Opinión
08Diciembre
2004
08 |
Opinión

BALIABIDE MILITARREZ, EZINEZKOAK HITZA ETA ERABAKIA

Opinión
Diciembre 08 | 2004 |
Opinión

Josune Ariztondo

Opinión

Berria


Gatazka da Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoa hoberen adierazten duen berbetako bat. Gatazka politikoa. Hamaika neke, eztabaida eta nahigabe ekarri digun aspaldiko gatazka politikoa.

Aspaldikoa, izan ere, horixe bera barneratu izanak eraman baitzuen, duela ia 110 urte, Sabino Arana askatasunaren aldeko herri mugimendua abian jartzera, eta Euzko Alderdi Jeltzalea sortzera. Aspaldikoa eta egungoa dugun arazoa dela-eta, gehiago esatera ere ausartu egingo naiz: EAJ-PNV da, gaur-gaurkoz, Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoak duen adierazpiderik sendoena. Ez bakarra, zorionez, hainbat dira-eta, elkarbizitza eta adostasun berriztatuaren alde lanean dabiltzan alderdi eta gizarte-eragileak.

Mundu zabalean ugariak dira gurearen antzeko egoera politikoak bizi dituzten herriak. Ez gara bakarrak. Espainian, Frantzian, Europa osoan eta mundu zabalean, ez dira falta aitortza juridiko eta politikorik ez duten komunitate nazionalak. Beraz, ikusteko eta ikasteko aukerak ere eskaintzen dizkigu euskaldunoi nazioarteko panorama politikoak.

Gaur egungo nazio-errealitate gehientsuenetan bezala, aniztasuna da, gurean ere, ezaugarri nagusia eta, «zenbat buru hainbat aburu» ditugu, elkarbizitza, bakea, normalizazio politikoa, ongizatea, naziotasuna, burujabetza, etab. bizitzeko, aldarrikatzeko edota eraikitzeko orduan.Benetan sinisten dugunok aniztasuna aberasgarri dela, inor ez dagoela gure gizartean soberan, denok dugula elkarren beharra etorkizuna eraikitzeko, eta horixe dela, hain zuzen, gure egiazko altxorra, beharturik gaude aniztasun horren aurpegi guztiak berdintasunean eta askatasunean agertu eta defenda daitezen ahalegintzera.

Batak bestea entzun, errazkerietatik ihes egin, pertsona guztien eskubide guztiak defenditu eta urraketak salatu, etab.; .. ariketa aproposak dira bidea egiten joan gaitezen.XXI. mendea aurrera doa, apurka apurka. Herri txikiek ezinbestekoa dugu «asmoz eta jakitez» jokatzea, zuhurtzia politikoa erabiltzea gure gatazka politikoari irtenbideak bilatzeko eta aurkitzeko. Gure eskubide kolektiboen aldarrikapenak, aldez aurretik behar du bakarkako eskubideen aitortza osoa. Etorkizuna irabazi nahi badugu, geure buruari jarri behar diogun oinarrizko baldintza, gatazkaren izaerak berak eskatzen duena baino ez da, hain zuzen ere, adierazpide eta tresna politiko eta demokratiko hutsez jardutea. Berandu baino lehen, denbora amaitzen ari baita.

Denok horretan ginelakoan edo, ETA etorri zaigu, behin gehiagotan, argi azaltzera bere eskemak guztiz bestelakoak direla eta, oraindik orain, gatazka politikoa konpontzeko jardunbide militarra beharrezkoa dela. Eta bera dela armekin, mehatxuekin eta izuarekin gure herria salbatuko duena.Bide demokratikoetan eta bazterkeriarik gabekoetan sinisten dugun guztiok hala sinisten badugu bederen ETAri argi eta garbi esan behar diogu ezetz, gure herrian ez duela lekurik; ez dela, inola ere, ez eragile politiko, ezta ere gatazka politikoaren adierazle. Guztiz alderantziz, etikoki eta politikoki kalte egiten digun eta etorkizuneko ateak ixten dizkigun gaizkile taldea baino ez dela.Azaroaren 14an Batasunak gizartearen aurrean hartu zituen konpromisoak, adi eta gogo onez agurtu genituen hainbat herritarrek.

Batasunak agertutako jarrera eta hartutako erabakiak ikusirik, askok uste izan genuen politikak eta elkarrizketak aurrea hartzen zizkiotela inposaketa bortitzari eta abertzaletasunez mozorrotutako indarkeriari; uste izan genuen askatasuna eta politika nagusitu egin direla ezker abertzalearen etxe-barruan. Ia hilabete beranduago, ez dakit itxaropenerako horrenbeste arrazoirik dugun. Argi dagoena da Batasunak bide demokratikoaren ala heriotza politikoaren arteko aukera egin behar duela.

Ez dago erdibiderik: ala berak hartzen du ETArengandik behin betiko bereizteko erabakia edo bestela ETAk hartuko du, behin berriro, Batasunaren ordezkaritza, lapurtu egingo dizkio hitza eta erabakia. Hortik heriotza politikora urrats erdiño bat besterik ez dago.Bake bideak zailagoak dira gudarakoak baino, ondo dakiten bezalaxe Batasunako buruzagiek. Eta maldan behera irautetik biziberritze bidea hartuz ezker abertzalearen erreferentzia-gune sendoa izan nahi baldin badu, ez du izango zalantzarik Batasunak: barneratu ez ezik kanporatu ere egingo du demokrazia eta askatasunaren defentsa publikoak berarekin behar duela morrontzaren eta faxismoaren salaketa, hau ere gizartearen aurrean egina, beste aldarrikapenak eta salaketak bezalaxe. Sinesgarritasuna dago jokoan. Erabakietarako ordua da.

COMPARTE