Opinión
16Diciembre
2004
16 |
Opinión

Egoeraren erradiografia

Opinión
Diciembre 16 | 2004 |
Opinión

Markel Olano

Opinión

Argia


Lerro hauek idazten hasi naizen tartean sentimendu bikoitza daukat barrenean: alde batetik pozik nago, euskararen egunean, Egunkariako auzipetuak Madrilen auzipetze autoak jaso behar izan dituzten unean, euskal gizartearen ordezkaritza anitz eta aberatsaren babesa jaso dutelako. Harro nago, zentzu berean, Xabier Arzalluz nire alderdikideak izan duen presentzia eta portaeraz. Gustura nago, gure hizkuntzari eta gure kulturari eginiko eraso lotsagarri horrek erantzun egokia jaso duelako.

Baina Euskadi Irratiak dio Madrilgo bost zerbitzugunetan, kalte pertsonalik sortu ez duten lehergailuak lehertu direla. Eta kabreatu egin naiz. Beste behin ere, euskal gizartearen errebindikazio zilegi eta egokiak kakaztera dator ETA, aniztasun eta metaketa ahaleginak baliogabetuz eta oztopatuz. Etxekaltearen definizioa hitzez hitz bereganatzen berriro ere ETA. Kasu honetan, gainera, galdera kezkagarria datorkit gogora: zer lortu nahi izan du ETAk gaurkoan?

Ez diot, hala ere, espazio gehiago eskainiko ETAri. Egoeraren erradiografia xumea egitea nuen helburu, eta horrixe helduko diot.

 
Ezker abertzaleak Anoetan egin zuen mugimenduak osagai berriak sartu zizkion lapikoari. Apustu politikoa eta bake prozesua abian ipintzeko konpromisoak adierazi zituen, eta urrats honen bidez aspaldi galduta zeukan ekimen politikoa berreskuratu nahi luke. Alderdi moduan aipatu genuen prest geundela Batasunarekin elkarrizketa izateko kontu hauek aztertzeko, baina euskal gizarte osoak daki harreman emankorrik ez dela posible, ETA indarrean dagoen bitartean.

 
Alderdi Sozialistak, bere partetik, euskal arazoari nola helduko dion ez du argitu oraindik. Alde batetik, badirudi PPren eskutik diseinatu zuen estrategiari eutsiz, Alderdien Legearen aplikazio gogorra egingo duela datorren urteko hauteskunde autonomikoei begira, baina, bestalde, urrats horrek Jaurlaritza babesten duen hirukoari gehiengo absolutua eman diezaiokeela ere barneratu du eta, beraz, Estatutu Politiko berrirako proposamenari bultzada erabakigarria eskain diezaiokeela. Bi kasuetan Ibarretxe lehendakariaren gobernuak aurrera eraman nahi duen egitasmoa geldiaraztea dute helburu nagusi sozialistek. Ez dute herri kontsultarik nahi, eta badakite Batasunak ekimen horri oztopoak ezar diezazkiokeela, eta hori lortzeko prest ote daude sozialistak Batasuna legeztatzeko? Eta, areago oraindik, prest ote leudeke hauek goxoki pozoitu hori onartzeko?

Jaurlaritzari babesa eskaintzen dioten alderdiek, berriz, Estatutu Politikoaren aldeko apustuari eutsi egiten diote, Legebiltzarrean abenduan izango den bozketaren emaitza behar adinakoa suertatzen ez bada egitasmoaren muina hauteskundeetara eramanaz. Bistan da, hauteskundeetan gehiengo absolutua lortuko balitz erreferenduma izango litzatekeela hurrengo urratsa.

Ikusten den bezala, hiru polo nagusi lidergoa eskuratu nahian eta eszenategi politikoa baldintzatu nahian. Baina bakar batek dauka, Ibarretxek alegia, beste biak oraingoz eman nahi ez dituzten urratsak emanarazteko ahalmena. Elkarrizketa, distentsioa eta herri borondatearen errespetua dira giltzarri nagusiak gure gatazka konpontzeko, eta bai ezker abertzaleak, baita sozialistek ere, jakin behar dute Jaurlaritza babesten duten alderdiek ez dutela bere egitasmoaren ibilbidea aldatuko baldin eta hiru elementu horietan sakontzen ez baldin badute. Ez daukate beto eskubiderik, eta mugitzen ez baldin badira ekimena galduko dute.

 
Azkenik, ezin dut ahantzi, euskal gatazkaren konponbidea ekarriko duen elkarrizketa alde-anitzarekin batera, ezinbestekoa jotzen dudala abertzaleon arteko elkarrizketa eta adostasuna. Luxu handiegia baita abertzaleontzat erabili behar ditugun tresnen inguruan adostasunik ez izatea eta herriari eskaini behar diogun egitasmoaren inguruan gutxiengo adostasunik ez edukitzea.

www.argia.com

COMPARTE