Sabino Arana Goiri duela 150 urte jaio zen, gaur ezagutzen dugun Bilbo hiria existitzen ez zen garaian. Euskal gizartean krisia orokortu zen denboran jaio zen. Gainbehera garaiak ziren haiek, aldaketa sozial eta politiko sakonak eman ziren denborak. Euskal herrialdeetan mendeetan garatu zen bizikidetza instituzional eta politikoa indargabetuta geratu zen bi guda ankerren ondorioz. Batasun konstituzional berria inposatu zen orduan, bere azken koloniak galtzen ari zen espainiar monarkiaren agindupean. Ideiak globalizatu ziren: zentralismoa, liberalismoa... eta ekonomian ere bai. Iraultza industrialak berarekin ekarri zuen kapitalismo basatia, eta aginte taldeek ‘kapitala metatzen’ zuten herri honetan aurkitu zituzten baliabide naturalak ustiatuz eta bertako herritarrak eta kanpotik etorri ziren langileak esplotatuz.
Sabino Arana krisi sakon haren erdian agertu zen. Bere pentsamoldea pizgarri ahaltsua izan zen eta bere deiadarrak desagertzeko zorian zegoen kontzientzia iratzartzea lortu zuen. Euskararentzat izan zen haren lehen aldaba-hotsa, euskal herriaren nortasun ezaugarririk behinenaren alde eman zuena. Berak ere galdua zuen hizkuntza. Baina, ekinaren ekinaz, bere inguru hurbilean berreskuratzeaz gain, bultzada handia eman zion gramatikan, ortografian eta etimologia arloan. Esparru publikora eramatea lortu zuen, hizkuntza babestuta zegoen nekazal esparrutik atera eta hirira eraman zuen. Garai hartako pentsalari eta intelektualak ere mugiarazi zituen, beren azterlanak euskal hizkuntzaren inguruan egin zitzaten.
Eta hizkuntzarenarena eman ondoren, kolektibitate bat –Euskaldunen Herria– identifikatzeko ezaugarria hartu zuen, eta hiritargoa Herri izateko borondatearekin lotu zuen. Herriak naziotzat aitortu zuen bere burua. Subjektu politiko hark, autogobernu mendeak partekatu zituen bere antolaketan eta foruetan oinarritutako erakundeetan, baina bere errealitatea ez zuen ordura arte ‘osotasun’ batean ulertu. Sabinok XIX. mende amaierako korronte erromantikoekin konektatu, eta bere inguruan aplikatu zuen garai hartan Europan eraikitzen ari ziren nazionalitate haien printzipioa.
Halaxe sortu zen Euskadi egitasmo politiko gisa, eta halaxe sortu zen orduko goibururik esanguratsuena: “Euskadi euskotarren aberria da”. Berritzailea, apurtzailea, demokrata, pragmatikoa izanik, Sabino Aranak bere ideala garatu zuen bere kausarako kontzientziak irabazteko helburuarekin. Sinbolo batzuk eman zizkion: bandera bat –Ikurrina– eta himnoa –Eusko Abendaren Ereserkia–. Eta, azkenean, indar guztiak metatu zituen bere helburu guztiak lortzeko tresna sortzeko: Euzko Alderdi Jeltzalea.
150 urte igaro dira Sabinok Albiako etxean lehen argia ikusi zuenetik. Munduak mila bira eman ditu harrezkero. Euskadik, Sabinok izendatu zuen herriak, bera bizi izan zen garaian ia pentsaezina zen modernotasun, gizarte kohesio eta garapena gozatzen du gaur egun. Euskara, atzeraldi egoeran zegoen hizkuntza hura, bere normalizaziorako bidean dago gaur egun. Nazio kontzientzia euskal herritarren gehienen baitan zabaldu da, eta zazpi euskal herrietatik hiruk, Euskal Autonomi Erkidegoa osatzen dutenek, aurrera egiten dute orain autogobernuan, lehendakari jeltzalea buru den erakundeekin eta berak diseinatu zuen banderaren babespean.
Sabino Aranak gogora ekarri zituen planteamendu politiko haietako asko garatzen hasi dira berak sortu zuen tresnaren bidez –Euzko Alderdi Jeltzalea–. Sabinoren ideien jarraitzaileek beren onena eman dute euskal aberriaren alde eta Herri honen askatasuna lortzeko helburu irmoarekin.
Sabino Aranaren aktibismoak kontzientziak iratzartzea bilatzen zuen, atxikimenduak lortzea. Jazarria, isildua, zigortua izan zen arren, Aranak ez zuen inoiz mendekua bilatu. Ez zuen bortxakeriarik erabili. Guztiz alderantziz, hitzarekin erantzun zion bidegabekeriari, demokraziarekin. Bere jarraitzaile sutsuenek berdintsu egin zuten: José Antonio Agirrre, Lizardi, Lauaxeta, Landaburu, Ajuriagerra, Uzturre, Elbira Zipitria edo Koldo Mitxelena. Aurrerakoiak eta europazaleak ziren eta humanismoan oinarri, demokraziaren aldeko borroka egin zuten 1936ko altxamenduarren kontra, frankisten diktaduraren kontra, II. Mundu Gerran Hitler eta nazien kontra, Europar Batasuna eraikitzen lagunduz eta Europako hizkuntzarik zaharrena desagertzea saihestuz.
Gaur harro gaude Sabino Aranaz eta, Euskadi aberria eraikitzeko ekinean, berak hasitako bideari jarraipena eman ziotenen ibilbideaz. Euzkadi Buru Batzar honek, Sabino Aranak orain 120 urte sortu zuen erakundearen oinordekoa den aldetik, gaur aldarrikatu nahi du euskal aberri askea eraikitzeko duen konpromisoa. Bere sorreratik duen konpromiso bera.
Gaur egun ere, gizartearen eraldaketa sakona bizi dugu. Globalizazioa, milaka familien ongizatea zamatu duen krisi ekonomikoa, Estatu kontzeptuaren krisia, jarduera publikoaren zati baten izen ona galtzea –hainbat jarrera lotsagarrien eraginez–, Herri hau odolostu eta Euskadiren izena hamarkada luzeetan zikindu duen bortxakeria bidegabea gainditzeko beharra… Horiek dira euskal gizartea, subjektu politiko den aldetik, etorkizunera begira gainditu nahiko lituzkeen erronkak.
Aberri askea nahi dugu, bai, baina emakume eta gizon askeek osatua. Hiritargoari bizitza kalitatea emango diona, aberri hau guretzat eta gure ondoren etorriko direnentzat etxe erosoa izan dadin, etorkizun itxaropentsua eskain dezan Euskadin bizi garen guztiontzat, sorterriagatik, erlijioagatik edo baldintza politiko edo sozialengatik ezberdintasunik egin gabe. Aurrerapena, lana, justizia soziala eta babes publikoa behar duten guztientzat, horiek dira Alderdi honek dituen lehen helburuak, guztien gainetik lehenetsiko dituenak. Pertsonarik gabe ez dago ez aberririk ezta herririk, eta haien ongizatea da eta izango da EAJ-PNVren lehen helburu eta ataza.
Bizikidetzarik gabeko nazioa porrot egiten duen esperimentua da. Hortaz, gure gizartea hamarkadatan zatikatu duen bortxakeriaren orrialde iluna itxi behar dugu. Diktadura sufritu dugu, errepresioa, giza eskubideak urratu dituen terrorismoaren tirania. Eta orain, Euskadik bere historiaren liburua bakearen orrialdetik zabaldu nahi du, bizikidetza eta askatasunaren orrialdea; historiak bi mende luzetan ukatu dizkion eta Sabino Aranaren deiak aldarrikatu zituen bakea, bizikidetza eta askatasuna. Albait arinen ekin behar diogu orain arte bizi izan dugun gatazkaren ondorioak gainditzeari – erakunde armatuaren desmilitarizazioa, egin den min bidegabea aitortzea, presoen –birgizarteratzea eta ETAren amaiera egiaztagarria– hori guztia egindakoan, euskal herritarren arteko nazio itun berria egiteari ekin diezaiogun, eta gure estatus politikoan eta gure Herriaren jatorrizko subiranotasuna berreskuratzeko ahaleginean behin betiko jauzia eman dezagun.
Akordio horren oinarrian egongo dira, ezinbestean, Euskadi subjektu politikotzat aitortzea, Europar Batasunaren barruan harreman juridiko-instituzionalen marko berria zehaztea eta hiritargoari bere etorkizuna askatasunez aukeratzeko duen eskubidea aitortzea.
Orain arte, gure historia osoan egin izan dugun era berean, gure ekimen instituzionala uztartuko dugu demokraziarekin eta herriaren borondateari zor zaion errespetuarekin. Lasterbiderik hartu gabe eta oinak lur gainean tinko. Euskal gizartea nahi dugu bidelagun. Sabinoren goiburua errealitate egitera eramango gaituen bidea egin dezagun, mende batean bihotzak goratzea eta kontzientziak astintzea lortu duen esaldi sinple eta boteretsua goiburu: Euskadi euskotarren aberria da.