Gogortsu hasi zaigu urtea. Magoek oraingoan ez digute opari atseginik bota, ezta azukre zaporeko ikatzik ere ez; oraingoan, odola, negarra , ikara eta beste behin ere, terrorea jarri dizkigute zapata disdiratsuetan. Askatasunaren aurka, beldurra barreiatzeko ez dakit zein jaingoikoaren izenean burututako ekintza koldar batek, berunak grafitoari erasotuz , gizakien arteko elkartasun eta anaitasunak arriskuan jarri ditu, arrazonamendu gabeko sinismenek arrazoizko sinismenak nahastuz. Halere, kontatzeko eskubidea aldarrikatu behar dugu, isilarazi nahi dutenen kontra borrokatu behar dugu, meatxatzailei, gureak zein gure kontrakoak izan, beldurrari bezala, aurre egin behar diegu; zeren hitz egiteko eskubide barik, entzunda izateko gaitasuna barik, oso zaila baita beste eskubide guztiak defendatzea. Gure Herriak badaki hori, hemen ere kontatzeaileak isilarazi dituzte, batzuek eta besteek, balaz edo estatuko potereak erabiliz, kazetariak erailez edo komunikabideak itxiz, eta lepotik ordaindu behar izan dugu. Zauri asko zabaldu zaizkigu eta denbora behar izango dugu osatuko badira.
Egunokaz, Parisen gertatutakoaren ondotik, ezagunak egiten zaizkigun hausnarketak hedatu dira; Zergatik iraindu edo izeka egin batzuek“sakratua” edo itsu-itsuan egia santutzat duten ezeri? Ez litzateke zentzudunagoa ez probokatzea? Eta haserretuko balira? Blogari bati irakurri diodan bezala, neu ere, jokaera hori tratu txarrak ematen dituen senarra batekin bizitzea legez dela ustekoa naiz; hau da, pentsatzea senarra berez ona dela, baina probokatuz gero…. Hau da, sinistea errua ez dela bortitzarena biktimarena baizik, edo ondo portatuz gero ez dela ezer pasatuko. Eskarmentuak, aldiz, lehenago edo geroago, kolpeatzaileak kolpeatu egiten duela erakusten digu; horregatik, gogor salatu behar dugu gertatutakoa , eta kultura, sinismen, nazionalitatea zein pentsamendu politiko ezberdin guztien gainetik, bortzakeriak ez dauka justifikaziorik, are gutxiago gizakiaren bizitza eta persona eta Herrien arteko elkarbizitzari eraso egiten badio.
Asteazkenetik hona, gure gizarte aurreratuak oinazituta daude. Baina asteazken madirakatu honen aurretik eta 11S eta 11M madarikatuez gain, mila izan dira hildakoak, bortxatu eta bahituak, mila menderatuak, mila aurrean erabiliak…. Mila guztiak, hurrunekoak baina; ozeanoak tartekoak, kolore ezberdinetakoak, txirotasun eta miseria gorrian bizi direnak, gure zibilizaziotik eta eguneko bizimodutik aparte daudenak, Magoei zapatak ipintzen ez dizkietenak eta jakina, lausoturik heltzen zaizkugunak. Asteazkena eta gero, larunbat eta igandean, lehenengo munduko ohiartzunen artean, dozenaka persona erail dituzte Ugandan; hamar urteko hiru neskatotxo izan dira Jaungoiko bortitzaren tresna mendekatzaileak, eta hildakoak fede bereko errugabeko arimak. Berrrietan aldiz, nabarmen gutxi. Batzuetan, giza eskubideak letra larriz idazteko, alfabetoak latinoa behar duela izan iruditzen zait.
Behin, Franzizko Aita Sainduari agnostiko batek zera galdetu zion: Jaingoikoarengan sinisten ez duenak, zeri erreparatu behar dio? Bada, esan zuen Franzizkok, horrek bere kontzientziari egin behar dio jaramon, kontzientziari entzun eta men egin, ona edo txarra dena hauteman eta erabaki; eta erabaki horretan egongo da ekintzaren ontasuna edo gaiztakeria. Halandaze, fededunak Jaungoikoaren esku eta fedegabeak kontzientziaren esku; eta ez Jaungoiko ezta kontzientziarik ez dutenak? Basakeriaren esku, segurutik. Agur t´erdi bada Charlie Hebdo eta antzekoei, basakeriaren kontra ez dagoelako hoberik umorearen bitarteko adimenaren arrazoia baino; haserretzen zaituenak, menderatzen zaitu, zioen Budak.