Opinión
14Febrero
2007
14 |
Opinión

Euskararen geroa orainean irabaziz

Opinión
Febrero 14 | 2007 |
Opinión

Egungo Euskal Herrian eta agian oro har Europako gizartean, “historikoa” adjektiboaren indarra, horrenbeste erabiltzeagatik, ahitzen ari garela uste dut. Horren ondorioz, maiz, historikoa den zer edo zer gertatzen denean honen garrantziaz ez gara behar den moduan jabetzen. Agian, horrelako batean gaude Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herrian euskararen gaineko erantzukizuna duten herri aginte guziek euskararen geroa elkarlanean jorratzea, gure hizkuntzari Ipar Euskal Herrian etorkizuna irabaztea xede duen hitzarmena erdietsi dugun honetan. Historikoa baita, Ipar Euskal Herrian euskararen geroa ziurtatze aldera, auzolanean, elkarlana eta diruarekin, euskararen alorra jorratzeari ekitea.
Ipar Euskal Herrian euskara biziberritzea helburu duen mugaz gaindiko hitzarmen honek Eusko Jaurlaritza eta Ipar Euskal Herriko Euskararen Erakunde Publikoa lotu ditu; azken hau Ipar Euskal Herrian hizkuntza politikarako gaietarako erakundea dugu, Frantses Estatuak, Akitania Eskualdeko Kontseiluak, Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak, Baiona-Angelu-Miarritze Elkargoak, Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluak eta Euskal Kulturaren Aldeko Herrien Arteko Elkargoak osatua. Hitzarmenak 2007. urtetik 2010 urte bitartean izango du indarraldia, ondoren, alde biek horrela erabakiko balute hitzarmena berritzeko/luzatzeko modua egingo da. Hitzarmenak Baionako Protokoloa ordezkatzen eta garatzen du, hura maila txikiagokoa zen eta 2003 irailaren 3an izenpetu genuen Jaurlaritzak eta EEPren aurrekari izan zen Obragintza Publikoko lurralde egiturak.

Orain erdietsi dugun hitzarmenak Eusko Jaurlaritza eta herri-agintaritzak biltzen dituen Euskararen Erakunde Publikoa lotzen ditu eta hizkuntza politikarako ardura duten euskararen eremuko bi herri-erakundeen arteko mugaz gaindiko lankidetza ahalbideratuko du, Ipar Euskal Herrian euskararen geroa ziurtatze aldera eta helburu horretarako elkarlana eta finantziazioa jarriko dugu.

Hitzarmenean alderdi biek, Eusko Jaurlaritzak eta Ipar Euskal Herriko euskara alorreko herri-agintariek adierazten dugu hizkuntza politikaren arloan garatuko den elkarlana, mugaz bi aldeetako ezaugarri juridikoak kontuan izanda garatuko dugula eta horrekin batera, euskara sustatzeko politika garatzeko tresna izatea nahi dugula aitortzen dugu sinatzaileek. Euskal Herri osoan eta beraz Euskadin eta Ipar Euskal Herrian hizkuntza komuna delako euskararen praktika garatzeko eta atxikitzeko nahia baieztatzen dugu alderdiek, beti ere bakoitzaren berezitasunak errespetatuz. Gure eskumenen esparruan, bakoitzaren gizarteko errealitate politiko eta sozialak gero eta hobeto ezagutarazi eta elkarren arteko adiskidetasuna garatu nahi ditugula adierazten dugu. Halaber, alderdi biek aitortzen dugu beharrezkoa dela elkarren arteko harremana indartzea jadanik abian ditugun edo aurrerantzean izan ditzakegun ekimenak bermatzeko eta bien intereseko lankidetza garatzeko. Azkenik, alderdi biek, mugaz bi aldeetako partaidetza bat azkartzeko borondatea eta euskararen arloan hizkuntza politika hitzartu baten egituratzea berresten dugu.

Horrela, auzolanean, oraina jorratuz euskara biziberritzeari ekin diogu Ipar Euskal Herrian, jakinda beti ere geroa orainean irabazten dela, Axular handiak idatzi zuen moduan: ez gaitezela, beraz, gu ere gerokan fida: joanak joan, etorkizuna etorkizun oraina da gure, eta ez bertze!”

COMPARTE