Opinión
11Abril
2007
11 |
Opinión

Indarkeriak ezin eskaini babes demokratikorik

Opinión
Abril 11 | 2007 |
Opinión

Ez nuke egiarik esango ETAren azken elkarrizketa-agiria ez dudala irakurri esango banu. Egia ez den bezala “ETAren gogoeta Euskal Herriko eztabaida politikoaren gune bihurtu” denik, horrela esan duenik badago ere. Irakurritakoaz hitz egin dugu, bai, baina alde galanta dago izua eta kezka sortu izanagatik notizia izatearen eta gogoeta batek har lezakeen erreferentzialtasunaren artean. Indarkeria, ezer bada, gogoetaren ukazioa baita.
Duela hirurogeita hamaika urte, gora heriotza! garrasika zioenak, bere aberri gorenaren, bakarraren eta askearen izenean hil zituen milaka pertsona, eurena defenditzeko hitza eta gizatasuna bakarrik zituztenak. Nork sinetsi dezake ETAk agertutakoa eztabaida-gune bihurtu daitekeenik, berarekin ados ez dagoenari hilko duenaren mehatxu egiten dionean edo “prozesu demokratikoari” astinaldia eman behar diola-eta, bi langile apal hil berri dituenean aintzakotzat ere hartu gabe, samin izpirik ere erakutsi gabe? Euskal Herriaren izenean, gu guztion izenean, noski!

ETAren adierazpenak Aberri Egun arratsaldean irakurri nituen, ez eztabaidatzeko ezer aurkitzeko asmorik nuelako. Bai ostera ikusteko ea hainbat herritarren esperantzari bide emango zion ala zulo beltzetik hurbilago utziko gintuen. Eta esango nuke ez dudala zoritxarrez, topiko andana eta adimenari iraina besterik aurkitu. Eta, tarteka, sufrimendua, izua eta hotzikara dakarten pasarteak.

Halere, talde terroristak adierazitakoaren gainean hiru gai aipatu nahi ditut:

1. Marko demokratikoa eraikitzea eta herriari hitza ematea omen da, ETAk babestuko duen prozesu demokratikoa, hain zuzen. Baina, nola babes dezake indarkeriak demokratikoa den zerbait?. Ba al du demokraziak aurkari gaiztoagorik indarkeria baino?. Ildo honetan jarraituz, Euskal Herriaren arazo nagusiak egungo instituzioetako kudeatzaileek konpondu nahi ez dituztenak omen dira; hots, euskararen ofizialtasuna eta Iparraldeko eta Nafarroako agintariak errudun. Bere ekarpen latzena ez balitz bezala, duela 6 urte Euskararen Aholku Batzordeko kide eta ikastolen sustatzaile zen gizon on bat hil izana.

Inkestak ere aipatzen ditu ETAk euskararen egoeraren lekuko gisa. Ez al daki, bada, inkestaz inkesta euskal gizarteak behin eta berriro esan diola bere indarkeria duela lehen arazoa?. Ez al daki edozein gizatalderi kanpotiko erasoak baino askoz min handiagoa egiten diola barrutik jaten duen eriak?. Eta, ez al daki arrisku horretaz oharturik, hain zuzen, bere burua ETArengandik babestua duela aspaldi euskal gizarteak, “indarkeriari ez, elkarrizketari bai” esanez?

2. Elkarrizketaren gainean ere hitz egin du ETAk, baldintzarik ez duela behar esanaz. Hori diosku, indarkeria neurgailu duela, alderdien proiektuei eta akordioei neurria hartzeko eta oniritzia emateko misioa bere buruari aitortu dion eragile nagusiak!
Hitz egin, egiten dugu gure artean eragile politiko gehienok. Baina akordioen bila joateko eztabaidarik ez dugu gorpuztuko “ebaluatzaile nagusi armatua” gela ilunean dagoen bitartean. Kontu arrazoiak gizarteari diogu zor eta ez beste inori.

3. Bi ohar Euzko Alderdi Jeltzaleaz:

--herrigintzarako dugun bokazioa eta gauzatzeko era beste proiektu politiko guztien gainetik babestu du euskal gizarteak orain arte. Eta babes horrek ematen dio EAJri indarra eta zentraltasuna. Ez beste ezerk. Oinarrizko datu horretaz jabetzen ez denak analisietan eta ondorioetan ez asmatzeko arriskua du.

--EAJko burukide et alderdikideok beti izan dugu indarkeriarekiko jarrera bat eta bakarra. Ez bakarrik orain; baita, Txibertan, Argel-en eta Lizarran ere. Bat eta bakarra, denok batera. Eta ez da hitz hutsa: azken lekuko idatzia “Elkarbizitzarako Bake bideak” deritzon txosten estrategikoa da, 2005eko urrian EBBk aho batez onartua. Indarkeriaren aurrean EBBko hamalauak bat gara. Lehen eta orain. Inork ez beza bestelako lukubrazioekin bere burua engainatu.

Eztabaidak Euzko Alderdi Jeltzalean? Bai. Bizirik gaude eta pentsatzen dakigu, eztabaidatzen dakigu. Ados jartzen ere badakigu. Herri hau estimatzen dugulako eta Euskadirekiko konpromisoa eztabaida guztien gainetik dugulako. Eta hor dago da euskal gizarteak ematen digun konfiantzaren gakoa.

Amaitzeko euskaldun askoren desioa adierazi nahiko nuke: jarri beza ETAk bere burua ispiluaren aurrean berandu baino lehen. Edo behartu beza Batasunak, horretarako gai denaren sinesgarritasunik geratzen zaion artean. XXI. mendeko Euskal Nazio baketsuak ez du-eta bere egingo indarkeriarekin lotutako proiektu politikorik.

COMPARTE