Opinión
02Mayo
2005
02 |
Opinión

AUKERA ETA ERANTZUNKIZUN GARAIA

Opinión
Mayo 02 | 2005 |
Opinión

Luze, korapilotsu eta, beharbada, herritar askorentzako astun samar joan zen kanpainaren osteko hauteskunde hauek, ez dizkigute ekarri EAJ-EA koalizioari, guk itxaroten genituen emaitzak. Apirilaren 17ko gaua eta asteleheneko ordu txikiak ez ziren gozoak izango, beharbada, gurekin batera lanean ibili izan ziren pertsona askorentzat. Ezta gutxiagorik ere.

Irabazi edo ez irabazi izanak baditu bi alde: bat, subjektiboa, gutariko bakoitzaren usteekin lotua dagoena, eta bestea, politikarako –eta bizitzarako- baliagarriagoa dena, norbere usteak errealitatearekin uztartzetik ateratzen dena. Horrexegatik, aukeratu behar denean, nahiago izaten dugu denok arrakasta mingotsa eta ez porrot gozoa. Egia izanik ere, hauteskunde aurretik genituen itxaropenak asebete ez, EAEren argazki politikoak erakusten digunez, irabazle argi eta euskal politikagintzan buruzagi gara.

Hauteskundeak irabazi egin ditugu: %70 partaidetzarekin eta 7 indar politiko lehian aurkeztu garelarik, boto emaileen ia %40ak gure egitasmoaren alde egin du hautua. Objetiboki, emaitza ona beraz. Bigarren aldia baita, azken 20 urteotan, EAEn ez ezik, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere, hiru lurraldeetan beraz, irabazle izan garena.

Buruzagitza eta erantzukizuna dira orain, berriro ere, EAJ-EA koalizioaren konpromisoak. Lehen indar politikoa izanik, herritarrek eskaini digun konfiantzari sendo, apal eta eraginkor oratuko diogu.

Sarri esaten dugu, eta halaxe sinistu ere, gure gizartea heldua dela, heldutasun politiko sakona duela. Eta horrek esan nahi du, egoera zailei aurre egiten dakiela eta arazo desberdinei soluziobideak aurkitzeko orduan, sintesi egokiak eta zuhurrak egiten dakiela. Eta guri, politikarioi, mandatu bat igorri digu, tentuz irakurri behar duguna, bakearen, elkarbizitzaren eta normalizazio politikoaren alde.

GOGOETA BIDEAN ......

Emaitzak begien bistan, ondoko hiru-lau abiapuntu hauek aipatuko ditut: a) euskal gizarteak nahi eta erabaki duen mapa politikoa, zaila bezain aberatsa eta xehetasunez betea da; b) gizartearen jarrera politiko hau, demokrazian ontzat eman eta langai bihurtu behar dugu, politikara dedikatzen garen gizon eta emakumeok; c) euskal gizartearen gehiengo zabalak bakea nahi du, biolentzia politikoa amaitu dadin nahi eta behar du eta gure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea aitortuko dion akordio politikoa nahi du; d) euskal gizartearen argazki konplexu honen barruan, EAJ-EAri aitortu dio buruzagitza politikoa eta, beraz, egoera adarretatik hartzeko mandatua eman diote bai koalizioari eta baita bere lehendakari-gaiari ere.

Guk baietz esaten diogu erronka horri. Baikortasun osoz  hartzen dugu egoera berriaren konplexutasuna. Desafioak, ilusioa eta indarberritzea dakarkigu; prest gaude ahalegin osoa egiteko gainontzeko indar politiko guztiekin batera, gure gizartearen arazo nagusiei irtenbidea bilatzeko.

Hauteskunde aurreko hilabete eta asteetan, alderdi politiko batzuek eta besteek, salbuespenen bat izan bada ere, azaldu zein idatzi ditugun egitasmoetan ageri diren hitz eta kontzeptu nagusien artean, honako hauek harrapatu ditut: elkarrizketa, negoziazioa, Estatutu berria, erreferenduma, autodeterminazioa, euskaldunen hitza, euskal gizartearen erabakia, bakea, biolentziarik eza, konponbide politikoa, denen arteko elkarrizketa mahaia... etab.

Hitzak hitz, sasoia da batzuk eta besteok lanean jarri gaitezen. Ulertezina litzateke hitz eta kontzeptu horiek erabili ditugun eragile politikook ezin adostu izatea gutxienez bi gauza: bake bidean eman beharreko hurrengo urratsak eta elkarbizitza politikorako printzipio iraunkorrak. Gu prest gaude, beste indar politiko guztiekin batera, ahalegin berritua bideratzen hasteko eta herrigintzan aurrerapausoak emateko.

Lanerako ordua dugu. Erantzukizun sasoia. Denontzat, denok baitugu gure lekua, modu batera edo bestera, Euskal Autonomia Erkidegoko mapa politikoan. Euskal gizarteak, datozen lau urteetarako luzatu dizkigun mezuez jabetzeko ahaleginetan jarri gaitezen ordua da. Ez dago denbora galdurik, bakegintza eta normalkuntza politikoa helburu.

COMPARTE