Opinión
22Abril
2005
22 |
Opinión

Hauteskundeetako ´notak´

Opinión
Abril 22 | 2005 |
Opinión

Joseba Agirretxea

Opinión

Berria


Asko hitz egin da hauteskundeen balio definitiboaz, demokrazia ororen gailur edo adierazpide garbienaren eredu jarriaz. Ez naiz ni izango hori ukatuko duena pentsatzen dudanaren demokrazia hori baino askoz gehiago dela, eta bere egitea ez dela soilik horretara mugatzen. Baina ez da nire asmoa gai horretan sakontzea, baizik eta hauteskundeek zenbateraino markatzen, edo erabakitzen duten bertara aurkezten diren alderdi politikoen jokabide edo egitekoak.

Sarritan esan ohi da hauteskundeak azterketa edo etsamina batzuen antzekoak direla, alderdi politikoak, ikasleak bailiran, gizarteak ebaluatu ditzan aurkezten direlarik. Ez dut uste metafora honek bere osotasunean balio duenik baina bai zati batetan, eta konparaketaren jolasarekin jarraituzzenbait hausnarketa egin nahi nituzke.Demagun azterketara (hauteskundeetara) aurkezten diren ikasleak alderdi politikoak direla. Azterketa egin ondoren emaitzak edo kalifikazioak datoz, eta bakoitzak egiten dion interpretazioez gain, emaitzak emaitzak dira. Azken ebaluazioan «Bikain» atera zuenak, «Oso Ongi» ateratzen badu, triste jartzen da, uste baitzuen ikastaroan zehar egindako lanaren ordainez «Bikain» merezi zuela. Baina era berean, aurreko ebaluazioan «Gutxi» atera zuenak, eta oraingoan «Nahiko» kalifikazioa lortu duenak, izugarrizko poza hartzen du, gainditu egin duelako.

Beste batzuk betiko nota berdinarekin geratu dira. Baina bada suspenditu duenik ere, aurrez gainditu baldin bazuen ere. Joko hau errealitate sozial eta politikora badaramagu, eta metaforak metafora, argi ikus dezakegu kalifikazio edo emaitzen jaitsierak eta igoerak badutela bere osagai erlatiboa. Hau da, «Bikainetik» «Oso Ongira» jaistea jaitsiera bada ere, askozaz nota hobea da «Gutxi»-tik «Nahiko»-ra pasatzen denarena baino. Baina badirudi suspenditzen ohituta dagoenarentzat izugarrizko meritua dela aprobatua ateratzea, aldiz beti nota oso onak ateratzen dituenari atzerakada demasa egozten zaio pixka bat jaisten denean, ikasle onenari beti gehiago eskatzen zaiolako.Jokoak joko, hauteskunde hauetan ere iruditzen zait antzeko zerbait gertatu dela, eta zenbait mediok irudi hori eman nahi izan dutela. Zalantzarik gabe, eta iritziak iritzi, datuak hor daude. Hala ere, beti esan ohi da zenbait kasutan etsaminek ez dutela ikasle bat ebaluatzeko parametro bakarra izan behar, urte osoko lanak eta iraunkortasunak ere bere pisua izan behar duela, eta ez gutxi gainera.

Zeren bada ikaslerik urte osoan ilargian pentsatzen, edo bazterrak nahasten ibili ondoren, azken egunetan urduri jarri eta juxtu juxtuan etsamina gainditzen duenik ere, edo ondokoari kopiatuta... denetarik dago, baina denek ez dute curriculum berbera.Beraz, hauteskunde hauen ondoren ere, bakoitza bere lekuan dago, dagokion lekuan. Zeren, norbaitek utziko al luke erantzukizunen bat lanik gutxien egiten duenaren esku? Horregatik notarik onena atera duenaren esku egon behar da, gure errealitatera jaitsiz, herri honen gidaritza hartzea. Ez da izango erraza, baina ez dezala kudeaketarako gobernu baten beharrak (oso garrantzitsua bada ere) lider izatera eraman duenaren oinarriak aldrebestu, eta kide izan behar duenak konpromiso serioak hartu beharko ditu, hautesleriaren gehiengoa iruzurtua gera ez dadin.

Herri bat gara, erabakitzeko eskubidea daukagu, eta indarkeriak ez dauka lekurik gure gizartean (ez etikoki, ez politikoki). Hiru oinarri horien harira dena da posible, guztion etorkizuna baitago jokoan, eta ez da garaia parlamentua antzeztoki testimonial gisa hartzeko, ezta ere han erabakitzen dena galtzarpetik pasatzeko. Bakoitzak jakingo du zein erantzukizun maila duen herri honekiko, herri hau benetan inporta bazaio behintzat. Horregatik hurrengo hilabeteotan egosi daitekeen politikagintza aberats eta interesgarria izateaz gain, epe motzeko estrategiatik at egon behar duela iruditzen zait, gaurko ogia biharko gose izan ez dadin.

COMPARTE