Egunon guztioi. Eskerrik asko, Manu. Eskerrik asko Izaskun eta Izaskun.
Eskerrik asko Nafarroako hainbat lagunei, baina baita Bizkaitik,Gipuzkoatik, Arabatik etorri eta Iruñara hurbildu zareten guztioi, EAJ-PNVk maiatzaren 25eko Europar Legebiltzarrera eramango duen hautagaitza aurkezteko egin dugun ekitaldi honetan izateko.
Dakizuenez,hauteskunde hauetan CiU, Coalición Canaria eta Compromiso por Galicia alderdiekin batera osatu dugun koalizioan joango gara.
Aliantza honetan, gure eurodiputatu eta zerrendaburu Izaskun Bilbao bigarren tokian joango da.
Eta, posizio honetatik, Izaskunek, azken bost urteetan bere lanarekin, bere ahalegin eta ekimen etengabearekin irabazi duen zerbait lortzeko borrokatuko da, berraukeratua izatea.
Izaskun Bilbao bizkaitarra da, bai, baina, gauza guztien gainetik da euskal emakumea.
Eta euskal emakumea den neurrian, oso gaitasun handia du, emakume sendo eta nekaezina benetan.
Eta , goitik beherako euskal emakumea denez, bost urteotan ere izan da Nafarroako, nafartarren eurodiputatua.
legegintzaldi honetan, Itsasaldeko Nafarroa Hondarribiatik harago joan da, Bermeoraino iritsi da.
Izaskun Bilbaok hainbatetan defendatu izan ditu Nafarroaren interesak,
nafar erakundeek hain baztertuta eta zaindu gabe bertan behera utzi dituzten kontuak.
Hurrengo bost urteotan ere berdin jarraituko du, hori delako bere konpromisoa, horretan jarri baitu berak bere uste osoa, bere ahalegin osoa;
eta ,Nafarroaren defentsa ere euskal nazioaz duen kontzeptuan sartzen delako.
Izaskun bizkaitarrak, Izaskun nafarraren babes eta laguntasuna jasoko du,
Izaskun Goñi, ¿iruñarra? Bigarren tokian joango da EAJ-PNVren europar zerrendan. Izaskun Goñik gorpuzten du Euzko Alderdi Jeltzaleak Nafarroari dion begirunea, nafarroarekiko duen sentsibilitate eta ardura. Eskerrik asko, Izaskun! Eskerrik asko, Izaskun!
Orain tokatuko litzaidake kanpaina honetarako aukeratu dugun goiburuaz hitz egitea,
baina, zuen baimenarekin, gai hori aurrerago aztertuko dut eta azken puntutik hasiko naiz,
hasieran jarriko dut, ekitaldi honetako mezu nagusia kazetariek bilatzen dutena .Lokalizatzen dutenean, paperean bolígrafo gorriz marratzen dute eta grabagailuan botoi gorriari ematen diote.
Gauza bat eskatuko dizuet. Zuei guztioi, baina bereziki nafarrei .
gauza bat argi eta garbi izatea eskatuko dizuet .
Ez da egia Euzko Alderdi Jeltzaleak Nafarroaren etorkizuna Sabin Etxean erabakitzerik nahi duenik. Gezur borobila da .
EAJk ez du sekula bilatu Nafarroako jendartea Bilbotik, Gasteizetik edo Donostiatik baldintzatzea. Inoiz ere ez .
EAJk nahi du Nafarren etorkizuna, nafarrek erabakitzea, nafarrek eta ez beste inork;
oraingo nafar erakundeetatik edo Europa aldakor honen barruan sor daitezkeen erakunde berrietatik.
Baina, gauza bat izan behar dugu argi: nafarrok gauza bat ulertu behar duzue:
Nafarroaren etorkizuna, Nafarroatik kanpo ari dira orain erabakitzen.
Ez da Nafarroako Parlamentuan erabakitzen; eta, begira orain Nafarroa zein egoeratan dagoen;
Europar Parlamentuan ere ez da erabakitzen. Han ere, EAJ da nafarroako interesak benetan defendatzen dituen bakarra.
Baina, UPNren egoitzan ere ez da erabakitzen, Vianako Printzea Plazan,
are gutxiago PSNren egoitzan. Ez.
Nafar gizon emakumeen oraina eta geroa Génova eta Ferrazen ari dira orain erabakitzen.
Eta, hori ezin da horrela izan. Horrela daude gauzak Nafarroan. Eta, horrela dago jendea gaur Nafarroan. Pozik ote dago?
Horrela dago Nafarroaren irudia, lurzorutik botata.
Espainia markaren mailan dago............edo okerrago .
Eta horrek, mina ematen digu, min handia.
EAJ-PNV alderdi honek, Iruñean, Bilbon, Donostian eta Gasteizen,
uste osoa du bere etorkizuna erabakitzeko aukera izango duen Nafarroan. Euskadik bere etorkizuna erabaki behar eta ahal duela sinesten duen modu berean.
Era berean uste dugu Europa dela herri eta nazio guztiak hartzen dituen etxea,
eta etxe horren barruan gure txoko propioa izan behar dugula, gure gela propioa, alokairuan bizi gabe, eta gelako dekoraziorik txikiena ere aldatzen uzten ez digun jabearen mende egon behar gabe.
Askatasunen esparru den Europan sinesten dugu,
bertan bizi diren nazioen beharrizan eta aldarriekiko errespetua zaintzen duena.
Horregatik, gaur eta hemen, Iruñeako Baluarte honetan, Espainiari eta espainiarrei eskatu nahi diet:
Nik nafar jendartearen borondateari diodan begirune bera, haiek ere , Espainiak eta espainiarrek begirune hori izan diezaiotela euskal herri osoaren borondateari,
eta errespetu hori berori izan diezaiotela guk Europaren inguruan dugun planteamenduari,
Espainiar eta Frantziar estatuen arteko egituraketarekiko dugun arazorako konponbidea den neurrian.
‘Euskadi Gehiago, Europa Berrian’. Horixe da kanpainarako hartu dugun goiburua.
Zer esan nahi duen? Nik uste dut mezu argia dela, gardena eta borobila. Eta, oso zuzena.
Euskadik Espainian ukatzen zaion adierazpen esparrua Europan aldarrikatzen duen neurri berean;
oraingo Europak ere Euskadiri begiratu behar dio, gure ereduarik euskal ereduari .
Garapen gizatiarrean eta hazkunde jasangarrian oinarritzen den eredua
Gizalegezko ekonomian. Babes sozial eredugarrian .
Ekonomia produktiboaren aldeko apustua da, espekulazioa baztertzen duena.
Hori da arimarik gabeko merkatuak menderatuta daukan Europak gaur behar duena,
belaunaldietako lanez eraiki dugun Ongizate Estatua arriskutan jartzen duena.
Euskadi Gehiago, Europa Berrian esaten dugunean, pertsonetan pentsatuko duen Europa eskatzen dugu.
Eta Euskadi Gehiago esaten dugunean Euskadi eredua eskatzen dugu, gure inguruarekin alderatuta, bizitza eta lan kalitate hobea lortzea ekarri dituelako.
Gure ereduak ez du inolako zerikusirik ez Venezuelarekin, ez Kubarekin ezta Ipar Korearekin ere ,
eta, hori da EH Bilduk Europara eraman nahi duen eredua, baina mozorrotuta ,
eta ez dakit nik hori okerrena den, euskal eredu gisa eraman nahi dutelako . Horregatik esaten dugu :
Ez Troikarik, ezta Venezuelarik ere, ez pelotazorik ez komunarik, ezta broker edo antisistemarik ere . Euskadi eredua .
‘Euskadi eredua’ hori da Urkullu lehendakariak Bilboko Forumean egin zuena:
Europako jauntxoen aurrean jarri zen gustatzen ez zaiguna esateko
bankuak erreskatatzeko jarri zuten interes bera, pertsonak erreskatatzeko jar dezaten eskatzeko.
Horixe bai dela Euskadi eredua.
Lehendakariak hitz egiten zuen bitartean, beste batzuek Bilbo erdia apurtzen egon ziren.
Hori ez da Euskadi eredua; hori Karibeko eredua da, Bilduren eredua.
EAJren bokazio europazalea ez da atzo goizeko zerbait.
Ez da gaur, hemen, Iruñean bururatu zaigun zerbait, ez da Europar Hauteskundeak direlako sortu den zerbait.
Ez horixe. Alderdi hau gaurko Europar Batasuna sortzeko momentuan ere egon zen.
1933ko Aberri Eguneko goiburua izan zen ‘Euzkadi Europa’.
Duela 80 baino urte gehiago, Agirre Lehendakariak aldarrikatu egin zuen Euskadi Europako nazio bat zela.
Agirre egon zen 1948an La Haye hirian ospatu zen Konferentzian. Churchill, De Gasperi eta Schumann-ekin batera egon zen.
Gailur hartatik bi gomendio irten ziren:
Gizakiaren Eskubideen Gutuna eta Europar Batzarra sortzeko proposamena.
Duela 65 urte baino gehiago gertatu zen.
Orduan, Euskadik oraindik espero zuen Aliatuek, II. Mundu Gerra irabazi zutenek
euskal herritarren eskariei erantzutea.
Historia soberan ezaguna da: Amerikar Estatu Batuak eta Erresuma Batuak bizkarra eman zioten Eusko Jaurlaritzari,
eta Agirre Lehendakaria erbestean hil zen.
Aipuaren hasiera.
“Europak aurrera darrai, zailtasun handiekin
eta guk nahi baino urrats geldoagoz,
baina bere sorreran eta burutzapenetan atzera egin gabe.
Gu Agirre Lehendakariak utzi gintuenean geunden toki berean gaude,orain ere.
Baina bere esfortzu eta sakrifizioa ez dira antzuak izango
Eta hemen jarraitzen dugun gizonok,
Leizaola Lehendakariaren gidaritzapean,
Bere irakasbideekin jarraitzeko ohorea dugu,
gaur bizi diren momentuetara egokituak,
eta gure herriak bihar bizi beharko dituenak,
politika, edozein kasutan, egingarrien artea dela gogoratzen digun ikasbidea
etengabe gogoratuz.”
Aipuaren amaiera.
Aipu hau ez da nirea. Ez. Ni ez nintzen jaio nafar bikain eta bakan hark esaldi hau idatzi zuenean.
Nafar paregabea, EAJko nafarra eta goitik beherako europazalea. On Manuel Irujo.
Hain nafar eta europazalea, 1974ko urriaren 20an,
Asis hirian ( Italian) Europako Demokrata Kristauen Gazteriaren saria jaso zuela.
“Amico dell’Europa” domina eman zioten Europar Mugimenduaren Espainiar Batzorde federaleko presidente orde eta presidente gisa egin zuen lanagatik.
Europar Demokrazia Kristauaren sustatzaile gisa egin zuen lanagatik ere jaso zuen,
bere herri zapalduaren autonomiaren alde egin zuenagatik, frankismoari aurre egiteko adorea izan zuelako.
Euskal eta europar baloreen handitasuna ordezkatzeagatik. Gizakiaren eskubideak defendatzeagatik”.
Irujo izan zen, 1921 urtean
“Nafarroako Aurrezki Kutxa-Caja de Ahorros de Navarra- CAN” pentsatu,diseinatu eta egin zuena
hamarkadatan Nafarrek harro egoteko moduko zerbait izan zuten
gaur, errautsak baino ez dira geratzen.
Konbentzituta nago, Irujo zuekin oso harro egongo litzatekeela, oso harro EAJ bultzatzen eta aberasten jarraitzen duzuen nafar gizon eta emakumeekin.
Zalantzarik ez dut, Irujo jauna EAJrekin oso harro egongo litzatekeela gaur,
Nafarroaren eta nafarren aldeko apustua egiten jarraitzen duelako.
Irujo, harro egongo litzateke gaur Izaskun Bilbao eta Izaskun Goñirekin ,
euskal eta nafarren interesen defendatzaileak dira gaur,
berak amestu zuen Europa lortzeko bidean, euskal herriaren eta Nafarroaren interesen defendatzaile direlako.
Eskerrik asko!!!