Berria
2000. urtean emandako hitzaldi batean esan zenuen 1982an Euskararen Legea onartzeko lortu zen adostasunaren neurriko kontsentsua lortu behar zela euskararen inguruan. 2004ko iritzi artikulu batean, berriz, 1982ko adostasuna «apurtuta eta hankamotz» dagoela.
Euskararen normalizazioan egindako aurrerabidea izugarria da. Ahaleginak eta emaitzak izugarriak izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Horrek berak erakusten du zer-nolako garrantzia duen hizkuntz politikak. Aurrera egin dugu, neurri handi batean, ofizialtasunak eremu osoa hartu duelako eta hizkuntz politika eraginkorra egin delako ofizialtasunean, Euskararen Legean, oinarrituta. 1982tik hona, euskarari buruzko adostasun hori sendotu ordez, murriztu, eskastu egin da. Euskararen normalkuntzak aurrera egingo badu, behar beharrezkoa da helburuei buruzko adostasun politiko, sozial eta kultural zabal bat lortzea.
Zertan nabari da haustura? Erdal munduaren eta euskal munduaren arteko etenean. Erdal munduak, salbuespenak salbuespen, euskararen munduak existituko ez balu bezala jokatzen du. Baina euskara benetan guztiona izango bada, euskal gizarte osoak bere egin behar du, baita erdal munduak ere. Erdal mundua euskalduntzen ez badugu, jai dugu. Horretarako erdal munduak bereganatu egin behar du euskara, ez arazo bezala, aberastasun faktore bezala baizik. Lan pedagogiko garrantzitsua egin behar dugu erdaldunekin, zubigintza egin behar dugu erdal munduaren eta euskal munduaren arteko etena areagotu ordez murrizteko.
Baina azken urteetan indartzen ari da erdal elebakartasunaren aldeko diskurtso zaharkitua. Hizkuntz eskubideak ere erabiltzen dituzte horretarako: euskaraz bizi nahi eta euskaraz bizitzeko zailtasunak ditugunok beren hizkuntz eskubideak arriskuan jarriko bagenitu bezala.Guztiok onartzen dugu euskara guztiona dela, baina batzuetan abertzaletasunaren mundutik bada tentazioa euskara abertzaleena bakarrik balitz bezala hartzekoa. Hala ere, gizarteko sektore bat oso eroso dago horrela eta dio euskara ez dela bere arazoa, abertzaleena baizik.
Nondik abiatuko da Patxi Baztarrika? Abian dauden proiektuei jarraipena emango diegu eta lan ildo berriak ezarri behar badira, horiek ezartzen asmatu beharko dugu. Askotan bestelakorik pentsatzen badugu ere, hizkuntz politikarena prozesu sozial bat da eta prozesu horiek luzeak izan ohi dira. Emaitzak ez dira berehalakoak eta horrek etengabeko tentsioa sortzen du. Egindakoaz harro sentitu behar dugu, ikaragarria delako eta esfortzu handiak eskatu dituelako; baina ezin gaitezke hor geratu.
Zuhurtasunez, inteligentziaz, pragmatikotasunez eta pazientziaz jokatu behar dugu. Daukagun errealitate soziala eta soziolinguistikoa ahaztu gabe. Hizkuntz politika malgua eta integratzailea egin behar dugu, erritmoa egokituz. Gurea bezalako gizarte bat ezin da pasa elebitasun diglosikotik elebitasun orekatu batera herritarrei nekerik edo deserosotasunik gabe. Gehiegikeriak alboratu behar ditugu, baina deserosotasunak onartzeko gai izan behar dugu.Etorkizuneko erronka nagusia da euskararen aldeko konpromisoa berregitea, ilusioa berpiztea, gizartean euskararen aldeko mobilizazio eraginkor bat sortzeko.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak egindako azterketa kezkagarriak eman ditu: ez dira euskaraz komunikatzeko gai 16 urteko A ereduko ikasle guztiak, B ereduko ikasleen %67 eta D ereduko %32. Hezkuntzako hizkuntz ereduek emaitza bikainak eman dituzte, bide bat egin dute, baina aztertu egin behar da ea helburua bete duten: ikasleek euskara eta gaztelania menperatzea derrigorrezko hezkuntza bukatzean. Azterketak erakutsi du helburua ez dela lortzen eta gogoeta egin behar da. Helburuak indarrean dirau, baina bidea berriro planteatu beharko da. Ez dakit irtenbidea zein den.
Tontxu Campos Hezkuntza sailburuak A eredua kentzea proposatu du. Askotan A eredua bihurtu dugu gaitz guztien iturri, baina zuhur jokatu behar dugu. Izan ere, azterketak erakutsi du D ereduan ikasteak ez duela helburua bermatzen. Ikerketak agerian utzi ditu eskolaren mugak. Eskolak ikaragarri egin du eta egin dezake euskararen transmisiorako, baina ikasgelako hizkuntza euskara izateak ez du bermatzen ikasle horien euskarazko hizkuntz gaitasuna, ikasle horien ingurua ez bada euskalduna.
Eskola komunitate oso bat bezala hartu behar da, ez ikasgela bezala bakarrik. Oso garrantzitsua da euskara izatea bertako kide guztien (irakasleak, gurasoak...) komunikazio hizkuntza, ikasleak eskolatik ateratzen direnean euskaraz behar bezalako erraztasuna eta trebezia izan dezaten euskaraz jarduteko. Ikasleek hizkuntzarekin duten harremanak ez du akademikoa soilik izan behar.
Azken inkesta soziolinguistikoak nabarmendu duenez, gero eta euskaldun gehiago daude, baina euskararen erabilera ez da neurri berean hazi. Eusko Jaurlaritzak nola eragin dezake erabileran? Lan ildo batzuk abian dira. Euskara Biziberritzeko Plan Nagusiak hiru helburu estrategiko ditu: euskararen transmisioa, euskararen erabilera soziala eta euskararen kalitatea. Beraz, erabilera lan ildo nagusia da. Nahitaezkoa da euskarazko kultur produktuak, aisialdirako produktuak... kontsumitzailearen beharrak asetzeko behar bestekoak izango diren zerbitzu eta produktuak ahalik eta gehien eskaintzea. Beti ere produktu horien bikaintasuna zainduz, lehiatzeko ezinbestekoa baita.
Ikasten duten guztiek ez dute erabiltzen eta ikasten duten guztiek ez dituzte euskarazko produktuak kontsumitzen. Zer egin daiteke? Indartu egin behar dugu euskarak merkatuan bere espazioa irabaztea, euskararen mundua diru laguntza publikoen menpekoa izango den mundu izatera kondenatu ordez. Euskarak merkatu horietan aurrera egingo badu, neurri batean aztertu egin beharko dugu diru laguntzen politika.
Era berean, oso garrantzitsua izango litzateke gizarte ekimenek zorionez duten zabaltasun, irekitasun eta aniztasuna proiektatzen asmatzea. Sarritan itxura monolitikoa zabaltzen baitute, agian jarrera defentsiboak mantendu behar izaten dituztelako.
Kike Amonarriz soziolinguistak BAT aldizkarian esan zuen hizkuntza normalizazioaren alde daudenen artean gero eta zabalduago dagoela fase bat amaitu denaren sentsazioa, eta tenorea heldu dela inertziak astindu eta egoera berriari planteamendu, bitarteko eta oinarri berriekin ekiteko. Ados? Guk ere pentsatu behar dugu ea egiten dugun guztia ondo egiten dugun, lehentasunak ondo definituak dauzkagun. Eztabaidari ez diogu beldurrik izan behar. Merezi eta behar dugu eztabaida egin dugun bidea aztertzeko eta eztabaidatzeko, patxadaz, lasai, aske. Lehentasunak berriro definitu behar badira definitzeko eta lan ildo berriak ezarri behar badira ezartzeko. Eztabaidak irekia izan behar du eta sektore guztiek parte hartu behar dute: hedabideek, Administrazioak, erakundeek, gizarte ekimenek, enpresek, elkarte profesionalek... eta erdal munduak.
Dauzkagun legeak eta tresnak egokiak dira, horiek ez dira arazo. Kontua da lege eta tresna horiek eskaintzen dituzten aukera guztiak baliatu behar ditugula politika berri bat definitzeko eta aplikatzeko. Hori da erronka nagusia, jauzi kualitatibo berri bat eman behar dugu. Guztiok inertziak astindu behar ditugu, jauzi kualitatibo bat emateko. Helburu kuantitatiboetatik kualitatiboetara pasa behar dugu. Euskal hiztun berriak sortzen jarraitu behar dugu, egindako lanari eutsi behar diogu, baina egindako lanari etekina atera behar diogu.
Eztabaida bultzatuko duzue? Bai. Ez helburu nagusiak birplanteatzeko, oso garbi baitaukagu helburu nagusiek bere horretan dirautela: elebitasun orekatua eta bi hizkuntzen arteko berdintasun soziala lortzea.
Administrazioak eredu izan behar al du? Bai, zalantzarik gabe. Herri aginteak ispilu eta legearen betearazle izan behar du. Ezinbestekoa da. Inori ezer eskatzeko norberak bere lanak egiten saiatu behar du. Eta Administrazioan euskararen erabilera bultzatzeak garrantzia handia dauka, Administrazioaren hizkuntza boterearen hizkuntza delako eta boterearen hizkuntza izateak automatikoki hizkuntzaren onespen soziala areagotzen duelako.
Baina kasu askotan Administrazioa ez da eredu: Osakidetzak onartu berri du euskalduntze plana, Ertzaintza euskalduntze prozesutik kanpo dago... Inon euskalduntze lan ikaragarria egin bada Administrazioan egin da. Hori ukaezina da. Pentsa zenbat langile gehiago ditugun euskaraz jarduteko gai. Datozen urteetan horri etekina atera behar diogu: programak abian jarri behar ditugu hizkuntz eskakizuna egiaztatu dutenen lan hizkuntza euskara izan dadin. Hori da funtsezko helburua. Lana euskaraz egiteko gai izan daitezen euskaldundu ditugu eta, beraz, jar ditzagun lana euskaraz egiten. Bestetik, kasu askotan euskaldun berriak dira eta euskara erabiltzen ez badute, euskara erdoildu eta kamustu egingo zaie. Hori sistematizatzen asmatu behar dugu. Ezagutzatik erabilerarako jauzi kualitatiboa eman behar dugu.
Perspetika ez dugu galdu behar. Batzuentzat gutxiegi egiten da eta besteentzat gehiegi. Kasu honetan ere bai. Esparru askotan ari gara lanean. Egia da esparru guztietan ez dela berdin asmatu eta zenbait esparruk erritmo biziagoa beharko luketela euskararen erabilera bultzatzeko. Baina ez dugu ahaztu behar horietan planak martxan direla eta egitura oso konplexuak direla. Ez dut esaten zuritzeko, ditugun mugei buruz konsziente izan behar dugulako baizik.
Oraingoa euskararen legegintzaldia izan dadila eskatu zuen Kontseiluak. Hori ez da Hizkuntz Politikarako Sailburuordetzaren lana bakarrik. Eusko Jaurlaritzaren lehentasuna da hizkuntz politika, euskara bultzatzea. Lehentasuna izanda ere, euskararen erabilera bultzatzeko, Jaurlaritzako sail guztiek euskara aintzat hartu behar dute beren jarduerak diseinatzeko eta garatzeko orduan. Hori egingo bagenu ikaragarri aurreratuko genuke.
Kontseiluaren esanetan, Eusko Jaurlaritzako langileen %80k 40 urte baino gehiago dituzte eta 45 urterekin ez dute euskara ikasi beharrik. Horietako asko euskaldunak izanda ere, badirudi langile askok ez duela euskara ikasi beharko. Gure arazo nagusia gehiago da euskara ikasten ari diren funtzionarioentzat euskara erabilgarria izatea eguneroko lanean. Alegia, ahalegina egin badute, euskara lan hizkuntz gisa erabil dezatela. Gure arriskua da jendea euskalduntzea euskaldundu beharra dagoelako, ez euskara erabili behar duelako, naturaltasunez eta normaltasunez.
Euskarazko komunikabideek diote Eusko Jaurlaritzak ez diela estrategikotasuna onartzen. Nik uste dut baietz. Estrategikoak badira. Hizkuntz Politikarako Sailordetzak ematen dituen diru laguntzen %40-45 euskarazko hedabideentzat dira. Badaude sendotasun neurri garrantzitsua hartu duten hedabideak, Berria kasu. Hori garrantzitsua da eta bere buruari harrotasunez begiratu behar dio. Hori esanda, komeniko litzateke hedabideek egindako bidearen balorazio bat egitea, hobetzeko.
Jaurlaritzak diru laguntzak ematen ditu, baina komunikabideek urte amaieran jasotzen dituzte, gastu gehienak egin eta gero. Hori konpondu al daiteke? Aztertuko dugu. Konponbiderik badu, aurkituko dugu.
Berrikuntzarik buruan? Alde batetik, datozen urteetan lehentasun nabarmena eman nahi diogu arlo sozioekonomikoari, lan munduari. Euskara erabiltzeko planak sistematizatu nahi ditugu, enpresa handietan eta txikietan. Horrekin lotuta, aztertzen ari gara lan munduan euskararen erabilera kalitate parametroetan neurtzeko eta aitortzeko sistema bat sortzea. Horiez gain, EAEko Arartekoarekin elkarlanean herritarren hizkuntz eskubideak babesteko zerbitzu bat sortzea aztertuko dugu. Herritarren hizkuntz eskubideak babestu eta, era berean, hizkuntz eskubidea urratu duenari laguntza eta aholkularitza eman nahi diogu, berriro ez gertatzeko.