Gabon guztioi.
Urte berriaren atarian gaude: etxekoekin elkartu, doan urtea agurtu eta
berrirako asmo eta nahiak azaltzeko unea da.
Gaur Agirre lehendakariaren hitz bat ekarri nahi dut gogora: “itxaropena.” Berak
horrela zion: “sinismenak gogortuko dau itxaropena eta lagundu gure
eguneroko lana Aberriaren alde.” Eguberri eta urteberri egun hauek
itxaropenerako egunak izatea nahi dugu denok.
Gure lehentasuna izan da bermatzea Osasuna, Hezkuntza eta Gizarte
babeserako oinarrizko zerbitzuak. Erakunde guztiek arlo horiei eutsi diegu. Hau
da gure balioen isla, “pertsona helburu”. Hau da gure eguneroko lana
Aberriaren alde.
Urte zaila agurtzear gaude.
Pertsona eta famili askoren zailtasunak gertutik ezagutu. Ilun asko ikusi eta
elkartasun eskaera ugari jaso ditugu. Gure erronka izan da gizarte babeserako
euskal eredua bermatzea.
Enpresa eta familiek ahalegin handia egin behar izan dute. Egoerari eutsiz,
garai hobe baten itxaropenean.
Badakit egoera zaila bizi izan dugula, baina utzidazue esaten orain dela
urtebete baino hobeto gaudela. Elkarlanari esker izan da eta elkartasunari
esker oinarri sendoagoak dauzkagu aurrera egin ahal izateko.
Datorren urtean aukera berriak izango ditugu; baliatzen asmatu behar dugu.
Helburu honen atzetik asmo bat dago. Elkartzeko asmoa. Bidea elkarrekin egin
behar dugu. Elkarlana eta elkartasuna jorratzen jarraitu. Garai berri bat bizi
dugu eta adostasunera heltzea da asmatzeko gakoa.
Gure erronkek gure jarduera ardatzei erantzuten diete.
Aurrenekoa, ekonomia berpiztu eta enplegu aukera berriak sortu, gazteen
artean bereziki. Elkarrekin ari gara zeregin honetan, denon lehentasuna hau
delako: Hazkunde iraunkorra eta giza garapena.
Bakea eta Bizikidetza finkatu eta zabaldu behar ditugu. Aukera berria baliatu.
Gorrotoa atzean utzi, biktimen memoria aitortu; eskuzabaltasunez jokatu eta
bizikidetza hezur mamitu. Euskal gizartearen nahiak bidea markatu digu,
aurrera egin behar dugu. Bake eta Bizikidetza ametsa bete.
Adostasun politikoa ere landu behar dugu. Autogobernua sendotu. Hau da gure
tresnarik indartsuena ongizatea hobetzeko. Baita ere gure lekua irabazteko
Europan eta mundu zabalean.
Hazten jarraitzeko garaia da, gure errealitatea, nortasuna eta autogobernua
aldarrikatzeko garaia. Elkarrizketa zabaldu, negoziazioa ireki, adostasuna
landu, gizartearen iritzia jaso eta erabakiak errespetuz onartzea eskatzen dugu.
Aukera dugu gure Aberriari etorkizun politiko berri baten ateak irekitzeko.
Norabidea badugu elkarrekin aurrera egiteko.
Proiektu bat badugu, oinarri sendoak dituena. Sinistuta gaude. Ilusioa daukagu,
itxaropena ere bai. Konpromiso zehatz eta gardena dugu krisialditik ateratzeko,
pertsona eta bikaintasuna ardatz dituen Euskadi berria eraikitzeko.
Gure ardura erantzunak eskaintzea da. Enplegua sustatzeko, aukera berriak
sortzeko eta gizarte oreka bermatzeko. Badakigu denon artean Aberria aurrera
aterako dugula. Horixe da gidatzen gaituen espiritua, zuekin partekatu nahi
dudana.
Duela urte bete akordioak lortzea zen gure asmoa eta ahalegina. Gaizki
daudenei elkartasuna adierazi eta erakutsi. Zerbitzu publikoak ziurtatu.
Lehentasunak finkatu. Aurrerapen ekonomikoa eta enplegu aukera berriak
lagundu. Aurrera egin dugu. Laguntza eskertu nahi dut, akordioa eta
elkarlanaren bidez jarrai dezagun.
Euskadiren etorkizunak gizarte sendo eta kohesiodun bat eskatzen digu.
Lanerako kultura, espiritu kritikoa, konbikzio etikoak, aniztasunari errespetua.
Gure gizartearen balio sakonak dira. Hau da euskal gizartea. Etorkizuneko
erronkei irekita dagoena, lehiatzeko eguneratzen dakiena.
Pertsona guztiak beharrezkoak gara. Garena garenetik etorkizuneko Euskadi
berrira irekita gaude. Hoberena eman behar dugu nahi dugun Aberriaren alde.
Konpromisoak lagunduko digu zeregin honetan.
Gaurko egunez Bake eta Zorion nahiak partekatu nahi ditut mundu zabalean
bizi diren euskaldun guztiekin. Itxaropen garai berri bat bizi dugu.
Itxaropenez begiratu diezaiogun urte berriari.
Zorionak eta Urte berri on!