Entrevistas
08Mayo
2005
08 |
Entrevistas

Entrevista a Josune Ariztondo en Berria

Entrevistas
Mayo 08 | 2005 |
Entrevistas

Entrevistas

Berria


«Denon artean hitzartu behar dugu elkarrizketarako metodoa»
Apal mintzo da EAJko EBBko idazkaria. Emaitzak zintzotasunez ulertu behar direla dio eta, EAJ-EAri buruzagitza politikoa aitortu behar zaiola argi utzita ere, denen beharra dagoela bakebidean aurrera egiteko.

IMANOL MURUA URIA - BILBO Hemendik aurrerako elkarrizketa politikoetan alderdi jeltzalearen abiapuntua zein den zehaztu du EAJren Aberri Batzarrak, Josune Ariztondoren hitzetan, ostiral gauean ateratako oharraren bidez. Espainiako Gobernuari Alderdien Legea eta PSOE-PP Estatu Ituna deuseztatzeko eskatu dio, eta ETAri indarkeria alboratuko duen «froga zehatzak» emateko. EBBko idazkariaren ustez, «horrek ekarri beharko luke biktimen aitortza sendoa, eta baita ere preso eta erbesteratuen aldeko negoziazio prozesuari hasiera ematea».

Bezperan Ibarretxek Zapaterorekin egindako bilerak zer ikusirik badauka Aberri Batzarrean egin dituzuen eskaerekin? Hau da, Alderdien Legean eta aipatutako auzietan aldaketarako aukerarik sumatzen duzue?

Inolako bilerarik egin gabe ere guk beti salatu izan ditugu Alderdien Legea eta horren oinarrian dagoen Itun Antiterrorista. Dena den, Aberri Batzarra ez zen egin Zapaterorekin bilera egin zelako. Hauteskunde osteko batzarra zen. Balorazio politikoa egin, eta aurrera begirako ekimen politikoen gaineko jarduna egin genuen.

ETAri «froga zehatzak» eskatu dizkiozue.

Ezinezkorik ez dugu eskatzen. Borondatea daukala dioenak, borondate horren adierazleak eman behar ditu, gizarteak ulertzeko moduko adierazleak.

Espainiako Gobernuari eta ETAri egin dizkiozue batik bat eskaerak. Eta zeuen buruari?

Gutariko bakoitzak eman ditzakeen urratsak eman behar ditugu. Elkarrizketari eutsi behar diogu guk. Oinarrian bakebidea eta elkarrizketa politikoa izango dituen gobernagarritasuna martxan jartzeko erantzukizun nagusia daukagun neurrian, hori egingo dugu. Eta elkarlan politikoa bultzatuko dugu, gizarteak buruzagitza aitortu digun neurrian.

Ibarretxeren eta Zapateroren arteko bilerari buruz ezer gutxi jakin dugu. Zuk jakin duzu besterik, Ibarretxeren ahotik?

Gako nagusia da elkarrizketaren aldeko erabaki sakona dagoela alde bietan. Elkarrizketa zertarako? Bakearen alde jarduteko. Elkarbizitza politikoa eta gatazka politikoaren soluziobideak bilatzeko alde bietan erabaki sakona dago. Hortik aurrera, esaten denean egoera konplexua dela eta lana egin behar dela, ez da alferrik esaten. Garrantzitsua da oinak lurrean edukitzea. Urrats sendoak emateko diskrezioa behar da, lasaitasuna, eta hori gizarteratzen saiatu dira.

Bilera erronda baten bukaera izan da neurri batean Ibarretxeren eta Zapateroren artekoa, eta alderdien artean ere beste hainbat bilera egin dituzue. Ondoriorik?

Oro har, alderdi guztietako buruzagi politikook behintzat, zintzotasunez ulertu eta irakurri nahi dugu gizarteak esan diguna. Irakurketa horretatik abiatuta gabiltza elkarrizketetan. Blokeoak ez du etorkizunik. Aniztasun eza bilatu dutenek ez dute etorkizunik. Hori denok ulertzen dugu. Gehiengo osorik ez dagoela ere ulertu dugu, elkarren artean hitz egin behar dugula. Baina egia da baita ere, eta onartu behar da, gizarteak buruzagitza politiko argi bat eman diola EAJ-EA koalizioari.

Baina lehengoa baino gehiengo apalagoa eman dizue. Horrek zer neurritan egokiarazi dio estrategia EAJri?

Egokitu, denok egokitu behar dugu emaitzetara. Daukagun babesak esan nahi du aurrera egiteko beste batzuekin batera jardun behar dugula, bakarrik ez daukagulako nahikoa babes gehiengo eta gutxiengoen joko horretan. Baina aurkeztu garen alderdi politikoek, PPk salbu, estatutu berriaz, estatuaren erreformaz, euskal gizartearen ahotsaz, kontsultaz... hitz egin dugu. Horrenbeste gauza esan ditugunon artean adostasunetara iritsi ezina ulergaitza izango litzateke gure gizartearentzat.

Ibarretxeren kanpainaren abiapuntua Estatutu Proposamenari buruzko negoziazioa bultzatzea izan zen. Orain badirudi proposamena bigarren mailan utzi duzuela.

Proposamenak Legebiltzarraren gehiengo osoa lortu zuen, eta hor dago, Legebiltzarraren altxor bat da. Bidea ez zuen amaitu Madrilgo Gorteetan oztopoa bilatu zuelako, eta ordutik esan dugu, kanpainan ere bai, adostasun handiagoa nahi dugula. Adostasunen bila joatean, gure egitasmoa aurretik jarriko bagenu, elkargunea lortzea ez litzateke erraza izango. Hobe da bakearen bila jarrera irekian joatea, elkarrekin idaztera idatzi behar dena, bakoitzak bere egitasmoa eta ordezkaritza atzean daukalarik noski, bestela iruzur egitea litzatekeelako botoa eman diguten milaka pertsonei. Beste guztiak ere horrela etorriko direla uste dut.

Eusko Legebiltzarra izan duzue orain gutxi arte eztabaidagune nagusi eta bakartzat, eta Nazio Eztabaidagunea izan dute erreferentzia nagusi beste batzuek, baina azkenaldian irekitasun handia sumatzen da guneei edo mahaiei buruz, ezta?

Arrazoi duzu. Elkarrizketa gune batzuk egon ziren beste aro batzuetan: Ajuria Eneko Mahaia, Lizarrakoa, Legebiltzarra, Nazio Eztabaidagunea, Elkarri... Aldaketaz aldaketa badirudi hutsetik hasteko arriskua duzula, baina beti ikasten da. Batetik eta bestetik jaso ditugun irakaspenak sortzen dugun foro horretara eraman behar ditugu. Gauza batzuetarako Legebiltzarra izan daiteke, baina beste batzuetarako beharbada ez. Kontu honetan ere garrantzitsua da diskrezioa, ordu erditik ordu erdira bakoitzaren ideiak kontrastatu beharrik gabe. Metodo guztietatik ikasi beharra dago, baina denon artean hitzartu behar dugu, denon arteko fruitu gisa uler dadin.

Alderdien mahaia edo mahaiak osatuz gero, Euskal Herri osoko ikuspegiarekin osatu beharko litzateke Euskal Autonomia Erkidegora mugatu gabe?

Alderdi abertzalea gara, baditugu gogoetak Euskal Herriaren eraikitzeari buruz, hor dugu Estatutu Proposamena ere, eta hori, ez edukietan, ez metodologian, ez da mugatzen autonomia erkidegora. Alderdi handiaren ahulezietan ez nuke erori nahi. Bestela, ematen duzun iritzia, iritzi apal gisa ulertu barik, beste modu batera ulertzen da. Erantzukizun hutsagatik, metodologikoki zer eta nola izan behar den, denon artean hitzartzen dugunean jakinarazi behar zaio gizarteari.

Bi mahaien eskemarekin adostasuna nahiko zabala da: estatus politikoa alderdien artean, eta gatazkaren ondorioak ETAren eta Estatuen artean. Ados?

Adostasun zabalagoa dago esatean ETA ez dela eragile politiko. Ez duela erabaki politikoetan ezer esaterik. Baina beste eduki batzuk badira ETAk eta Estatuak hitz eginez konpontzekoak, eragile politikoetatik kanpo gelditzen direnak. Eta konponduko ahal dira!

Hauteskunde osteetan hitz egin ohi dena baino gutxixeago hitz egin da egunotan gobernagarritasunaz, akaso lehendakaritza ziurtzat ematen duelako Ibarretxek. Baina aurkeztu egingo dela esan du Patxi Lopezek.

Zilegi da Patxi Lopezen erabakia. Hiru oinarri jarri ditu: bakearen aldeko elkarrizketa, estatutuaren erreforma eta gizarte politika aurrerakoia. Ez dakidana da hiru oinarriotan zer leku duen Alderdien Legeari eta Itun Antiterroristari buruzko PSE-EEren gogoetek. Zeren, bakearen alde eta demokrazian sakontzearen aldeko urratsak ematekotan, tresna bi horiei buruz zerbait esan beharko liguke hautagai horrek.

Zapaterok Ibarretxe Moncloan hartu izanak ez al du adierazten lehendakaritzat EAJ-EAko hautagaia hartzen duela?

Zapaterok seguru asko hauteskundeen irakurketa zuhurra egin du. Gauza batzuek azalpen handirik ez dute behar. Argazkien bidez azaltzen dira.

Ibarretxek Batasunarekin egindako bileraren argazkia zeren seinale da?

EHAKren arrakasta nagusiaren arrazoia Batasuneko buruzagien boto eskaera dela ez ikustea begiak ixtea litzateke. Argazki horrek esan nahi du sentsibilitate guztiekin hitz egin nahi dela, eta Legebiltzarrean dauden indarrez gain, beste ordezkaritza soziopolitiko bat badagoela hor.

PPk botoa Lopezi ematen badio, EHAKren beharra ere izango duzue.

Alderdi guztiekin ari gara hitz egiten bakeaz, normalizazioaz eta gobernagarritasunaz, eta ikusiko dugu elkarrizketa horiek zer ematen duten. Nahiago dut zuhurra izan, bestela errazegi egiten diren batuketak egingo nituzke eta.

Uste duzu EHAK-k Ibarretxeri eman beharko liokeela botoa, edo hori gertatzea desio duzu behintzat?

Ibarretxe ahal denik eta boto gehienekin aukeratzea nahi dut. Ibarretxe lehendakariaren eta gure koalizioaren konpromisoak zuzenak eta zehatzak dira, eta horren aurrean alderdi bakoitzak erabaki behar du zer egin, errespetu osoz alderdi guztiekin, handienetik hasi eta txikienarenganaino.

Egoera honetan zer komeni dela uste duzu, beste loturarik gabeko Hirukoarekin abiatzea, edo egin beharko litzateke saiakera bakerako gobernu zabalago bat osatzeko?

Hiruko alderdiok elkarrekin egin dugun ibilbidean bakearen eta normalizazio politikoaren inguruaren diagnostikoan bat etorri gara, bakoitzak bere ikuspuntu xeheak dituen arren. Erronka nagusien gainean asko daukagu hitz eginda eta adostuta. Horregatik, egokiena da akordio sendo bat lortzea hiru alderdion artean, gobernagarritasuna bermatzeko, eta gune horretatik abiatu derrigorrez beharko ditugun adostasunen bila.

Hartu beharreko norabideaz eztabaidatu duzue alderdi barruan? EAJ barruko bi arimen arteko lehia hizpide da orain ere...

Demokratikoak diren alderdi guztietan gertatzen da: zenbat buru hainbat aburu; estrategietan, taktiketan, arimetan eta gorputzetan. Seguruenik ibilbide luzeko alderdia garelako izango da, baina badaukagu antena berezi bat esaten diguna Euskal Herriaren alde bakoitzak uste dezakeena baino gehiago denon artean uste duguna egokiagoa dela. Ez dago beste misteriorik.

Zure ustea galdetuko dizut orduan: zer erraztasun eta zer zailtasun ikusten dituzu, lankidetzan PSE-EErekin edo EHAKrekin jarduteko?

Ez dut uste bata ala bestea direnik. Solaskidetza eta adostasunak nahi ditugu, bai EHAKrekin, bai alderdi sozialistarekin, eta PPrekin ere nahi izango genuke, tamalez askoz zailago ikusten dudan arren. Batarekin egiten duzunak ez du bestea baztertzen. Alderantziz da. Benetan sinesten badugu aro berri baten atarian gaudela, aro berri horrek ekarri behar du behintzat solaskidetza normalizatuagoa alderdi politikoen artean.

Zail dauka Atutxak, EHAK-k botoa ez diola emango iragarri duenez.

Soslai egokia ez duela esan dute, batetik. Baina soslaiaz, esan beharra dago Atutxak duintasun osoz defenditu duela Eusko Legebiltzarraren autonomia; alderdiarekin bat eginik, baina bere jarrera pertsonala izan zen horrela jokatzea. Bigarrenik, Legebiltzarraren kudeaketan eta gaurkotzean oso neurri garrantzitsuak hartu ditu, eta horri esker dugu gaur legebiltzar egokiagoa eta modernoagoa. Eta hirugarrenik, Atutxaren euskararen aldeko jarrera eta erabilera, eta bere garaian egindako alfabetatze ahalegina, zalantza guztietatik kanpo dago. Beraz, soslaiaz hitz egiten duenak azaldu beharko digu zergatik.

Adostasunik ez duen hautagaia dela argudiatu dute.

Ez dakit hori nola neurtzen den. Mahaia aukeratzean, are gehiago aro berriari heltzerakoan, erraz bidean, badirudi egokiena ordezkaritza handiena duenak presidentea izatea dela, hurrengoak bigarrena, eta horrela hurrenkeran joatea, denon onerako. Baina gure arrazoiak zilegiak diren bezala hautagai hori izateko, besteek ere beste hautagai batzuk izatea zilegi dute.

Susmoa daukat arrazoi nagusia Atutxak Herrizaingo sailburu izan zituen jokabide batzuk direla.

Ziur, baina hori horrela baldin bada, esan egin behar da. Atutxa Herrizaingo sailburu zenean beste batzuk ere beste zerbait izango ziren. Eta aro berri bati hasiera emateko, orain dela ez dakit zenbat urte ez dakit zer izan zela hasten bagara... Gainera, Atutxa frogatzen ari da bere bizitza politikoan herritarrengandik eta bere ordezkaritza politikotik jasotzen dituen mandatuak duintasun osoz betetzen dituela.

Atutxa ez den beste hautagai jeltzale bati boto emango liokeela adierazi du EHAK-k. Badago inolako aukerarik negoziazioen ondoren beste hautagai bat aurkezteko?

Gure hautagaia Juan Mari Atutxa da, eta lan egingo dugu Atutxa izan dadin Eusko Legebiltzarreko presidente.

Izaronews berri zerbitzuak argitaratu du Zenarrutzabeitia izan litekeela Atutxaren ordezko hautagaia.

Berriro esango dizut: gure hautagaia Juan Mari Atutxa da. Gure alderdiko Aberri Batzarrak hautatu zuen, eta koalizioak onartu zuen.

Beraz, Zenarrutzabeitia ez da izango.

Gure hautagaia Juan Mari Atutxa da, eta lanean jarraituko dugu hilaren 16ra arte, dauzkagun botoak baino gehiago lortzeko. Uste dut konbentzitu behar ditugunak konbentzituko digula.

Entrevista en Berria

COMPARTE