horrela gertatu emakumeek politikan lortutako eremuei dagokienez. Herrialdeek garapen ezberdinak izan dituzte, eta gezurra dirudien arren, ez da garatuenetan emakumearen parte hartzea zabalago eta finkatuagoa dagoena. Oso larria da egiaztatzea parte hartze horrek ez duela zer ikusirik aberastasun edo txirotasunekin, Ipar edo Hegoarekin, unibertsitate edo eskolatxo kopuruekin; esate baterako, munduko Nazio aberatsenetan, AEB, Japonia edo Frantzia kasu, emakumearen parlamentuetako ordezkaritza ez da % 10 edo 12 baino altuagoa; Afrikako herrialde batzuetan, aldiz, % 25-27ra hel daiteke. Mundu osoan zehar, 11 parlamentu baino ez dira %33ko parte hartzea dutenak, haien artean Suedia, Danimarka, Finlandia edo... Mozanbike. Eta kolore politikoak, zerikusirik ote? Ematen du zenbat eta aurrerakoiagoa izan aukera, emakumeek errazago izan beharko luketela, baina errealitateak ezetz esaten digu, eta adibidetzat Greziako gobernu apurtzailea. Eta hemen ere, betiko zein alderdi berriek gizonen aurpegia daukate. Eta gizon aurpegia izatea ez da lagungarri berdintasunaren bidea ibiltzeko. Gizonaren aurpegia izate temati horrek ez digu bermatzen zuzenago izan behar duen gizartea. Emakumearen aurpegiak behar ditugu, propio ikusi behar dira buruzagitzan. Beraz, badugu lana, geuri baitagokigu aurrera egitea, tokietan jartzea, jabekuntzaren alde borrokatzea eta gizonei amorerik ez ematea. Simone de Beauvoirrek esaten zuen bezala, emakumearen arazoa beti izan da gizonen arazo bat.