Ireki ditu ateak 2deok, Tabakaleran kokatzen den euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak

Gaur ireki ditu ateak 2deok, Tabakaleran kokatzen den euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak eta Etorkizuna Eraikiz ekimenak aurreikusten dituen sei erreferentziazko zentroetako bat.

Ireki ditu ateak 2deok, Tabakaleran kokatzen den euskarazko ikus-entzunezkoen laborategiak 31Mayo
2019
31 Mayo 2019 |
Noticia

COMPARTE

“2deo erreminta bat da, Gipuzkoa eta Euskadi mailan eragingo duena, euskarazko masa-produktu arrakastatsuen sorkuntza sustatzeko”, azaldu du Gipuzkoako diputatu nagusi den Markel Olanok. Proiektuaren garrantzia, foru arduradunaren esanetan, belaunaldi berrietan izan dezaken garrantzian datza, euskara ikastetxetatik harago eramaten lagunduko baitu: “Ikus-entzunezkoak dira gazte eta nerabeek beraien aisialdian gehien kontsumitzen dituzten edukiak, baina tamalez euskararen presentzia oso urria da arlo honetan. Sektorearekin elkarlanean, egoera hau iraultzean laguntzea da hain zuzen 2deoren xedea”.

Aurkezpena eta ate irekiera ekitaldia gaur goizean egin da, laborategian bertan. Olanorekin batera, ekitaldian parte hartu dute Edurne Ormazabal, Tabakalerako zuzendari nagusiak; eta Iban Arantzabal, 2deo martxan jartzeko prozesuaren arduradunak. Laborategiak 500 metro karratu inguruko instalazioak ditu; horien artean, elkarrekintza sustatuko duten espazio irekiak, materiala ikusi eta editatzeko eremuak eta laborategiko langileen lan eremuak.  Espazio horiek guztiak era dinamiko eta eskalagarrian banatzen dira, unean uneko beharretara egokitu ahal izateko. 2deo Etorkizuna Eraikizeko sei erreferentziazko zentroetako bat da, Ziur zibersegurtasun zentroa; Mubil elektromugikortasun zentroa; Adinberri osasuntsu zahartzeko estrategia; LABe gastronomia digitalaren laborategia; eta Naturklima klima aldaketari aurre egiteko zentroarekin batera.

Olanok, bere hitzaldian, esan du 2deorekin egin dena dela “Etorkizuna Eraikizen kudeaketa eredua, hau da, elkarlanean eta era irekian lan egiteko modua, euskarazko ikus-entzunezkoen arlora ekartzea”. Honela, proiektuaren abiapuntuetako bat da sektorean etorkizunari buruz sektorea berarekin egindako hausnarketa prozesua. Bestea, UPV/EHUk nerabeen ikus-entzunezko edukien kontsumo eta sorkuntza ohiturei buruz egindako ikerketa. “Hainbat datu kezkagarri aurkitu genituen bertan. Esaterako, ikusten dituzten eduki guztietatik, 10etik 7 gaztelaniaz dira, 2 euskaraz eta 1 ingelesez, eta erdiek diote ez dutela inoiz ETB-1 ikusten. Gainera, arrakala eta ezberdintasun handiak daude eskualde eta herrien artean”, azaldu du diputatu nagusiak.

“Pantaila eta ikus entzunezko edukiak oinarrizko bilakatu diren paradigma honetan, oraingo haur eta gazteen ikus entzunezko erreferente eta erreferentziak ez badira euskarazkoak, zaila izango da euskarentzako etorkizunik egotea”, ohartarazi du diputatu nagusiak, eta azaldu du hortik datorrela 2deo bezalako proiektua martxan jartzeko nahia baino gehiago, beharra. Alde positiboari begiratuta, Gipuzkoarentzako “aukera” ere badela gehitu du Olanok: “Izan ere, lurraldean daukagun sektoreak sekulako potentziala dauka eta, zinean esaterako, sarritan erakutsi du nazioarte mailan eragina duten produktuak ekoizteko gai dela”. Bestalde, Jaurlaritzak bultzatzen duen RIS3 espezializazio adimentsurako estrategiaren testuinguruan ere kokatzen da 2deo, “aisia, kultura eta industria sortzaileen” aukera eremuan.

“Euskararen biziberritze prozesua bidegurutze batean dagoela esan ohi da, eta ekimen honekin anbizioz egin nahi dugu aurrera: Gipuzkoak euskarazko ikus-entzunezkoen sorkuntzaren arloan aitzindari izateko bokazioa eta baldintzak ditu, eta hori lortzeko sektorea eta eragile ezberdinak aktibatu nahi ditu 2deok”, azpimarratu du Olanok. Foru arduradunak gehitu duenez, laborategiak “Euskadi mailako” eragina izatea espero da, eta sektorea aktibatu eta esparru berrietara eramaten lagundu nahi du. “Sistema osoa mugiaraziko duen tresna izatea da 2deoren xedea. Euskarak etorkizuna izan nahi behar badu, belaunaldi berriek gehien kontsumitzen dituzten edukietan gure hizkuntzan presente egon behar duelako”, nabarmendu du.

Bere aldetik, Iban Arantzabalek aipatu duenez, “euskarazko edukien kontsumoan eraldatzaile izango diren proiektu estrategikoak sustatuko ditugu. Horretarako, laborategira datozen proiektuen ahulgune eta indarguneak antzeman eta horietan eragingo dugu”. Bestetik, adierazi du nazioartean mugitzen den behatzaile talde bat ere sortuko du 2deok. “Euskal Herrira zein proiektu ekar daitekeen proposatuko dute, eta gero, gure errealitatera egokitu”, zehaztu du.

“2deo laborategia sortzen da sektorearen ideietatik, sektoreari entzun ostean eta gabeziak mahai gaineratu eta gero”, gogoratu du Arantzabalek, azalduz horrela heldu direla laborategi bat inauguratzera eta sektorearendako topagune berri bat eskaintzera. “Gaurtik aurrera ere sektorearekin batera egingo da lan, sorkuntza oinarri proiektu esperimentalak sortuz”, nabarmendu du.

Unerik egokienean

Azkenik, Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiak esandakoaren arabera, 2deo kontextu egokienean abiatu da, “Tabakalerak anbizio eta ilusio handiarekin heldu dio Foru Aldundiak gure esku ipini duen proiektu honi, eta unerik egokienean, gainera, hain justu Tabakalera sormen eta industriei begira lanean jarri berri dugunean”. Tabakalera osatzen duten erakunde guztiak lagun izango ditu punta-puntako proiektu honek, eta “bere zeregin nagusienetako bat tendentzien identifikazioa izango da, tendentziak edukietan, formatuetan, kontsumo moduetan eta negozio eredu berrietan”, azpimarratu du Ormazabalek.

Elkarlanaren adibide eta laborategiaren irekierarekin batera, gaur “Leiho digitala” erakusketa zabaldu da. Ikus-entzunezkoen alorrean teknologia berriak eta digitalizazioa erabiliz, hain zuzen ere bereizmen super altuko irudien bitartez margolanak gertutik ezagutzeko aukera emango du erakusketa honek; 2deo eskaintzen ari den programazioaren baitan, lau eguneko workshop bat antolatuko da 2deon datozen asteotan.

Te puede interesar