Opinión
17Noviembre
2005
17 |
Opinión

Estatut-a eta eskubide historikoak

Opinión
Noviembre 17 | 2005 |
Opinión

Demokrazia konstituzionalak 25 urte bete ondoren, Kataluniako Estatutua aldatzeko proiektuak eskubide historikoak hartu ditu autonomia katalanaren oinarrizko printzipio gisa. Espainiako Konstituzioak eskubideok babestu, errespetatu eta lurralde foralen kasuan eguneratzeko aukera ematen du. Doktrina konstituzionalaren lehen xedapen gehigarriaren arabera, lurralde historikoak Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa baino ez dira, lehen hiruren eguneratzeak Euskal Autonomia Erkidegoa sortuz. Hala ere, harrigarria da Kataluniak eta bere parlamentuak euren autonomiaren oinarri bezala eskubide historikoak bereganatu eta defendatzea. Izan ere, 1978an Kataluniako klase politikoak ez baitzuen zalantzarik izan aipatutako figura mitologia eta pribilegio feudalekin konparatzeko. Gaur, Eusko Legebiltzarrak Estatutua aldatzeko proposamena onartu eta gero, ez dago zalantzarik: eskubide historikoek euren berezko izaera bilatzen dute ordenamenduan, euskaldunek batzeko hori behar baitute, hain zuzen. Dirudienez, parlamentu katalanak kontuan izan du hori ere, eskubide historikoei buruz katalanek zituzten aurreiritzi zaharrak ahaztera iritsi bada.
Edozein kasutan, horrek eskubide historikoen potentziala azpimarratzen du, euren berezko izaera areagotzeaz gain. Bide batez, eskubideon titularitateaz eztabaidatzeko parada ematen du ere. Antzeko irakurketa egin liteke Alemaniako kasuan, Bavierako Länd-aren eta Estatu zentralaren erlazioetan batez ere. Zehazki, indarrean dauden klausula batzuek eskubide historikoekin bat datozen zenbait puntu onartzen dituzte, bai Alemaniako Konstituzioaren 79.3 artikuluan zein Bavierako Konstituzioaren 178. artikuluan.

Herrero de Miñonek Lehen Xedapen Gehigarriari bere kokapen konstituzionalari dagokion berezko izaera ematen dio. Benetako "talde normatibo" baten eta Konstituzioaren parte izanik, bere balio normatiboaren pretentsioak erabatekoak dira, baita nortasun nazionalen errekonozimendurako elementu gisa ere (Derechos Históricos y Constitución, 1998).

Herrero de Miñonen tesiak oraindik baliagarriak dira atal zehatz honetan. Aipatutako autorearen aburuz, eskubide historikoak Euskadi eta Nafarroaren autonomia bereizteko titulu baliagarri eta bakarra dira, beste edozein Autonomia Erkidegoren integrazioa ezin konpara dakiokeelarik euskaldunari. Izan ere, zentzu berean, eskubide historikoak eurak dira, aldez aurreko errealitate objektibo gisa, erkidego nazionala mantentzen dutenak. Gainera, noizbehinka borondate nazional eta demokratikoa alde batera edo bestera bideratzeko gaitasuna dute.

Ez da esan behar PSOE eta PP binomioaren onespena urrun samar gelditzen zaiola tesi horri. Hala ere, eta orain Katalunian ere, azpimarratzekoa da edozein egoeretan eskubide historikoen babesera jotzen dela. Iraganean hainbatek izandako zalantza eta interpretazioen aurrean, eskubide historikoak orain argitasunez azaltzen dira, etorkizunean bere kontzeptuentzako testuinguru egokia bilatzen duen tresna gisa. Eta etorkizuna, gure testuinguruan, ezinbestean marko juridikoaren negoziazioan oinarrituko da. Kasu horretan, hiritarrek eta inplikatutako botere publikoek kontsentsua bilatu beharko dute. Horretarako, inork ez du zalantzan jartzen eskubide historikoak hainbat irtenbide eta akordioren ardatz izan daitezkeela Espainiako Konstituzioaren testuinguruan, baita determinazio askearen kasuan ere. Edonola ere, Gorteetako iritzia zeharo alda liteke baldin eta PSOEko baroiak "seny" katalana edo Zapatero presidentea baino indartsuagoak badira. Denbora beharko da, baina nazio katalanaren zorionerako, Estatutu ezagunak Konstituzioak agintzen duen negoziazio formala izango du, Eusko Legebiltzarretik planteatutako erreformaren kasurako duela zenbait hilabete ostu zuten berdina.

COMPARTE