Legelari batzuek kezka handiz ikusten dihardugu nola Zuzenbide Estatua oso egoera prekarioan uzten ari diren Espainian; are gehiago, kezka handiz ikusten dihardugu elkarren kideko diren erakunde batzuk nola bultzatzen ari diren nahita bilatutako haustura erakusten duten zantzu garbiak. Auzitegi Nazionalak orain dela bost urte hasitako gurutzadan, Egunkariaren aurka, automatikoki eten ditu jarduerak, ohi duen bezala; egoera honek goitik behera erakusten du espainiar eskuin muturrekoen eta zaharkituenaren zati esanguratsuaren izaera totalitarioa.
Horien amorrua bideratu dute kasu honetan euskaraz dagoen egunkari bakarraren aurka. Baina hausnarketa politiko higatuak ahaztuta, balio bezate lerrook berme konstituzional batzuk azpimarratu eta guztiontzat errebindikatzeko: hain zuzen, Auzitegi Nazionalak zalantza izpirik gabe ebatsi dizkigun berme konstituzional horiek, kautelaz ebatsi ere, eta euskararen aurkako eraso zuzen batean.
Guztiok iraganekotzat geneuzkan arazoen aurrean jarri gaitu gai honek, baina, zoritxarrez, oraindik arazook badiraute, eta benetako ardura sortzen dute gizartearen zati handi batean. Espainiako Zuzenbide Estatuaren prekarietatea oinarrizko bi frontetan antzeman daiteke: oinarrizko eskubideen erabilerak eta zainketak izan duten atzerakadan, eta poliki-poliki erlatibizatuz doan botere banaketaren printzipioan. Harrigarria bada ere, bi fenomenook dituzte, batetik, Estatua eratzen duten herritar eta lurralde guztiei dagozkien adierazpide orokor bateratuak, eta, bestetik, politikari eta epaile batzuk itsututa dauzkaten adierazpen zehatz baina baldarrak, euskararekin eta euskal kulturarekin zerikusia duten guztiaren ingurukoak. Baina ikus dezagun, azaletik bada ere, egoera horietako batzuk eta gero eta larriagoak diren jokaera horiek, Euskaldunon Egunkarian gertatutakoari arreta berezia jarrita.
Oinarrizko eskubideak gure garapen zibilizatorioaren emaitza ezin galduzkoak badira eta, horretaz gain, Konstituzioaren arabera pertsona eta erakunde guztiek Legearen eta Zuzenbidearen aurrean duten aitorpen agerikoena, guztiok dakigu eskubideon erabilera eta zainketa murriztu egin dela eta egiten dela Euskal Herriko egoeran, bai terrorismoaren ekintza suntsigarriagatik eta bai beste zenbait ekintzarengatik ere, haiek ere larriak eta askotarikoak. Aspalditxoan, oinarrizko eskubideen erabilera eta derrigorrezko zainketak atzera egin du hainbat alorretan, beti Konstituzioaren irakurketa partzial eta interesatuen pean, eta eskuarki Gobernutik eta botere legegiletik datoz, zeinek Gorteetan gehiengo nagusiari eusten baitiote, eta gero eta laguntza handiagoa ematen die Auzitegi Nazionalak arlo batzuetan.
Harrigarria bada ere, Auzitegi Nazionalaren Autoak lotu zuen atxiloketak eta Egunkariaren itxiera edo kautelazko etenaldia, eta frankismoaren garaiko iritzi delituak bizi-bizi daudela dirudi gure artean. Ezin dugu ahaztu 1998an beste euskal egunkari bat ere itxi zutela. Hala, epaileak Egunkariaren jarduerak kautelaz eten ditu haren buruen erantzukizun penalari buruzko erabakirik hartu gabe, eta, gainera, badirudi beretzat hartu nahi dituela kazetaritzako zenbait jarduera baimentzeko legitimazioa eta konpetentzia, jarduera horiek guztiak adierazpen eta informazio askatasunerako oinarrizko eskubideen artean egonik ere.
Bat-batean, oinarrizko eskubideen erabilera instrukzio epaile batek eman edo gaitzesten du, bere kabuz erabakiz noiz, non eta nola erabil ditzakeen kolektibo jakin batek Espainiako Konstituzioaren 20. artikuluan onartutako oinarrizko eskubideak.
Mundu guztiak dakien bezala, oinarrizko eskubideak ez dira botere legegileak, eragileak edo judizialak emanak; ez dute garapen legislatiborik txikiena ere behar libre erabili ahal izateko. Eskubide horiek bere-berezkoak ditugu gizakiak izate hutsagatik; beraz, ezin dizkigute kendu, enbargatu eta, jakina, preskribitu Zuzenbide Estatu batean, ez bada epaileak agindutako zigor kondena judizial baten pean bereziki murriztuta. Baina Auzitegi Nazionalak proposatzen digun Eskubide Estatuan ikuspegia oso bestelakoa da. Konstituzioak aipatu 20. artikuluko oinarrizko eskubideak bermatzen dituenean, ezarrita daude muga zeharkaezin bat eta prozedura jakin bat eskubide horiek kentzeko, baina, ikusten denez, Auzitegi Nazionalak ez ditu kontuan hartzen muga horiek, bere ikuspegi konstituzionala ez delako osoa, interesatua delako edo politikoki aurrez erabakitakoa, eta goitik agindutakoa delako. Guztiz beste aldera, ondoriozta dezakegu epaileak iradokitako eskubide horien murrizketak eskatzen duela edo oinarria duela lurraldearen zati jakin baten eta kolektibo jakin baten gaineko salbuespen egoera moduko batean; kolektibo hori ´kasualitatezª kasu honetan kulturalki euskararekin identifikatutakoa da.
Beste behingoz, Konstituzioaren erabilera aldizkakoa da, bere esanahi juridiko hitzez hitzekotik guztiz urrundutako irakurketa politikoekin, eta azken helburu birtualtzat hauteskundeetako irabazi politiko jakin bat baino ez du. Indarrean dagoen Alderdien Legearekin gertatu den bezala, murriztu egiten dira kolektibo baten berme konstituzionalak, konturatu gabe eskubide horien murrizketa guztientzat dela eta Konstituzioan bertan argi galarazita dagoela. Indarrean dagoen Espainiako sistema konstituzionalean, oinarrizko eskubide horiek eten daitezke salbuespen edo setio egoera (55. art.) deklaratuz gero. Auzitegi Nazionalaren asmoa baldin bada kautelaz eta erdi-ezkutuan salbuespen egoera dekretatzea aipaturiko 55. artikuluaren babesean eta egoera horretan pertsona jakin batzuei oinarrizko eskubideak kentzea prozedura penalik egin gabe, orduan 4/1981 Lege Organikoa da bidea, Alarma, Salpuespen eta Setio Egoerei buruzko legea, hain zuzen.
Baina prozedura horrek zuzenean inplikatzen ditu estatuko Gobernua eta Gorteak, zeinen egiteko batzuk Auzitegi Nazionalak hartu bide baititu. Berriro ere, badirudi botereen banaketako printzipioa ez dela ondo ateratzen gure argazkian.
Botere banaketako printzipioaren erlatibizatze gero eta nabarmenagoak arrisku berehalakoak dakartza, eta horrek erantzunarazi beharko liguke. Egunkariarekin gertatutakoa guztiz eta erabat onartezina da edozein Zuzenbide Estatu demokratikoren ikuspuntutik. Atzeraka egite horretan, oinarrizko eskubideak bide administratibo eta judizialetik graziaz emate horretan, elkarri gerturatzeko oso bide arriskutsuan sartu dira, eta horrek urratu egiten ditu berme eta kontrol konstituzionalak, baita, ikusi dugun bezala, banakoen eta taldeen eskubide oinarrizko batzuei dagokienez ere; eskubide horiek zaintzeko, adierazpen eta informazio askatasunak oinarrizko ardatz negoziaezinak dira. Kontua baldin bada Konstituzioa guztiz itxuragabetzeraino aldatzea, agintariek jakinarazi egin beharko liekete herritarrei. Eta konstituziogileetako bat Auzitegi Nazionalak izan behar baldin badu, are gehiago. Azken finean danok Egunkaria garelako.