Opinión
23Junio
2009
23 |
Opinión

GOBERNATZEKO ERA BERRIA? BAI, ITXURAKERIA LAGUN

Opinión
Junio 23 | 2009 |
Opinión

Eider Mendoza

Opinión

Noticias de Gipuzkoa


Nahikoa daukagu abertzaleok eta EAJ-PNV alderdizaleok azkenaldion PSOEren Gobernuak martxan jarri duen itxurakeria eta marketin kanpainarekin! Gobernatzeko era berriei buruz hitzegiten zigun lehengo egunean PSOEko legebiltzarkide batek komunikabideotan, aho betez, Eusko Jaurlaritza berriak ekarri dituen haize berriak goraipatu eta neurri berriei buruz sasi-maisutasunez hitzeginez.

Adostasun zabala lortzearen alde agertzen omen da PSOE, berorren iritzi-artikuloaren arabera. Lehenik, eta, hitz baten esanda, ez da EAJ adostasunaren aurka agertuko den Alderdia, inoiz. Ez da horrela izan bere 114 urteko ibilbide politikoan eta ez da sekula santan horrela izango etorkizunean ere. Elkar-ulermena izan da beti geure ildo politikoaren oinarri eta horretan jarraituko dugu. Baina, mezuak ez dira maltzurkeriz aldrebestu behar. Normala da bakoitzak bere opilari ikatza hurbiltzea baina ez modu horretan. “Eskua luzatzearen beharra” hitzetik hortzera darabilte azkenaldion PSOEren buruzagiek eta ez gara gu ziri horretan sartuko. Eskua aurrera eta eskua atzera, esku hori Jaurlaritza laguntzeko behar dela etabarrak. EAJk argi asko ezagutzen du beso hori eta historiak erakutsi digu ez dela fidatzekoa. Hala ere, Euskadirentzat emankor eta mesedegarri den edozein ekimenetan, EAJ beti izango da hor, eta, tentuz, EAJk erabakiko du, noiz eta nola lagunduko dion Jaurlaritzari horri. Baina, ez ditzagun gauzak nahastu. Ematen du, memoria hauskor eta makala daukatela zenbaitsuek. Esku hori PPren altzotan jarrita daukatela gogoratuko nieke batzuei lehenik. Eta gero, gerokoak. Adostasun zabalak eta eztabaidarako eremuak bilatzearekin, ados, beti, baina, ez edonola.

Gobernatzeko era berriak aipatzen dira. Hilabete batean. A zelako marka! Erabaki, jarduera, neurri berriak. Ekonomia berpizteko ekimenak, babes urria dituztenentzat neurri zehatzak, gizarte larrieldietarako laguntzak. Miloiak eta miloiak, euroak barra-barra. Hitz potoloak! Komunikabideak bidelagun, edonor ager daiteke ekimenen bultzagile eta eraberritzaile gisa. Aurrekoen jardunetik etekin mamitsuak jasotzea uler genezake, abileziak abilezi, baina, ez da zilegi. Eta, horiek guztiak argitzea ere komeni da. PSOEren Jaurlaritzak dituen bozgorailu guztietatik uler genezake, krisi ekonomikoari aurre egiteko neurri horiek guztiak berritzaileak direla. Zeinek daki Lopez Gobernuak iragarri dituen 500 miloi euroren laguntzak autonomo, enpresari eta enpresa txiki eta ertainentzako, Ibarretxe Lehendakariaren Gobernuak aurreikusita zituela 2009rako? Bertsuak direla? Ez dagoela inolako nobedaderik? Zeinek daki gizarte larrialdietarako publizitatu dituzten diru-laguntzetan ere ez dagoela berrikuntzarik? Aurreko Gobernuak mugarri sendoak ezarri zituen gizarte politikaren arloan. Ahaztu dutenentzat gogoratzea besterik ez ditugu: Familia Legea, Diru Sarrerak Bermatzeko Legea eta Gizarte Zerbitzuen Legeak. Horiek zutabe dira. Hortaz, zeregina orain, horiek martxan jartzea da. Gizarte politikaz gabiltzala, ez nuke tintontzian utzi nahi, bidebatez, eremu honetan ditugun eskakizunak. Ordua litzateke alargunen pentsio bajuak, jubilatuenak eta Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren igoeren eskakizuna Gobernu espainolaren aurrean behingoz aldarrikatu eta eskatuko balute. Are gehiago, lehen itxita zeuden ate batzuk zabalik direnean eta Espainia eta Euskadi arteko Gobernuen artean “linea beroa” zabaldu den aldi berri honetan.

Gobernatzeko era berriak aipatzen dira, bai. Hilabete batean. Marka itzela, bai, baina, ez, ordea, eztabaida ireki eta zabalaren lekuko. Zer eztabaida ireki? Mezu horrek ez du salmenta onik azken egunotan Eusko Legebiltzarrean ikusi ditugun Sailburuen agerraldiak ikusentzun ditugunon aurrean. Espetxe politikaren eskumena ez dela transferituko, Bakea sustatzeko Hezkuntza Planaren ildo nagusiak aldatuko direla edota Ertzaintza Schengen hitzarmenean gehitzeko aukera urriak dituela jakinarazi digute Legebiltzarrean. Zoritxarrez, horrelako hamaika ikusteko jaioak garela ematen du legealdia honetan.

Gobernatzeko era berriak aipatzen dira. Hilabete baten. “Euskal gizartean aldaketa ikusten hasi da”, diote batzuek. Aldaketa? Argi berria piztu ote da? Onerako ala txarrerako ote? Somatzen dut onerako guztiak aurrekoek ezarri dituztela dagoeneko eta, txarrerakoak, ikusten hasiak gara Gobernu berriaren hankasartzeekin: web orri alderdikoi baten martxa-jartzea edota Guggenheim-aren diru-partiden ezjakintasun nabarmena, esaterako. Aldapa malkartsuan, EAJ-PNV tinko mantenduko da. Eta, gobernu berri eta argi berriekin gabiltzala, guk argi daukagu; “ez dugu inoiz esango azken burukoa dela, milaka gara ta eguzki berriaren argia geurea da”.

COMPARTE