Opinión
21Marzo
2009
21 |
Opinión

“Gorka Agirre-ren aldeko agurra eta ohoreak”

Opinión
Marzo 21 | 2009 |
Opinión

Xabier Ezeizabarrena

Opinión

El Diario Vasco


Euskal Herriko gailurretik ikusten denez, ibarrez eta herriz betea da Euskal Herriko lurra, denborak aurrera egin ez balu bezala. Beharbada, hala dela ematen du mendi garaietatik begiratuz gero, baina behean, ibarrean, oso bestela dira gauzak eta gure herriaren aldeko lan egin zuen gizon haundi bat joan zaigu gaur bertan, Gorka Agirre. Niri, mendi goratik euskaldunei begira nagoen legelari naizen aldetik, iradoki dit Zuzenbidea ezin dela gehiago erabili hain baldar, gure gatazka mendeetakoa konpondu ezina baitakar. Gorkak bera, bere bizitza osoan ibili zan bakearen aldeko lana eta ahaleginak egiten, etengabeko gure norabideak bilatzen eta irekitzen.

Argi bide dago ez dagoela helburu politikorik, den funtsezkoena izanik ere, bere-berez xede denik. Pertsona gisa eta herri gisa dugun izateak erakusten duenez, beharrezkoak gara prozesu batean, eta inork ezin du aurreratu prozesu horretan zer gertatuko den, arian-arian jartzen baitira oinarriak. Horrek esan nahi du ez oraingo erregimenaren segida, ez libre erabakitzeko eskubidea eta ez independentzia ezin direla izan, bere-berez, prozesu jakin baten azken helburua. Prozesu politiko demokratikoak, erregimen totalitarioetan gertatzen ez den bezala, bizirik daude beti, zabalik; etengabe aldatzen ari dira. Horixe da, hain zuzen, demokrazia guztien muina: bidea beti zabalik egotea hitz egiteko, negoziatzeko eta gizarte liskar mota guztiak konpontzeko. II. Mundu Gerra ondoren erabiliriko konponbide juridiko-politikoek ez dute balio orain nazioartean den egoeran, eta konstituzioek ez dute konponbideak betiko ematen orain ere baditugun barne liskarretarako.

 

Errealitate demokratikoaren parte da bere burua aldatzeko premia gorria, egoera berrietara egokitzekoa eta, bistan denez, beste ezeren gainetik subiranotasun bakarra dutenei galdetzekoa: herritarrei galdetzekoa alegia. Hemen gainetik aipatu dugun sare korapilatsu horretan, Zuzenbidea funtsezkoa da. Izan ere, Zuzenbidea da gatazka konpontzeko tresna nagusia; horretarako erabiltzen dituen formulak ez dira denak inposizio kutsukoak: borondate eta interes kontrajarriak ezkontzeko modua ere egiten da.

 

Alor horietan eta beste hainbatetan, Zuzenbideak bakea sortu behar du, gatazka eta lege arazoak konpondu. Legediak berak galarazten du, teoria formalean behintzat, bere tresnak alderdikeriaz erabiltzea arazo bat luzatzeko. Alderantziz: edozein interpretazio irizpide konponbideak bilatzeko da, alde batzuk gogobetetzeko eta justizia betetzeko. Halaxe da Zuzenbide Konstituzionalean hortxe dago kokatua oraingo euskal gatazka, Espainiako eta Frantziako konstituzio mailetan eta Europako Batasunaren esparruan maila makro-konstituzionala. Beste horrenbeste esan dezakegu Nazioarteko Zuzenbideari buruz; Nazioarteko Zuzenbidea ezinbestekoa da zenbait gairi heltzeko: besteak beste, libre erabakitzeko eskubidea eta errealitate berriak diren motakoak direla nazioartean aitortzea. Dena dela, interpretazio bidegabeak egiten dira oraindik ere alor horietan guztietan; hala, askotan sistema itxuragabe bat balitz bezala deskribatzen dute Zuzenbidea, arazoak konpontzeko inolako ezaugarririk edo helbururik ez balu bezala.

 

Zenbait estatu eta gobernurentzat, arau multzo geldo hutsa da legedia: bere hartan du azalpen politiko eta soziala, eta ez diote erreparatzen politikan, lurraldean eta gizartean den egoerari, ez eta egoerak berak izan duen bilakaerari. Ikuspuntu horrek urratu egiten ditu legeak interpretatzeko jarraibide oinarrizkoenak. Zuzenbidea ez da helbururik eta loturarik gabeko arau batzuen multzo itxuragabea, eta ezin da horrela balitz bezala interpretatu; aitzitik, arau bakoitzak, araudi bakoitzak egiteko bat dute: gatazkak konpontzea eta gizarte bakea lantzea. Bere buruarentzat nahikoa den egitura geldoa ere ez da Zuzenbidea; aitzitik, indar dinamikoa da Zuzenbidea, eta indar dinamiko hori, baketze helburuen zerbitzuan, egokitu egiten da errealitate sozial, historiko eta politikoetara, eta, nola ez, denboran izaniko aldaketetara.

 

Euskal auzian, ezin argiago dago zein den gogoeta hauen guztion ondorio praktikoa eta Gorka Agirre bera bazekien oso ongi Euskal Herriko arazoek behar zituzten eta behar dituzte oraindik lanak eta asmoak, norabideak eta Europa-ko loturak ere. Bai Zuzenbideak eta bai sen onak erakusten dute euskal arazoa ez dela, gaur egun, euskal bakarrik. Era berean, erakusten dute ETAren terrorismoa, euskal arazoa ez ezik, espainiar arazoa ere badela. Euskal gatazkan aldez edo moldez ari diren osagaietatik bat bera ere ezin da izan inoren jabetza esklusiboa, horrela aurkezteak gatazkaren eta haren adarren interpretazio itxuragabetua egitea baitakar.

 

Oraingo Zuzenbideak konponbide posibilistak eta azkarrak ematen ditu gatazka mota guztietan, betiere arauen irizpide interpretatibo eta teleologikoak egokiro erabiliz gero. Horrek esan nahi du Zuzenbidea ez dela kasuala edo geldoa, balio eta helbururik gabea. Zuzenbidea etengabe agertzen da harreman sozial eta politikoetan, eta harreman horien bitartez egokitu beharra dauka, bere indar guztia erakutsi beharra. Ikuspegi horretatik begiraturik, horixe da «Zuzenbidearen Indarra», Ihering-ek aldarrikatua; hain zuzen, gizarteak ematen dion indarra, zernahi gatazka konpontzeko modu funtsezko eta argia izan dadin.

 

Zuzenbideak, oinarri horiek ahazturik erabiltzen bada, erabat galtzen du balioa eta indarra, eta izugarri ahultzen da, legelarien mundua kanpotik baldintzatzen duten faktoreen aldean. Zuzenbideak eutsi beharra dauka; bere helburuak zaindu behar ditu botere ekonomikotik eta politikotik, manipulaziotik eta botere erlijiosotik. Hala egin ezean, ez da nahikoa izango alor horietan sortzen diren gatazkak konpontzeko. Hori egiteko zilegitasuna, hain zuzen, demokraziak berak ematen dio, elkarrekin bizitzeko eta etengabe eraikitzeko modu irekia den aldetik, Gorka Agirre-k bere bizitzan zehar bultzatu zuen bezala. Zuzenbideak kanpo erasoei eusten ez badie, sistema koloka geratzen da, eta gizarteak mesfidantzaz hartzen du haren funtzionamendua eta zilegitasuna. Are gehiago: Zuzenbideari kanpoko faktoreak nagusitzen bazaizkio, sistema demokratikoa desegin egiten da eta beste gobernu eta bizikidetza mota batzuk sortzen dira, gizarteak bake sozialaren bila egiten duen bidean. Goian bego, Gorka Agirre-ren lanak, asmoak eta arima alaia ta irekia.

 

"Iturri zaharretatik edaten dut, ur berria edaten, beti berri den ura betiko iturri zaharretatik. Inoiz agortzen ez den iturrian, inoiz lehortzen ez den ura... eta ni, ur horren ubide!" (Joxean Artze).

COMPARTE