Ez dago gezur guztiak aintzakotzat hartzerik, ez irain guztiek min zaitzaten uzterik, ezta ere aurkariei erantzun beharrik, ahoak eman ahala esaten duten guztietan. Arrazoi sendorik ez duenak, bere proiektuari oinarririk sumatzen ez dionak, besteen etxeetan arrakalak egin nahian ematen du denbora, bere burua zertan hobetu dezakeen hausnartu ordez.
Horrexegatik politikaririk ahulenak izaten dira aurkarienganako gogo txarra erakusten dorpeenak; besteen argudioei aurre egiteko arrazoibiderik ez eta, horretantxe eman behar denbora; norbere burua indartzen eman ordez, inorena zapuzten. Eta jokabide horrek politikagintza bera moteldu egiten du, herri zerbitzaritzaren noblezia murriztu eta, luzera, elkarbizitza sozio-politikoa bera usteldu.
Ez naiz kritikek beldurtzen duten horietakoa; bilatu egiten ditut, uste baitut lagungarri direla etengabeko hobekuntza bideetan sinesten dugunontzako. Baina luzeegia da jada EAJren aurka eginez euren sinesgarritasun-poltsa loditu nahian dabiltzan politikariak, erakundeetan bidelagun ditugunak batzuk eta alternatibaren izenean besteak. Denak itsaso zakarrean arrantzan egin nahian, sasi-analisi ankerrez euren burua jantziz, itxura emango dutelakoan.
Ez diegu horrelakoei kasu gehiegirik egiten, baina, halere, komeni da noizean behin gauzak bere lekura ekartzea. Lauzpabost puntu, gauzak argitze aldera.
1. EAJ da Euskadiko alderdi nagusia, herritarrek halaxe nahi izan dutelako. Eta Hiruko Jaurlaritzan ere, berau da Gobernu Hitzarmenaren eragile nagusia. Baita Gobernuak bere gain hartutako konpromisoen lehen erantzulea eta bermea ere, inor gutxietsi barik. Beraz, ez beza inork inor nahastu esan-mezez.
2. Jaurlaritzaren ildoei dagokienez, Kontseilu Politikoa edota alderdien artean lortu asmo dugun akordio politikoaren gaineko kontsulta, aldez aurretik bere terminoak adostuta (Estatuarekin negoziatzeko bidea irekiko digun kontsulta «habilitatzailea»), É Hirukoaren Egitasmoan adieraziak eta Lehendakariak Inbestidura saioan aurkeztuak dira. Beraz, EAJren konpromisoak, oso osoan.
3. Zuzen legoke Jaurlaritzak egindakoa edo egin barik utzitakoa kritikatzea eta osasuntsua da, gainera. Baina nola uler liteke halako garraztasun politikoa sortzea oposizioan, Lehendakariak aldez aurretik agindutako ardatz edo programa bat Kontseilu Politikoa martxan jartzeak, iragarri zen momentuan ez zuelarik merezi izan inolako kritikarik edo deskalifikaziorik? Nola ulertu erreakzio hori, bakegintzarako eta elkarbizitza politikoa lortzeko laguntza eman asmoz datorkigun proposamenaren aurrean? Oposizio burutsu batek exijitu egin beharko lukeela ematen du, Kontseilu Politikoa benetako katalizatzaile izatea bakegintzan eta alderdien arteko akordiogintzanÉ eta gero, bere lanaren ebaluazio zorrotzena egin. Halere, oposizioko hiru alderdi nagusiek nahiago izan dute aldez aurretik deskalifikatzea.
4. Oker dabiltza EAJren buruzagitza politikoaren eta Lehendakariaren artean kontraesanak asmatu nahian dabiltzanak; batzuek txikikeria antzua eta besteek gaiztakeria hutsa erakusten dute; badaude bi dohainen jabe direnak ere. Baina euren proiekturik eza eta amorrua gehiegi igartzen zaie. Gogo txarrak ez du herritarrengan konfiantzarik sortzen. Beraz, joko horretan dabiltzan guztiek batzuk zein besteek jakin bezate EBBk eta lehendakariak, biok, ondo dakigula bakoitzak zein eginkizun eta erantzukizun daukagun gure alderdikideen aurrean eta herritarren aurrean. Ez dezatela gure artean urradurarik eragiteko asmoz denborarik galdu.
5. Bakearen bila gabiltza EAJko kideok; egian eta justizian oinarri duen bakearen bila. Disimulurik gabe, hitz eder eta «diskurtso zuzen» hutsetatik ihes, beti egin dugun bezala. Horrexegatik ezin ditugu isilik eduki gure herrietan hainbat herri-ordezkariren aurka gertatzen ari diren mehatxuak eta mendekuak. EAJko zinegotzi eta alkateak, beste alderdietakoak bezalaxe, herri ordezkariak dira, zilegitasun osoz. Errespetu pertsonal eta politiko osoa merezi dute. Eta jasaten ari diren egoeraren aurrean ez dago isilik egoterik. Gu ez gara isilik egongo; ahalegin guztia egingo dugu egoera hau desager dadin. Giza eskubideen urraduren aurka, era askotara egin daiteke lana eta, horretan ere, alderdi politiko bakoitzak bere egiteko moduak, bere kultura du. Baina irain eta mehatxu egiten dutenek argi izan beharko lukete, euren gogorkeriazko jardunak ez duela inongo alderdi politikoengandik, ez onespenik, ez babesik eta ezta ere, inolako konplizitaterik lortuko. Jakin beharko lukete gainera, ekinbide modu horiek benetako oztopo direla bake bidean eta elkarbizitza politikorako lanean.