Intervención
27Julio
2011
27 |
Intervención

Recepción de San Ignacio

Intervención
Julio 27 | 2011 |
Intervención

Berriro ere, bizkaitar guztion etxea ohoratu egiten da Bizkaiko agintariak, elkarte-sareko eta arlo politiko, ekonomiko eta kulturaleko ordezkariak hartuta San Inazio eguneko harrera ofizialean

Guztioi arratsaldeon eta ongi etorri zuena den etxe honetara.

Iaz, data hauetan, agur esatean, gaurko egunean zuen aurrean Batzar Nagusi berriek izendatutako Ahaldun Nagusi berria egongo zela aurreratu nizuen.

Bizkaitarrek erabakita, nik ordezkatzen dudan alderdiak irabazi ditu lurralde honetako foru hauteskundeak, eta, botoek eta botorik gehien lortu dituen indarra izateak, Bizkaiko herritarren konfiantza izateak ematen duen legitimitatearekin hitz egingo dizuet ekitaldi instituzional honetan.

Atzean geratu dira eztabaidak, elkarrizketa dialektikoak eta hotsandiko hitzak. Herriak erabaki egin du eta bakoitza bere lekuan jarri du. Nire lekua Aldundiaren Gobernuarena da, guztiontzako gobernatzearena, botoa eman zigutenentzat, botoa beste bati eman ziotenentzat eta botoa inori eman ez ziotenentzat ere.

Gizarteak elkarrizketa eta guztion arteko, hau da, alderdi, herritar, erakunde, elkarte, enpresen arteko erabakiak lortzea eskatzen digu. Gizarteak ez ditu ulertzen eztabaida antzuak ezta edukirik gabeko ideiez betetako multzo huts bat baino ez diren proposamen faltsuak ere. Gizarteak gehiago eskatzen digu, eta saiatu egin behar dugu, guztion onerako. 

Politikariek, kargudunek, erakundeek elkarrekin batera lan egiteko eskatzen digu gizarteak, krisia gainditzeko, bizi dugun egoera ekonomiko txarrari aurre egiteko; enplegu gehiago sortzea eta dagoena mantentzea lortzeko ahaleginak batzeko eskatzen digu gizarteak. Arazoak konpontzeko eskatzen digu. Baita herritarrek dituzten arazoei arazo gehiago ez gehitzeko ere.

Ez gara krisitik atera. Aurrez ikusten denaren arabera, 2011. urtea gogorra izango dela pentsa dezakegu; eta 2012. urtea, ere.

Krisitik irteten lehenengoak izateko lidergo serio eta zorrotzak behar ditugu; egungo egoerari buruzko analisi zuzenen araberako ekintza zehatzetan oinarritutako lidergoak behar ditugu. Ezin ditugu izan beste alde batera begiratzen duten erakundeak, herritarren beharrizan sozialak, ekonomikoak, lan arlokoak, kulturalak ahaztuta, aurrekontuko beharrizanak baino begiratzen ez dituztenak.

Eredu izan behar dugu. Gugandik hasi behar dugu. Aldundiaren egitura politikoa murriztu dugu; goi kargudunen kopurua murriztu dugu, eta antolaketa-egitura eta erakunde beraren kudeaketa gastua doitu egin ditugu. Baina, aldi berean, ekimenak proposatu ditugu. Enplegua sustatzen laguntzeko ekimenak. Gure langile autonomoentzako eta enpresa txiki eta ertainentzako ekimenak. Gure ekoizpen sareari barruko eta kanpoko merkatuetara zabaltzeko aukera emateko ekimenak. Kultura, gizarte eta ingurumenaren arloko ekimenak, gure bizi-kalitatea hobetzeko eta irabazi ekonomikoak eragiteko.

Inbertsio publiko berriei ekiteko eta hain emaitza onak eman dizkigun publikoa-pribatua lotura sustatzeko ekimenak. Etorkizuneko hiru ardatzetarako ekimenak: ezagutza, berrikuntza eta teknologia dira ardatz horiek.

Bizkaian, krisitik ateratzeko eta hemen bizi garen eta lan egiten dugun guztion bizi-kalitatea hobetzeko ekimenak ditugu. Gure lurralde historikorako ekimenak, baina Euskadi kontuan hartuta. Bizkaia Euskadiren motorra izan da eta da. Eta hala izango da, gero eta gehiago.

Herri honetan bizi garen guztion onerako. 

Batzeko unea da. Amaitu dira denari EZ esaten zioten pankarten urteak. Batu egin behar dugu eta kaleko jendeak herritarretaz arduratzen garela, haien poztasun eta tristeziekin bat egiten dugula, herri honek benetan pentsatu eta sentitzen duenari erantzuten diogula ikusi behar du.

Egunero-egunero indarkeriaren, indarkeria mota guztien biktimekiko elkartasuna erakusten duen herri honek ETAk behin betiko bere desegitea eta desagerpena iragartzen duen komunikatua iristea nahi du ere, eta, bitartean, politika demokratikoaren eremuan eskaera hori inoiz egin ez diotenek seriotasunez eta irmotasunez, sinesgarritasunez, eskatzea nahi du, guztion onerako.

Herri hau balio eta sentimenduen nahaste bat da. Txarto pasatzen hari direnekiko elkartasuna zabaltzeaz gain, herri honek pozak eraginda negar egiten du Samuel Sanchez euskal herritarra eta Bizkaiko zergaduna Tourreko podiumean ikustean, gure lurraren izena daraman txirrindulari-taldeak babestuta.

Herri honek gure taldeen garaipenak ospatzen ditu eta gure herria ezagutzera eta gure geografiaz, gastronomiaz eta zerbitzuez gozatzera datozen turistak hartzen ditu.

Gure balioen, Bizkaiaren balioen balioa ezagutarazi behar dugu: bakea, elkartasuna, justizia soziala, berdintasuna, lankidetza ezagutarazi behar ditugu, ondo egindako lanaren, giza-ahaleginaren eta euskaldunon hitzaren balioa aldarrikatuta.

Iaz esan nuen errazagoa dela zubiak apurtzea eraikitzea baino. Eta hala da.

Gaur, zuen aurrean, berriro adierazi nahi dut prest nagoela guztiekin hitz egiteko, batzuekin eta besteekin adostasun-puntuak bilatzeko.

Gizarteak eskatzen digu eta nik erronka onartzen dut. Zintzotasunez, sinesgarritasunez. Nire hitza eta nire konpromisoa dira.

Garai hauetan hain beharrezkoa den ilusio eta optimismo dosi handi batekin amaituko dut.

Plazara ditzagun ekimenak eta proposamenak. Sustatu ditzagun balioak eta sinesgarritasuna. Seriotasuna eta irmotasuna. Lana eta jardunbide onak.

Herstura, seriotasuna eta aurrekontu-zorroztasuna sustatzeko garaiak dira. Garai gogorrak dira, baina argi daukat laster argia ikusiko dugula tunelaren amaieran. Bakearen argia ikusiko dugu. Enplegu gehiago izatearen argia ikusiko dugu. Egoera txarrenean dauden pertsonentzako bizitza duinaren argia ikusiko dugu. Bere etorkizuna libreki, tutoretza eta inposiziorik gabe, erabaki ahal izango duen euskal gizartearen argia ikusiko dugu.

Eskerrik asko aurten ere ekitaldi honetara etortzeagatik. Ondo pasa egun honetan.

Eskerrik Asko.

COMPARTE