Opinión
27Julio
2007
27 |
Opinión

Ondarroa eta Mendexa

Opinión
Julio 27 | 2007 |
Opinión

Hauteskundeetatik bi hilabete betetzen direnean lanean hasi beharra dago. Ondarroak eta Mendexak ez dute merezi beste inon egongo ez den lau urteko desgobernurik. Horrexegatik eman dugu EAJko 16 lagunek aurrera pausua.
Eta zergatik eta zertara azaltzera nator.

Hauteskunde aurrea. 2002an Batasunak eragotzi egin zuen, PP eta PSErekin batera, alderdien legearen kontrako EAJren helegitea. Baten batek azaldu beharko die orain Ondarroako eta Mendexako ANV taldeei zergatik Batasunak ez zuen nahi izan alderdien legea Auzitegi Konstituzionalera eramaterik.

Denboran aurrera, etorri dira udal hauteskundeak. Batasunak ere, Espainiako Gobernuaren joko arauak eta irizpideak onartuak zituela. ASB aurkeztu zuen lehenik, eta legez kanpo geratzean, ANVk hartu zion tokia: udalerri batzuetan legeztatzea errazteko irizpidez egin ziren ANVren zerrendak, eta beste batzuetan ez. Ondarroan eta Mendexan legez kanpo geratu ziren. Ondorioz, pertsona ugari bidegabeki geratu zen, bozkatzeko legezko aukerarik gabe; eta, bestetik, boto-emaile askok ANV bozkatu zuten, gobernatzeko baliagarriak izango ez zirela jakin arren. Errespetu osoa aukera horri, baina gauzak argi esan ditzagun.

Hauteskundeak. Maiatzaren 27an, Ondarroako eta Mendexako herrietan, udalbatza osatzeko eta herria gobernatzeko ezinekoak ziren botoak asko izan ziren, ANV berak ondo dakien bezala. Horrexegatik, hauteskunde ostean Bergaran eratu zuen Hautetsien Bilerara ez zituzten deitu Ondarroako eta Mendexakoak, ezta aintzakotzat hartu ere, antolatzaileak prentsari emandako ANVren udalerrien zerrendaren arabera.

Mendexa eta Ondarroako udalbatzak ezin izan ziren garaiz eta tokiz eratu. Konponbide bila, elkarrizketarako garaia ireki zen, nahiz eta emaitzarik ez lortu: Batasuna-ANVk bere estrategia propioa du, berekoia, zurruna eta negozia ezina; zoritxarraren errurik eta ardurarik ez duenari ezinezkoak eskatzen dizkion estrategia, alegia. Eta EAJ, EA eta EB-Aralar alderdietako hautetsiek uko egin zioten presiopean.

ANVk ez du bidegabe jokatzeko eskubiderik, zorigaiztoaren ardurarik ez dutenekin. Sufrimendua sozializatzea ez da zilegi, are gutxiago gizatiarra. Izan ere, inortxok azalduko ote digu ANV legezko den herrietan ASBk zergatik ez dituen ANVko zinegotziak iraintzen eta jesarlekuak itzultzea agintzen? Inork azalduko digu zergatik ote diren gure zinegotzi eta alkateak eurak bilatu ez eta demokratikoki borrokatu duten egoeraren errudun?

Bi hilabete hauetan ANV ez da gai izan udalbatzak osatzeko herri hauetan. Eta ez da EAJk eragotzi diolako izan. Zertara dator, bada, epe laburrera hoberik izango ez duen egoera ikusirik, lanerako konpromiso hartu dugunoi errua leporatzea? Zergatik gobernu ona merezi duen herritar baketsuei tamaina horretako tentsioa ezarri nahi? Zergatik aitortu nahi ez ETAk ez duela inor hiltzeko eskubiderik eta norbanako zein giza-taldeen eskubide guztien oinarri den bizitza dela itzulerarik ez duen galera bakarra? Zergatik aitortu konstituzioa lege agindupean beteko dela eta ez, ostera, salatu indarkeria gizalegearen izenean, besterik ez bada?

Hauteskunde ondokoa. EAJ saiatu da egoerari konponbidea bilatzen. Baina ANVk ez du aintzat hartzen besteok ere legeak bete egiten ditugula, aldatzeko ahaleginari ekiten diogun arren. Ezker abertzaleak berak egiten duen bezalaxe, edozein buruzagi Auzitegi Nazionalera doanean, deia jasotzearekin batera. Ez gehiago eta ez gutxiago.

Botoa eman ala ez, pertsona guztiek dute oinarrizko zerbitzuak jasotzeko eskubide berbera eta, bermatu ezin denean ez delako erakunderik abian jarri, zilegitasun eta erantzukizun osoa dute lege-ordezkaritza duten alderdi politikoek. Horretarako daude, gaude, batzorde kudeatzaileak Ondarroan eta Mendexan.

EAJren ordezkariok, Euskadiren aldeko konpromiso demokratikoa dugu goiburu. Baita Ondarroan eta Mendexan ere. Abertzaleak gara, eta Euskadiren eraikuntzan aurrera dihardugu instituzio demokratikoetan lan eginez. Euskal Aberria eraikitzea da, besteak beste, herri-paisaia atsegina eskuratzea, azpiegiturarik onenak lortzea eta herritarren kezkak eta proposamenei bide ematea.

Errierta bila datorrenak beste leku batean egin beharko du jarduna. Eraiki nahi dugu, eta ez desegin; berbetan elkar ulertu eta ez txilio batean bizi. Garbitzea dugu gogoko eta ez zikintzea, eta agur egitea emankorragoa dela uste dugu irain egitea baino. Ez al dira izango Mendexa eta Ondarroa Euskal Herri osoan etxerik gabeko udal bakarrak! Burua berotzeak eta garrasirik handienak ez gaitu sekula abertzaleenak bihurtu. Geroak esan beza...

COMPARTE