EAJ-PNV ESTATUKO OSASUN SISTEMAREN JASANGARRITASUNA BERMATZEKO ETA PRESTAZIOEN KALITATEA ETA SEGURTASUNA HOBETZEKO NEURRIAK BILTZEN DITUEN 16/2012 ERRET LEGE DEKRETUAREN AURREAN
ELD honek aurretik ematen zen egoeraren eraldaketa sakona suposatzen du, konplexutasun teknikoa suposatzen du, eta zail gertatuko da martxan jartzea, batez ere, horretarako ezarri diren epeetan.
Autonomi Erkidegoen eta Gobernu Zentralaren arteko gatazka iturri izango da, erreforma inolako adostasunik eta koordinaziorik gabe egin delako.
Ezartzen diren neurri gehienek oinarrizko adostasun sozialak apurtzen dituzte, gizarte mailan eta Estatu osoko osasun politikan.
Erreforma inolako adostasunik gabe egin da, CISNS erakundeko kideek ELD honetan bildutako alderdi guztiek ezagutu gabe. Erreforma dekretua baino, gehiago da murrizketa eta doikuntza dekretua, irizpide ideologikoetan oinarritua, eta osasuna berdintzeko nahiarekin.
Erreformak hustu egiten ditu Konstituzioan, Gernikako Autonomia Estatutuan, Kontzertu Ekonomikoan eta Euskadin Osasuna Arautzeko onartutako gainerako lege orokorretan aurreikusitako eskumen autonomikoak, autogobernu hori zaintzeko klausularik sartzen ez duelako,ez arreta emateko berme fondoan ezta farmaziako gastuak handitzen dituzten PFEZ tarte-uneetan ere.
Osasun unibertsala eta zerga bidez ordaindua izatetik igarotzen gara Segurantza Sozialera lotutako eredua izatera, hau da, atzera pausu handia ematen da egoera ahulenean dauden pertsonen oinarrizko eskubideak kaltetzen dituena: alargunak, kotizatu ez duten 26tik gorakoak, pentsiodunak, etorkinak,... Honek guztiak unibertsaltasun eta dohakotasun printzipioan eta zerbitzu publiko izatean oinarritzen den euskal osasun eredua desitxuratzen du.
Honek funtsean bilatzen duena da osasun arreta Euskadiko eskumen esparrutik ateratzea, eta Segurantza Sozialaren kudeaketa ekonomikoaren sisteman sartzea. Horrela eginik, Estatuak, Segurantza Sozialaren eskumenen irakurketa murriztailea eginez, eskumen horiek Osasun sistemara sartu nahi ditu arlo horretan ditugun eskumenak kenduz. Osasun sistemaren administratzaile izatera igarotzen gara.
Atzerritarren legea degradatzen da eta erroldatutako atzerritarrei ematen zaien babesa murrizten da; esan genezake errolda baino, egoitza fiskal edo legala exijitzen dela. Horrela, gizarte talde handi bat babesik gabe geratuko da. Neurri demagogikoa eta guztiz arbuiagarria moralaren eta etikaren ikuspuntutik . Gainera, halako egoerek egiazko arriskua eragingo dute osasun publikorako, eta larrialdi zerbitzuak kolapsatu egingo dira eta gure osasun profesionalak dilema etikoaren aurrean egongo dira. Ez dugu ahaztu behar honek guztiak gizarte kohesioari eta gizaki eskubideei egiten dien kaltea.
Prestazioen kartera berregituratzen da, oinarrizkoa denaren eta ez denaren arteko ezberdintasuna ezarrita; etorkizunera begira, hori izango omen da katalogotik prestazio berriak ateratzeko edo kopago berrietarako mekanismoa.
Farmaziako prestazioaren kopagoa modifikatzen da, pentsiodunen taldea sartuta, oraingo ekarpen portzentajeak modifikatuta eta ospitaletan anbulatorio- erregimenetan ematen diren botiken kopagoa sartuz . Alor honetan zazpi hiritar kategoria ezartzen dira.Beste alde batetik, kopago berriak aurreikusten dira produktu dietetikoetan, osasun garraio ez premiazkoan eta prestazio ortoprotesikoan, eta ez da argi geratzen prestazio bildumaren berrantolaketarekin batera, prestazio gehiago aldatuko ote diren ala ez. Kopago hau bidegabea da zergen ikuspuntutik, Gobernuak esandakoaren alderantzizkoa gertatzen baita; gehiago ez dute ordainduko gehien dutenek, baizik eta ahulenek, gaixoek eta bereziki gaixotasun kronikoak dituztenek.
ELD hau memoria ekonomikorik gabe tramitatu da . Ez dago arau horiek uztez eragingo dituen onura ekonomikoak egiaztatzeko oinarri ezagun eta errealik.
Aurreikuspenen arabera EAEn arauan biltzen diren neurri hauek, hasierako eragin ekonomikoa izango dute, arauaren garapen osoaren kontura suposatuko baitute 53,5 milioi euroko kopurua. Alor honetan ezin da baztertu Arreta Bermatzeko Fondoaren aplikazioak izan dezakeen eragina.
ELD hau EAEko Administrazioak berak aplikatzeak egoera hobetuko lukeen ala ez ikusteko, beharrezkoa izango litzateke azterketa juridiko sakona egitea.
Osasun alorreko eskumenak Euskadirentzat suposatu izan du gure hiritarrentzako kalitatezko arreta eta ongizatea, eta horiek mantentzen jarraitu nahi dugu (erreformarekin ezinezko gertatuko litzateke). Ahalegin handia kostatu izan zaigu gure osasun sistema orain dagoen maila altura eramatea, erdietsi ditugun lorpen eta arreta kalitatearekin, eta gainera sistemaren beraren jasangarritasuna lortu dugularik. Arduratsu jokatu nahi dugulako, ezin dugu gure eskumena zapaltzerik onartu.
Euskadi ez da Estatuko zorraren erantzule, eta euskal hiritarrok ez ditugu PP eta PSOE alderdiek ekonomia eta finantza alorretan eragin dituzten arazoen ondorioak ordaindu behar.
Laburbilduz eta amaitzeko, ez da batere bidezkoa Euskadin hainbesteko esfortzua eskatu digun Ongizate Eredua Erret Lege Dekretu bidez beheratzea. Erret Lege Dekretu hau ez da gure erakundeetako ordezkariekin negoziatu eta adostu, eta gainera gure eskumenen gainetik egiten du. Gure Osasun Sistema mantentzen jarraitu nahi dugu eta bere jasangarritasunarekin dugun konpromisoa aldarrikatu nahi dugu.
Honengatik guztiarengatik EAJ-PNVk Erret Lege Dekretu honen kontra bozkatuko du datorren ostegunean, Diputatuen Kongresuko osoko bilkuran. Bestalde, EAJ-PNV-k eskatzen dio Patxi Lópezen gobernuari bere esku dagoen guztia egiteko Euskadiko osasun zerbitzuak ez daitezen kaltetuak izan.