Legelari ta hiritar askok kezka handiz ikusten dihardugu nola Zuzenbide Estatua oso egoera prekarioan uzten ari diren Espainian; are gehiago, kezka handiz ikusten dihardugu elkarren kideko diren erakunde batzuk nola bultzatzen ari diren nahita bilatutako haustura erakusten duten zantzu garbiak. Auzitegi Nazionalak orain dela egun batzuek hasitako auzian, Egunkariaren aurka.
Horien amorrua bideratu dute kasu honetan euskaraz dagoen egunkari bakarraren aurka. Baina hausnarketa politiko higatuak ahaztuta, balio bezate lerrook berme batzuk azpimarratu eta guztiontzat errebindikatzeko: hain zuzen, Auzitegi Nazionalak zalantza izpirik gabe ebatsi dizkigun berme horiek eta euskararen aurkako eraso zuzen batean.
Baina ikus dezagun, azaletik bada ere, egoera horietako batzuk eta gero eta larriagoak diren jokaera horiek, Euskaldunon Egunkarian gertatutakoari arreta berezia jarrita.
Oinarrizko eskubideak gure garapen zibilizatorioaren emaitza ezin galduzkoak badira eta, horretaz gain, Konstituzioaren arabera pertsona eta erakunde guztiek Legearen eta Zuzenbidearen aurrean duten aitorpen agerikoena, guztiok dakigu eskubideon erabilera eta zainketa murriztu egin dela eta egiten dela Euskal Herriko egoeran, bai terrorismoaren ekintza suntsigarriagatik eta bai beste zenbait ekintzarengatik ere, haiek ere larriak eta askotarikoak.
Harrigarria bada ere, Auzitegi Nazionalaren Autoak lotu zuen atxiloketak eta Egunkariaren itxiera edo kautelazko etenaldia, eta iritzi delituak bizi-bizi daudela dirudi gure artean. Hala, epaileak Egunkariaren jarduerak kautelaz eten ditu haren buruen erantzukizun penalari buruzko erabakirik hartu gabe, eta, gainera, badirudi beretzat hartu nahi dituela kazetaritzako zenbait jarduera baimentzeko legitimazioa eta konpetentzia, jarduera horiek guztiak adierazpen eta informazio askatasunerako oinarrizko eskubideen artean egonik ere.
Bat-batean, oinarrizko eskubideen erabilera instrukzio epaile batek eman edo gaitzesten du, bere kabuz erabakiz noiz, non eta nola erabil ditzakeen kolektibo jakin batek Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluan onartutako oinarrizko eskubideak.
Mundu guztiak dakien bezala, oinarrizko eskubideak ez dira botere legegileak, eragileak edo judizialak emanak; ez dute garapen legislatiborik txikiena ere behar libre erabili ahal izateko. Eskubide horiek bere-berezkoak ditugu gizakiak izate hutsagatik; beraz, ezin dizkigute kendu, enbargatu eta, jakina, preskribitu Zuzenbide Estatu batean. Baina Auzitegi Nazionalak proposatzen digun Eskubide Estatuan ikuspegia oso bestelakoa da. Konstituzioak aipatu 20. artikuluko oinarrizko eskubideak bermatzen dituenean, ezarrita daude muga zeharkaezin bat eta prozedura jakin bat eskubide horiek kentzeko, baina, ikusten denez, Auzitegi Nazionalak ez ditu kontuan hartzen muga horiek, bere ikuspegi konstituzionala ez delako osoa, interesatua delako edo politikoki aurrez erabakitakoa, eta goitik agindutakoa delako. Guztiz beste aldera, ondoriozta dezakegu epaileak iradokitako eskubide horien murrizketak eskatzen duela edo oinarria duela lurraldearen zati jakin baten eta kolektibo jakin baten gaineko salbuespen egoera moduko batean; kolektibo hori "kasualitatez" kasu honetan kulturalki euskararekin identifikatutakoa da.
Indarrean dagoen Alderdien Legearekin gertatu den bezala, murriztu egiten dira kolektibo baten berme konstituzionalak, konturatu gabe eskubide horien murrizketa guztientzat dela eta Konstituzioan bertan argi galarazita dagoela.
Botere banaketako printzipioaren erlatibizatze gero eta nabarmenagoak arrisku berehalakoak dakartza, eta horrek erantzunarazi beharko liguke. Egunkariarekin gertatutakoa guztiz eta erabat onartezina da edozein Zuzenbide Estatu demokratikoren ikuspuntutik. Atzeraka egite horretan, oinarrizko eskubideak bide administratibo eta judizialetik graziaz emate horretan, elkarri gerturatzeko oso bide arriskutsuan sartu dira, eta horrek urratu egiten ditu berme eta kontrol konstituzionalak, baita, ikusi dugun bezala, banakoen eta taldeen eskubide oinarrizko batzuei dagokienez ere; eskubide horiek zaintzeko, adierazpen eta informazio askatasunak oinarrizko ardatz negoziaezinak dira.
Horrexegatik, irtenbide bakarra da elkartasuna Egunkariko gizon eta emakumeekin batera, auziaren artxiboekin batez ere behar-beharrezkoa delako. Azken finean danok Egunkaria garelako eta Bilboko manifestaldian egon nahi dugulako.