Entrevistas
19Julio
2009
19 |
Entrevistas

Izaskun Bilbao: «Bake prozesuaren porrotak mesfidantza eragin du Europan»

Entrevistas
Julio 19 | 2009 |
Entrevistas

Jokin Sagarzazu.

 

Europako Parlamentua herritarrei gerturatzea. Hori da Izaskun Bilbao Barandikaren (Bermeo, 1961) helburuetako bat. «Arrantzaleek, nekazariek... guztiek izango dute tokia Europako Parlamentuan». Aste honetan hartu du kargua -Garraio, Arrantza eta Berdintasun batzordeetako kidea izango da-. Estrasburgotik iritsi berritan hartu du BERRIA.

Zer-nolakoa da Europako Parlamentariaren bizitza?

Denbora gutxi daramat, hiru aste-edo. Baina esperientzia berezia izaten ari da, guztiz ezberdina. Uztailaren 14an osatu zen parlamentua, eta espero baino hunkigarriagoa izan zen. Europan Euskadiren zati bat ordezkatzen egotea eta Euskadiren alde lan egitea erronka handia da.

Parlamentuko presidentea hautatu duzue: Jerzy Buzek Europako PPko taldekoa. Haren aldeko botoa eman al duzu? [Sekretua da botoa]

Europan oso garrantzitsua da talde batean egotea eta negoziatzen jakitea. EAJ ALDEn [Europako Liberal eta Demokraten Batasunean] dago. Sozialistek eta popularrek ez dute gehiengoa osatzen, eta horrek behartzen die gurekin negoziatzera.

Zure taldeak hautagai horren alde egingo zuela esan zuen...

Talde popularrarekin eta sozialistekin aritu ginen negoziatzen. Legebiltzarrean eskuin muturreko alderdi txiki asko daude. Ia gehienak ez dira Europaren aldekoak. Guk Europako proiektuan sinesten dugu. Gure taldean adostasunak izan dira talde popularrarekin eta sozialistarekin Europako proiektuari egonkortasuna emateko. Hala, krisi ekonomikoari aurre egiteko batzorde transbertsal bat osatzea adostu dugu, eta talde horretako burua ALDEkoa da.

Eskuina asko hazi da Europan. Biraketa bat ikusten al duzu Europan, oro har, eta Europako erakundeetan, bereziki?

Horrela ez izatea espero dut. Gu ez gara eskuineko bide horretan sartuko, inoiz ez gara sartu. Euskadiko instituzioetan egindakoa da gure bermea. Gure ustez, proposamen sozialek aurrera egin behar dute, energia garbiaren aldeko apustua egin behar da, giza eskubide guztiak defendatu behar dira... Hori da gure Europa.

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ontzat jo ditu HB, Batasuna eta HZ legez kanporatzea. Uste al duzu auzitegiak segurtasuna lehenetsi eta askatasuna bigarren plano batean utzi duela?

Auzitegiak oso modu argian esan du zer pentsatzen duen. Europa bakearen eta giza eskubideen aldekoa da, eta lehenengo giza eskubidea bizitza da. Hortik aurrera, bakoitzak bere irakurketa egin beharko du. Batzuek planteatuko beharko dute aurrerantzean zer egin nahi duten. Baina argi dago, sententzia gustukoa izan edo ez, Europako auzitegi batek erabaki duela hori.

Zertan da kontsultaren gaia?

Orain, Estrasburgoko auzitegian dago. Epaiaren berri izatean erabakiko dugu zer bide jorratu.

Eta ordura arte zer?

Itxaron.

Euskal Herriko interesak «bakarrik» defendituko dituen parlamentari «bakarra» zu zeu izango zarela esan zenuen hauteskunde kanpainan. Hori esatea ez al da gehiegi esatea?

Datu objektibo bat da hori.

Ramon Jauregi eta Jaime Mayor Orejak, adibidez, ez al dituzte euskaldunon interesak defenditzen?

Haiek ez doaz Euskadi modu zuzenean ordezkatzera. Espainiaren izenean doaz. Haien alderdiak Espainiakok dira. Zer gertatzen da Madrilgo kongresuan? Alderdi horietako Euskadiko legebiltzarkideek Espainiako alderdi modura bozkatzen dute. Espainiaren zati bat baino ez da Euskadi haientzat.

Parlamentuan egin duzun lehenengo agerraldian euskararen ofizialtasuna aldarrikatu duzu. Zer egingo duzue bide horretan? Ekintza sinbolikoetara mugatuko zarete?

Ez da lehenengo aldia EAJk Europako Legebiltzarrean euskararen ofizialtasuna aldarrikatzen duena. Gure helburuetako bat da hori. Beste alderdi batzuekin hitz egin dugu; proposamenak zehaztu behar ditugu, eta zer aukera dauden aztertu.

Bakegintzari dagokionez, euskal gatazkaren konponbiderako prozesuari baiezkoa eman zion Europako Parlamentuak aurreko legegintzaldian; lan talde bat osatu zen, gaur egun ia deseginda dagoena. Zer egiteko prest dago EAJ?

Egoera oso bestelakoa zen. ETAk su etena eman zuen, Espainiako Kongresuak erabaki bat hartu zuen elkarrizketa prozesu bat abiatzeko... Aurten halako erabaki bat errepikatzea gustatuko litzaidake. Horrek esango luke ETAk armak utzi dituela. EAJ beti dago lan egiteko prest, baina egote hutsarekin ez da nahikoa. Baldintza egokiak sortu behar ditugu. Bake prozesuaren porrotak mesfidantza eragin du gure artean, baita Europan ere.

Europara proiektatu izan diren hainbat irudi desmuntatu nahi dituela dio Lopezek.

Euskaldunon irudia ETAren indarkeriarekin markatua dago Europan. Baina benetan ezagutzen gaituztenean harritu egiten dira. PSOEri eta PPri eskatuko nieke arduraz jokatzeko, eta ez nahasteko abertzaletasuna indarkeriarekin. EAJ beti aritu da Euskadiren irudi ona saltzen atzerrian. Espero dut haiek ere hala jokatzea. Horrek izan beharko luke arduradun instituzional guztien lana.

Arantza Quirogaren arabera, Europako eskualdeak ondo ordezkatuak daude estatuen bitartez.

Eta neurri batean egia da hori; baina Europaren etorkizuna beste bat izango da. Guztiz azaleratu ez bada ere, Europan bestelako ikuspuntu bat badago, eta hori federalismoarena da: deszentralizazioarena. Pil-pilean dagoen eztabaida da hori. Europa indartsu bat osatu nahi badugu, Europa behetik gora eraiki beharko dugu. Proiektu horretan jarraituko dugu lanean.

PSEren eta PPren arteko akordioan desgasterik nabari al duzu? Arabakoa izan daiteke adibide bat...

PPk pastelaren zati bat nahi du, baina Arabako PSE ez dago horretarako prest. Ez dakigu noiz arte ibiliko diren horrela, baina bitartean EAJren diputatuek lanean jarraituko dute. Krisialdi ekonomikoarekin ezin gara jolasean aritu. Instituzio guztiei egonkortasuna eman behar zaie. Aldaketa horiek kaltea baino ez dute eragingo Arabako gizartean.

Lopezek luzatutako eskua hartu al du EAJk instituzioetako egonkortasuna bermatze aldera bidalitako proposamenarekin?

Lopezen gonbita onartu du EAJk. Baina ez du onartu onartzeagatik. Krisialdi larri batean gaude, eta horri aurre egiteko proposamen zehatz bat luzatu diogu lehendakariari. Oraingoz, ez dugu erantzunik jaso.

Erantzunik ez, baina baikor azaldu dira sozialistak.

Ez dugu erantzunik jaso.

Zer dela eta?

Ez dakit. Baina erantzunik jasotzen ez badugu, baloratu beharko dugu orain arte entzundako hitzak fidatzekoak diren edo ez, benetakoak diren edo ez, PSEk darabilen diskurtsoa propaganda hutsa den edo ez.

Beste alderdiei ere bidali diezue proposamena. Erantzunik jaso al duzue?

PPren eskutitz bat jaso dugu. Akordio batzuetara iristeko borondatea agertu dutela badakit. Dena den, PPk PSErekin dauka akordioa, ezta? Jaurlaritza egonkortzen duen benetako akordio bat, haien hitzetan. Ez dakit, beraz, nola interpretatu alderdi popularraren jarrera.

Orduan, sozialistekin ez bada, ez duzue bestelako akordiorik egingo?

Orain arte ez dugu erantzunik jaso. Aurrerantzean hala jarraitzen badute, baloratu beharko dugu zer egin.

Eta zeintzuk dira aukerak?

Legebiltzarrean oposizioa zein den argi dago. Zenbakiek islatzen dute noraino irits gaitezkeen. EAJk argi dauka erantzunik jasotzen ez badu berdin jarraituko duela. Arduraz jokatuko dugu krisi ekonomikoari aurre egiteko. Arazo larri bat dagoen heinean, uste dugu harremanak sendotu behar ditugula alderdi guztiekin. Herritarrek ez dituzte eztabaidak nahi; soluzioak behar dituzte: gu prest gaude horretarako.

COMPARTE