Iñakiri buruzko lerro hauek idazteko heldu zaidan une honetan, orain aldira hurbiltzen zaizkit hogeita zazpi urte luzeetan oroimenean metatu ditudan irudi batzuk, gogorapenak eta hainbat bizipen zati. Hogeita zazpi urte, Iñaki, Alderdi barruko militantzian, gobernu lanetan eta, azken urte hauetan, EAJren burubikotasuna dugun honetan.
Iñaki gizon berezia izan da, bai jauna.
Berezia, zerbitzu publikoa ulertzeko izan duen moduan: bizitza osoa egon da jendearen zerbitzura, osagile gisa, beti osasun publikoan, eta politikari gisa ere, beti kargu instituzionaletan.
Berezia zen alderdikide izateko zuen modu hura, berezko izaera sendoarekin eta bere irizpide propioarekin;baina, aldi berean, erabat onartzen zuen bere betiko "umorearekin" Sabin Etxeko "aparachik" deitzen zuena.
Berezia beti euskotar sentitzeko eta euskotar agertzeko moduan: gutxik izan dute 68ko Paris erreboltari hartako "gauche divine" alditik zekarren ‘foulard’ hura Bilboko urdin koloreko txapelarekin uztartzeko modu eta jakinduria. Txapela bere tokian beti, Bilboko gizon dotoreen antzera. Munduko Alkaterik onenak euskotartasuna ulertzen zuen modu berezi hartan: besoak mundura zabalik, unibertsaltasunera begira, baina oinak euskal lur honetan ondo finkaturik. Abertzale atipikoa benetan, bera barik Euskadik patriota handia galdu du.
Berezia era guztietako pertsonekin erlazionatzeko zuen moduan:berdin zion atzerriko agintari gorenak baziren, musika edo historiari buruzko iruzkin jakintsuak egiten zizkien; edo La Casillako dantzaldietan zituen lagunak, zeinekin pasodoble batzuk dantzatzera animatzen zen; edo, munduaz eta zeruaz hitz egiteko bisitatu ohi zituen mojak; edo txikiteoan aurkitzen zuen edozein herritar bazen; denekin zuen konektatzeko modua, guztien mailara jartzen zekielako.
Berezia beti lan egiteko orduan: hiri kontzeptu berria pentsatzetik, burua gauza handitan murgiltzetik pasatzen baitzen hiribilduko auzoetatik errondak egitera, bere begiekin kaleak garbi zeuden eta zakarrontziak beren lekuan ote zeuden ikusteko. Gogoan dut orain, Eusko Jaurlaritzan Uraren Mahaiko presidente zelarik, lehorte ikaragarri hura sufritu genuenean. Orduan ere, etxera joan baino lehen, urtegitik igarotzen zen ur erretserbak nola zeuden ikusteko. Milimetroz milimetro aztertzen zituen.
Alkate izan dugun urte hauetan guztietan, hainbat eta hainbat izan dira Azkunak hauteskundeetan halako arrakasta lortzeko zuen sekretua zein izango ote zen galdetu dutenak. Berezko zuen sekretua, sekretu hori berezia izatea zelako. Gizaseme espeziala eta berezia,benetan; Durangon jaio beharrean, apurtxo bat ekialderago jaio izan bazen, Azkoitiako zalduntxoa izango zen; eta XX. mendean sortua izan beharrean XVI. mendean jaio izan bazen, Europako orduko hirietan zeuden tailerretan edo pizkundeko tertulietan aurkituko genukeen.
Iñaki, agur esateko ordua heldu zaigu. Seguruenik, frantsesez esatea nahiko zenuke, Sorbonako Unibertsitatean ikasi zenuen ‘au revoir’ esanez, edo Italiako ‘arrivederci’–rekin,agian, zure bihotzeko Verdiren abestiren baten doinuarekin. Baina ez, euskaraz esango dizut, Bilboko txokorik txikienetan, Arte Ederren Museoan, Abaoko operetan edo Begoñara edo Artxandara gure botxo honetako "mapamundia" ikustera joaten garen bakoitzean, zu gogoratzeko zerbait ikusiko dugulako, eta betiko gugan geratuko zarelako. Agur jauna, eta ez adiorik, Iñaki! ez adiorik, Alkate!
Andoni Ortuzar
EAJ-PNVren EBBko Presidentea