Opinión
31Mayo
2007
31 |
Opinión

Arerio bila norabide okerrean

Opinión
Mayo 31 | 2007 |
Opinión

Eskutik eskura ibili zan domekan Ondarroako kaleetan zehar herriko talde batzuk kontu arrazoi eske luzatu eusten idazkia (onerako zein txarrerako, danok alkar ezagutzen dogun herrian, danok ezagutzen ditugun taldeak). Eta herritar askorentzat harrigarria eta mingarria ere gertatu danez, idaztea erabaki dot.
Orain dala pare bat hilabete luze «Gutun Irekia Ondarroatik» jaso neban neure lantokian, Sabin Etxean. Sinatuta baetorren bere, izenburuak berak sortu eustan lehen susmoa: gutun irekia ez jako inori idazten zerbait azaldu, eztabaidatu edota eskatu nahi jakonean, arazoak konpondu nahian. 

Gutun irekia zerbait aurpegira jaurtitzeko idazten da, edota baten bati esan nahi jakona, gezur, erdi gezur, egi edo laudorio, besteek ere ezagutu dagien. Gutunak, berez, igorlea eta jasotzaile zuzena izaten ditu eta, ostera, kontu-arrazoiak irekian botatzeko orduan, iritzi artikuluak, hitzaldiak eta jendaurreko ekitaldiak erabiltzen ditugu eta aurrez aurre jarduten dogu. 

Iragan domekara arte ez nenkien nori eta nora irekia zan martxoan jaso neban gutun famatu hori, ez nekien, beraz, noren aurrean defenditu behar neban neure burua halako irainak irakurri eta gero, modu oso apalez adierazita, hori bai. Ezin jakin nori erantzun, jokoa maltzurra zan-eta. Horrexegatik ez neban gutuna erantzun. Eta, domekakoa ikusi ondoren, ez dot damurik. 

Gutunaren edukira noa: 

Hasteko, Ahotsak plataformaz nik dodan jarrera eta nire esan-eginak maila horretaraino trabestuak jarri duenak lotsatu egin beharko leuke. Edo gezurretan dabil edo ezjakinean dago. Ez dakit zein den bietan okerrago. Eta ondorioak, beti gaiztoak. 

Ahotsak-ri buruz neuk zuzenean esan eta idatzitakoak ETB1eko Kalaka programan esan eta Deia-n jarri nituen, eta nahi dabenak eskura daukaz. Hainbat emakumeren aurrean emon ditudan hitzaldietan bere jasota dagoz nire iritziak. 

Gertatzen dana da zuzen eta egi bila dabilenak, batetik, aurreiritzi gaiztoak bazter utzi behar izaten dituela, eta, bestetik, komunikabideetako informazioa eta editorialak bereiztea ezinbestekoa dauela. 

Bistan da irain horiek bota deustazanak ez dituela jasan emakume batzuk ni neu ere tartean gure konpromiso politikoan aurrera egiteko erabakia hartu dugunean sufritu ditugun bazterkeriak eta injustiziak, emakume izate hutsagatik. Bestela, gehiago hausnartuko eban, gutun irekira jo aurretik, begirune gehiagoz aztertuko zituen nik egindako adierazpideak. Hortik aurrera, besterik ez dot esango. 

Beste alde batetik, kontakizun luzea egiten dau gutunak, orain urtebete Ertzaintzak 301 eurotako isuna jarri izanagatik herritar bati. Eta ez dakit azken abenduko 30ean ETAk hil zituen langileengatik gutun irekirik egileari berari idatzi deutsonik! 

Bai Jaun andreok! Joko erregelak danok errespetatu behar ditugu. Ezinbestekoak dira alkarbizitzarako, bai familian, bai gizartean. Eta zilegitasun osoa dabe, demokratikoki sortuak direlako, herritarren borondatez jaioak. Ertzaintza polizia demokratikoa da. Eta baditugu bideak, jokabide gaiztorik balego, salatu eta neurriak jartzeko. Beti defendatu dot, eta baita eskaini bere neure burua salaketatan laguntzeko, hori eske etorri jatan edonor, benetan sinisten dodalako gure erakundeen oinarri demokratikoetan. Joko erregela demokratikoak errespetatu? Bai horixe. Eta defendatu bere bai. Nola bestela alkarregaz bizi? Balio ez dabena da norbere eskubideak aldarrikatzen jardutea eta aldi berean inorenak ukatzea. 

Azkenik, eskizofrenia aipatzen dau gutunak behin eta barriro. Eskizofrenia modu asko dago gure herrian. Eta ez da adibide txarra gutuna bera: hitz apalak eta irainez beteak; sarri ikusi Ondarroan eta hizketaldia aukeratu ordez, gutuna idatzi; gutunaren helburua jakinaraztea dala esan eta gero erantzuna aldarri; erantzunik jaso ez eta bigarren jakinarazpena sinatzaile barriez eta herritar guztiei. 

Dana dala, hurrengoan bere neure iritziak adierazten jarraituko dot tinkotasunez, eta alperrekoak izango dira horrela kudeatzen diren gutun irekiak. Eta, Jainkoa lagun, Ondarroa aldean izango naz: ondarrutarra naz, urguilu osoz. Gurasoak bertan bizi ditut. Hainbat lagun bere bai. 

Bitartean, gutunaren igorle guztiei, errespetu osoz, bejon dagiela!

COMPARTE