Intervención
02Diciembre
2004
02 |
Intervención

JUAN JOSE IBARRETXE
2004ko Euskararen Nazioarteko eguneko adierazpena

Intervención
Diciembre 02 | 2004 |
Intervención

1. Hizkuntza orok bereak ditu urteko egun guztiak eta eguneko ordu guztiak. Baina, hau egia izanik ere, hizkuntza guztiak ez daude egoera berean: batzuek hiztun ugari dituzte, beste batzuek ez hainbeste. Batzuk ofizialak dira, beste batzuk ez. Batzuek indar handia dute, besteak ahulagoak ditugu. Bizirik irauteko arazoak dituzten hizkuntzak ere badira. Horrexegatik ospatzen dugu urtero-urtero abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Eguna.


2. Aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguna berezia da, gauza askogatik. Laster herritarrek herri-kontsultan onartu edo ezetsi behar dute Europako Konstituzioa. Hori dela eta, Espainiako Estatuan ofizial diren hizkuntzei zein trataera eman behar zaien eztabaidagai izan da, eta izaten segitzen du.

Espainiako Estatuan ere Konstituzioa moldatzeko prozesua abian da. Europako Konstituzioan jasotakoaren eraginez, hainbat arau berritu edota aldatu behar izango ditugu.

Gurera etorrita, Eusko Legebiltzarraren eskuetan dago Euskadirentzako Estatutu Politiko berriaren proposamena, Eusko Jaurlaritzaren onespena duena. Itxaropen garaia da. Erantzun garaia da. Arrazoi askogatik bizitzea egokitu zaigun garaia errepikaezina da. Abagune historikoa dugu gure aurrean. Horrexek besterik gabe, haize-bolada garbi bat dakarkio euskal gizarteari eta bai Espainiakoari ere.

Ildo bertsuan, Catalunyan ere ari dira estatutu berria proposatzeko lanetan.

3. Euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza izateaz gain, euskal kultur identitatearen elementurik behinena da. Horregatik ari gara euskara biziberritzeko ahaleginean. Gure erantzukizuna da.

 

4. Gogoan izan behar da, halaber, nazio-, hizkuntza- eta kultur-aniztasunean oinarritutako Estatu Konstituzionala dela Espainiakoa.

 

Baina aitortzea ez da nahikoa. Aniztasuna eta dibertsitatea egoki kudeatu behar ditu Estatuak. Espainiako Estatuak euskararekiko (eta katalan eta galegoarekiko) printzipio eta konpromiso batzuk hartu zituen 1978ko Konstituzioa onartzerakoan. Konpromiso horiek berritu egin zituen Euroituna berrestean.

 

Baina Espainiako Estatuko oraingo nahiz aurreko gobernuek bere egin al dute Konstituzioan jasotakoa? Eman al dute urratsik Euroituna berresteak dakartzan konpromisoak betetze aldera? Ba al du Espainiako Estatuak, Estatuaren eleaniztasuna babestu, errespetatu eta eleaniztasun hori egoki bideratzeko hizkuntza-eredurik?

 

5. Estatuaren erantzukizun demokratikoa da eleaniztasunaren aldeko hizkuntza-politika eratzea. Estatuak bere erantzukizun demokratikoa du eta ezin dio horri uko egin. Horretaz jabetzea eta hori garatzeko baliabideak jartzea ez da biharko utzi dezakeen lana Espainiar Estatuak.

 

Gogorarazi nahi dut, gainera, hizkuntza-aniztasunaren errespetuaz ari garenean, pertsonen eskubideez ari garela. Hortaz, une honetan eraiki nahian gabiltzan estatuko eta nazioarteko marko horrek ondare eta aberastasun gisa onartu eta tratatu behar du eleaniztasuna, eta ez arazo moduan.

 

Euskararen, katalanaren eta galegoaren bene-benetako koofizialtasuna onartzeak sinesgarritasun handiagoa emango lioke Espainiar Gobernuak euskara, katalana eta galegoa Europar Batasuneko hizkuntza ofizial bilakatzeko zabaldu duen proposamenari; seguruenik aurrera egingo ez duenari.

 

Argi eta garbi hitz egin behar dugu: Euskara (katalanarekin eta galegoarekin batera) Europar Batasunean ofizial izateko bidea argia da: euskara, katalana eta galegoa ofizial izatea Estatu osoan, aldez aurretik. Eta horixe izanez gero, ofizialak lirateke Europar Batasunean.

 

Letoniera, Lituaniera eta Maltera ere, besteak beste, ofizialak dira Europar Batasunean. Euskararentzat ere hori da eskatzen ari garena, ez gehiago, ez gutxiago.

 

6. Aurtengo Euskararen Eguneko leloa “Esanak esan, euskara: badugu hitza, badugu giltza” da. Euskararen geroa Euskal Herrian jokatzen da, dudarik gabe. Giltza hori geure eskuetan dago, baina, euskaldunok mundu osoan barreiaturik gaudelarik, eta Euskal Herria Europan kokatua delarik, Europa berrian gure hizkuntza zaharrak ere bere lekua baduela aldarrikatu behar dugu.

 

Hauexek, beraz, gaur, Euskararen Eguna ospatzen dugun honetan, aldarrikatu nahi izan ditudanak: Estatuak heldu diezaiola bere erantzukizun demokratikoari eta hitzez ez ezik egintzez ere erakutsi dezala bai Estatu barruan, bai Europako Batasunean aniztasunaren aldeko jarrera sendoa.

 

Geuri dagokigunez, behar den guneetan eta eskueran ditugun baliabideak lagun –Eusko Legebiltzarra, Espainiako Parlamentua… –, aurrera egingo dugu gaur esandakoak egun bateko hitz soilak izan ez daitezen.

 

Ekinean jarraituko dugu euskarak, bai bere lurraldean bai bere mugetatik kanpo, behar duen tokia izan dezan eta datorren urtean ere bizipozez eta gero eta hiztun gehiagorekin ospa dezagun Euskararen Eguna.

 

 

Vitoria-Gasteiz, 2004ko abenduaren 3a

 

Euskararen Nazioarteko Eguna

 

 

 Oharra: bertsio orijinala euskarazkoa da.

COMPARTE