2012ko Aberri Eguneko adierazpena. Euskadi bizia
04Apirila
2012
04 |
Agiria

2012ko Aberri Eguneko adierazpena. Euskadi bizia

2012ko Aberri Eguneko adierazpena. Euskadi bizia
Apirila 04 | 2012 |
Agiria

Agiria


 

Urteurren saminak dira egunotan beteko direnak. Gogora ekartzen digute, iraganeko denboretan, gure Herriko biztanleri zibilaren kontra  jaurti ziren bonben izua . Espainia handi,aske eta banaezin haren izenean, besterik gabe erail zen, bake eta askatasunean bizitzea baino beste helbururik zuen hiritargoa. Eraso guztiz anker,arbuiagarri eta ezaba ezinak izan dira hamarkada luzetan biktima izan direnontzat. Baina, ordea,sarraski haren eragileen eta erregimen haren izenean ez da sekula inolako erruki edo kalte ordainik eskaini.  Gaur egun, gure artean  zabalik daude oraindik, errepresio, zigor eta erailketa aldi beltzean eragindako zauriak.

Baina, ezin dugu ahaztu, eta ez dugu egiten, Euskadi gure aberriaren izenean ere, ondorengo urteotan,   bestela pentsatzen zuen unibertsoa “etsaitzat” hartuta, haren kontrako biolentzia hiltzaile eta bidegabea praktikatu zuten batzuk izan zirela.

Bortxakeri biek  hitzez defendatzen zituzten kausa nazionalak zikindu zituzten. Bien kasuan, biktimak, mina, sufrimendua eta gorrotoa baino ez zen geratu. Berriro ez errepikatzea nahiko eta espero dugun historia; heriotza ,indarkeri eta bortxakeriaren bidez ez baitago ezer eraikitzerik; etsipena, samina eta atsekabea besterik ekartzen ez duelako. Gorrotoa ez da sekula izango, bizikidetzaren etorkizun onerako motore.

1932 urtean, Euzko Alderdi Jeltzaleak kalera atera zituen bere alderdikide eta lagunak, Euskal Aberriaren “ berpizkundea” iragartzeko helburuarekin. Lehen “Aberri Eguna” izan zen hura. Ordutik aurrera, ez da urterik eta aukerarik izan, askatasunean zein diktadura garaian, Euzko Alderdi Jeltzaleak egun hau ospatu gabe utzi duenik.Sekula ez da  aldarrikatu gabe utzi, Euskal Herriak adierazpen politiko eta instituzionalerako  izan behar duen  askatasuna. 

Baina, 2012 urte honetan, azken 76 urteotan lehen aldiz, askatasun osoz gure burujabetasuna aldarrikatu ahal dugu inolako bortxakeriaren mehatxurik gabe. Sei hilabete igaro dira ETAk bere jardun armatuaren behin betiko adierazpena egin zuenetik. 

Egia da, egiazko bakeak denbora beharko duela gure artean finkatzea lortzeko. Bortxakeriarik eza da benetako bakerako lehen baldintza. Lehena eta garrantzitsuena. Baina, egiazko bake horrek  “ekintza-erantzunezko” salbuespen-joeraren ondorioak indargabetzeaz gain, giza jarreretan ere indargabetu behar ditu, jokamolde partikular batzuek ekimen politikoa gauzatzeko orduan izan dituzten  aurkaketa , nagusikeria edo inposizio asmoak. ETAk bere jarduera armatuaren amaiera aldarrikatu izana urrats esanguratsua da Herri honek bakea lortuko badu; baina,  Euskadin elkartasuna finkatzeko, hurrengo denboretan beharko da borroka armatuaren bidezkotasunaren filosofian bizi direnek  ezberdin izateko eskubidea aitortu eta babestea- politika bortxakeriara baldintzatu dutenek ere aitortu behar dute hau-, eta  euskal gizarteak berak kasu bakoitzean osatuko duen gehiengo eta gutxiengoen mapan integratzea. 

Behin betiko eta egiazko bake eta elkartasun hori eraikitzeko bidean, den-denek, baita erakunde guztiek ere, bide hau landu eta ahalbidetu behar dute. Iraganean tematzea, aldi berrian gaudela ez onartzea, zalantzarik gabe bidean lagunduko duten erabakiak ez hartzea, erabateko arduragabekeria litzateke.

Zinezko bakea, bake osoa, urrun dago oraindik Euskadin, baina ezin dugu gutxietsi herri honek azken hilabeteotan bereganatu duen urrats handia. Orain arte ez ditugu inoiz, oraingoak moduko denborak bizi izan. Egutegiari beldurrik izan gabe, biktima berririk izango ote den pentsatu gabe. Geroa baldintzatuko duten ziurgabetasun ilunik gabe.

Lehen Aberri Eguna dugu, beraz, ETAren bortxakeriarik gabe. Euskadi herriarentzako aldi berri honetako lehen Aberri Eguna.

Aitzakiak amaitu dira, zelai zabalari hesiak jarri zizkiotenentzat eta autodeterminazio jardun demokratikorako bidean bortxakeria justifikatu zutenentzat. Ez dago, Euskadi nazio gisa aurrera egitea eragotziko duen aitzakiarik. Euskadi berriaren lehen urtea, dena lortzea espero dezaketen euskal herritar berriona.

Aldi berri honetan, hiru izan dira Herri gisa dugun zerumuga markatu dituzten xedarriak: 

Lehena, XIX. mende amaieran izan zen, Sabino Aranak Herri honen garapenean  naziotasun printzipioa identifikatzen jakin zuenean. Subjektu politikoaren pertsonalizazioak  , -eskubide nazionalena, ordura arte ezarrita zeudenen guztiz bestelakoak -, gidoian , eszenaren erdigunean jarri zuen Euskal Herria eta hiritargoak propio zuten subiranotasuna berreskuratzeko eskubidea. Ordutik aurrera, Euskal Herriaren aldarri nazionala gure eguneroko jardunean egon da,  unean uneko inguruabarrak eta protagonistak  ezberdinak izan badira ere.

Garai hauetako patua markatu izan duen bigarren mugarria dugu aurreko mendeko laurogeigarren hamarkadan. Euskadi, abertzaleen egitasmo politikoa zen, arrazoi ezberdinek bultzatuta, herri honetara lan eta hobekuntzaren bila etorri zirenek arrazoi batzuek edo besteek eraginda behin betiko konbentzimendurik gabe bereganatu zutena. Babes nahiak ekarritako euskal hiritarrak. Hemen hazi  egin ziren eta aurrera egin zuten, jatorria eta jomuga galdetu gabe, penak eta pozak partekatzeko kontzientzia zuen herri honetan. Euskadira heldu ziren , industrializazioaren babesean aurrera egiten lagunduko zien aukeraren bila. Beren begirune, sakrifizio eta lanaren eraginez irabazi zuten tokia gizarte honetan; eta herriak berak, beren ekimenari esker hazi eta aurrera egitea lortu zuen.

Baina, laurogeigarren hamarkadako  eta laurogeita hamargarren   hamarkada hasierako krisi industrialek sektore estrategikoen erorketarekin, herri hau ordura arte ezagutu ez zuen langabezi tasara eraman zuten. Euskadira etorritako hiritar haietako askok  amaitutzat eman zuten  beren migrazio aldia, eta  jatorrizko lekuetara itzuli ziren  aldi batean eten zuten egitasmo pertsonal eta familiarra berreskuratzeko.  Baina, gehiengo handi batek  bere egin zuten herri honetan jarraitzeko erabakia hartu zuen.  Euskadi bilakatu zen bizitzeko aukera bakarra. Berena eta beren seme-alaba eta ilobena.Sustraietatik hartutako erabakia izan zen. Milaka familiek erabaki  zuten beren  eta hurrengo belaunaldien etorkizuna  herri honen garapenera lotzea. Haiek eraiki zuten euskal gizarte berria. Anitza eta ezberdina, Euskadi bi gizarte taldetan zatitzen duen mitoa eta arriskua desegiten zuena. Euskal hiritarrak denak. Ezberdinak, bakoitza bere nortasun eta izaerarekin; baina  denak euskal hiritarrak, orain aldian eta etorkizunean.

Aurrez aurre dugu oraingo aldian,  “gizarte iraultza” horren hirugarren fasea. Zorionez, gaur egun jokaerak ez dira “ hemengo” eta “ hango”  hitzekin kalifikatuko. Euskal gizarte berria gainerako errealitate modernoetako parametroen antzera moldatzen da. Estereotiporik gabe eta talde disfuntziorik gabe. Eta, horra hor, hain zuzen, aldi berri hau elikatzen duen erronka berria.

Hemen dago herrian sinesten duen gizartea. Bere ikurrekin identifikatzen dena, bere erakundeekin, autogobernu bokazioarekin, berezitasun kulturalekin. Euskadirengan konfiantza eta sinesmena jarri duen gizartea. Eta, aldi berean,  bizitza kalitatea hobetzeko aukerak ere nahi ditu. Hobekuntzak inguru globalizatuan, aurrerabide eta aldaketa klabean bereganatu behar dugun erakustoki irekian.

Eraiki dugun eta gaur egun euskal erkidego osoak defendatzen duen Euskadi hau izango al da hiritargoak exijitzen dizkion aurreikuspen eta beharrizanei erantzuteko gai?. Euskal Nazioaren egitasmoa izango al da hiritarren arazo errealak eta kezkak konpontzeko erreferentzia eraginkorra izateko gai? Balioko ote du ziurgabetasun denboretan gizarteari kohesioa eta babesa emateko?

Eraikitzeko dagoen Euskadi berri honek zentzua izango du, eta arrakasta aitortuko zaio euskal hiritarrentzako zerbitzu iraunkorrerako gune instituzional gisa eratzen bada. Etorkizuna izango du, lan, aberastasun eta oparotasun zerumuga berriak bilatzeko gai baldin bada.

Euskadi egitasmo ukaezina izango da, arlo ekonomiko eta finantzetan duen ahalmen eta indarra gizarte kohesioa eta bere babesean gordetzen direnen ongizatea bermatzeko gai baldin bada.

Euskal Nazio berria egiazko oinarrietan sustraitzen bada, euskal emakume eta gizonak estatus berriaren eraginkortasunean gustura sentitzen baldin badira , Euskadi bide zuzenean egongo da. Nazio batek Europan egingo duen bidea. Biztanleriaren gehiengoaren erabakiz abalatutako herri baten bidea.

Estatus berria, Nazio berria gizarte beharrizanei aurre egiteko gai izango dena. Aldarria baino askoz gehiago, nortasuna eta historia baino gehiago. Horixe da, gaurtik bertatik, egokitzen hasi behar dugun abiapuntu berria.

Aldaketa,  gizakiaren eta gizarteen berezko elementua da. Eta, euskal gizartea, zientziak esan digunaren arabera, etengabeko eboluzioan murgilduta egon da. Batzuetan, gure mitologiak- eta herri guzti-guztiek dugu mitoen beharra- zalantzan jarri izan du Euskal Herriak eboluzionatzeko duen izaera.

Euskaltasuna eboluzionatu egin da, eta bere izaera  aldatu izan du denboraren poderioz. Dinamismoa bera da euskaltasunaren iraupenerako gakoa . Egokitzen jakitea. Egokitzen ez dakiena, hil egiten da.

Oraingo ezberdintasun nagusia da aldaketa hori abiadura handiagoz iristen dela, funtsean, denbora errealean mundu batetik besterako informazioa  inolako mugarik gabe eskuratzeko parada ematen digun iraultza teknologikoaren eskutik. Informazio eta erabaki prozesuetan eman den aldaketa hori da mundu ekonomikoaren globalizazioa eragiten duena, finantza zerbitzuen, zerbitzu juridikoen, merkantzien  trukaketa  amaigabea, eta nola ez, aldaketa politiko eta sozialak ahalbidetzen duena.

EAJ-PNVk ordezkatzen duen euskal abertzaletasunak nola erantzungo dio? Logikoa denez, aurreko historian egin izan duen moduan, bere errealitatea, bere diskurtsoa eta euskal gizartearekin lotzeko puntuak egokituta, bere oinarrizko helburua betetzen jarraitzeko, hau da, Euskal Herriak irautea eta bizi dugun egoera berri honetan ere garatzea. Gainerako guztia instrumentala izango da.

Une bakoitzean izan beharko ditugun egitura politikoen kontzeptua ere bada instrumentala, garrantzizkoena da  Euskal Herriak irautea eta herri gisa garatzea.

Euskal abertzaletasunak gizarte eraldaketa honetan  oinarri eta gizartearekiko lotura gisa izan behar dituen elementuak hauek lirateke:

Lehen elementua; mundu globalizatua, mundu irekia bai, baina lurrean ondo finkatutako sustraiekin. Errealitate orok du loturaren beharra, arima behar dugu gurearekin lotuko gaituena. Adarrak eta hostoak zabalik izango ditugu,baina sustraiak gure lurrean finkatu behar ditugu. Euzko Alderdi Jeltzaleak, identifikatzeko arima hori eskaini nahi dio Herriari eta gizarteari.

Bigarren elementua; mundu ireki honen arrakastarako, abiapuntu ekonomikotik, beharrezkoa da errealitate txikiak ondo kudeatzea. Alor horretan, gure nazio egitasmoak garapen ekonomikoa eta lehiakortasuna ahalbidetuko dituen oinarria eskaintzen du.

Hirugarren elementua; dena saltzen eta erosten den mundu zabalean, dena lehiakortasuna den munduan, mugarik gabeko munduan, zer gertatuko ote da egoera txarrenean daudenekin? Zein izango da gizarte honetan kohesioa eta solidariotasuna emango duen elementua? Erkidego kontzeptua. Zein da  euskal gizarteari erkidego kontzeptua ematen diona? EAJ-PNVk ordezkatzen duen euskal abertzaletasuna.

Eta, hau guztia, borondate askean garatua. Herri baten, Nazio baten borondate askea, XXI. Mende honetan,  aitortza juridiko eta politikoaren bidez adierazten da, erabakitzeko duen eskubide eta gaitasunaren bidez gauzatzen da.

Aldi berri honetako Aberri Egun honetan, Euzko Alderdi Jeltzaleak  hiritargo berriztatuaren beharrizanei erantzuna emango dion Euskadi eraikitzeko borondatea adierazten du, hiru konpromiso nagusitan oinarrituta:  barrura begira identifikatuko gaituen nortasun-sustraidun gizartea; gure esparruan kudeaketa ekonomiko zorrotza eta egokia; eta gure erkidegoa bizikidetzarako giltzarri gisa sostengatzea.

Hausnarketa sakonak dira hauek, albiste eta egunkarietako titularren dantza arinera ohituta dagoen gizartearentzat. Baina, Aberriaren Egun  handi honetan, gure Aberri Egunean, ahaleginak egin behar ditugu  herri honek  hurrengo garaiotan Nazio izateko ibili beharko duen bidea identifikatu ahal izateko. Euskadi, Nazioa Europan. Euskadi, Nazioa  bakean.

Bide luzea dugu oraindik: Gobernu ezgaiaren gelditasunean galdu den denbora berreskuratzea. Aldi berean, elkarrizketan aniztasuna eta aukera politiko guztiei zor zaien aitortza berrezartzea. Esku hartze publikoa ezartzea, konfiantza berreskuratzeko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko, “ Euskadi” marka  kanporako erreferente gisa kokatzeko, eta negozio aukera berriei bidea emateko, atzeraldi eta krisitik irteteko bultzada eman dezagun,...

Elkarrizketarako gaitasuna areagotu beharko dugu,beste garai eta egoerek inposatutako  inkomunikazioa apurtzeko. Eta, aldi berean, aldi berri horretarako oinarri juridikoak ere finkatu beharko ditugu. Aldi berrirako estatus politiko berria. Euzko Alderdi Jeltzalea horretarako prest dago. Euskadi berrirako aldi eratzaile berria.

Gora Euskadi Askatuta!

 

PARTEKATU