Opinión
12Diciembre
2005
12 |
Opinión

Pasaiako Portuaren kanpoko handitzeari bai

Opinión
Diciembre 12 | 2005 |
Opinión

Eneko Goia Laso

Opinión

www.gipuzko.com


Aurreko ostiralean Eusko Legebiltzarrean, Europar Komisioaren Garraioaren Liburu Zurian ezartzen diren asmoekin bat egiteko Pasaiako Portuaren handitzearen aldeko proposamena onartu zen. Aspalditik batzuek defendatzen dugunaren ildotik.
Pasaiako Portua behar beharrezkoa da gipuzkoarrentzat eta oro har euskaldunontzat. Datu soil batzuek nahikoak dira hori baieztatzeko: Portuak gaur egun, Gipuzkoako Barne Produktu Gordinaren %1,65a suposatzen du, eta lurralde honetako enpleguaren %1,6a. Pasaiako Portuak, modu zuzenean edo zeharkakoan, sortzen dituen enpleguak 4.500 inguru dira.
 
Hori ikusita, uste dut guztion ardura dela Pasaiako Portuaren inguruan etorkizuneko apustu bat egitea, eta ez bakarrik egun suposatzen duen aberastasuna bermatzeko, gehitzeko baizik eta gainera, momentu honetan dauzkagun aukerak aprobetxatuaz, dauden arazoei erantzun egokia eskainiko dien azpiegitura modernoa abian jarriaz.
 
Egungo Portuaren datuak behin eta berriro aipatu dira: Pasaiako Portuak dituen merkantzia mugimenduak ( 6 milioi tona urtean, hau da, duen kapazitatearen limitean), muga garbi bat suposatzen duten ezaugarri fisikoak (sarrera edo sakonera), eta nola ez, ingurune urbanoak berarengan suposatzen duen presio geroz eta handiagoa (Pasaia eta inguruko herriek eragindakoa, Portuaren aktibitateak eragozpenak sortzen baititu, are gehiago mugitzen diren merkantzia klaseak ikusita).
 
Baina muga bat suposatzen duten datu horiek bezain garrantzitsua da aukera bat suposatzen duten datuak ere aztertzea: Europar Komisioak panorama beltza jartzen digu begien aurrean garraioak hurrengo urteetan izango duen hazkunde ikaragarriarekin. Ondo baino hobeto ezagutzen dugu gipuzkoarrek horrek zer suposatzen duen, ikusi besterik ez daukagu errepideen egoera zein den. Nora goaz? Komisioak berak esaten duenaren arabera, kongestioak ekonomiaren lehiakortasuna  galtzeko arriskua dakar. Egoera honek konponbidea izan badezake, garbi dago garraio modu alternatiboak lantzean dagoela gakoa.
 
Europar Komisioak garraio moduen arteko oreka berri baten aldeko apustua egin beharra dagoela dio, ezinezkoa da errepide sareek egun duten portzentaia mantentzea, eta are gutxiago haztea. Horretarako beste garraio modu batzuek bultzatzea ezinbestekoa da, eta horien artean, nola ez, itsaso bidezkoa.
 
Baina oreka berri horrek gainera intermodalitatea eskatzen du, alegia, garraio mota ezberdinen arteko lotura. Nik ez dut ezagutzen horretarako Pasaiak eskaintzen dituen aukerak baino hobeak dituen beste lekurik. 20 kilometroko gunean, errepide sareak, trenbide sare ezberdinek, aireportuak eta portuak bat egiten dute. Aprobetxatzen jakin behar dugun aukera paregabea beraz. Are gehiago garraio modu horiek guztiak europar batasunean dagoen “cuello de botella” delako batetan ematen direnean, Pirineotan alegia.
 
Pasaiaren biziberritzea dugu azkenaldietan hizpide, eta asmo horietan  protagonismo nabarmena hartu du La Herrerako kaiak. Hiriak gune hori berreskuratzea guztion aldarrikapena da, begien bistan baitago Portuaren jardueraren eta hiriaren beharren artean geroz eta kontraesan nabariagoak ematen direla. Denbora gutxi barru, hiriarekin lotura estua duten beste gune batzuek berreskuratzea eskatuko da, ziur. Pasaiak eta inguruko herriek horrela behar dute eta merezi dute. Baina oker ikaragarria izango litzateke hori portuaren desagertzearen truke egitea, ingurunearen jarduera ekonomikoa eta aipatutako aukera berri guztiak hankaz gora jartzea bailitzake. Posible da biei batera ekitea. Nola? Egungo Portua kanporantz handituz. Hau ez da asmakizun xelebre bat, beste leku askotan egindako gauza baizik.
 
Ingurugiroa aipatzen da alternatiba honen oztopo nagusi gisa, baina posible da eta posible izan behar du biak uztartzea. Moduak ba daude eta bilatu beharko dira. Gainera ez dugu ahaztu behar eguneko Portuak ingurugiroarengan ere eragin latzak dituela, horrek ere kontatu egin behar du. Edo adibide soil bat aipatzearren, itsaso bidezko garraioak errepidez egindakoak baino CO2 bi bider eta erdi gutxiago jaurtitzea suposatzen badu, hori ez al genuke kontutan hartu beharko?
 
Sarritan aipatzen da ere bideragarritasun ekonomikoaren gaia. Honelako inbertsio bat gehiegizkoa dela, etab... Egia esan oraindik ez dago proiektu zehatzik, eta beraz, ezinezkoa da inbertsioa zenbatekoa izan beharko duen jakitea, baina horretaz gain, benetan zaila iruditzen zait Pasaialdeko biztanleriarentzat horrelako proiektu batek izan ditzakeen onurak zenbakietara pasatzea. Hantzeko argudioak entzun ziren Eibar-Gasteiz errepidea egiten hasi zenean, gaur ez dago eztabaidarik.
 
Gai honek, aurrera egin ahal izateko Erakunde guztien ekimena beharko du, dudarik gabe, eta Portua interes orokorrekoa izaten jarraitzen duen bitartean, Madrilgo Gobernuak dauka zeresanik nagusiena. Dena den ez dugu inoiz ahaztu behar Portua Euskadin dagoela, eta bere onurak hemen somatzen ditugula. Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako eta inplikatutako Erakunde guztiak biltzen dituen Jaizkibia elkartea izan daiteke proiektu garrantzitsu hau aurrera eramateko tresna egokiena, hori da espero dudana, lehen bai lehen gainera, Pasaiak, Gipuzkoak eta Euskal Herriak ezin dutelako aukera paregabe hau pasatzen utzi.

COMPARTE