Opinión
31Julio
2007
31 |
Opinión

Politikagintzaren bidegurutzea

Opinión
Julio 31 | 2007 |
Opinión

Euskal Herriko eragile politiko batzuei, bestelako gizakiei baino gehiago kostatzen ari zaie XXI. mendean murgiltzea. Arazo berriei aurre egiteko tresna berriez baliatu beharra dago, erakunde aurreratuenetako esku-liburuek dioten bezalaxe. Eta erraza ez bada ere, iraun eta biziberritu nahi duenak ezinbestekoa du.
Gure herrian, asko dira erronkari adarretatik heldu eta praktika onak garatzen ari diren erakundeak : ez ditugu arrotzak, adibidez, hainbat ikastetxek eta ikastolek hezkuntza eleanitzari arrakastaz aurre egiteko eman dituzten urratsak, mutur bateko zein besteko elebakartasuna ez ezik, elebitasuna bera ere gainditze bidean jarriz. Bestelako euskal enpresa eta organizaziori begira jarri eta laster erreparatuko dugu nola zaintzen dituzten bezeroenganako begirunea, pertsonalaren prestakuntza-maila, merkatu berrienganako grina, lehiakortasunari aitortzen zaion balio erantsia etab. XXI. mendean nor izan nahi duenarentzat ez dago beste biderik: ahuleziak eta mehatxuak ondo aztertzea eta aukera bihurtzea baizik. Halaxe izan da beti.

Politikaren inguruan gabiltzanok, zer esan dezakegu euskal gizarte heldu honi erakusten dizkiogun egiteko moduez?. Desberdintasun politikoak ebazteko orduan, gizartean erroturik dauden bide aurrerakoi eta adostasun-zaleak aintzakotzat hartu ordez, aurkako bideak daramatzagunean, nola izan sineskor?.

Benetan bizitza politikoa hauspotu eta egungo egoeratik atera nahi badugu, politikari deitzen garenok geure jardun moduei erreparatu behar diegu lehenbailehen, demokraziaren balorerik behinenak lehortu eta politika demokratikoa itxura hutsean gera dadin nahi ez badugu.

Modan dago esatea egungo egoera soziopolitikoa bidegurutzean dagoela. Ni ados nago baieztapen horrekin. Eta eransten dut bidegurutzearen muina ez dagoela, batik bat, hauteskunde emaitzetan edo egitasmo politikoetan. Krisiak adierazle sakonagoak ditu: eragile politikoek, alderdietan zein erakundetan, euren eginkizunen dimentsioa eta erantzukizuna barneratzen eta koherentziaz kanporatzean erabiltzen dituzten moduekin dago batez ere lotuta.

Herritarren artean sinesgarritasuna, lasaitasuna, seriotasuna, adostasuna eta antzeko baloreak sendotzen joan dira. Gure arteko desberdintasunak elkarri onartzen ikasi dugu, elkarbizitzan asko aurreratu dugu. Politikaren alorrean ostera, elkarrizketaren ordez bakarrizketa; gogoetaren ordez, biribilketak; analisia eta azterketaren ordez, aurreiritzia eta titular deiadargarriak; akordioaren ordez, desadostasuna.

Adibide –eta, aldi berean, argibide- bakarra jarriko dut, paradigmatikoa baita: 10-12 egunetan bolo-bolo ibili den “No imponer, no impedir” Josu Jon Imaz, EBBko presidenteak idatzitako artikulua.

Bi ardatz nagusi zituen testuak: bata, EAJ-EAJren, EAren eta EBren arteko koalizio hitzarmenaren “Konpromiso politikoak eta programa-oinarriak” atal nagusia: Hona hemen:
“Bizikidetza demokratikoan oinarritutako benetako harremanak erabakitzeko askatasuna izen behar du ardatz, eta ez ordea inposaketa. Horrenbestez, normalizaziorako edozein akordiok jaso beharko du, batetik, euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea duelako printzipio demokratikoa, beti ere indarkeriarik eta inposaketarik gabe, eta, bestetik, aniztasunarekiko errespetua eta hitzarmenarekiko konpromisoa, elkarren onarpenetik abiatua ”.

“Eusko Jaurlaritzak baimena eskatuko dio Eusko Legebiltzarrari, indarkeriarik gabeko jokaleku batean eta inor baztertu gabe, euskal gizarteari kontsulta egiteko erdietsitako Akordio Politikoa berretsi dezan. Legebiltzarraren baimen horrek bildu beharko ditu, betiere, hitzartu ondoren, kontsultarekin zerikusia duten alderdiak, adibidez, indarkeriarik ez dagoela eta bazterketarik ere izango ez delako berrespena, emaitzak onartzeko ezarritako printzipio demokratikoa, eta negoziatzeko eta antolamendu juridikoan sartzeko prozedura.”

Artikuluaren bigarren erreferentzia EAJk 2005ean burutu zuen “Elkarbizitzarako bake bideak” txosten estrategikoa da. Bertan daude azalduta bai biolentziari aurre egiteko osagaiak zein bake-prozesuak ezinbestekoak dituen baldintzak. Eta baita “ez eragotzi-ez inposatu” ideia bera ere, ituna oinarri duen Euskadigintza adierazteko eta aldarrikatzeko bide gisa, lau hitzetan honako ideia bilduz: saia gaitezen Euskadin denon arteko ituna egiten, euskal gizartearen borondatearen errespetuan, eta erabaki horrek aurrera egingo duen hitza eman diezaiogun elkarri, jakinda, alde batetik muga dena bestetik berme dela.

Hauxe artikuluaren muina. Hurrengo 24 orduetan agertutako adierazpenak entzun eta irakurri ondoren, tamalez, politikagintzan eragile diren gehienek, gizarteko beste iritzi emaile askok ez bezala, aho-berokeria eta histeria besterik ez zuten erakutsi, euren iritzia eman orduan. Konturatu barik agian, aurkariari kalte egin ordez eurak geratu direla lotsagarri, egunak igaro ahala. Eguzkiak beti egiten baitu argi.

Adibide argigarria benetan politikaren bide gurutzea nondik norako den adierazteko, berandu baino lehen ebatzi behar dugun bide gurutzea, alegia. Nola errespetatuko dute herriaren borondatea, iritziari eta arrazoibideari errespeturik ez diotenak?. Denontzako ikasgaia, ni neu barne.

COMPARTE