Egun on danoi,
EBBko presidenteak esan bezala, atzo, Iñaki Azkunaren osasun egoerak bueltarik ez zuela jakin ondoren, EAJk bere barne tresneria martxan jarri zuen Bilboko Udalean Azkunaren ondorengoa izendatzeko.
Bizkai Buru Batzarra eta Bilboko Batzarren Artekoa bilduta, erabakia aho batekoa izan zen. Bilboko hurrengo alkatea Ibon Areso izango da, urte bete barru legegintzaldia agortu arte.
Uste dut bilbotar guztiok ezagutzen dugula Ibon Areso. Ezagun dugu hiribilduaren zerbitzura egin duen bidea, Bilboren alde egin duen lana, zerbitzu publikoa izateko duen bokazioa, bere jarrera bateratzaile eta bakegilea, akordioak lortzeko joera.
Ibon Areso ez da soilik Azkunaren "alter egoa" izan, aurreko alkateena ere izan da. Bera, Ibon jauna, aldi honetan guztian izan da Bilboko eraldaketaren hari eroalea. Bera izango da, beraz, Bilboko hurrengo alkatea. Proposamen hau Bizkai Buru Batzarrari adierazi baino lehen, Iñaki Azkunarekin gure proposamena aurkezteko aukera izan genuen. Eta,horrekin batera jakinarazi nahi dizuegu gure alkateak uzten duen tokia Eider Jauregi hartuko duela.
Era berean, jakin dezazuela Bilboko alkatetzarako EAJ aurkeztuko duen hautagaia aukeratzeko prozesua urriaren 7an hasiko dela, eta Gabonak baino lehen amaituko dela.
Iñaki Azkuna Bilboko alkate zelarik hil da, hor ikusten da noraino zen Alderdi gizona, alderdikidea, bere Alderdiarekin leiala, ordezkatzen zituen erakundeekin zintzoa. EAJrekiko gordetzen zuen leialtasun horrekin geratzen naiz, berarekin partekatzen genituen baloreen defentsarekin.
Baina baita, Bilboren alde eman zuenarekin, Euskadiren izena mundu zabalean eramateko modu ezin hobea. Iñaki Azkuna izan da gure enbaxadore bikaina. Ziur nago Bilboko gizon eta emakumeak eskertuta egongo direla, ideologia guztietatik harago, hiria eraldatzeko egin den lanetik harago, Bilbo eta bilbotarrak bere jardun politikoaren xede nagusi izan direlako.