2020.urterako ordenantza fiskalak onartu ziren urriaren 29an ospaturiko udalbatzarrean adostasun osoz, udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek aldeko bozka eman baitzuten.
Aurtengoekin alderatuta, oro har, %0,6ko igoera emango da tasa eta zerga gehienetan, KPI-ren (kontsumoko prezioen indizea, 2018ko abuztutik 2019ko abuztura bitarteko datuekin kalkulatzen da) igoeraren parekoa, hain zuzen. Dena den, igoera horretatik kanpo geratuko dira Gizartekintza alorrekoak, horien prezioak berdin mantenduko baitira. Horrela, Udalak kalitatezko zerbitzuak eskaintzen jarraitzeko gutxienekoak bermatuko ditu herritarrek haien poltsikoetan ia aldaketarik jasan gabe.
Urnietako familia “ohiko” baten presio fiskala 629,25 eurokoa zen 2019.urtean, eta 631,75 eurokoa izango da 2020an. Beraz, igoera oso txikia izango da, urtean 2,50 eurokoa zehazki. Presio fiskalaren kalkulua herritar guztiek erabiltzen dituzten ohiko zerbitzuak aintzat hartuta egiten da (ura, zaborra, IBI-a eta ibilgailuen zerga).
Zaborren kasuan %0,6ko igoera aplikatuko zaie txartela erabili eta ondo birziklatzen dutenei, gainerakoek berriz, igoera handiagoa izango dute, helburua ingurumena zaintzea eta bilketa selektiboa bultzatzea eta sustatzea baita. Horrela, 3 hilabetero organikoaren edukiontzi marroia gutxienez 9 aldiz erabiltzen dutenak 25 euro ordaintzetik 25,15 euro ordaintzera igaroko dira epe horretan. Baldintza hori betetzen ez dutenek edo oraindik txartela ez dutenek ostera, 37,5 euro ordaindu beharrean 45 euro ordaindu beharko dituzte; saltokiek 61,82 euroren ordez 65 euro; eta taberna, jatetxe eta enpresak ordea, 143,77 euro ordaintzetik 150 ordaintzera pasako dira.
Bestalde, ikastaroetan prezio murriztuak dituzten pertsona multzoak zehazterako orduan irizpide bateratuak adostu dira, guztietan logika berbera jarraituz ondorengo kontzeptua agertuko delarik: “
Tramitazioa errazteko asmoz hobekuntza berri bat jarriko da abian, eta familia ugariek ez dute hobariak jasotzeko eskaera urtero egin beharko. Familia ugariko ziurtagiria jasotzen dutenetik iraungi bitartean behin egitearekin nahikoa izango dute aurrerantzean. Hobarien kapituluaren barruan, Gaztelekuak antolaturiko irteeretan %50eko beherapena izango dute laguntza soziala jasotzen duten familiek.
Kiroldegiko bazkide txartelak bere aldetik, %1,1eko igoera izango du, prezio hori Buruntzaldeako hitzarmenean sartuta dauden gainerako Udalekin adostu behar izan delako. Dena den, Urnietako Udalak kiroldegian kudeatzen dituen gainerako zerbitzuetan igoera %0,6koa izango da.
Tasa berri bat jarri da halaber, Rosa Miren Aierbek 2015.urtean argitaratu zuen “Urnieta 400 urte” libururako, 10 euro balioko dituelarik. Hurrengo urtean publikatuko dira baita, Urnietaren memoria historikoarekin loturiko bi liburu, bakoitzak 5 euroko kostua izango du.
Kreditu aldaketa
Bilkuran beste hainbat gauza ere onartu ziren. Esate baterako, 2020 urterako taxien herri barruko tarifetan % 0,8ko igoera baimentzea. Horretaz gain, Kulturnieta S.A. -ren estatutoen aldaketa aurrera atera zen. Puntu honen barruan aldaketa nagusia orain arte kirol mailako eskuduntza Kulturnietak kudeatzen zuela, eta aurrerantzean aldiz, Urnietako Udalak bere gain hartuko duela da.
Halaber, Urnietako Udalaren zerbitzura dauden langileen eta jardunaldi esklusiboa eta partziala duten korporazioko kideen ordainsarien %0,25eko igoera gehigarria onartu zen, eta baita, 467.000 euroko kreditu aldaketa ere. Diru kantitate hori Udaleko aurrekontuko partida batzuetatik beste batzuetara pasako da. Aldaketa horien artean esanguratsuenak parte hartze prozesuko 150.000 euroetan, eta Udalak kudeatuko duen kirol eskuduntzan daude, bertara baitoaz 146.000 euro. Gainerako partidetako dirua, urte hasieran aurreikusita ez zeuden gastu batzuei aurre egiteko bideratuko da.