Opinión
19Febrero
2008
19 |
Opinión

Euskal porrota

Opinión
Febrero 19 | 2008 |
Opinión

Amatiño

Opinión

Euskadi Irratia


Azken egunotan berriro hasi gara entzuten Espainia eta Euskadiren artean omen dagoen gatazka politikoaz. Baina, mila aldiz errepikatu arren, euskal gatazka politikorik handiena ez da Euskadi eta Espainiaren artekoa, euskal hiritarron artekoa baino.
Izan ere, ez nuke ba nik besterik nahi, gurean dugun gatazka Euskal Herria eta Espainiaren artekoa izatea baino. Horrek adieraziko luke, behingoz, euskal hiritarrok bat gatozela, gure jarrera adostu dugula eta Madrilen alternatiba bakarra aurkezteko moduan geundekeela. Orduan izango litzateke, bai, Euskadi eta Espainiaren arteko gatazka, baina bitartian...

Bitartean ezin duguna egin zera da, geuk gezurrak asmatu eta geuk sinestu. Nik ez dakit zelan erantzungo lukeen Espainiak, euskotarrok bat etorriko bagina eta aho batez aurre egingo bagenio. Baina hori, gaurkoz, fikzio hutsa da, gu geu gure artean bat etortzen ez garen artean.

Nafarroako hiru laurdenak eta Arabako bi herenak abertzale ez diren artean, nor arraiok esan dezake euskal gatazka Euskadi eta Espainiaren artekoa dela? Hemen pendiente dagoen matxinada bakarra zera da: armak utzi, elkarrekin hobeto konpondu eta hauteskunde gehiago irabazi. Eta gero gerokoak.

Auskalo euskaldunok bakeak egin eta bat gatozen egunean independentzia garesti edo merke egongo ote den Europako merkatuan, baina bat ez gatozen artean, arazoa gurea da, gatazka gurea da eta, jakina, porrota ere gurea. Bitartean, ez kanpoan errudun bila jardun. Ez gaitezen gero umeak izan.

COMPARTE