Ematen du inoiz ez duela elurrik bota! Hau elurtea! Dana zuri-zuri dago! Zuria, hori da nabarmentzen dena, baina elurra ez da zuria, hodeiak eta hartz zuriak zuriak ez diren bezala, zuria, efektu optiko baten ondoria baino ez da. Dakiguna da, koloreen unibertsoa , zuriarengandik hasita, historialari, psikologo, azti eta antropologoek aztertutako gaia izan dela, betidanik. Berbaz hasteko eta ez bukatzeko modukoa . Irudiaren garai honetan, kolorearen erabilera zabala da, seinalek emateko edo gure emozioengan eragin ditzakeen tresna bezala; eta eragingarriak direla oharturik, zorrotz dira aukeratuak hamaika emozio zein sentsazio sortze aldera; lasaitasuna, poza, haserrea, betetasuna, itxaropena, gaitzezpena…., edozer adierazteko duen balioari neurria hartzen zaio, zein gizarte edo zein hizkuntzari eragin diezaiokeen kontuan harturik; Mixel Ducauk abesten duen bezala : kolore, kolore eta gustu guztiak, denontzat, denontzat ez dira berdinak.
Baina berdinak ez izate hori, argia da; esate baterako inuit hizkuntzaren herrian, elurren erreinuetan, hogei baino gehiago dira zuri kolorea adierazteko berbak, kromatikoki arituz. Bestalde, badaude herriak non berdea eta urdina ezberdintzen ez diren edo laranja eta horia perzepzio bakarrean nahasten direla. Gure hizkuntzak ere, nahiz eta kromatikoki oso aberatsa ez izan, badu berezitasunik. Guretzat, normatik kanpo, oinarrizko koloreak; gorria, beltza eta zuria dira ; pasio, iluntasuna eta garbitasuna, edo hurbilagotik begiratuz, gureak diren ardoak edo indaba gozoak bezalakoak. Eta izen eta izanaren bitxitasuna? Guk kolorebako izotzari beltza esaten diogu, zuhaitz eta landarebako mendiari gorria eta faltsu edo gezurtia denari, zuria. Eta sentsazioak? Euskadiko udegoienak zoragarrizko hori gorriz jantzita izaten dugun arren, ez dugu plastika hori naturatik kanpo atsegin, guk nahiago dugu Benitoren zuriz jantzitako Bizkaia, buruan orlegi ta bihotzean sua duena, koloreak eta sentitzen duguna, ikustean sortzen dizkigutenak duten esanahaiatik haratago doazelako. Horregatik hemen, garrantzi handia ematen diogu kolore eta zeinu bakoitzari, barneratu egiten ditugu, sentitu; eta nahiz eta berriak agertu, ezagutu eta bereizi, eta nahiz eta betikoak batzuetan eraldatu, koloreztatu edo kolorea kendu, badakigu batzuk eta besteen artean ezberdintzen, zeintzuk gure, etxeko sentitzen ditugun eta zeintzuk mundo edo estatu globalekoak eta errespetu osoz, uste dut haizeak jotzean hobe dela gurean biltzea, mirarizko zurrunbilo barrietan , erori barik.
Eta sentsazio paletatik, sutsu agertu zaigu berritzaile omen den morea edo ubel kolorea; guk hautemandakotik urrun. Guretzat morea, zuriaren gainetik jakina, ondo kokatutako kolorea dugu, borobil, aldarrikatzailea, aspaldi barneratutakoa. Zurikeriaren gainetiko emakumeen beldurrari aurre egitekoa, emakumeen jabekuntzaren alde ohiukatzekoa, emakumeen kontrako indarkeriari kitto! Puntu! Bukatu da! esatekoa. Moreak, diote adituek, sendimendu bikoitza adierazten du, poterea eta indarkeria, irrika, egia eta zigorra. Gehingoek diote emakumeon koloretzat aukeratzea, 1908an Cotton New Yorken ohial moreak egiten zebiltzela euren eskubideak defendatzearren erreta erail zituzten 129 emakume langileen oroimenez sortu zela. Halere, eta arrazoiak arrazoi, gurean moreak eta emakumeak batera doaz geure irudikarioan. Eta haize barriekin datozkigunen morearen aukera? Feminismoa edo emakumearen jabekuntzaz loturarik ote? Ezetzean nago. Koloreen psikologia , Goethe eta Kandinskytik hasita, maisu handiek zein intelektualek ikertutako gaia izanik, errazago pentsatzea adimenarekin lan egiten dutenek, intelektual berritzaileak, moreari emandako balio tranformagarriaz fidatu omen direla. Baina jakinduriaren paradisoan, ubelarekin kontuz ibiltzeko esaten dutenak ere badaude; erakargarria omen da, baina erakarpen horrek joerari jarraitu eta fantasia mundu batean erortzeko arrisku handia du. Ah! eta erabat estrabagantea, zeren morea den edozer, berez beste kolore batekoa dena ere badelako. Zaharrak berri, bada.