Entrevistas
10Noviembre
2005
10 |
Entrevistas

Markel Olano (Berria)

Entrevistas
Noviembre 10 | 2005 |
Entrevistas

Entrevistas

Berria


Olano: "Euskararen normalizazio prozesuaren inguruko hausnarketa egiteko unea iritsi da"
Markel Olanok EAJn hezkuntza eta hizkuntza gaien ardura du. EBBko kidea ere bada. Orain dela gutxi onartu dute alderdia euskalduntzeko plana eta euskararen normalizazio prozesuaren inguruko hausnarketa egiten ari dira. Txostenak ere hainbat proposamen berri jasoko dituela aurreratu du. Olanoren esanetan, garrantzitsua da alderdi eta eragile guztiek normalizazioaz hausnartzea, gero, adostasunetara iritsi ahal izateko.
 
Kontseiluak dio euskararen normalizazio prozesuaren adierazle diren faktore batzuek moteltze kezkagarria erakusten dutela. EAJ ados al dago irakurketa horrekin?
 
Hazkunde krisi batean gaudela esango nuke nik. Euskal Herria banatzen duten hiru egitura juridiko politiko ditugu eta bakoitzean ezin dugu azterketa bera egin. Nafarroan eta Iparraldean euskararen normalizazio prozesua gizarteak berak eraman du aurrera, eta, Administrazioak kasu gehienetan kontra egin du. Erkidegoan, aldiz, urratsak egin dira. Ezagutzaren aldetik datu baikorrak ditugu eta hori hezkuntza sistemari eta helduen euskalduntze alfabetatzeari zor diegu; erabilera, ordea, ez da neurri berean hazi. Seguruenik bere garaian beste arlo batzuetan jarri zen lehentasuna.
 
EAEn Administrazioak urratsak egin dituela diozu. Haatik, ez al doa oso mantso Administrazioaren euskalduntzea? Osakidetzak onartu berri du euskalduntze plana, Ertzaintza euskalduntze prozesutik kanpo dago, plangintzak ez dira betetzen?
 
Administrazioaren edota politikaren ikuspegitik erraza da planak ezartzea, baina, gero bete egin behar dira. Planak betearaztearen ardura Administrazioa kudeatzen duten arduradun politikoek dute; baina, planak betetzeko langileen borondatea ere oso inportantea da. Borondate hori egon da kasu gehienetan eta urratsak egin dira. Planek ez dituzte aurreikusi ziren emaitzak lortu, hori ere egia da. Prozesu horiek ez dira diseinatzen diren bezain errazak eta ezin da mota honetako prozesurik abian jarri, malgutasunik gabe eta benetako egoera zein den ikusi gabe. Euskalduntze prozesuak aurrera egiteko, euskaldundu behar den pertsonaren borondatea piztea da garrantzitsuena. Askotan ez dugu lortu, eta, hori segurenik guztion ardura izan da.
 
Langilearen borondateaz haratago ez lirateke bestelako neurriak hartu behar?
 
Hartzen direla uste dut. Administrazioak esfortzu handia egiten du, bai giza baliabideen arlotik bai arlo ekonomikotik. Diru asko jarri da. Zalantzan dagoena da ea bortxa kakotxen artean diot erabiltzeak ondorio onuragarriak dituen. Orain arte erabili den estrategia izan da pertsonaren atxikimendua lortzearena. Hainbat arlotan oso onuragarria izan da, adibidez, hezkuntza arloan. Irakasleen euskalduntzea norberaren borondatean oinarritu da neurri handi batean. Estrategia bezala egokia da, baina aitortu behar da ere hainbat arlotan ez dituela behar adinako emaitzak ekarri.
 
Lanpostu bat eskuratzeko ez duzu uste euskararen ezagutza exijitu behar denik?
 
Ezagutza hedatzen ari den neurrian gero eta normalagoa izango da derrigortasun hori ezartzea lanpostu berriak eskaintzerakoan. Hori etorriko da eta guztiok normaltzat hartuko dugu. Kontua da orain arte ez dugula gizartea horretarako prest eduki, seguruenik, elebidunen kopuruak ez zuelako aukerarik ematen. Orain arteko estrategia izan da ahal den neurrian euskaldunak hartzea, eta hori posible izan ez denean, hartu direnak euskalduntzea.
 
Nola eragin daiteke erabileran?
 
Lehenengo urratsa Hezkuntza sistemak egin beharko luke. Askotan esaten da eskolaz kanpoko erabileraren arazoetako bat dela nerabeek ez dutela erregistro egokirik. Eskolak erregistro hori landu eta jorra dezake; eta, horretan lehenbailehen hasi behar dugu. Kalean ere egin behar dugu lan eta hor garrantzi berezia dute eskolaz kanpoko jarduerek, esaterako, kirolak.
 
Eta lan mundura pasatzean?
 
Lan mundua baino lehenago, beste arlo bat dugu: kultur sorkuntza. Hutsune galanta dugu horretan. Gaztetxo batek duen eduki kulturalen abanikoa ikaragarria da. Aukera gehienak erdaraz dituzte. Esfortzu berezia egin behar dugu euskaraz produktu berriak eta gainera erakargarriak sortzeko, erabileran eragin nahi badugu.
 
Hirugarren urratsa lan munduan egin behar dugu. Eta egiten ari da. Euskara Biziberritzeko Planaren lehentasuna hain zuzen horixe da. Hor ere hezkuntza sistemak badu zeregina, Lanbide Heziketak esaterako. Hainbat arlotan gure Lanbide Heziketa eredugarria izan bada, ez da eredugarria izan normalizazioaren ikuspegitik. Eredu txarra jorratu da. Euskalduntzean sakontzen dugun neurrian, lan mundua euskaldunagoa izango da.
 
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan orain arte garatu den hizkuntza politika aldatu behar dela uste duzu?
 
Orain dela 20 urtetik hona egoera aldatu egin da eta tokatzen da orain arteko hizkuntz politikaren errebisioa egitea. Guztiok egin behar dugu normalizazio prozesuaren inguruko hausnarketa sakona. Unea da. Alderdian prozesu bat abiatu dugu hausnarketa hori egiteko eta hemendik hilabete gutxira proposamen bat idatzita izatea espero dut, Aberri Batzarrean onartzeko. EAJk bere ekarpena egingo dio hausnarketa prozesu horri.
 
Gaur egun euskarak ba al du adostasun politikorik?
 
Garai batean izan zuena baino gutxiago du une honetan. Euskararen normalizazio prozesuaren bultzatzaile izan garenok ardura izan dezakegu horretan, ez dugulako gizarte osoaren inplikazioa bultzatu. Autokritika hori egin eta gero, esan behar da politikagintzan euskararen auzia baliatu dela abertzaletasunaren kontra egiteko. Euskararen manipulazio politikoa nahita egin da. Giro politikoa aldatzen doan heinean, espero dut euskara joko politikotik at geratzea.
 
Batasunak dio, esparruaren eztabaida pil-pilean dagoen honetan euskarari ere heldu behar zaiola, «euskararen normalizazioa lortzeko esparru politiko juridikoa ezinbestean aldatu behar delako». EAJk bat dator?
 
Politika eta euskara bereizi egin behar dira eta arlo bakoitzak bere bidea jarraitu behar du. Euskararen normalizazio prozesuak bere bidea behar du eta horretan eragile politiko eta sozial guztiok hartu behar dugu parte; berdin du bakoitzak zer ideologia eta proiektu politiko duen. Gizarte osoaren ondarea da euskara eta gizarte osoaren zeregina da normalizazioa. Beraz, berdin du egoera politikoaren martxak. Biak une honetan nahas- teak ez dio mesederik egiten normalizazio prozesuari eta ez dut uste egin beharreko diskurtsoa denik. Une honetan gizarteak berak badu indarra euskararen biziberritze prozesua indartzeko eta inportantea litzateke politikaren esparruan eta gizartean kontsentsu zabala lortzea. Aukera horri eutsi behar diogu.
 
Kontsentsua aipatu duzu eta Akordio Soziopolitikoa hor dago. EAJk, ordea, ez zuen sinatu. Zergatik?
 
Gure alderdiak espazio eta autonomia eskatu zuen harremanak izateko eragile politiko eta sozialekin. Horrek ez du esan nahi adostasunetara iritsi behar ez dugunik. Esaten duguna da nahiago dugula zuzenean lan hori geuk egin. Halaber, iruditzen zait askotan jendeak mota horretako sinadura eta adierazpen publikoak egiten dituela beren buruak lasaitzeko eta gizarteari irudi konkretu bat eskaintzeko. Horregatik, niretzat askoz inportanteagoa da normalizazio prozesuaren inguruko hausnarketa zabaltzea, norberak bere etxean behar den bezala egitea, eta hortik aurrera ahalik eta adostasun zabalena lortzea. Nik ez dut uste une honetan eztabaida hori eman dugunik eta gizartean eta arlo politikoan kontsentsua dugunik. Halako sinadurek fikzioa isla dezakete.
 
Alderdia euskalduntzeko plana onartu duzue. Zer helburu ditu?
 
Normalizazio prozesuaren ardura EAJko alderdike guztiek bere egitea nahi dugu. Gizartean sinesgarri egiteko, alderdian ere normalizazio prozesua eman behar dugu.

COMPARTE